Michel de Montaigne

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Michel de Montaigne
Michel de Montaigne
Michel de Montaigne
Datu pertsonalak
Izen osoa Michel Eyquem de Montaigne
Jaio 1533ko otsailaren 28a
Saint-Michel-de-Montaigne
(Pavillon royal de la France.png Frantziako Erresuma)
Hil 1592ko irailaren 13a
Saint-Michel-de-Montaigne
(Pavillon royal de la France.png Frantziako Erresuma)
Sinadura Unterschrift des Michel de Montaigne.png


Michel Eyquem de Montaigne (Saint-Michel-de-Montaigneko gaztelua, Périgord, 1533ko otsailaren 28a - Saint-Michel-de-Montaigneko gaztelua, 1592ko irailaren 13a) frantziar Errenazimentuko idazle, filosofo, moralista eta politikaria izan zen. Haren idazlanik garrantzitsuena Essais («Entseiuak») izan zen, Mendebaldeko kulturan eragin handia izan zuena.

Bizitza guztian aritu zen obra hori idazten, nahiz eta tarteka Italiara eta Alemaniara bidaiak egin zituen. Lehen bi liburukiak Bordelen argitaratu ziren, 1580an; 1588an hiru liburuki argitaratu ziren Parisen, eta bera hil ondoren (1595) argitaratu zen, ohar autobiografikoz betea, azken bertsioa.

Montaignek idazle klasikoak zituen oinarri, eta haiei buruzko hausnarketaz gainera, haien bizitzako eta garaiko gertaerak aditzera eman zituen. Klasikoak (Seneka eta Plutarko, batez ere) irakurri ondoren, estoizismoa eta eszeptizismoa izan ziren Montaigneren lehen garaiko ezaugarriak. Azken garaian, epikureismoak hartu zuen nagusitasuna. Jakitunaren barne-askatasunean oinarritzen da Montaigneren pentsamendu guztia. Haren azterketen gunea gizakia da; agnostizismo modernoaren aldera jo zuen, fedearen dogmak zalantzan jartzen ez bazituen ere.

Bizitza eta obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Michel de Montaigne 1533. urtean jaio zen, Perigordeko Saint-Michel-de-Montaigneko gazteluan; hain zuzen ere, mendixka baten tontorrean, montaigne batean, eraikitako chateau bat zen gaztelua, Dordoina ibaiaren ertzean zegoena, Bordeletik berrogeita hamar bat kilometrora. Aitoren seme zen jaiotzez. Aitaren aldeko familia merkataria zen, Bordeleko ardo eta kontserben salerosketan aritzen zena (aitak, Pierre Eyquem, nahiz eta zalduna izan eta Italiako gerretan parte hartu, ez zuen inoiz toponimikoa hartu ; amaren familiakoak berriz, Calatayudetik iritsitako judu kristautuak ziren, Okzitaniako Tolosan eta Bordelen kokatuak.

Aitak, Italiako gerretan italiar humanismoaren zale eginda, seme zaharrenaren ama hizkuntza latina izatea nahi zuen, eta, horretarako, frantsesez ez zekien alemaniar irakasle bat ipini zion. Zazpi urte bete zituen arte beraz Michelek ez zuen latina ez zen beste hizkuntzarik entzun.

Montaigne berez zegozkion aristokraziako lanetan aritu zen, Perigueuxeko Cour des Aides-en aurrena, eta Bordeleko Legebiltzarrean gero. Hantxe ezagutu zuen Étienne de la Boétie, Discours de la servitude volontaire liburuaren egilea. La Boétie izan zen haren adiskide min bakarra, eta hura hil zenean, haren liburua izan zuen Montaignek beti gidari.

La Boétie hil ondoren -hogeita hamahiru urte zituela, eta Montaignek hogeita zortzi-, aita ere hil zitzaiolarik -Montaigneren beste helduleku bat-, zorritxarreko halaber umeak jaioberritan hiltzen zitzaizkiolako (Francoise de la Chassagnerekin izan zituen zazpi alabetatik bakarra bizi izan zen luzaroan), eta bizitza publikoak aspertuta, Montaigne, berrogei urte bete gabe, bere gazteluko dorre batera erretiratu zen, klasikoak nagusi ziren mila bat liburuz inguratuta.

Montaigneko gaztelua. Gehiena 1885ean erre bazen ere, idazlearen liburutegia zegoen dorrea XVI. mendean bezala dago.

Dorre hartan hasi zen bere obra bakarra lantzen, Essais («Entseiuak»); eta ordudanik, bizitza osoa eman zuen obra hura idazten eta berridazten. Liburuaren izenak ez zuen orduan, inola ere, liburuko testuen literatura generoa izendatzen; bertan aurkitzen direnak egilearen bizikizunak direla, edo bizikizun horiek kontatzeko ahaleginak, entseiuak edo saiakerak, besterik ez du adierazten. Liburua aurrenekoz argitaratu ondoren (1580), Montaignek bidaia luze bat egin zuen Suitza, Alemania eta Italian barrena.

Bidaia hartan idatzi zuen Journal de voyage en Italie par la Suisse et l'Allemagne en 1580 et 1581, egilea hil ondoren argitaratua, 1774. urtean. Berez ez zen argitaratzekoa eta, hortaz, ez du kezka formalik; horrexegatik, egilearen nortasun irekiaren lekukotza interesgarria da. Bestalde, 1569an Ramon Sibiuda katalanaren Theologia naturalis-en itzulpena argitaratu zuen. Apologia ironiko bat eskaini zion Sibiudari bere Entseiuak-etan.

Bidaia hura, alde batetik, bere herrimina sendatzeko bidea aurkitu nahian egin zuen; bidaia teologikoa ere bazen, baina areago zen politikoa, frantses erregearen enbaxadore pribatu moduan joan baitzen idazlea. Hala, harremanak izan zituen Katalina Medicirekin, Henrike III.a Frantziakoarekin eta, batez ere, Henrike III.a Nafarroakoarekin, hau da, frantses erregetzako lehen Borboiarekin (Henrike IV.a). Hori zela eta, desiratzen ez zituen erantzukizunak hartu behar izan zituen, besteren artean Bordeleko alkatetza, eta bere garaiko goi mailako politikagintzan parte hartu behar izan zuen bizitzako azken hogei urteetan, hain zuzen ere, literaturak lanik handiena, bakardadea eta bakea eskatzen zizkionean. 1592. urtean hil zen, berrogeita hemeretzi urte zituela, Montaigneko gazteluko bere logelan meza entzuten ari zela.

Entseiuak-en edizio desberdinak argitaratu zituen; horien artean aurrenekoa nabarmendu behar da, lehenago aipatua, Bordelen bi liburukitan argitaratu zena, eta laugarrena, 1588an Parisen inprimatua; hari beste liburuki bat erantsi zion, baina liburu bakarrean argitaratu zen. Hil zenean, laugarren edizio horretako ale bat utzi zuen Montaignek, oharrez bete-betea. Ale horrek izan zituen gorabeherak -Bordeleko alea deitzen zaio, eta hiri horretako Udal Museoan dago-, argitalpen arazo askoren iturri izan dira; oraindik ere, arazo horietako asko ez dira behin betiko ebatzi.

Euskaratutako lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pentsamenduaren Klasikoak bilduman liburu hauek argitaratu dira:

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Montaigne, Michel de, Entseiuak I, Klasikoak, 1992, ehu.eus, http://www.ehu.eus/ehg/klasikoak/?f=26. Noiz kontsultatua: 2015-07-01 .
  2.   Montaigne, Michel de, Entseiuak II, Klasikoak, 1993, ehu.eus, http://www.ehu.eus/ehg/klasikoak/?f=27. Noiz kontsultatua: 2015-07-01 .
  3.   Montaigne, Michel de, Entseiuak III, Klasikoak, 1994, ehu.eus, http://www.ehu.eus/ehg/klasikoak/?f=28. Noiz kontsultatua: 2015-07-01 .

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Michel de Montaigne Aldatu lotura Wikidatan