Nakagin Capsule Tower
Nakagin Capsule Tower | |
---|---|
Kokapena | |
Estatu burujabe | Japonia |
Metropolitan prefecture | Tokio |
Special ward of Japan | Chūō-ku |
Chōchō | Ginza |
Koordenatuak | 35°39′56″N 139°45′48″E / 35.66564°N 139.76345°E |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1970 |
Inaugurazioa | 1972 |
Suntsipena | 2022 |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Kisho Kurokawa |
Estiloa | Metabolismoa |
Solairuak | 13 |
4 | |
Kontaktua | |
Helbidea | 東京都中央区銀座8-16-10 |
Nakagin Capsule Tower (japonieraz: 中銀カプセルタワー Nakagin Kapuseru Tawā ) etxebizitza eta bulego dorre eraikin bat da, Kisho Kurokawa arkitektoak disinatua Minato barrutian (Tokio, Japonia). 30 egunetan bakarrik amaitua 1972an[1], eraikina Mugimendu Metabolistaren adibide bakanetakoa da, Bigarren Mundu Gerraren ondoren Japoniaren berpizte kulturalaren mugimendu arkitektoniko enblematiko bat[2]. Eraikinak zutik jarraitzen du, baina egoera txarrean dago[2]. 2012ko urrian, 140 kapsuletatik hogeita hamarrek apartamentu gisa erabiltzen jarraitzen zuten; besteak, berriz, biltegirako edo bulegoetarako erabiltzen ziren, edo abandonatuta eta hondatuta zeuden[3].
Testuingurua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1960ko hamarkadan Japoniak gerraondoko “mirari ekonomikoa” burutu eta munduko bigarren ekonomia bilakatu zen. Era berean, Tokiok 1964ko XVIII. Olinpiar Jokoak jaso bitartean eta hiriaren hazkuntza azeleratua zela medio, garaiera handiko lehen eraikuntzak egin zituen. Herrialde guztiak izan zuen susperraldi ekonomiko, kultural eta soziala zela eta, kolonien eremurako prestatuta zituzten hiri hedapen plangintzak, Kenzo Tange arkitektoarenak besteak beste, gerrak suntsitutako hiriak berreraikitzeko egokitu zituzten.
Testuinguru honetan Kisho Kurokawa, Kiyonori Kikutake, Fumihiko Maki, Masato Otaka eta beste japoniar arkitekto batzuk “metabolismoa: hirigintza berri baten proposamenak” manifestua aurkeztu zuten, megalopoli erraldoi hauetan azaldutako arazo berriei irtenbidea emateko: hiritar dentsitate handia, biztanleriaren hazkundea eta pertsonen joan-etorrien areagotzea. Metabolismoak eraikinen hazkuntza organikoa defendatzen du, hirien morfologia dinamiko eta mutakorra mahaigaineratuz. Azpiegitura erraldoi eta ikaragarriek zelula txiki eta higikari mordoa atontzen dute.
1970ean Kisho Kurokawa arkitektoak ideia guzti hauek batu zituen Nakagin Capsule Tower eraikinean, Tokioko finantza barrutian. Kapsula edo bizitegi bakoitza salaryman bakar baten bizitokia izateko diseinatu zen. Salaryman deritzonak (サラリーマン, sararīman, japonieraz asmatutako ingeles hitza) maila txikiko exekutibo japoniarrak dira, batzuetan gaitzesgarritzat erabilia.
Eraikina Japoniar Metabolismoaren ikur bihurtu da, mugimendu honen barruan burututako lan bakarretakoa baita.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eraikinak hormigoizko bi dorre ditu, bata 11 solairukoa eta bestea 13 solairukoa. Dorreek 140 modulu aurrefabrikatu (edo "kapsula") dituzte, eta unitate autonomoak dira. Kapsula bakoitzak 2,3 m x 3,8 m x 2,1 m neurtzen du, eta etxebizitza edo bulego txiki baten moduan funtzionatzen du. Kapsulak konektatu eta konbinatu egin daitezke espazio handiagoak sortzeko. Kapsula bakoitza bi nukleo nagusietako batera konektatuta dago erresistentzia handiko lau torlojuren bidez, eta ordezkagarriak izateko diseinatuta daude, nahiz eta hasieratik ez den unitaterik ordeztu.
Apartamentuek, etxetresna elektrikoen horma bat eta sartutako armairuak dituzte alde batean, hala nola su txiki bat, hozkailu bat, telebista bat eta bobina irekiko magnetofono bat barne. Txoko batean dago bainugela, hegazkin-bainu baten tamainakoa gutxi gorabehera. Ohe gaineko leiho biribil handi batek gelako beste aldea argiztatzen du.
Bertan eta lekutik kanpo egin zuten eraikuntza. Bertan egindakoak izan ziren bi dorreak eta euren energia sistemak. Kapsulak aldiz aurrefabrikatuak ziren eta fabrika batean muntatu ziren.
Kapsulak barne zerbitzu eta ekipamenduz hornitu ziren obrara eraman aurretik, non hormigoizko dorreetara konektatu ziren. Kapsula bakoitza bereiz eta hegalean konektatuta dago nukleora; horrela, erraz ken daiteke edozein kapsula, gainerakoei eragin gabe. Kapsulak altzairu galbanizatuzko panelez estalitako altzairuzko kutxa arinak dira. Prozesamenduaren ondoren, panelak herdoiltzearen aurkako pinturaz estali zituzten, eta Kenitex esprai distiratsuzko geruza batekin amaitu.
Nukleoak altzairuzko eta hormigoi armatuzko egitura zurrunak dira. Sototik bigarren solairura hormigoi arrunta erabili zen; solairu horien gainetik hormigoi arina erabili zen. Kofratuak solairu baten altuerako panel handiak dira.
Eraiste eta zaharberritze proposamenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kapsulak banan-banan kendu edo ordezkatu daitezke, baina kostu handiarekin: 2006an, beharrezko berrikuntza kapsula bakoitzeko 6,2 milioi yen inguru kostatuko zela kalkulatu zen.
Horregatik, 2007ko apirilaren 15ean, eraikineko biztanlen %80ak baino gehiagok, baldintza itogarriak eta amiantoaren inguruko kezkak aipatuz, eraikina eraistea erabaki zuten, eta dorre handiago eta modernoago batekin ordezkatzea[2][4].
Bere diseinua babesteko asmoz, Kurokawak, kapsulak "deskonektatzea" eta unitate eguneratuekin ordezkatzea proposatu zuen. Japoniako Arkitektura Elkarte nagusiek babestutako proiektua zen, Japoniar Arkitektoen Institutua barne; baina biztanleek ez zuten onartu, kezkatuta baitzeuden lurrikaren aurrean duen erresistentziarekin eta lurzoruaren balio ez-eraginkorrarekin alboko Ginza auzoarekin alderatuta. Kurokawa 2007an hil zen eta oraindik ez da eraikin berrirako sustatzailerik aurkitu, neurri batean 2008-2014ko krisi ekonomikoaren ondorioz.
Erreplika Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2019an kapsula baten erreplika bat osatu zen Donostian, Mugak arkitektura bienalaren baitan. Kapsula ikusgai egon zen Nautikoko terrazan[5].
-
Erreplikaren barrualdea, sarreratik ikusia: ezker aldean etxetresna eta armairuak, eskuin aldean komun modulua.
-
Erreplikaren barrualdea, ohealdeko etxetresna horma.
-
Erreplikaren kanpoaldea, atzean Donostiako Udaletxea eta Klub Nautikoa dituela.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Koolhaas & Obrist (2011), p. 388
- ↑ a b c Nicolai Ouroussoff, Architecture: Future Vision Banished to the Past, The New York Times, July 7, 2009, Accessed July 7, 2009.
- ↑ https://www.facebook.com/photo.php?fbid=420210094709407&set=a.301442853252799.74003.301418396588578&type=1
- ↑ Yuki Solomon, Kurokawa’s Capsule Tower To Be Razed, Architectural Record, April 30, 2007, Google cache version retrieved December 5, 2018.
- ↑ Nakagin 1:1 egitasmoa Mugak bienalean, Atari elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak antolatua (22-10-2019 / 12-12-2019).