Odin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Odin
Ezaugarriak
Jatorrizko izenaÓðinn
Sexuagizonezkoa
BizitokiaAsgard
BaliokideakWōden (en) Itzuli eta Woden (en) Itzuli
OgibideaDragonslayer (en) Itzuli
Familia
AitaBor
AmaBestla
Ezkontidea(k)Frigg (en) Itzuli
Bikotekidea(k)Jörð, Rind, Gríðr, Gunnlöð (en) Itzuli eta Freyja
Seme-alabakBaldr, Höðr, Hermóðr, Bragi, Vidar, Thor, Meili, Heimdal, Týr, Winta (en) Itzuli, Vali, Skjöldr (en) Itzuli eta Göte (en) Itzuli
Anai-arrebakVe, Vili eta Hœnir
KidetzaÆsir

Odin (antzinako eskandinavieraz: Óðinn), eskandinaviar mitologiako jainko nagusitzat hartzen da.

Bere papera, beste eskandinaviar jainko askorena bezala, konplexua da. Jakinduria, gerra eta heriotzaren jainkoa da. Baina, neurri txikiagoan bada ere, magia, olerkaritza, profezia, garaipena eta ehizaren jainkotzat ere hartzen da.

Odin, Asgarden bizi zen, Valaksjalfeko jauregian, berarentzat eraiki zuena eta bere tronua dagoen tokia, Hlidskjalfa, nondik, bederatzi munduetako bakoitzean gertatzen zena ikus zezakeen. Guduan, bere lantza Gungnirrekin borrokatzen zuen, eta Sleipnir izeneko bere zortzi hankadun zaldiaren gainean zihoan.

Bor eta Bestla Jotunaren semea, Vili eta Veren anaia, Friggen senarra eta, jainko askoren aita zen, Thor, Baldur, Vidar eta Vali kasu. Olerkaritza eskaldikoan, kenningar ugarirekin erreferentzia egiten zaio, eta bera aipatzeko erabiltzen denetako bat Allföðr da (guztien aita).

Gerraren jainko bezala, bere alaba ziren valkiriak, guduan hildako gerlariak, einherjarrak, jasotzera bidaltzen zituen, Valhallan bere ondoan esertzen direnak, non oturuntzak presiditzen dituen. Denboraren amaieran, Odin izango da jainkoak eta gizakiak, munduaren amaierako guduan, Ragnarökean gidatuko dituena. Gudu honetan, Fenrir munstrozko otsoa izango da jainkoa hil eta irentsiko duena, otso hau, jarraian, Vidarrek hilko duelarik, nork baraila tokitik atera eta eztarrian oin bat jarriko dion.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tängvideko harri runikoak, Odin, Valhallan, bere zaldia den Sleipnirren gainean sartzen erakusten du.

Odinek, Wodinaz edo Wodanaz protogermaniar jainkoaren eboluzioa irudikatzen du, bere izena, Óðinnen eratorri zelarik antzinako eskandinavieraz eta Wodenen anglosaxoieran.

Adan Bremengoa kronista germaniarrak, bere Gesta Hammaburgensis ecclesiae pontificum izeneko lanean, XI. mendeko jentil eskandinaviarrek gurtzen zuten jainkoari, Wodan id est furor ("Wodan, haserrea esan nahi duena") bezala erreferentzia egiten dio. Zaharkitua geratu den alternatiba etimologiko bat, lehen idazleetako askok, Cornelius Agrippa barne bere Libri tres de occulta philosophia liburuan defendatu zutena, "god" (jainkoa) hitzaren erro bera ematea da, *ǥuđ bere protogermaniar forman. Hau, ez da teoria fidagarri bat, egungo akademialari gehienen arabera, Godan izen lombardiarrarentzako izan ezik, bere jatorria, *ǥuđanazen izan dezakeena.

Óðinn, óðr hitzarekin lotua dago, antzinako eskandinabieraz, bi esanahi dituena: Adjektibo bezala, "eroa, bortitza" esan nahi du eta wod hitz anglosaxoiaren kognatua da. Substantiboak, "jakinduria, arima, sentsibilitatea" eta "kantu edo olerkia", eta wōþ hitz anglosaxoiaren kognatua da. Hitz konposatuetan, óðek "bortizki bizia" esan nahi du (adibide bezala, óð-málugr, "modu bortitzean edo artegatuan hitz egin").

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arthur Rackamek egindako Odinen marrazkia, Richard Wagnerren operarik ospetsuenetako bat den Valkiriarentzako.

Odin, jainko anbibalente bat da. Bikingoen garaiko antzinako konnotazio eskandinabiarrak, Odinentzat, "olerkaritza eta inspirazioa"rekin lotuta daude, baina baita "erotasuna eta amorrua"rekin ere.

Ezagutzaren jainkoa da; bere begietako bat sakrifikatu zuen Mimirren putzuan, honela, adinak ematen duen jakinduria izateko, eta olerkari ausartei, nanoek eginiko inspirazioaren ezti-ura Óð-rœrir izeneko ontzitik ematen ziena zen.

Ehiza basatia, Asgardreid kontzeptuarekin ere lotua dago zeruan zehar gertatzen den mugimendu burrunbatsu eta orroatsu bat, non hildako gerlariek osatutako armadaren buru den.

Honen arabera, Snorri Sturlusonek, Edda prosaikoan, Odin, bere egoitzan, literalki interpretatuz, "guduan hildakoen gela" esan nahi duen Valhallan, guduan heroi bezala hildako gerlariei ongietorria ematen deskribatzen du.

Gainera, gerraren jainkoa da, eskandinaviar mito ugariren bidez, garaipenak ekartzen zituena bezala agertuz. Saga eskandinaviarretan, Odin, batzuetan, gerra zuztatzaile bezala aritzen da, eta esaten zenez, bere lantza Gungnir jaurtitze hutsarekin gerrak pizarazteko gai zen. Valkiriak ere bidaltzen zituen, guduetan alde batera edo bestera egin zezaten, honela, Odinek nahi zuen emaitza lortzeko. Batzuetan, gudu zelaietan, eskandinaviarren buruzagi bezala ager zitekeen, sorbaldetan, Hugin eta Munin izeneko bi bele eramanez (bata pentsamendua, bestea oroimena), eta bi otsoz lagundurik, Geri eta Freki izenekoak.

Odin, tranpa eta engainuekin lotua zegoen. Itxuraldatzeko zaletasuna du, nahi duen itxura hartuz berak nahi duenean. Kontatzen denez, lurretik, gizon zahar, begibakar eta bizar grisdun bezala bidaiatu zuen, hego zabaleko kapela bat eta urdin ilun koloreko beroki bat jantzita. Praktika magikoak ere egiten ditu, seida kasu.

Jakinduria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jainkorik zaharrenetako bat delarik, munduaren eta gizakien sortzailea, Odin jakinduriaren jauna da, gauza guztietan aditua denboraren hasieratik. Arte guztiak ikasi ditu, eta, ondoren, gizakiek, beragandik ikasi dute. Odinen epiteto ugarien artean, askok, bere jakinduria handiari erreferentzia egiten diote, eta Fjölnir eta Fjölnsviðr (jakintsu handia), Sanngetall ("egia aurreikusten duena"), Saðr edo Sannr (egia dioena), Förni (antzinakoaren ezagutzailea) eta Fornölvir (antzinako apaiza) deitua izan da.

Odin, Mimirren bururik gabeko gorpuari begira dago. Fredrik Sanderrek, Edda poetikoaren suediar ediziorako eginiko marrazkia.

Odinen jakinduria, ezagutza, magia eta poesiaren ondorio da, guztia batera. Bederatzi munduen misterioak ezagutzen dituena da, baita euren jatorria ere, baina gizaki bakoitzaren patua ere ezagutzen du, berea eta unibertsoarenaz gain.

Odinek, gozatu egiten du pertsonarik jakintsuenekin eztabaidetan leihatuz. Gágnraðrren (garaipena) mozorropean, bere bizia arriskatu zuen Vafþrúðnir erraldoiak, honen jakinduria oso ezaguna zena, munduaren iragana, oraina eta etorkizunari buruzko duelu batean erronka bota zionean. Erraldoiak, berehala erantzun zituen galdera guztiak, baina Gágnraðrrek, azkenean, Odin jainkoak bere seme Baldurren belarrira, honen heriotz suan, zer xuxurlatu zion galdetu zuen. Erraldoiak, galdera honekin, Odinen nortasuna ezagutu zuen, arauetako bat, galdera egiten zuenak, galdera horren erantzuna jakin behar zuela baitzen, eta, erantzun hau, soilik jainkoak ezagutzen zuen. Honela, erraldoiak, duelua galdu zuen.

Beste batean, Gestumblindi (apopilo itsua) izeneko gizon bat zela sinestaraziz, jainkoak, Heiðrekr izeneko errege bat, asmakizun duelu batetara desafiatu zuen. Biek zailtasunik gabe erantzun zituzten galdera batzuen ondoren, Odinek, erraldoiari egin zion galdera bera egin zion. Galdera honen aurrean, erregea, jainkoa hiltzen saiatu zen, baina honek, belatz bihurtuta ihes egin ahal izan zuen.

Odin, Mimirren putzura joan zen, erraldoi edo Jotunen mundua zen Jotunheimetik gertu, Vegtamr izeneko ibiltari baten itxura hartuta. Mimirrek, putzua zaintzen ari zena, ibiltariari bertatik ura edaten uzteko, bere ezkerreko begia sakrifikatzeko eskatu zion, hau, ezagutza lortzeko bere borondatearen ikur bat delarik. Edaten ari zen bitartean, gizakiek eta jainkoek oraindik jasan behar izango zituzten arazo eta sufrikarioak ikusi zituen, baina baita honek horrela zergatik izan behar zuen ere.

Jainko guztien artean handiena zenaren sakrifizioa, gai errepikakor bat da eskandinaviar mitologian. Honen harira, Tyr jainkoak ere, Fenrir otsoa lotu ahal izateko, bere eskua sakrifikatu behar izan zuela aipatu behar da. Odinen begia, iturri horren ondoan mantentzen da, nondik Mimir berak egunero edaten duen. Bere buruari eragindako trenkatze hartatik datoz Bileygr (begibakarra) eta Baleygr (begia falta duena) epitetoak. Odinek, Mimirren burua mantentzen du, Vanirrek burua moztu ziotena Æsirren aurka borrokan ari zirenean, eta, magiaren bidez, hitz eginarazi egiten dio, munduan zehar gertatzen ari denarin berri ematen dion ezagutza iturri amaigabea izanez.

Allt veit ek, Óðinn,
hvar þú auga falt,
í inum mæra
Mímisbrunni -;
Drekkr mjöð Mímir
morgun hverjan
af veði Valföðrs.
Vituð ér enn eða hvat?

29 Badakit, Odinek non,
gorde zuen bere begia,
sakon, Mimirren
putzu ospetsuan-;
Mimirrek ezti-ura edaten du
goizero
'Valföðrrek (Odin)ek ordaindutako kaudimenetik.
Gehiago jakin al zenezake?

Edda poetikoa - Völuspá, 29. ahapaldia

Errunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Odinek ezagutzen du errunen sekretua. Hauek, olerkarien hizkuntza dira, eta zurean, harrian zizelkaturiko karaktereak, ezpaten orriak, zaldien basoak, eta ezagutza guztiaren eta indar bakoitzaren jatorria dira. Odinek, ezagutza hauek, lehen Erilaza edo "errunen jakintsua" bihurtuz lortzen ditu

Izatez, errunen eta igarpenaren artea ikasteko, bere lantzak zeharkatutako zuhaitz batetatik (beharbada Yggdrasil eseki zen, bederatzi egun eta beste hainbeste gauez, bere buruari eskaini zion sakrifizio bat eginez.

Hávamálen arabera, lan honetako 138. ahapaldian, Runatal bezala ezagutzen den sekzioan:

Funboko erruna harria, XI. mendekoa, Suediako Uppsala hirian.

Veit ek, at ek hekk
vindga meiði á
nætr allar níu,
geiri undaðr
ok gefinn Óðni,
sjalfr sjalfum mér,
á þeim meiði,
er manngi veit,
hvers af rótum renn.

Við hleifi mik sældu
né við hornigi,
nýsta ek niðr,
nam ek upp rúnar,
æpandi nam,
fell ek aftr þaðan.

138 Badakit, zuhaitz batetik
bederatzi gau luzez
esekita egon nintzela
lantza batekin zauritua
eta Odini eskainia,
ni, neure buruari eskainia,
bere erroen jatorria, inork
ezagutzen ez duen zuhaitz hartan.

Ez zidaten ogirik eman,
ezta adar batetik edaten ere,
sakonera begiratu nuen,
errunak hartu nituen
oihuen artean hartu nituen,
ondoren, lurrera erori nintzen.

Edda poetikoa - Hávamál, 138.ahapaldia

Olerkaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Odin bereizten duen izpirituko sumina, ez da soilik gerran agertzen, baizik eta literatura lanetan ere isladatzen dela. Honegatik, beraz, Odin, olerkarien jainkotzat ere hartzen da.

Esaten denez, beti hitz neurtuetan hitz egiten du, eta bera izan zen olerkaritzaren artea abiarazi zuena Europa Iparraldean. Olerkaritza, magiatik gertu dagoen naturaz gaindiko boteretzat hartzen da, inprobisatzen zuen olerkariaren kalitatea, bere aurreikuspen ahalmenean isladatzen baitzen, azti batek egiten zuen lanetik oso urruti ez zegoena.

Hávamál lanak kontatzen duenaren arabera, Odinek, Baugiren etxaldeko laguntzaile bezala lan egin zuen uda batez, Baugiren anaia zen Suttungek nanoengandik lortu zuen olerkaritzaren ezti-ura lortzeko. Suttungek, ezti ur hori, mendi baten erdian gorde zuen, bere alaba Gunnlod horren zaindari utziz. Jainkoak, etxaldean lan egin zuen ezti-ur hori non zegoen jakin zuen arte, ondoren, Suttungen alaba liluratu zuen tragoxka bat edatea baimen ziezaion, eta, azkenean, ezti-ura lortu zuenean, guztia edan zuen trago batez, ondoren, arrano bihurtuz, bertatik ihes eginez. Olerkaritzaren ezti-urak, errunen bere ezagutzarekin batera, bere ahalmen poetikoa eman zion. Ezti-ura lapurtu zuenean, edari horren zati bat, lurrera isuria izan zen, eta honek, gizakiei, kanturako trebetasuna eman zien.


Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]