Tunturi Lappi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Koordenatuak: 67° 39′ 25″ N, 24° 54′ 30″ E / 67.65694°N,24.90833°E / 67.65694; 24.90833

Tunturi Lappi

Tunturien Lappiko kokapena
Berezko izena Tunturi-Lapin seutukunta (fin)
Duoddar-Lappi guovlugielda (sam)
Herrialdea
Eskualdea
 Finlandia
Lappiko eskualdea
Udalerri-kopurua 4 udalerri (kunta)
Lurralde historikoak Laponia eta Vestrobotnia
Azalera
- Ur-azalera
21.312,15 km²[1]
799,78 km² (%3,75)
Biztanleria
Dentsitatea
14.385 (2017.08.31)[2]
0,70 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak Finlandiera eta ipar samiera¹
Webgune ofiziala
¹ Koofiziala Eanodat/Enontekiö udalerrian.

Tunturien Lappi (finlandieraz, Tunturi-Lappi; ipar samieraz, Duoddar-Lappi) Lappi eskualde finlandiarraren iparraldean dagoen azpieskualdea da. 21.310,3 km² dauzka eta herrialdearen ipar-mendebaldeko muturrean dago, Norvegiako eta Suediako mugen artean eta Torne ibarrean. Lau udalerrik osatzen dute, Enontekiök, Kittiläk, Kolarik eta Muoniok; Lappiko eta Finlandiako hirugarren azpieskualde handiena eta biztanle gutxien dituen bigarrena da. Finlandiera udalerri guztietako hizkuntza ofizial bakarra da Enontekiön izan ezik; hain zuzen, udalerri honetan, ipar samiera hizkuntza koofiziala eta enontekiöarren %9,7aren ama hizkuntza da. Finlandiako Sami Lurraldean dagoen udalerri bakarra Enontekiö da, nahiz eta lauek samien jatorrizko lurraldea den Sápmi, osatzen duten.

Azpieskualdea, babestutako eremuengatik eta eski-estazio paregabeengatik ospetsua da. Guztira, zortzi natura eremu daude: Hammastunturi, Käsivarsi, Pöyrisjärvi, Pulju eta Tarvantovaara eremu basatiak, Malla Natura Erreserba Hertsia eta, batez ere, Lemmenjoki eta Pallas-Yllästunturi parke nazionalak. Eski-estazioenen artean, aipatzekoak dira urtero Munduko Eski Alpino Kopako lehen slalom eski proba ospatzen den Levi, eta Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalean dauden Pallas eta Ylläs muinoak. Levi eta Ylläsko eski-estazioetan gainera, herrialde osoko bi telekabina bakarrak daude.

Udalerri nagusiena, Lappiko bigarren aireportu handiena dagoen eta ia azpieskualdeko biztanleriaren erdia bizi den Kittilä da.

Ingurunea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Tunturi Lappiko ingurunea»
Pallas mendiaren elurrezko profila neguko egunsentian.

Tunturi Lappiko azpieskualdea Finlandiako ipar-mendebaldeko muturrean dago, Lappi eskualde zabaleko mendigunean. Azpieskualdeak herrialdeko eremu menditsu nagusia hartzen du beregan, Eskandinaviako mendien ipar-ekialdeko azken arrastoa. Hain zuzen, "tunturi" izenak, samieratik hainbat hizkuntzatara igaro den maileguak (besteak beste, finlandierara), garaiera handiko tundra ingurunea edo mendigunea esan nahi du. Tunturi Lappik 21.309,86 km²-ko azalera dauka (Lappiko eta Finlandiako hirugarren azpieskualde zabalena da) eta, guztira, lau udalerrik osatzen dute: Enontekiök, Kittiläk, Kolarik eta Muoniok. Mugakideak, aldiz, Norrbottengo konderria mendebaldean, Finnmark eta Troms norvegiarrak iparraldean, Ipar Lappi ekialdean eta Rovaniemi eta Torne ibarra azpieskualdeak hegoaldean dira. Klima mota desberdinek baldintzatuta, hazten diren landare-motak anitzak dira. Taiga edo baso boreala da nagusi eta zuhaizti ohikoenak, haltzadiak, izeidiak, makaldiak, pinudiak, sahastiak eta urkidiak dira; 600 metro goitiko ingurunetan, ordea, herrialdeko zuhaitzik gabeko tundra eremu bakanak daude. Azkenik, aipatzekoak dira landare-espezie desberdinak aurki daitezkeen inguru zingiratsu eta paduratsuak[3][4].

Azpieskualdea zirkulu polar artikoaren gainean dagoenez, 100-350 bat km, gauerdiko eguzki, gau zuri eta gau polarrak urtero izaten dira. Lehenengo bietan eguzkia edo eguzkiaren argitasuna Tunturi Lappiko zeruaren jabe izaten da maiatzaren bukaeratik uztailaren erdialdera; gau polarraren garaia edota iluntasuna nagusitzen den garaia, aldiz, abenduan izaten da. Fenomeno bakoitzaren iraupena latitudearen araberakoa da. Azpieskualdeko klima nagusia azpiartikoa da eta, ondorioz, tenperatura leunak izaten dira udaran, baina neguak hotzak eta luzeak izaten dira; hain zuzen, Finlandian inoiz neurtu den tenperatura baxuena Kittiläko Pokka herrian neurtu zen 1999. urteko urtarrilean, -51,5°C. Hala ere, hau muturreko tenperatura baino ez zen izan, neguko eta udako tenperatura ohikoak -15°C eta 14°C ingurukoak baitira, hurrenez hurren. 600 metro goitiko mendigunean, berriz, klima polarra nagusitzen da. Orokorrean, elurrak Tunturi Lappiko lurzorua estaltzen du urri amaieratik maiatza bitartean, gutxi gorabehera, 185 bat egunez; eta izotzak ere aintzira eta ibaien gaina hartzen du beste horrenbeste egunetan. Enontekiöko Kilpisjärvi eta Kolari herrietan, klimatologia aztertzen duten gune garrantzitsuak daude. Samiek antzinean eta gaur egun oraindik ere erabiltzen duten egutegiaren arabera, Lappiko eta azpieskualdeko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi garai bereizten dira: Giđđadálvi (udaberri-negua), Giđđa (udaberria), Giđđageassi (udaberri-uda), Geassi (uda), Čakčageassi (udazken-uda), Čakča (udazkena), Čakčadálvi (udazken-negua) eta Dálvi (negua). Ipar argiak, azkenik, nahiko ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irail eta martxo bitartean lau gautatik hirutan izaten den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki[5][6][7][8].

 
2013ko Tunturi Lappiko klima datuak[9][10]
Kilpisjärvi, Enontekiö
Klima polarra Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa ºC 2,6 2,8 0 6,5 26,1 23,5 24,2 21,9 17,9 10,3 1 5 11,8
Batez besteko maximoa ºC -4,6 -6,9 -7,3 1 10,2 15,2 16,2 15,2 11 2,2 -2,5 -5,5 3,7
Batez bestekoa ºC -10 -11,9 -12,9 -3,6 5,4 10,5 11,6 11,3 7,9 -0,6 -5,9 -9,8 -0,6
Batez besteko minimoa ºC -16,6 -17,5 -19,8 -9,7 0 6,1 7,6 7,3 5,1 -3,4 -9,8 -15 -5,4
Minimoa ºC -33,5 -33,6 -30,4 -25,8 -9,7 0,3 3,5 1,4 -0,3 -13,6 -17,5 -37,7 -16,4
Prezipitazio-egunak 30 27 30 26 16 25 24 21 24 30 29 28 310
Muonio
Klima azpiartikoa Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa ºC -0,1 3,5 2,5 9,1 28,4 27,5 26 22,9 18,9 12,7 0,7 5,7 13,1
Batez besteko maximoa ºC -8 -6,3 -5,8 3,8 14,3 18,3 18,6 18,6 11,7 3 -3,7 -4,7 4,9
Batez bestekoa ºC -12,6 -9,8 -12,5 -1,6 8,7 13,2 13,8 13,1 8,9 -0,5 -8,3 -9,5 0,2
Batez besteko minimoa ºC -17,6 -14,1 -20,3 -7 2,8 9,1 9,1 7,8 5,5 -4,1 -14 -14,9 -4,8
Minimoa ºC -33,6 -30,5 -34,5 -22,5 -6,6 1,6 4 0,9 -0,8 -14,8 -28,6 -38,4 -16,9
Prezipitazio-egunak 13 13 8 15 7 13 15 11 17 24 30 28 194

Nahiz eta Tunturi Lappi lurraldea nahiko laua izan, Finlandiako eremu menditsuena da. Hain zuzen, herrialdeko berrogeita hamar gailur garaienetatik berrogeita zazpi azpieskualde honetan daude, batik bat, Enontekiö iparraldean; besteak beste, nabarmentzekoak dira mila metro dituen Saana turistikoa, 1.317 m-ko Ridnitšohkka, Ounas, eta Ipar Finlandiako eski-estazio ospetsuenak dauden Levi -Kittilän-, Pallas -Muonion- eta Ylläs -Kolarin-, urtero milaka elurzale erakartzen dituztenak. Dena den, azpieskualdeko eta herrialde osoko sabaia Halti edo Haldi mendia da. Norvegia eta Finlandia artean dagoen mendi mugakide honek, guztira, 1.365 metro ditu eta sami kulturan garrantzia handia izan duen lekua da. Mendi guzti hauek Eskandinaviako mendietako ekialdeko muturrean daude eta hauetariko batean, Stuorrahanoaivin zehazki, Struve zientzialaria munduaren tamaina zehazten saiatu zen XIX. mendearen hasieran. Stuorrahanoaivi Struveren Geodesia-Arkua izeneko Gizateriaren Ondare kulturalaren parte da gaur egun[11][12].

Ipar argiak Enontekiöko zeru oskarbian.

Bestetik, Kolari udalerrian dagoen Pirunkuru arroilak aipamen berezia merezi du, Auttijoki eta Kevokoekin batera, Lappiko arroila ospetsu eta sakonena baita[13].

Herrialdeko gainontzeko azpieskualdeekin alderatuz gero, ez dago aintzira asko Tunturi Lappin; hala ere, 4.200 inguru dira (horietatik hiru mila inguru Enontekiö udalerrian). Aintzira ezagun eta nagusiak 10-20 km² bitarteko azalera duten Äkäsjärvi, Pöyrisjärvi, Kelontekemäjärvi eta Pallasjärvi, samien artean aipamen berezia duen Muonioko Pakasaivo, 23,51 km² dituen eta Pallas-Yllästunturiko Parke Nazionalean dagoen Jerisjärvi, eta, bereziki, Suediarekin muga markatzen duen, 37,33 km²-ko azalera duen eta izen bereko enontekiötar herriaren ondoan dagoen Kilpisjärvi dira. Aintzirekin batera, urmael, ibai eta gainontzeko ubideek azpieskualdearen ur-eremua osatzen dute, Tunturi Lappiren azalera osoaren %3,78 baino ez dena, 807,36 km² (Finlandiako batez bestekoa %10,2 da). Beraz, ur-azalera txikiena duen herrialdeko azpieskualdetako bat ere bada[14].

Kuliska pikarta Äkäslompolon.

Ibaiek, bestalde, tunturi lappiarren bizimodua baldintzatu izan dute betidanik; Suediarekin muga egiten duten Könkämäeno, Muonionjoki (Muonio ibaia) eta Tornionjoki (Torne ibaia), esaterako, Finlandiako ibai emaritsu eta oparoenetakoak dira. Bertan, izokinak eta ur-lasterrak dira nagusi, urtero hamaika arrantzale, piraguista eta, orokorrean, arrisku-zale ugari erakartzen dituztenak. Ibai horiek eta senideek, urteen poderioz, Torne ibarra sortu zuten, Finlandia eta Suediaren arteko muga markatzen duen ibar ospetsua. Ibar hau iparraldeko lurraldeetako sarbide nagusia izan da urte askotan, eta bertako herritarrei izaera propioa eman die. Bestetik, aipatzekoak dira azpieskualdea gurutzatzen duten beste ibai batzuk ere; besteak beste, Äkäsjoki, 235 km luzeko Kitinen, Lätäseno, Loukinen eta, batik bat, Enontekiön jaio eta Rovaniemi hiribururainoko bidea egiten duen Ounasjoki ospetsua. Gainera, mendi garaienez eta Utsjokiko Fielluz gain, herrialdeko ur-jauzi handienak ere Tunturi Lappin daude, Kitsiputous eta 17 metroko garaiera duen Pihtsusköngäs ur-jauziak, esate baterako[15][16][17].

Ondorengoak dira Tunturi Lappiko babestutako eremuak:

  • Hammastunturiko, Käsivarsiko, Pöyrisjärviko, Puljuko eta Tarvantovaarako eremu basatiak: iparraldeko udalerrien (Enontekiö eta Kittilä) bereizgarri nagusietako bat dira bost eremu basatiak. Gune hauek natura basatia, eta sami kultura eta bizilekua babesteko asmoz sortuak izan ziren 1991. urtean. Hertsiki natura erreserbak ez diren arren, arau eta debeku ugari mantentzen dira. Dena den, natura altxor hauek ezagutarazteko helburuarekin basabide eta etxola ugari egin dira azken urteotan, abenturazale asko erakarri dituztenak[15].
  • Mallako Natura Erreserba Hertsia: azpieskualdearen ipar-mendebaldeko muturrean dagoen 31 km²-ko erreserba hertsia da. Herrialdeko babestutako eremu zaharrenetakoa da; izan ere, 1938. urtera arte natura erreserba bihurtu ez zen arren, 1916. urterako gutxiengo babesa bazuen inguruneak. Altitudeak, mendien altuera desberdintasunak, karedun arrokaz osatutako ohantzea, eta Ozeano Artikoaren hurbiltasunak ekartzen duen hezetasunak Finlandiako gainontzeko eskualdeen nolakotasunetatik bereizi egiten dute Malla. Bisitariek debekatua dute nahierara ibiltzea natura parkean, baina badaude markatutako hiru ibilbide, nagusia 11 km-ko luzera duen Mallako bidea da[18].
Saana mendiaren gailurretik Mallako bi tontorrak. Harri mukuruaren alde banatan, aldiz, Kilpisjärvi (ezkerrean) eta Siilasjärvi (eskuinean) aintzirak.
  • Pallas-Yllästunturiko Parke Nazionala: Tunturi Lappiko lau udalerrien artean dagoen parke nazionala da, Pallas eta Ylläs mendiek osatzen duten ingurunea barnean hartzen duena. 2005. urtean sortu zen parkeak, guztira, 1.020 km²-ko azalera du eta, ondorioz, herrialdeko hirugarren parke nazional zabalena da. Bereizgarri nagusiak natura ibilbide zainduak (hemezortzi), fauna eta landaredi basatia, izen handiko hiru mendiak -Pallas, Ylläs eta Ounas- eta bakoitzak sortzen duen ingurune bereziak dira. Ibilbide luzeetan eta aintzira inguruetan dauden etxolek eta urte osoan zehar antolatzen diren ekitaldiek bisitari ugari erakartzen dituzte. Iaz, esaterako, bisitari gehien jaso zituen Finlandiako natura parkea izan zen, 514.800 naturazale[17][19].

Bestalde, aipatzekoa da Lemmenjokiko Parke Nazionala, Kittilä udalerriaren ipar-mendebaldeko muturra hartzen duena. Lemmenjoki, batik bat, Inari udalerrian dagoen Finlandiako parke nazional zabalena eta Europako zabalenetakoa da; guztira, 2.850 km²-ko azalera du. Mendialdeko tundra eremuaz gain, zingirak eta errekastoen inguruko lautada zabaletan zehar zabaltzen den baso boreala dira parke nazionalaren bereizgarriak; hala, habitat desberdin horietan hazitako animalia aniztasuna garrantzitsutzat jotzen da. Dena den, herrialdean ibilbide eta basabide ugaritasunagatik da ezaguna, urtero milaka bisitari erakartzen dituztenak; guztira, 2014an, 12.200 naturazale izan zen bertan[19][20].

Faunari dagokienez, animalia artiko espezie gutxi batzuk eta uda partean iristen diren hegaztiez gain, ez dago animalia mota asko klima hotza dela-eta. Hain zuzen, uda partean iritsi eta zingiretako intsektuei esker bizirautea lortzen duten hegazti-motek osatzen dute talde ugariena; hala nola, aliota txikiak, arrano beltza eta belatz txikia motako harrapariak, luma dotoreko borrokalariak, elur-berdantzak, hontz gabiraiak, ipar-berdantzak, ipurzuri arruntak, istingor arruntak, kuliska pikartak, kurlinta bekaindunak, larre-buztanikarak, marikoi isatsluzeak, mendebal-txori mokomeheak, mirotz zuriak, mokoker arrunt eta papagaiak, negu-txirtak, negu-txontak, papourdinak, pinu-gailupak, siberiar eskinosoak, txirri hankalaburrak, txirritxo handiak, txoka txikiak, urre-txirri arruntak, zapelatz galtzadunak, zingira-hontzak eta zozo paparzuriak. Gainera, hamazazpi ur-hegazti espezie desberdin aurki daitezke aintziretan, haien artean, ahatebeltz arrunt eta hegazuriak, beltxarga oihulariak, izotz-ahateak, murgilari handiak, zerra txikiak, eta antzara hankagorriztak, hankahoriak, muturzuriak eta nanoak. Elur-berdantzak, elur-hontzak, eper zuriak, eskandinaviako lagopodoak, ipar-kaskabeltzak, laponiako kaskabeltzak, okil hiruhatzak, pinu-gailupak, txirri lepokodunak eta zapelatz galtzadunak, aldiz, bertako negu latzetan bizirautea lortu duten hegazti bakarrak dira, alegia, urte osoan zehar ikus daitezkeenak azpieskualdean[15][17][18][20].

Ugaztunen taldea, azkenik, altzeek, amerikar bisoiek, azeri gorri eta zuriek, erbinude arrunt eta zuriek, jatunek, hartz arreek, igarabek edo urtxakurrek, ipar-katamotzek, lemingek, otsoek, satitsu txikiek, tundrako otsoek, ur-ipurtatsek, ur-satitsuek eta elur-orein basati eta etxekotu ospetsuek (baso elur-oreinak) osatzen dute batik bat[17][18].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Tunturien Lappiko historia» eta «Muonioko gudua»

Bazter honetara iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi zirenean iritsi zela uste da, izan ere, Ounasjärvi aintziran aurkitu diren lehenengo biztanle hauen aztarnak k.a. 6000. urtekoak dira gutxi gorabehera. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoko kostaldean ezarri zirenez gehienbat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estuak izan zituzten. Nahiz eta oraindik lurralde honen jatorrizko biztanleen, samien jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren ondorioa direla. Hasiera batean, euren lurraldea Ozeano Artikotik Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialderaino zihoan eta, gehienbat, ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren; hau da, ehizakiaren atzetik ibiltzen ziren, nomadak ziren. Ounasjärvi, Muotkajärvi, Jerisjärvi, Periläjärvi eta Pöyrisjärvi aintziren inguruetan garai honetako bizi-aztarnak aurkitu dira, haien artean, ehiza-tresnak, harribitxizko apaingarriak, margolanak eta hainbat hilobi [21].

Tunturien Lappi lurraldea; XVIII. mendeko marrazkia.

Erdi Aroan, ekialdeko lurraldea bereziki, Moskuko Dukerri Handiaren eta Suediako Erresumaren eskuen artetik zebilen lurraldea izan zen, Erdi Aro Klasikoan suediarren eragina nabarmentzen hasi zen arte. Lurraldea Erresumako antzinako Laponia eta Vestrobotnia probintzien artean zatitua izan zen; Laponian Enontekiö, Kittilä eta Muonio udalerriak zeuden, eta Vestrobotnian aldiz, Kolari. Kristautasuna suediarren eskutik hedatzen hasi zen XVI. mendean eta, orduan, lehen elizak eraikitzen hasi ziren. Lurraldearen zabalera zela-eta, hainbat eliza eraiki behar izan zituzten eskualdean erlijioa egonkortzeko; lehenak, 1611. urteko Markkinakoa eta 1605eko Hanhimaa herrixkakoa. Kristautasunarekin batera, samiek xamanismoa alde batera uzten eta iristen hasi ziren lehen finlandiarren ohiturak bereganatzen hasi ziren. XVII. mende amaieran, samien elur-orein zaintzaren kultura hasi zen. Kultura honek, hala ere, aurreko kutsu nomada izaten jarraitu zuen, sasoiaren arabera, abeltzainek elur-oreinak hegoalde eta iparraldeko Ozeano Artikoaren artean edukitzen baitzituzten. Sápmi iparrean bizi ziren samiek, haien artean azpieskualde honetakoek, beren bizimodu bereziagatik ipar sami deitura jaso zuten.

XVII. mende bukaeran Izotz Aro Txikia izan zen eta samiek hildako asko eragin zituen gosete garai luzea pairatu zuten. XVIII. mendean aldiz, Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar Inperioen arteko guduak izan ziren Finlandia eta Europa osoan; azkenean, Finlandiar Gerran, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen finlandiar nazionalismoaren laguntzaz. Hau jazo zenean, hainbat arazo bizi izan zituzten abeltzaintzatik bizi ziren samiek. Izan ere, hotzaren eraginez, prozesu biologiko guztiak oso geldoak dira, hildako landare zein animaliek denbora asko behar izaten dute deskonposatzeko, eta hori dela-eta, mantenugai gutxi izan ohi du lurzoruak. Honenbestez, elur-oreinak neguan, Ozeano Artikoaren kostaldera -Norvegiara- eraman behar izaten zituzten samiek. Finlandia Inperio barneko Dukerri Handi bihurtu zenean berriz, Suedia eta Norvegiako mugak itxi egin zituzten -1889an eta 1852an- eta bertako samiak iparralderantz jo ezinik gelditu ziren. Muonionjoki eta Tornionjoki ibaietako muga berriak ezarri zirenean gainera, Torne ibarra bitan zatitua izan zen eta Kaaresuvanto eta Kuttanen bezalako herriak alde suediarrean eta finlandiarrean banatuta gelditu ziren [22].

Lurralde honetan eraiki ziren eliza berriei esker, elizbarrutiak hautsi eta udalerri berriak sortu ziren. Sortzen lehena Kittilä izan zen, 1854. urtean Sodankylätik banandu ostean; hurrengoak, Kolari, 1867. urtean Turtolatik bereizi ostean, Muonio 1868an eta Enontekiö 77an izan ziren.

Finlandiak 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu ostean, eta prozesu hau oraindik egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Alemania naziarekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak herrixketan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten; azpieskualde honetan esaterako, Enontekiö eta Kittilä aireportuak eta gaur egun museo bat den Sturmbock gotorlekua eraiki zituzten.

Hainbat guden ondoren (Neguko Gerra, Jarraipenaren Gerra), Finlandiak SESBekin bake-akordio bat sinatu zuen, eta horrek, alemaniarrak Finlandiar lurretatik botatzea eskatzen zuen. Finlandiak orduan, naziak jazartzeari ekin zion. Hauek, bizilagun den Norvegiara, euren herrialde satelitera alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, hauen atzeraldia eragozteko, finlandiarrak, mugako udalerrietan kokatu ziren. Laponiako Gerra hasi zen. Ondorio garratzak pairatu zituen lurraldeak, hala nola, 1943an Junkers Ju 52 hegazkin alemaniarrak istripu bat izan zuen Aakenus muinoan eta hainbat ofizial hil ziren. Aipatzekoa da bestalde, 1944ko urriaren 26ean hasi eta 30ean bukatu zen gudua. Muonio udalerrian izan zen gudua, finlandiar gudarosteak irabazi zuen eta bizia galdu zuten 63 soldaduen omenez oroitarri bat eraiki zen bertan.

Rovaniemin izandako batailaren eta hiriburuaren suntsiketaren, eta Lothar Rendulic jeneralak Lappi antzinako probintziaren suntsiketaren aginduaren ostean, alemaniar gudarosteak herrixka gehienak suntsitu zituen Norvegiarako bidean; haien artean, Hetta, Kilpisjärvi, Kittilä, Kolari eta Muonio. Baina finlandiarren garaipenak behintzat, hauen berreraikitzea arindu zuen.

Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Hala ere, hazkunde guzti hau, ez zen hain ona izan azpieskualdearentzat; izan ere, industriak ez zituen bere sustraiak errotu Lappin (Kemi, Kemijärvi eta Tornio hirietan izan ezik) eta biztanle askok ihes egin behar izan zuen Finlandiako beste hiri garatuagoetara euren bizimodua hobetu nahi bazuten. Dena den, basogintza-industriak 60ko hamarkadan, 70eko burdin-meatze, kareharri-harrobi eta porlan-fabrikak, eta Kolariko trenbideak diru-sarrera asko ekarri zituen azpieskualdera. Diru honi esker, gaur egun Tunturien Lappi ospetsu egin dituzten eski-estazioak eraiki zituzten Pallasen, Ylläsen eta Levin.

1980ko hamarkadan hain zuzen, Levi muinoko eski-azpiegitura ospetsuak eraikitzen hasi ziren eta, gutxinaka, negu-kirolzaleak hurbiltzen hasi ziren Kittilära. Sirkka herriaren ondoko azpiegiturak hamabost urtetan eraiki zituzten eta ordutik, Finlandiako eski-estazio onenaren lehiaketa irabazi du lau aldiz. Urtero Munduko Eski Alpino Kopako slalom eski proba bat ospatzen da azaro inguruan; 2010eko eta 2011ko txapeldunak esaterako, Reinfried Herbst eta Maria Riesch, eta Jean-Baptiste Grange eta Marlies Schild eskiatzaileak izan dira hurrenez hurren. Urtero milaka zale erakartzen ditu probak eta Kittiläko eta azpieskualdeko motore ekonomikoa bilakatu da urte gutxitan. Honi esker, Kittilä biztanleria galtzen ez duen Lappiko udalerri bakarrenetakoa bihurtu da [23].

Kantatie 79 errepidea; Olos muino elurtua atzean.

Bi talde etniko nagusi egon arren, finlandiarrak eta samiak guztiz bateratuak daude egunerokoan, eta kultura aberastuz, bi gizarte-taldeak inolako desberdintasunik gabe bizi dira XXI. mendean. Samien ohiturak, hizkuntza eta lurrak babesten dituen Finlandiako Sami Lurraldean dagoen udalerri bakarra Enontekiö da, gainontzeko udalerrietan dauden samien kopurua ez baita oso altua [24].

Administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Enontekiö aireportua», «Kittilä aireportua», «Kolariko trenbidea» eta «Kolariko geltokia»

Tunturien Lappi hain handia eta soila denez, bertatik mugitzea ez da erraza autoz ez bada; azpieskualdearen ateak, Kolariko geltokiraino doan trenbidea eta Enontekiö eta Kittilä aireportuak dira. Bi aireportuak alemaniarrek eraiki zituzten Bigarren Mundu Gerran eta guztira, 262.975 bidaiari igari ziren bertatik 2009. urtean. Aireportu nagusia Kittiläko Sirkka herrian dagoena da eta Lappiko aireportua handiena da Rovaniemikoaren ostean. Levi eta Ylläs muinoetako eski-estazioen sarrera dira, horregatik, aireportuen sasoi oparoena negua da. Urte guztian zehar Helsinkira eta Ivalora hegaldiak daude, baina neguan Amsterdamera, Birminghamera, Dublinera, Düsseldorfera, Glasgowra, Londresera, Manchesterrera, Moskura, Parisera, Tamperera, Turkura, Zürichera eta Britainia Handiko beste hainbat hirietara ere hegaldiak eskaintzen dira. Bi aireportuez gain, Pulju eremu basatitik gertu dagoen Pokka herrixkan aerodromo ttipi bat dago eta Kilpisjärvi herrian aldiz, heliportu bat [25].

Lehen esan bezala, Finlandiako Gobernuarena den VR-Yhtymä garraio-konpainiaren trenak Kolariraino iristen dira udalerriaren izen bereko trenbideari esker. Trenbide honek Torniotik iparrerako bidea egiten du eta hau, bidaiarientzako azken geltokia da. Trenbidea Kolarira 1966ean iritsi zen lehenbizikoz, eta honela, Finlandian iparraldeen dagoen geltokia bihurtu zen. Trenbide honen bidez, beste linea batzuk hartu eta Finlandia guztitik bidaiatzeko aukera dago. VR-Yhtymä konpainiak eta Kolariko udalak 2020. urterako trenbidea Ylläseraino luzatzeko proiektua aurkeztu zuten 2007. urtean [26].

Botniako golkoan hasten den Valtatie 21 autobideak azpieskualdea zeharkatzen du hegoaldetik iparraldera, Tornionjoki, Muonionjoki eta Könkämäeno ibaien ertzetik; autobide hau, Tornio hiritik muga hirukoitzeraino doa eta, guztira, 459 km-ko luzera dauka. Herrien artean eta Lappiko gainontzeko udalerrien artean bidaiatzeko beste hainbat errepide daude; hala nola, Palojoensuutik Hettara eta bertatik Kivilompolora doan Kantatie 93a, Rovaniemitik Muoniora doan eta Kittilä zeharkatzen duen Kantatie 79a, eta Sodankylätik Kolariraino doan 155 km-ko Kantatie 80a [27].

Beste herrialdeetara igarotzeko errepidezko sei muga nagusi daude: Kaaresuvantotik, Kolaritik, Muoniotik eta Saivomuotkatik Suediara, eta Kivilompolotik eta Kilpisjärvi enontekiöar herritik Norvegiara.

Eski muinoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Levi», «Pallastunturi», «Olostunturi» eta «Ylläs»

Lappi eskualdeko eta Finlandia osoko eski-estazio onenak azpieskualde honetan daude:Muonioko Pallas eta Olos eta, batez ere, nazioartean ezagunak diren Levi eta Ylläs. Levik esaterako, herrialdeko eski-estazio onenaren lehiaketa irabazi du lau aldiz. Finlandia osoan dauden bi telekabinak ere Levin eta Ylläsen daude eta azpiegitura hauek erakartzen dituzten elur-zaleek azpieskualdearen biztanleria bikoizten, hirukoizten eta laukoizten dute sasoiaren arabera.

531 metroko Levi muinoan, Kittiläko Sirkka herriaren alboan, 48 eski alpinoko pista daude, hauetarik 15 gauez argiztatuak eskiatu ahal izateko. Pista gehienak hasiberrientzako edo erdi mailako eskiatzaileentzat dira, baina adituenentzako lau pista beltz ere badaude. Jaitsiera altueneko pistatik jaisteko (325 m) Finlandiako bi telekabinetako bat hartu beharra dago; pista luzeenak bestalde, 2,5 km-ko luzera dauka. Gainera, snowboardinga praktikatzen duten zaleentzako ere azpiegitura bereziak daude, superpipe eta halfpipe bana [28].

Leviko eski-parkearen sarrera.

Kolariko Äkäslompolo eta Ylläsjärvi herrien artean eta Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalaren bihotzean aldiz, Lappi eskualdeko bigarren eski-estazio handiena dago, Ylläs eski-estazioa. Finlandiako eski-estazio ospetsuenetarikoa da 719 metroko muino honetan dagoena. Guztira, 61 eski alpinoko pista daude eta pista gehienak hasiberrientzako edo erdi mailako eskiatzaileentzat dira, dena den, adituenentzako ere bost pista beltz badaude. Jaitsiera altueneko pistatik jaisteko (463 m) bakoitzean zortzi pertsona sartzen diren Finlandiako bi telekabinetako bat hartu beharra dago; pista luzeenak bestalde, 3 km-ko luzera dauka [29].

Pallas eta Olos muinoetan bestalde, Muonioko eski-azpiegiturak daude. Pallas, udalerriko eski pista natural onenak dauden muinoa da eta, guztira, bederatzi eski pista daude. Pista luzeenak 2,5 km-ko luzera dauka eta gehienak, hasiberrientzako edo erdi mailako eskiatzaileentzat dira. Olos muinoko azpiegiturak aldiz, xumeagoak dira, baina pista gehiago daude; hauen artean, bost pista gorri eta pista beltz bat. Bi muinoak Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalean daude, azpieskualdearen bihotzean [30].

Eski-estazioaz gain, jatetxeak, bokazio-institutua, dendak eta hotelak daude azpiegitura hauen inguruan. Hauek, urria erdialdean ireki eta ekaina bukaeran itxi ohi dira. Irekita egoten den bitartean, elur motor safariak, Lainio elurrezko eta izotzezko herrixkara bisitak, husky txakurrek gidatutako lera safariak, Ounasjoki eta Tornionjoki ibaietako arrantza eta txirrindularitza ikastaro eta lehiaketak, Pallas-Yllästunturi eta gainontzeko eremu babestuetara ibilaldiak eta piraguismo ikastaroak bezalako ekintzak eskaintzen dira [31].

Azkenik, aipatzekoa da urtero Munduko Eski Alpino Kopako lehen slalom eski proba ospatzen dela azaro inguruan Levin. 2010eko eta 2011ko txapeldunak Reinfried Herbst eta Maria Riesch, eta Jean-Baptiste Grange eta Marlies Schild eskiatzaileak izan dira hurrenez hurren. Urtero milaka zale erakartzen ditu probak eta Kittiläko motore ekonomikoa bilakatu da urte gutxitan [32].

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lappiko hirugarren azpieskualde zabalena den hau, Euskal Herria bezain handia, lau udalerritan banatua dago: ipar muturreko Enontekiö, Kittilä "hiriburua" eta Suediako mugaren ondoan dauden Muonio eta Kolari. Handienak, 8.000 km²-ko azaleraren muga igarotzen duten Enontekiö eta Kittilä dira. Biztanle gehien duen udalerri nagusia aldiz, Kittilä da; bertakoa da azpieskualdeko herritarren erdia. Mugakideak, Norrbottengo konderria mendebaldean, Finnmark eta Troms norvegiarrak iparraldean, Ipar Lappi ekialdean eta Rovaniemi eta Torne ibarra azpieskualdeak hegoaldean dira. Azpieskualdea hain handia eta soila denez, lau udalerriak herrixketan antolatuak daude. Garrantzitsuenak, Kittilä, Kolari, Muonio eta Hetta elizateak, Kolariko Sieppijärvi, Levi eski-estazioaren ondoan dagoen Sirkka, iparraldeko muturrean dagoen Kilpisjärvi eta Kiruna eta Enontekiören artean dauden Kaaresuvanto eta Kuttanen mugakideak dira.

Udalerriak Finlandiako Dukerri Handiaren garaian eraiki ziren eliza berrien ondorengo zuzenak dira. Eliza berri hauek, gaineko elizbarrutitik banandu eta udalerri berriak sortzeko balio izan zuten XIX. mendearen bukaeran. Sortu zen lehen udalerria Kittilä izan zen, 1854. urtean Sodankylätik banandu ostean; hurrengoak, Kolari, 1867. urtean Turtolatik bereizi ostean, Muonio 1868an eta Enontekiö 77an izan ziren.

Armarria Izendapen ofiziala Azalera Biztanleria
Enontekiöko armarria
Eanodat / Enontekiö 8.391,52 km² 1.870
Kittiläko armarria
Kittilä 8.263,08 km² 6.123
Kolariko armarria
Kolari 2.617,63 km² 3.810
Muonioko armarria
Muonio 2.037,91 km² 2.373

Lappiko Kontseilua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Lappiko Kontseilua»

Lappiko batzar nagusiko ordezkariak eskualdea osatzen duten 21 udalerrietako udalbatzek aukeratzen dituzte. Hala, biztanle kopuruaren arabera, udalerri bakoitzak hainbat batzarkide hautatzeko aukera du; kasu honetan, Kittiläk eta Kolarik bina ordezkari izendatzen dituzte, eta Enontekiök eta Muoniok, aldiz, bana.

Ondorengoa da Tunturi Lappiko udalerriek 2013-2016 aldirako Lappiko Kontseilura bidalitako ordezkaritza [33]:

Batzarkidea Alderdia Udalerria Batzarkidea Alderdia Udalerria
-- Seppo Alatörmänen Zentroko Alderdia Enontekiö -- Sakari Silén Alderdi Sozial-Demokrata Muonio
-- Esa Nordberg Ezker Elkartasuna Kolari -- Risto Similä Zentroko Alderdia Kittilä
-- Simo Rundgren Zentroko Alderdia Kolari -- Inkeri Yritys Ezker Elkartasuna Kittilä


Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanle gehien duten herriak
Z. Herria Biztanleria Udalerria(k)

1 Kittilä 5.000 Kittilä
2 Kolari 1.400 Kolari
3 Muonio 1.200 Muonio
4 Hetta 800 Enontekiö
5 Kaaresuvanto 600 (150) Enontekiö / Kiruna
6 Sieppijärvi 550 Kolari
7 Kuttanen 500 (150) Enontekiö / Kiruna

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europar Batasuneko herrialdeekin eta Finlandiako gainontzeko azpieskualdeekin alderatuta, Tunturien Lappin, 15 urte baino gutxiagoko biztanleriaren ehunekoa nahiko baxua da, %14,5koa, eta 65 urte baino gehiagokoa aldiz, altua, %19koa. Erlijioari dagokionez, gehienak sinesgabeak edo luteranoak dira, bereziki laestadianismo mugimendu kontserbadorekoak, eta sinestunen kopuru handiena, samiek osatzen dute. Laestadianismoa Lars Læstadius suediarrak sortu zuen, eta hain zuzen, sortzailea, Muonionjoki ibaiak bi herrialdetan banatzen duen Kaaresuvanto herriko parrokian bikario ibili zen; bere erlijiozko mezua Enontekiö eta Kirunatik Eskandinavia osora zabaldu zen. Hiru udalerritako hizkuntza ofiziala finlandiera da eta Enontekiökoa aldiz, finlandiera eta ipar samiera. Enontekiö Finlandiako Sami Lurraldea osatzen duen azpieskualdeko udalerri bakarra da, eta gainera, sami etniako biztanle gehien bizi den herrialdeko udalerria da Utsjoki eta Inari ondoren; hain zuzen, enontekiöarren %30a samia da [34].

Atzerritarrak (2010) [35]
Z. Jaioterria Biztanleak

1  Errusia 46
2  Suedia 43
3  Alemania 26
4  Estonia 24
5  Suitza 16
6  Erresuma Batua 14
7  Thailandia 11
8  Herbehereak 10
9  Kanada 8
10  Norvegia 7

14.000 biztanle pasatxo dituen azpieskualde hau, biztanle gutxien duen Lappiko azpieskualdea da Torne ibarra ondoren. 90eko hamarkadaz geroztik, urtez urte biztanleria jaisten doa, Finlandiako ekonomia krisialdiaren ondorioz batik bat; izan ere, industria hitza bertan ezezaguna denez, krisialdiak gogor astindu zuen lehen sektoreko azpieskualdea eta hainbat herritarrek lan bila kanpora jo behar izan zuten -batez ere, Helsinki eta Rovaniemi hirietara-. Gaur egun biztanleak galtzen ez dituen udalerri bakarra Kittilä da, 80ko hamarkadan Levi muinoan eraiki zituzten eski-azpiegiturei esker.

Aipatzekoa da, herrialdeak irudimenaren laguntzaz emakumezko itxura daukanez, eta Enontekiö herrialdearen emakumezko pertsonifikazio horren eskuineko besoaren lekuan dagoenez, Finlandian enontekiöarrak käsivarsiarrak (besotarrak) bezala ezagunagoak direla.

Biztanleriaren bilakaera [36]
1970 1975 1980 1985 1990 1995 1998 2000 2002 2004 2006 2008 Orain
17.572 16.868 16.407 16.556 16.206 15.802 15.020 14.457 14.241 14.135 14.079 14.171 14.176

Nazioartean ospetsuenak diren herritarren artean, aipatzekoa da Katri Vala muonioar olerkaria. Tulenkantajat literatura talde finlandiarreko idazlea izan zen eta emakumezko olerkari finlandiar ezagunenetako bat da. Poesia soziala egiten zuen eta sutsuki borrokatu zuen faxismoaren aurka Bigarren Mundu Gerran.

Katri Vala olerkari ospetsua.

Izan ere, artearen inguruan herritar asko dihardute, hala nola, Arto Paasilinna finlandiar eleberrigilea; kokinkeria, komedia eta satira nobelak idazten dituen autorea dugu eta bere obrak, hogeita zazpi hizkuntza desberdinetara itzuliak izan dira. Finlandiako idazle ospetsuenetako bat da eta, batez ere, Erbiaren urtea 1975. urtean idatzitako obragatik da ezaguna. Beste artista osptesu bat Kalervo Palsa margolaria da, bere obra probokatzaileengatik ezaguna Finlandia osoan. Azkenik, hildako beste margolari ezagun bat aipatu beharra dago, Reidar Särestöniemi, Palsarekin batera Lappiko margolari ospetsuena; Kittilän bere museo ofiziala dago, Särestöniemi Museoa.

Pertti Teurajärvi iraupen eskiatzailea azpieskualdeko kirolari ezagunena da; eskiatzaile honek, urrezko eta brontzezko dominak irabazi zituen Finlandia taldearekin 1976 eta 1980ko Neguko Olinpiar Jokoetako 4 x 10 km errelebutako lasterketetan.

Sami kultura suspertzeko lanean dihardutenen artean aldiz, Nils-Aslak Valkeapää artista eta Wimme Saari joik-abeslaria samiak ditugu. Lehenengoak, finlandieratik ipar samierara hainbat obra itzuli zituen, baina musika arloan eginiko lanengatik da ezaguna. 1968. urtean Veiviseren edo "Meharguneen Gidaria" film norvegiarreko doinua sortzeagatik Soinu onenaren Oscar Saria irabazteko zorian egon zen. Wimme Saari musikaria bestalde, sami kulturaren XX. mendeko iraultzaren eragile ezagunenetakoa dugu.

Azkenik, aipatu beharra dago XIX. mendean bizitako Juhani Raattamaa apeza; Lars Læstadiusen lagun mina eta munduko lehen apez laestadianiarra izan zena.

Samiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Sami etnia», «Finlandiako Sami Lurraldea» eta «Sápmi»

Azpieskualdea samien jatorrizko eta berezko lurraldearen barnean dago, Sápmi deituriko lurraldean, eta biztanleriaren %4,8a, talde-etniko honetakoa da. Finlandiako Sami Lurraldean dagoen udalerri bakarra Enontekiö da, eta enontekiöarren %30ak (samiak) Sami Parlamenturako hauteskundeetan parte har dezake. Ipar samiera ofiziala den azpieskualdeko udalerri bakarra Enontekiö da, izan ere, enontekiöarren %10aren ama hizkuntza da ipar samiera. Hain zuzen, samien ohiturak, hizkuntza eta lurrak babesten dituen Finlandiako Sami Lurraldea sortu zuen Enontekiök 1973. urtean Inari, Sodankylä eta Utsjokirekin batera, eta 2008tik Klemetti Näkkäläjärvi enontekiöarra da presidentea.

XX. mende hasierako sami familia.

XVII. mende amaieran, samien elur-orein zaintzaren kultura hasi zen. Kultura honek hala ere, aurreko kutsu nomada izaten jarraitu zuen, sasoiaren arabera, abeltzainek elur-oreinak hegoalde eta iparraldeko Ozeano Artikoaren artean edukitzen zituztelako. Sápmi iparrean bizi ziren samiak, haien artean Tunturien Lappikoak, beren bizimodu bereziagatik ipar sami deitura jaso zuten, gaurdaino iraun duen deitura. Izan ere, oraindik, ipar samien jarduera nagusia abeltzaintza izaten jarraitzen du [37].

Ipar Lappi ondoren, sami etniako biztanle gehien bizi den Finlandiako azpieskualdea da, nahiz eta, ipar samiera ama hizkuntza duten azpieskualdeko biztanleen ehunekoa %1,5ekoa baino ez den; udalerriek ipar samieraz Eanodat, Gihttel, Kolari eta Muoná izenak jasotzen dituzte, eta inariko samieraz aldiz, Iänudâh, Kittâl, Kolari eta Muoná. Enontekiöko ipar samierazko izendapena baino ez da ofiziala, Eanodat.

Azpieskualdea, eta Enontekiö batez ere, bi kultura ezberdinen artean eratzea lortu da, finlandiarren eta samien arteko ezberdintasunik gabeko bizimodua, oreka eta bizikidetza direla oinarri.

Tornetarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Tornetar» eta «Torne ibarra»

Tornetarrak Torne ibarreko biztanleak dira, bai finlandiarrak, bai suediarrak. Hauek, XVI. eta XVII. mendeetan iparraldera iritsitako finlandiarren ondorengo zuzenak dira, denboraren poderioz ibarrean egokitu zirenak. Moskuko Printzerri Handiaren erasoetatik ihesi zenbiltzan finlandiarrak ziren, batez ere, Karelia, Savonia eta Tavastia antzinako probintzietatik iritsiak. Hauek iristean, samiek iparralderantz jo zuten eta, horregatik, Torne ibar osoko sami bakarrak iparrerago aurki daitezke, Enontekiö udalerrian hain zuzen [38].

1809. urtean Torne ibarra bitan zatitua izan zen; nahiz eta Finlandiako Dukerri Handiak eta Errusiar Inperioak ibar osoa eskatu zuten, Suediako Erresumak ez zuen atzera egin eta bi herrialdeen arteko muga Muonionjoki eta Tornionjoki ibaietan ezarri zen. Gaur egun arte legez jarraitzen duen muga da hori. Modernizazioarekin bat, muga handitu egin zen eta suediar aldeak "suediartze" bat jasan zuen 1850 eta 1950 urte bitartean. Hala ere, gaur egun anaitasun handia dago bi aldeen artean eta egundaino tornetarren kultura eta hizkuntza, finlandieraren dialekto bat den meänkieli mantentzea lortu dute tornetarrek.

Hezkuntza eta Osasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guztira, Lehen Hezkuntzako hamalau eskola daude lau udalerrietan; bana Äkäslompolon, Alakylän, Hettan, Kaaresuvanton, Kaukonenen, Kilpisjärvin, Kittilä herrian, Kolarin, Kurtakkon, Peltovuoman, Raattaman, Sieppijärvin, Särkijärvin, Sirkkan, Vaatojärvin eta Ylimuonion, eta bi Muonioko elizatean. Bigarren Hezkuntzako ikasketak egiteko bestalde, lau institutu daude, bana udalerriko elizateetan; Enontekiön Lukio, 1950. urtean eraikitako Kittilän Lukio, Kolarin Lukio eta Muonion Lukio. Samiek haien hizkuntzan ikasteko eskubidea Enontekiön baino ez dute [39][40][41].

Enontekiöko armarria
Kittiläko armarria
Kolariko armarria
Muonioko armarria

Levi muinoan bestalde, Levi Bokazio Institutua dago, eta bertan, turismoarekin zerikusia duten ikasketak burutzen dira [42].

Azpieskualdea, Lappi Ospitale Barrutian dago eta bertako ospitale bakarra Rovaniemiko Lappiko Ospitalea da. Dena den, Äkäslompolon, Hetta, Kaaresuvanto, Kittilä, Kolarin, Muonion, Pallas muinoaren oinean, Sirkkan eta Ylimuonion eskualde-erietxeak daude.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Armarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Enontekiöko armarria», «Kittiläko armarria», «Kolariko armarria» eta «Muonioko armarria»

Azpieskualdeko lau armarrietatik hiru, Kittiläkoa izan ezik, Olof Eriksson margolari helsinkiarrak sortu zituen eta armarriek, udalerriek antzinako kulturarekin eta samiekin duten harremana irudikatu nahi izan zuten.

Enontekiöko armarriko atzealde urdinaren gainean, zilarrezko eskandinaviako lagopodo bat ageri da, eskualde honetan oso ohikoa den eta antzinako gosete garaian oso lagungarria izan zen hegaztia. Izan ere, neguan bertan gelditzen den hegazti bakarrenetakoa denez, Izotz Aro Txikian herritarren jaki nagusia bilakatu zen, eta horregatik, Bizitzaren hegaztia bezala da ezagunagoa enontekiöarren artean. Kittiläko armarriaren atzealde beltzaren eta zilarrezko Levi muinoaren gainean aldiz, mingain, hortz eta atzapar gorriak dituen jatun beltz bat dago. Jatuna eskualde honetan oso ohikoa den ugaztuna da, finlandieraz ahma deitua, eta herritarrek larruagatik ehizatu ohi zuten arren, gaur egun animalia babestua da. Armarri hau, Einari Junttila margolari kittilärrak sortu zuen, eta ugaztuna eta Levi muinoa udalerriko ikur nagusi bihurtu zituen [43].

Kolari udalerriko armarrian bestalde, atzealde grisaren gainean, neguko gau oskarbi, ilun eta hotzetan zerua argitzen duen iparrargia dago, aurora boreala. Suzko gar gorriak bezala irudikatuak daude, izan ere, iparrargiaren finlandierazko izena revontulet da; euskaraz azeriaren sua. Honen aurrean, Kolariko ikur nagusienaren itzal beltza dago, Ylläs muinoarena hain zuzen. Muonioko armarriko atzealde gorriaren gainean azkenik, neguko gau oskarbi, ilun eta hotzetan zerua argitzen duen iparrizarra dago. Sei puntako zilarrezko iparrizarra, zilarrezkoa ere den Pallas muinoko Taivaskero tontorraren gainean dago; Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalaren bihotzeko muino hau, azpieskualdearen ikur nagusia eta motore ekonomiko garrantzitsuenetakoa da.

Leku aipagarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerrietan historiarekin zerikusia duten zenbait museo daude; hala nola, bakoitzean, XX. mendean sortutako herri museo bana dago. Bertan, Ylikyröko XVIII. mendeko biltegi bat, XX. mende hasierako Muotkajärviko sauna bat eta 1850eko hamarkadako Ylimuonio herriko aletegi edo bihitegi bat bezalako erakusgaiak daude. Gainera, Finlandiako Basoen Bulegoa Enontekiön dago, Finlandiako Tunturien Lappi azpieskualdean babestutako eremuak kudeatzen dituen Metsähallitus enpresa nazionalaren bulegoa; samien elur-orein kulturari eta azpieskualdeko zenbait babestutako eremui buruzko informazioa jaso daiteke.

Bestalde, artearekin eta, batez ere, margolaritzarekin zerikusia duten bi museo daude Kittilän. Lehena, Särestöniemi Museoa, XIX. mendeko egurrezko eraikin batean dagoen Reidar Särestöniemi margolari kittilärraren museo ofiziala da. Kaukonen eta Kittilä herrien artean dagoen museoan, margolariaren bizimoduaren berri ematen duten hainbat obra dago. Bestalde, Einari Juntilla margolariaren galeria bat ere badago Kittilä herrian; hemen, udalerriko armarriaren zirriborro bat eta margolariaren obra original gehiago ageri dira [44].

Bertako eraikinen aspaldiko egiturei esker, Hanhimaa, Kelontekemä, Köngäs, Kultima, Molkojärvi, Näkkälä, Nunnanen, Peltovuoma, Pöyrisjärvi, Raittijärvi, Tepasto, Venejärvi eta Ylimuonio herrixkak monumentu izendatuak izan ziren 1993. urtean; hauekin batera, Laponiako Gerran zutik iraun zuen harrizko zubi bakarra ere, Ahdaskuru [45].

Denen artean, hauek dira udalerriko eraikin eta oroitarri ezagunenak:

Muonioko eliza eraberritua.
Muotkatakkako oroitarria.

Aipatzekoak dira, azkenik, beste bi oroitarri ezagun. Lehena, Valtatie 21 autobidetik gertuko Muotkatakka muinoan dagoen Laponiako Gerrako oroitarria; oroitarri hau, 1945. urtean Gerra amaitu zen tokian bertan eraikia izan zen. Bigarrena, Taivaskeroko oroitarria da; izan ere, zuzi olinpikoak Helsinkiko Udako Olinpiar Jokoetara iristeko egin zuen ibilbidean, Tunturien Lappi zeharkatu zuen, eta honen omenez, Pallasko Taivaskero tontorrean oroitarri bat ipini zuten herritarrek.

Ospakizun bereziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urteko lehen ospakizun berezia, Äkäslompolo herri kolariarrean otsail aldean antolatu ohi den Ylläs Jazz Blues musikaldia da. Finlandiako talde ezagun asko etortzen da eta Ylläs muinoaren inguruan dauden biztanle eta bisitariak goxotzen dituzte beren abestiekin. Otsailean ere, Leviko baloi txapelketa ospatzen da; hilabetearen bukaeran, mundu osoko lehiakideak iristen hasten dira Kittilära haien globo aerostatikoetan, eta kuxkuxero asko erakartzen dituen txapelketa izaten da [52][53].

Elurraren urtzearekin eta udaberriarekin batera, urteko lehen ekitaldiak antolatzen hasten dira. Martxo hasieran esaterako, Hettako Mariaren Egunak ospatzen dira, finlandieraz Hetan Marianpäivät eta ipar samieraz Heahtá Márjjábeaivvit. Sami-egutegian izen bereziko ospakizuna da eta elizara joateaz gain, sami kulturarekin zerikusia duten ekitaldiak antolatzen dira Hettan; hala nola, musika kontzertuak, arte erakustaldiak eta elur-oreinen inguruko trebezia lehiaketak. Udaberri hasieran ere, Hettako Musikaren Egunak ospatzen dira, finlandieraz Hetan musiikkipäivät. Egun hauetan, urtero ehunka musika-zaletu erakartzen duen musikaldi garrantzitsu bat antolatzen da [54][55].

Uda partean, Tunturien Lappin ohitura bilakatu diren arrantza lehiaketak antolatzen dira. Ounasjoki, Muonionjoki eta Tornionjoki bezalako ibai luzeen eta beste hainbat ibai txikiren urertzetan ospatzen dira txapelketa hauek, hala nola, Alakylä eta Muonio herrietan. Kilpisjärvin bestalde, apiriletik uda bukaeraraino izotz-arrantza eta orientazio lehiaketak antolatu ohi dira herri inguruko aintzira eta muinoetan. Uztaila inguruan ere, Lappi eskualde osoan ospetsua den merkatu bat izaten da. Kittilä herrian antolatzen den merkatu honek, Finlandiako amuarrain eta izokin handi eta preziatuenak saltzen dituen ospea dauka. Garai honetan gainera, merkatua goxotzeko asmoz, bi musikaldi antolatzen dira: Krokotiilirock, euskaraz Krokodilo Rock, Levin eta Ylläs Soikoon Ylläs inguruan [56].

Azpieskualdeko elur sasoia oso luzea denez, hau arintzeko asmoz hainbat lasterketa antolatzen dituzte eski eskolek. Azaro aldean esaterako, Olos muino inguruan, biatloi txapelketa bat ospatzen da, Finlandiako elur-sasoiari hasiera ematen dion ekitaldia. Gainera, martxoan, Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalean barrena egiten den iraupen eskiko txapelketa bat antolatzen da urtero, Lapponia Hiihtoviikko edo Laponia Iraupen Eski Txapelketa izenekoa. Lasterketa honek ia astebete irauten du eta helburua, Muoniotik Enontekiöraino iristea izaten da [57][58].

Ylläsko telekabinak.

Aipatu beharra dago aurten lehenbiziko aldiz ospatu den Sami Eski Lasterketa; ofizialki Saami Ski Race. Lasterketa apirilaren 11ean ospatzen da eta 90 km-ko lasterketan eskiatzaileek Hettatik Kautokeino udalerri norvegiarreraino joan behar dute. Nahiz eta helmuga Kautokeinon dagoen, 60 km-ko ibilbidea egiteko aukera dute partehartzaileek, Näkkälä herrixka samiraino. Lehiaketa hau, sami kultura ezagutarazteko helburuarekin sortua izan zen eta, gutxi gorabehera, 200 bat eskiatzailek hartu zuten parte lehenebiziko urtean. Proba garrantzitsuenetako lehen irabazleak Andreas Nygaard eta Sandra Hansson norvegiarrak, eta Mikko Maaranen eta Heli Heiskanen finlandiar eskiatzaileak izan ziren eta 90 km-ko ibilbidea hiru eta lau ordu bitartean burutu zuten [59].

Beste eski lasterketa bat eta azpieskualdeko ospakizun nagusia dena, urtero Levi muinoan antolatzen den Munduko Eski Alpino Kopako slalom eski proba da. Azaro erdialdean izaten da eta milaka zale erakartzen ditu; gainera, azpieskualdeko motore ekonomikoetako bat da, bisitariek Kittilä eta Sirkka herriak betetzen dituztelako. 2010eko eta 2011ko txapeldunak esaterako, Reinfried Herbst eta Maria Riesch, eta Jean-Baptiste Grange eta Marlies Schild eskiatzaileak izan dira hurrenez hurren [60].

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tunturien Lappiko egitura ekonomikoaren arabera, biztanleria langilearen %83ak zerbitzuetan egiten du lan; bai zerbitzu publikoetan, bai baso-zaintzan, bai turismoan. Gainontzekoak, nekazaritzan (egoera klimatikoak baldintzatuta) eta elur-orein zaintzan egiten du lan gehienbat. Lappi iparraldean industria ia garatu gabe dagoenez, langabetuen kopurua ia Finlandiako azpieskualde guztietako altuena da, baina herritako landa-bizimodua dela-eta, datu hauek ez dira larriak [61].

Elur-orein taldea Kilpisjärvi aldean.

Lehen esan bezala, industria ia garatu gabe dago azpieskualde honetan; dena den, Kittilä eta Kolari udalerrietan, XX. mendearen erdialdean industria finkatzeko ahaleginak egin ziren. 1960ko hamarkadan esaterako, basogintza eta esne-industria garatu ziren eta jarduera hauek Kolariko ekonomia monopolizatu zuten garai hartan. 1966. urtean esaterako, produktuak esportatzeko ordutik Kolarin bukatuko zen trenbidea amaitu zuten. 70eko hamarkadan, burdin-meatze, kareharri-harrobi eta porlan-fabrika bana ireki zituzten elizatean eta kolariarren bi bostenek bertan egiten zuten lan. 1987. urtean aldiz, meatzea eta fabrika itxi egin zituzten eta Finlandiako Gobernuak emandako diru laguntzei esker, sektore turistikoa bultzatzearen alde egin zuten azpieskualdean eta horrek, 1930eko hamarkadatik irekita egondako Ylläs, eta Pallas eta Olos muinoetako eski-azpiegiturak eraberritzea ekarri zuen. Gaur egun oraindik, basogintza-industriak garrantzia izaten jarraitzen du, batik bat Muonion eta Kolarin, eta geltokitik ateratzen diren enbor-multzo luzeak ikus daitezke oraindik [62].

Azkenik, aipatzekoa da Agnico-Eagle enpresa kanadarrak, 2008. urte bukaeran, Kiistala eta Pokka herrixka kittilärren artean dagoen Europa osoko urre-meatze handiena ireki zuela. Bertan, meategia 13 urtetan irekirik mantenduko duten 150.000 ontza urre aurkitzea espero dute. Kittilären jarduera ekonomikoa berpizteko balio izan duen urre-meatzearen inguruan, gutxi gorabehera 500 bat langile dabiltza [63].

Kolariko geltokitik ateratzen diren enborrak.

Dena den, gaur egun azpieskualdeko ekonomiaren motoreak eski-muinoak eta Pallas-Yllästunturi Parke Nazionala dira; hau da, turismoa. Azpiegitura hauek erakartzen dituzten elur- eta natura-zaleek azpieskualdearen biztanleria bikoizten, hirukoizten eta laukoizten dute sasoiaren arabera. Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalak bakarrik, 2007. urtean 312.000 bisitari jaso zituen. Eski-muinoak bisitatzen dituzten kirolariek aldiz, neguro udalerrietako hotel eta zerbitzuak betetzen dituzte; hain zuzen, eski-muinoak, Tunturien Lappiko erakargarri turistiko nagusienak dira. Guztira, eski alpinoko 118 pista daude, eskiatzaile hasiberrientzat, erdi-mailakoentzat eta adituenentzat; gainera, hauetatik hamabost, gauez argiztatuak daude eskiatu ahal izateko. Finlandia osoan dauden bi telekabina bakarrak ere azpieskualdean daude, Levi eta Ylläsko eski-estazioetan. Snowboardinga praktikatzen dutenentzako ere azpiegitura bereziak daude, hala nola, Leviko superpipe eta halfpipe bana; iraupen eskiatzaileentzat ere markatutako bide eta markatugabeko basabide ugari daude. Eski-estazioen inguruan dauden herrixketan bestalde, ekintza ugari antolatu ohi dira elur-sasoian eta elur-sasoitik kanpo; elur motor safariak, husky txakurrek gidatutako lera safariak, ibaiko arrantza eta txirrindularitza ikastaro eta lehiaketak, Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalean zehar ibilaldiak eta piraguismo ikastaroak, esaterako [64].

Eski-muinoetara edo Pallas-Yllästunturira joaten ez diren turistak ere badaude. Hauek, arrantza egiteko, naturaz gozatzeko, eskiatzeko, ibiltaritza egiteko, iparrargiak ikusteko eta udako gauerdiko eguzkia Kilpisjärvi herrixkako Saana muinotik ikusteko etortzen dira batik bat. Gehienak, norvegiarrak, suediarrak, finlandiarrak eta alemaniarrak dira. Lehenengoak, muga igarotzen dute erosketa merkeagoak egiteko aburuarekin eta azpieskualdean uzten duten dirua oso mesedegarria da bertako ekonomian.

Azken urteotan hainbat ardatz turistiko bultzatu ditu eskualdeak, hala nola, Benetako Lappi (finlandieraz, Tosi Lappi) izeneko webgune berria ireki duen Enontekiö-Kilpisjärvi, Levi Lapland, Pallas-Olos eta Ylläs [65]

90eko hamarkadaz geroztik, urtez urte biztanleria jaisten doa Finlandiako ekonomia krisialdiaren ondorioz; Enontekiö eta Muonio udalerrietan batez ere. Lehen esan bezala industria hitza ezezaguna da bertan eta krisialdiak gogor astindu zituen lehen sektoreko bi udalerriak; ondorioz, herritar askok lan bila kanpora jo behar izan zuen -batez ere, Helsinki eta Rovaniemi hirietara-. Hala ere, gaur egun Finlandiako ekonomia gailurrean dagoenez, biztanleek euren abeltzaintza-munduan dihardute inongo arazorik gabe. Kittilä eta Kolari bestalde, biztanleria galtzen ez duten Lappiko udalerri bakarranetakoak dira bertan eraikitako eski-muino boteretsuei esker.

Ailakkajärvi aintzira elurtua.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Pinta-alat kunnittain (Excel) 1.1.2017 Maanmittauslaitos. 2017.07.02
  2. Ennakkoväkiluku sukupuolen mukaan alueittain, elokuu 2017 Tilastokeskus. 2017.10.07
  3. Tunturi-Lapin luontokeskus Luontoon. 2014.01.22
  4. Kittilä-Lappi-Finland Weatherspark. 2014.11.09
  5. Revontulten Finnish Meteorological Institute. 2010.12.17
  6. Enontekiö-Lappi-Finland Weatherspark. 2014.11.09
  7. Ylläs.fi Nature and Environment-Ylläs. 2014.12.03
  8. scannet.nu Kolari Research Unit. 2014.12.03
  9. Kilpisjärven ilmasto 2014.06.27
  10. Muonion ilmasto 2014.11.11
  11. Struve Geodesic Arc UNESCO. 2010.10.18
  12. Kulttuuriperintökohteiden inventointi 2011: Pallas-Yllästunturin kansallispuisto (pdf) Metsähallitus. 2014.11.10
  13. Pirunkuru Blog.2014.12.31
  14. Järviwiki Etusivu - Tunturi Lappi. 2015.01.25
  15. a b c Käsivarren, Hammastunturin, Pöyrisjärven, Puljun ja Tarvantovaaran erämaa-alueet 2013.04.25
  16. Tornionlaakso Etusivu. 2015.01.25
  17. a b c d Bállás-Ylläsduoddara álbmotmeahcci Lundui 2014.09.01
  18. a b c Malla Strict Nature Reserve Outdoors. 2014.08.31
  19. a b Käyntimäärät kansallispuistoittain 2014 Metsähallitus - Lemmenjoen ja Pallas-Yllästunturin kansallispuistot. 2015.03.08
  20. a b Lemmenjoen kansallispuisto 2013.04.23
  21. Tunturi-Lapin esihistoria
  22. Tunturi-Lapin historia
  23. International Ski Federation
  24. Samediggi
  25. Finavia
  26. Suomen rautateistä
  27. Kantatie 93
  28. Levi Ski Resort
  29. Ylläs Ski Resort
  30. Pallas Ski Resort
  31. Levi Ski Resort
  32. International Ski Federation
  33. Lapin liitto 2013.11.15
  34. Enontekiön tilastotiede
  35. Väestö kansalaisuuden mukaan Lapin seutukunnissa 2010.12.31
  36. Tilastokeskus (Suomen tilastotiede)
  37. Saamelaiset tilastotiede
  38. Tornionlaakso
  39. Enontekiön koulut
  40. Kolarin koulut
  41. Muonion koulut
  42. Kittilän koulut
  43. Suomen vaakunat
  44. Taidemuseo Einari Juntilla
  45. 1993: Säilyttäminen lista Hanhimaan kylä, Kelontekemän kylä, Könkään kylä, Kultiman kylä, Molkojärven kylä, Näkkälän kylä, Nunnasen kylä, Peltovuoman kylä, Pöyrisjärven kesäkylä, Raittijärven kylä, Tepaston kylä, Venejärven kylä, Ylimuonion kylä, Ahdaskurun silta
  46. Enontekiön kirkko
  47. Treriksröset
  48. Kittilän kirkko
  49. Muonion kirkko
  50. Sankarivainajien hautausmaa
  51. Järämän linnoitusalue
  52. Artic Hot-air Balloon Festival
  53. Ylläs Jazz Blues
  54. Hetan Marianpäivät
  55. Hetan musiikkipäivät
  56. Ylläs Soikoon
  57. Muonio Ski College
  58. Lapponia hiihtoviikko
  59. Saami Ski Race
  60. International Ski Federation
  61. Tunturi-Lapin seutukunta
  62. Lapin liitto
  63. Agnico-Eagle Mines Limited
  64. Levi Ski Resort
  65. Tunturi-Lapin matkailu

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Troms Troms, Finnmark Finnmark
Norrbotten Compass rose simple plain.svg Ipar Lappi
Norrbotten Torne ibarra Rovaniemi

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]