Edukira joan

Ninon de l'Enclos

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ninon de l'Enclos

Bizitza
JaiotzaParis1620ko azaroaren 10a
Herrialdea Frantzia
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaParis1705eko urriaren 17a (84 urte)
Familia
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
italiera
gaztelania
Jarduerak
Jardueraksalonnièrea, idazlea eta mezenasa
Musika instrumentuaKlabizenbaloa
Lauta
Egilearen testuen bilduma baten azala.

Anne « Ninon » de l'Enclos, Ninon de Lenclos eta Ninon de Lanclos bezala ere ezagutua, Parisen bataiatua izan zen, 1620ko azaroaren 10ean, eta hiri berean hil zen, 1705eko urriaren 17an. Oso gortesau ospetsua izan zen, gutunen idazlea eta letretako emakume berritzailea.

Paristarra, Turenako dukearen erregeren zaldun baten alaba zen. Aitak ez zuen oso ospe ona, nahiko lizuna omen baitzen, eta ama, ordea, erlijio zalea zen. Gaztetatik literatura mota asko irakurri zuen: klasiko lantindarrak, maitasunezko eleberriak, poesia, filosofia. Egileen artean, Montaigne oso ondo ezagutu zuen. Gaztelania eta italiera ikasi zuen. Beraz, kultura zabaleko emakumea zen.

1636an, ama hil zitzaion, eta, handik gutxira, aita. Oinordeko bakarra izan zen. Lortu zuen diruarekin Parisko Le Maraisen, Turnelles kalean, etxe bat erosi zuen. Laster, etxe hura Parisko saloi ospetsuenetariko bat bihurtu zen: bertara Parisko pertsonaia nagusiak joaten ziren: idazleak, politikariak, artistak... Ondorioz, izen handiko lagunak izan zituen: Scarron, Saint-Évremond, Molière, Kristina Suediakoa erregina, Scarron anderea, denborarekin Madame de Maintenon bezala ezagutzera eman zena... Baina baita Madame de Sévigné moduko etsai amorratuak ere. Egotzi zitzaizkion amoranteen zerrenda ere luzea zen: Coligny, Gourville, Condé printzea, el Richelieu kardinala eta Gédoyn abadea.

Voltairek emakume haren edertasun fisikoa zein intelektuala goraipatu zuen. Mintzakide nekaezina eta arteen zein antzerkiaren zale amorratua zen. Hil ondoren, bere pasadizoak eta abenturak frantsesen memorian gelditu ziren. Askoren ustez, Frantziako gortesau ausartenetakoa izan zen. "Maitasunaren anderea" bezala ezagutua zen.

Anne de L'Enclósek gauza gutxi utzi zuen idatzita. Batez ere, bere gutunak gordetzen dira, eta, haietatik, aforismo eta pentsamendu bildumak atera egin dira:

  • Saint-Évremond-i idatzitako gutunak
  • La coquette vengée (1659). Liburu hau berari egotzia izan da, baina egilea ez dago oso garbi. Antza, jaso zituen erasoen aurrean idatzi zuen.
  • Lettres de Ninon de L’Enclos au marquis de Sévigné. Bilduma hau 1750ean plazaratu zen, Amsterdamen. Biltzailea Damours izeneko norbait izan zen. Dirudienez, Damours benetako gutunen bilduma batean oinarritu zen, baina nahiko modu librean. Hainbat edizio ezagutzen dira.
  • Bibliothèque épistolaire, ou choix des plus belles lettres des femmes les plus célèbres du siècle de Louis XIV. Lettres de Ninon de l'Enclos, de Mme. de Maintenon, des Ursins, de Caylus, etc., recueillies par A. Delanoue.

Bere lanetan, Ninon de Lenclosek garaiko gizartean emakumeak zuen lekuari buruzko hausnarketa ugari egin zituen. Haren ikuspuntutik, edo senarraren menpe bizi behar zuen edo fribolitatean murgildu. Agian horregatik, adiskidetasunari erabateko balorea eman zion, eta inoiz ez zen ezkondu. Epikureismoren jarraitzailea zen pentsamenduz: bizitzaz ahalik eta gehien disfrutatu nahi zuen. Moralki, "gizonezkoa bezalako portaera" izatea erabaki zuen. Zentzu askotan, bere ideiak feminismoaren aurrekariak bezala uler daitezke.[1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ninon de l'Enclos Aldatu lotura Wikidatan