Munoaundiko herri harresitua
Munoaundi Muñoaundi | |
---|---|
Datuak | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Azkoitia |
Koordenatuak | 43°09′43″N 2°17′42″W / 43.16204687°N 2.29510999°W |
Multzoa | Eremu Arkeologikoa, Monumentua |
Azalera | 7ha |
Historia | |
Eraikitzailea(k) | auzolana |
Materiala(k) | harria, egurra, lurra, zeramika, hezurrak, haziak |
Garaia | Burdin Aroa |
Garaia(k) | Burdin Aroa |
Kultura | Barduliar, Burdin Aroa |
Indusketa | |
Indusketa datak | 1995-egun |
Zuzendariak | Sonia San José, Antxoka Martínez |
Egoera | Harresiaren lehen lerroak kontserbatu dira |
Bisitagarria | bai |
Altitudea | 275 m |
Munoaundiko herri harresitua, Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen izen bereko mendixkan dagoen historiaurreko bizitoki bateko arrastoak dituen aztarnategia da, itsas mailatik 381 m-ra dagoena, Munoaundiko tontorraren eremuan[1].
Burdin Aroko gaztelu zahar, kastro edo herri harresituaren hondakinek osatzen dute aztarnategia. 2003ko urriaren 7an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[2]. Munoaundikoa Burdin Arokoa da. Gipuzkoan, gaur arte, horrelako beste hamar aurkitu dira gutxienez (Buruntza, Basagain, Iruntxur, Murugain, Murumendi, Muru, Akutu, Santiagomendi, Boluntxo, Belaku). Gainera, modu sistematikoan indusi zen lehenetarikoa izan zen (Basagainez gain). Indusketari esker, ordura arte ia jorratu gabe zegoen arkeologia-eremu bat ikertzen hasi zen. Bestalde, aro horretako arrastoak ondo kontserbatuta daudela egiaztatu da.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zeramika pusketaz gainera, errota zirkular baten zatia, burdinazko aizto bat, neurketa markak dituen kono-enbor formako pisu bat, burdin xafla bat eta brontzezko fibula [3] bat -azken hauek honelako aztarnategietan oso bakan agertzen diren materialak- aurkitu zituzten. Izan ere, Gipuzkoan ageri den Burdin Aroko lehendabiziko fibula da, duela 2400 bat urtekoa. Dorretxo bat du apaingarri gisa. Munibe Taldeko Miel Sasieta zenak aurkitu zuen, miaketa arkeologikoa egin zuten Aranzadi Zientzi Elkarteko kideei laguntzen ari zela.[4]. Ezkurra eta bestelako haziak ere aurkitu dituzte.
Herriak 7 ha-ko eremua hartzen du. 2 m inguruko zabalera duen harresiak ez du herri osoa inguratzen ekialdean duen maldan ez baitu babes artifizialen beharrik. Barruan aterrazamendu bat egina du bizilekuak atontzeko hain zuzen eta harresitik kanpo, beherago, beste bigarren bat. Aipatutako barruko eremu horretan, hormatik gertu, bizileku ziren zoruak aurkitu ziren. Mendebaldean oinplano karratu edo poligonaleko bi dorrez babestutako sarrera dauka ere bai eta pasabide horretara eramaten duen bide perpendikular bat.[5]
Karbono 14 bidezko 2420+/- BP datazio bat du. (K.a. 470 urte).
Aztarnategiaren historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1995ean aurkitu zuten A. Olano, G. Alijostes eta Sonia San Josek, Karlos Olaetxeak koordinaturik. Sonia San Joseren zuzendaritzapean azterketa eta zundaketak egin ostean, 2006tik aurrera ikerlari berak induskatu zuen. 2016tik aurrera, Antxoka Martínezek zuzentzen du indusketa arkeologikoa.
Kultura materiala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zeramika, hezurrak, harrizko errotak, hazi erreak eta burdin-zepak aurkitu dira, besteak beste. 195ean brontzezko fibula bat azaldu zen. Gipuzkoan ageri zen Burdin Aroko lehendabizikoa. Dorretxo bat du apaingarri gisa. Munibe Taldeko Miel Sasieta zenak aurkitu zuen, miaketa arkeologikoa egin zuten Aranzadi Zientzi Elkarteko kideei laguntzen zienak[6].
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «IBILBIDE HISTORIKOAK. Munoaundiko kastroa Azkoitia-Azpeitian» Wikiloc | Munduko ibilbideak (Noiz kontsultatua: 2023-03-26).
- ↑ Izendapena EHAAn
- ↑ Penalver & San Jose 2011, 239 orr. .
- ↑ Gipuzkoako ondare bildumen zentroan gordeta Gordailuan
- ↑ Penalver & San Jose 2011, 238 orr. .
- ↑ «Munoaundiko fibula - Gordailua-berria - gipuzkoa» Gordailua-berria (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Peñalver, Xabier; San Jose, Sonia. (2003). Burdin aroko herri harresituak Gipuzkoan. Bertan.. Gipuzkoako Foru Aldundia, 120 or. ISBN 978-84-7907-668-9..
- Peñalver, Xabier; San Jose, Sonia. (2011). Burdin Aroa Gipuzkoan, arkeologia 0.3. Gipuzkoako Foru Aldundia, 263 or. ISBN 978-84-7907-668-9..
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Eusko jaurlaritza: Munoaundiko gotorlekuaOndarea. Kultura Ondarea. Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
- Alberdi, Kepa (2020-02-29): "Munoaundi eta Burdin Aroa Azkoitian", Maxixatzen aldizkaria, Urola Komunikazio taldea, Koop. ELK.
- Maialen Etxaniz eta Urtzi Oteiza (2021-07-23): Munoaundi herri harresitua, gertutikBideo-erreportaia. Erlo Telebista.
- Maialen Etxaniz (2021-08-04): Indusketa ekinaldi konplexua eta mamitsua Munoaundin. Maxixatzen aldizkaria.
- Izendapena EHAAn
- Burdin aroko herri harresituak Gipuzkoan. Bertan 20.