Molière

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Molière
Pierre Mignard - Portrait de Jean-Baptiste Poquelin dit Molière (1622-1673) - Google Art Project (cropped).jpg
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJean-Baptiste Poquelin
JaiotzaParis1622ko urtarrilaren 15a
Herrialdea Frantziako Erresuma
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaParis1673ko otsailaren 17a (51 urte)
Hobiratze lekuaPère Lachaise hilerria
Cimetière Saint-Joseph de Paris (en) Itzuli
Museum of French Monuments (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: tuberkulosia
Familia
AitaJean Poquelin
Ezkontidea(k)Armande Béjart (en) Itzuli  (1662ko otsailaren 20a -  1673ko otsailaren 17a)
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Hezkuntza
HeziketaLycée Louis-le-Grand (en) Itzuli
Old University of Orléans (en) Itzuli
University of Orléans (en) Itzuli
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakantzerkigilea, antzerki aktorea, poeta, satira-idazlea, antzerki zuzendaria, dramagilea eta idazlea
Lan nabarmenak
InfluentziakPlauto eta Commedia dell'arte
MugimenduaKlasizismoa
Genero artistikoakomedia
fartsa

IMDB: nm0596942 Allocine: 36950 Allmovie: p218044 IBDB: 24404
Musicbrainz: d00eb657-1a93-4e8b-adb6-5b5fa8c38395 Discogs: 826530 IMSLP: Category:Molière Allmusic: mn0001645924 Find a Grave: 722 Edit the value on Wikidata
Firma de Moliere.svg

Jean-Baptiste Poquelin (1622ko urtarrilaren 15a - 1673ko otsailaren 17a), Molière deitua, frantziar antzerkigile handia izan zen.

Comédie Française delakoaren sortzaile nagusitzat hartzen da, egilerik interpretatuena izan da. Sasijakintsuen pedantekeriarekin, mediku ezjakinen gezurrekin eta burges aberatsen handiustearekin gupidagabea, Molièrek gaztetasuna goraipatzen du, muga eta murrizpen absurduetatik askatu nahi duena. Gurtzatik eta aszetismotik urrun, bere molarista papera berak definitu bezala geratu zen: "Ez dakit ez ote den hobe giza grinak zuzendu eta baretzea, erabat ezabatzen saiatzea baino", eta bere helburu nagusia "jende zintzoari barre eragitea" izan zen (Castigat ridendo mores, ohiturak barrez aldatu). Giza baloreen defendatzaile handia zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita, Jean Poquelin, tapizgintzako merkataria zen eta ama, Marie Cressé, tapizgile baten alaba. Aitak gortea hornitzeko lanak egiten zituen. Bost seme-alabetatik zaharrena zen Jean-Baptiste. Gaztetxoa zela, 1632. urtean ama zendu zen eta hurrengo urtean aita berriz ezkondu zen Catherine Fleuretterekin. Bazirudien sendiaren pausuak jarraituko zituela gazteak; izan ere, 15 urte zituela errege aurrean tapizgile gisa zin egin zuen.[1]. Ikasketak jesuiten Collège Clermonten egin zituen, non aristokraten semeek ikasten zuten. Humanitateak, Filosofia eta Zuzenbide ikasketak egin zituen. Antzerkiarekiko interes goiztiarra izan zuen, agian bere aitonaren eraginez, Hotel de Bourgogneko ikuskizunetara eramaten baitzuen. 21 urte zituela, Madeleine eta Joseph Béjart ezagutu ondoren, zendua zen amaren jaraunspena eskuratu eta antzerkigintzara bideratu zituen bere pausuak. Orduantxe Molière goitizena hartu zuen.

Hasiera zaila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1643. urtean L'Illustre théâtre antzerki taldea sortu zuten, hamar kidez osatuta eta Parisko Saint Germain arrabalean kokatua, ondoren Marais aldera ekin zioten lanari, non zorrak pilatzen joan ziren. Bertan, antzezle, egile eta zuzendari gisa jardun zuen Molièrek, baina antzeztutako tragediek ez zuten nahikoa arrakasta lortu eta finantziazio arazoek goia jo zuten. Zorpetua, preso ere izan zen eta gainontzeko konpainien lehia bortitza jasan zuen.

Antzerki ibiltaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horrela, 1646 eta 1658 urteen artean Paris utzi eta konpainiarekin Frantziako Mendebaldean eta Hegoaldean ibili ziren ikuskizunak ematen. Tokira iritsi eta bertako autoritateen baimena eskatu behar dute ikuskizuna egin ahal izateko. Molière eta Béjartarrak Dufresne konpainian aterpe izango dute, non Molière komendiante hutsa izango den. Hasieran, Epernon Dukea izango da haien babeslea; horrek Bordelen lan egitea ahalbidetuko die. Aubijoux Kondearen laguntzak, ondoren, Languedocen jarduteko sarrera emango die. Horrela, hainbat hiritan antzeztuko dute: Pézenas, Béziers, Montpellier, beti ere, handien babesari esker. Baina egoera politikoa eta erlijiosoa ez ziren egonkorrak: Frondaren bukaera, Espainaren aurkako gerrateak eta elizaren jarrera antzerkiarekiko arriskutsua bihurtzen zuten ikuskizunak antolatzea.[2]. 1653 eta 1656 urteen artean Conti Printzeak babesa eman zien. Haren aurrean Le Ballet des Incompatibles ikuskizuna abiatuko du, non idazten, dantzatzen eta antzezten aritzeko aukera izango duen. Horrekin, errege-gorteko jaien aurrekaria izango diren ikuskizunak egiten hasi zen, non antzerkiaz gain, musika eta ballet barruan hartzen diren. Garai horretan, egilea baino, aktore eta antzerki-zuzendari gisa ikusten du bere burua, nahiz eta orduan antzeztuko zituzten komedia laburrak idatzi, baina asko ez dira gorde (besteak beste, ordukoak diraLe Docteur amoureux, Le Médecin volant, L'Étourdi, Le Dépit amoureux).

Arrakasta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1658 urteko azaroaren 2an, hamaika aktorekin osatutako taldeak antzeztu zituen Parisen L'Etourdi eta Le dépit amoureux, probintzietako errepertorioaren lan arrakastatsuak. Tragedia generoan, berriz, Corneille anaiek jarraituko dute aspaldiko nagusitasuna mantentzen hirian. Berriro Parisen, idazteari ekin zion. Bertan ere Luis XIV. erregearen gorteak babesa eman zion, batik bat Filipe I.a Orleanskoa, Monsieur deiturikoa, bertako Petit-Bourbon Antzerkian. Arrakasta itzela lortu zuen komedia lanak antzezten, eta berebiziko bultzada eman zion generoari, ordura arte bigarren mailakotzat hartua baitzen. 1661. urtean Jean-Baptiste Lully musikariarekin elkarlanean sortu zuen komedia eta ballet konbinazioa ikuskizunean, nahiz eta geroago elkarren arteko lehia sortu erregearen babesa izateko. 1662. urtean Armande Béjartekin ezkondu zen, Madaléine Béjart lankide eta lagunaren ahizpa hain zuzen, bera baino hogei urte gazteago. Harekin, lehenengo urtean zendu ziren bi seme izan zituen eta alaba bat, Esprit-Madeleine (1665-1723).[3]. Urte hartan L'École des femmes komedia arrakastatsua eta aldi berean biziki kritikatua antzeztu zuen. Bertan gizonezkoen agintearen gehiegikeriak, emazteen egoera eta kristau ezkontza jomugan jartzen ditu. Arerioen aurrean, erregearen sostengua izango du eta haren pentsio bat jasotzen hasiko da; horri esker, lana gaitzesten zutenei aurre egiten, La Critique de L'Ecole des femmes idatzi zuen gero. Bere semea Louis jaio zenean,1664. urtean Luis XIV erregea bere aita pontekoa izan zen. Ordukoa zen Les Plaisirs de l'Ìle enchantéeikuskizunaren lehen emanaldia, bi erreginen ohorean (emaztea eta ama) eta amorante berriari eskainia (ahopeka esaten zenez), non erregea bera kontakizunaren heroi bilakatzen den. Nonbait, arrakastaren jomuga puntuan dago Molière, La Princesse d'Elide komedia galanterekin biribilduko duena. Hala eta guztiz ere, Tartufo lan berriak frogatu beharko zuen erregearen babesaren indarra, zeinean erlijioaren inguruko hipokritak izango diren satiraren jomuga. Amaitu aurretik lehenengo bertsioa taularatu zuen, ondoren debekatua izateko jendaurrean taularatzea zenbait urtez. Oposizioa baretzeko, aurreko gaiak berreskuratu zituen egileak (emakume pinpirinak, senar adardunak eta sendagileak, besteak beste). Halere, erreginaren heriotzaren ondorengo urteak lan gutxikoak izan ziren. Etenaldiaren ostean, 1668 urtean arrakasta ezagutuko du berriz inauterietan Le medecin malgré lui eta Amphitryion antzezten. Geroago etorriko dira L'avare eta Tartufo, berriro saiatuko da azken hau taularatzen, oraingo honetan bost ekitaldietako lana eta aldaketa esanguratsuak eginak, non protagonista dagoeneko ez zen apaiza, laikoa baizik. Urte horietan Jean-Baptiste Lullyrekin lan egingo du, bere piezak haren dantza ta musikarekin osatzen; baina 1672 urtean musika ta abestien esklusiba eskuratu zuen Lullyk erregalia baten bidez eta antzerki konpainiei horiek erabiltzeko debekua zabaldu zitzaien, frantsesez sortutako opera garatzen zuen bitartean. Molièren konpainiaren protestak zirela eta, azkenean sei abeslari eta hamabi musika jotzaile izateko baimena lortu zuten [4], haien errepertorioan hainbat lan behar baitzuten. Aurrerantzean, tamalez, frantziar arte eszenikoek musika erabiltzeko mugak pairatuko dituzte eta ikuskizunetan generoen arteko nahasketa arrakastatsua eragoztuko da zenbait urtez.[5].

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1673ko otsailare 17an, Gaixo imajinarioa oholtzan antzezten ari zela, ondoeza sentitu eta etxera eraman zuten, Richelieu kalera, eta handik lau ordutara, bertan zendu zen. Komediantea izatea eskumikatua izateko arrazoia zenez, ez zuten lur kristauan lurperatu. Alargunak, halere, erregeari salbuespena egiteko eskatu zion eta azkenean, ezkutuko hileta egin zioten. Heriotza agirian, antzezlea ez, baizik eta tapizgile gisa azaltzen zen. Bestalde, antza, antzerkian gaixo rola interpretatzean, hori koloreko arropa zeraman jantzita; harrezkeroztik, kolore horrekin jantzita joatea zorte txarrekoa delakoaren sinesmena zabaldu zen.[6].

Eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru elementu nahasten zituen antzerkian: Erdi Arotik zetorren frantziar fartsaren herri komediaren tradizioa (non mugimendu baldar eta desegokiak, astintzeak, erorketak, jipoiak etab ohikoak diren), Italiatik zetorren Commedia dell'arte bere gag eta pertsonai bereziekin, non akrobaziek, mimikak eta bat-batekotasunak bere tokia zuten, non haren Lazzi baliabideak, aktoreen marka bilakatuak diren [7] eta, azkenik, gorteko modu eta ballet sofistikatuenak. Aipagarria da ere giza karakteren inguruann egiten zuen azterketa sakona; ondorioz, komikotasunez gain, dimensio tragikoa ematen asmatzen zuen, bere pertsonaiak arketipoak bilakatu arte. [8]. 1680 urtean sortuko zen Comédie-Française delakoa, Molièrerekin zorretan zegoen, baita nola XVII mendeko frantziar antzerkia eta antzerkigileak, hala nola, Pierre de Marivaux edo Pierre Beaumarchais besteak beste. XX. mendeko antzerkigileak ere bai, bereziki absurdua-antzerkiaren egile 50. garren hamarkadan eta antzerki esperimental asko [9].

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Le Médecin volant 1645
  • La Jalousie du barbouillé1650
  • L'Étourdi ou les Contretemps1655
  • Le Dépit amoureux 1656
  • Le Docteur amoureux 1658
  • Les Précieuses ridicules 1659
  • Sganarelle ou le Cocu imaginaire 1660
  • Dom Garcie de Navarre ou le Prince jaloux 1661
  • L'École des maris 1661
  • Les Fâcheux 1661
  • L'École des femmes 1662
  • La Jalousie du Gros-René 1663
  • La Critique de l'école des femmes 1663
  • L'Impromptu de Versailles 1663
  • Le Mariage forcé 1664
  • Gros-René, petit enfant 1664
  • La Princesse d'Élide 1664
  • Tartuffe ou l'Imposteur 1664
  • Dom Juan ou le Festin de pierre 1665
  • L'Amour médecin 1665
  • Le Misanthrope ou l'Atrabilaire amoureux 1666
  • Le Médecin malgré lui 1666
  • Mélicerte 1666
  • Pastorale comique 1667
  • Le Sicilien ou l'Amour peintre 1667
  • Amphitryon 1668
  • George Dandin ou le Mari confondu 1668
  • L'Avare ou l'École du mensonge 1668
  • Monsieur de Pourceaugnac 1669
  • Les Amants magnifiques 1670
  • Le Bourgeois gentilhomme 1670
  • Psyché 1671
  • Les Fourberies de Scapin 1671
  • La Comtesse d'Escarbagnas] 1671
  • Les Femmes savantes 1672
  • Le Malade imaginaire 1673


Euskaratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Tartufo edo iruzurgilea, Juan Martin Elexpuruk euskaratua eta Alberdania-Elkar argitaletxeak kaleratua 2008an.
  • Zekena edo gezurraren eskolaJuan Martin Elexpuruk euskaratua eta Alberdania-Elkar argitaletxeak kaleratua 2008an

Bestalde, ondoko antzerki-lan hauek euskarazko moldaketa propioa izan dute taularatuak izateko:[10].

  • Petan Mihiku: irri-egiteko ikusgarria hirur zatitan, Paul Guilsou (Le médecin malgré lui) Imprimerie du Courrier, 1951an.
  • Manex azeri, Ernest Bidegain, (Les fourberies de Scapin)
  • Elkorra, Txomin Amasorrain, 197? [11].
  • Dollorra, Jose Elizondok euskaratutako L'avare antzerki lanaren moldaketa, Egan argitaletxearen bidez 1994-1995 [12].

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Frantsesez)Bricka, Blandine (2003).- Molière: biographie, analyse littéraire, etude détaillée des principales oeuvres. Arg. Studyrama. orr.15
  2. (Frantsesez)Bricka, Blandine (2003).- orr.21
  3. (Frantsesez) Molièren biografia Larousse entziklopedia sarean [1]; kontsulta data 2018ko urriaren 3an.
  4. (Frantsesez) René Bray, Molière homme de théâtre, Paris, Mercure de France, 1954. Orr. 129
  5. (Frantsesez)Élizabeth Giuliani et Jean-Michel Vinciguerra, La Farce à l'époque baroque 1600-1750 [archive], BNF, 2015, orr. 15. [2]
  6. Iñaki Aldekoa, Itziar Gillenea, Amagoia Gurrutxaga, eta María José Olaziregi Alustiza. Literatura Unibertsala: Batxillergoa 1. Donostia: Erein, 2016.108 orr.
  7. (Frantsesez)Claude Bourqui ; Claudio Vinti.- Molière à l'école italienne. Le lazzo dans la création moliéresque. Arg. L'Harmattan, 2003, orr. 19.
  8. Molière sarrera, Harluxet Hiztegi Entziklopedikoan
  9. (Gaztelaniaz)Jorge Z. Humaña.- Molière y su teatro satírico artikulua, Escaner cultural : Revista virtual aldizkarian, 2. urtea, 17. zk., 2000ko maiatzen 12tik ekainaren 12ra. [3], kontsulta data 2018ko urriaren 28
  10. Moldaketa hauen inguruan, informazio gehiago EKE erakundearen web orrian: [4], kontsulta data: 2018-10-31
  11. Ale mekanografiatua Lazkao Monastegiko liburutegian, Liburubila katalogoan [5], kontsulta data 2018ko urriaren 31an
  12. Urquizu, Patri.- Euskal antzerki eta zinea, Arg. Ostoa, 2002, 91 orr.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Molière Aldatu lotura Wikidatan