Muonioko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
1804ko mapa; ipar-mendebaldean Muonio.

Muonioko historia Muonio Lappiko udalerri finlandiarraren historia da. Eskualdearen iparraldean dagoen udalerri honen historia, k.a. VII. mendean hasten da.

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bazter honetara iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi zirenean iritsi zela uste da, k.a. VII. mende inguruan; izan ere, Enontekiö bizilaguneko Ounasjärvi aintziran aurkitu diren lehenengo biztanle hauen aztarnak k.a. 6.000. urtekoak dira gutxi gorabehera. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoko kostaldean ezarri zirenez gehienbat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estuak izan zituzten. Nahiz eta oraindik lurralde honen jatorrizko biztanleen, samitarren jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara immigratu zuten eta eurekin samiera hizkuntza eraman zuten herri uraldarren nahasketaren ondorioa direla. Hasiera batean, euren lurraldea Ozeano Artikotik Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialderaino zihoan eta, gehienbat, ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren; hau da, ehizakiaren atzetik ibiltzen ziren, nomadak ziren. Garai honetako bizi-aztarnak aurkitu dira Jerisjärvi aintziran, haien artean, ehiza-tresnak, harribitxizko apaingarriak, margolanak eta hainbat hilobi [1].

Suediar garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Laponia (antzinako probintzia)»

Erdi Aro Klasikoan suediarren eragina nabarmentzen hasi zen; lurraldea Suediako Erresumako antzinako Laponia probintziaren barruan zegoen. Honela, kristautasuna suediarren eskutik hedatzen hasi zen XVI. mendean eta, orduan, lurralde hau Pajalako kaperaren esku gelditu zen; lehen elizak eraikitzen hasi ziren. Lurraldearen zabalera zela-eta, hainbat eliza eraiki behar izan zituzten eskualdean erlijioa egonkortzeko. Kristautasunarekin batera, samitarrek xamanismoa alde batera uzten eta iristen hasi ziren finlandiarren ohiturak bereganatzen hasi ziren. XVII. mende amaieran, samitarren elur-orein abeltzaintzaren kultura hasi zen. Kultura honek, hala ere, aurreko kutsu nomada izaten jarraitu zuen, sasoiaren arabera, abeltzainek elur-oreinak hegoalde eta iparraldeko Ozeano Artikoaren artean edukitzen baitzituzten. Sápmi iparrean bizi ziren samitarrak, haien artean muonioarrak, beren bizimodu bereziagatik ipar samitar deitura jaso zuten.

Tunturien Lappi lurraldea; XVIII. mendeko marrazkia.

Errusiar garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Finlandiako Dukerri Handia»

XVII. mende bukaeran Izotz Aro Txikia izan zen eta samitarrek hildako asko eragin zituen gosete garai luzea pairatu zuten. XVIII. mendean aldiz, Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar Inperioen arteko guduak izan ziren Finlandia eta Europa osoan; azkenean, Finlandiako Gerran, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen finlandiar nazionalismoaren laguntzaz. Finlandiako Dukerri Handia eta Suediako Erresumaren arteko muga berria Muonionjoki eta Tornionjoki ibaietan jarri zen, eta orduan bat izandako elizbarrutiak banatu egin ziren; Muonio orduan, Kaaresuvanto Enontekiöko kaperaren menpe gelditu zen. Hala ere, menpekotasun horrek ez zuen asko iraun, Dukerri Handiak emandako erraztasunez baliatuta eta 1817. urtean eraikitako eliza berriari esker, Kaaresuvantotik bereizi eta udalerri propioa sortu zutelako herritarrek 1868. urtean; udalerri berri honek, eliza zegoen herriaren izena jaso zuen, Muonionniska. Urte hauetan, finlandiarren kopuruak izugarri egin zuen gora eta, apurka, samitarrek hauen ohiturak bereganatu zituzten [2].

Independentzia eta II. MG[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Laponiako Gerra» eta «Muonioko gudua»
Alemaniarrek Laponiako Gerran finlandiarrei utzitako mezua: "Erakutsi gabeko arma-senidetasunaren esker onez!".

Finlandiak 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu ostean, eta prozesu hau oraindik egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Alemania naziarekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak herrixketan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten. Hainbat guden ondoren (Neguko Gerra, Jarraipenaren Gerra), Finlandiak SESBekin bake-akordio bat sinatu zuen, eta horrek, alemaniarrak Finlandiar lurretatik botatzea eskatzen zuen. Finlandiak orduan, Lappiko biztanle guztiak herrietatik atera zituen eta naziak jazartzeari ekin zion. Hauek, bizilagun den Norvegiara, euren herrialde satelitera alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, hauen atzeraldia eragozteko, finlandiarrak, mugako udalerrietan kokatu ziren. Laponiako Gerra hasi zen. Ondorio garratzak pairatu zituen udalerriak; aipatzekoa da 1944ko urriaren 26ean hasi eta 30ean bukatu zen gudua. Kittiläko mugatik gertu izan zen gudua, finlandiar gudarosteak irabazi zuen eta bizia galdu zuten 63 soldaduen omenez oroitarri bat eraiki zen bertan. Alemaniarrek Muonioko herri gehienak eta eraikin guztien %80a suntsitu zituzten [3].

Aro garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. 1960ko hamarkadan basogintza industriak udalerriko ekonomia monopolizatu zuen. 90eko hamarkadako Finlandiako ekonomia krisialdiaren ondorioz, basogintza industriak diru-sarreretan zuen berebiziko garrantzia alde batera uztea pentsatu zuten herritarrek. Honela, Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalaren inguruan turismoa sustatzea erabaki zuten; hala nola, Pallas eta Olos muinoetako eski-azpiegiturak handitu zituzten [4][5].

II. MGko hildakoen oroimenezko oroitarria.

Nahiz eta gaur egun, gero eta egitura garatuagoak iristen diren turismoari esker, muonioarrek lan bila Rovaniemi hiriburura joaten jarraitzen dute eta herriek urtez urte biztanleria galtzen dute [6].

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]