Edukira joan

Okil handi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Okil handi
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaPiciformes
FamiliaPicidae
LeinuaMelanerpini
GeneroaDendrocopos
Espeziea Dendrocopos major
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Elikadura iturri nagusiahazia, kakalardoa, Lepidoptera, Siricidaea, Aphidoidea, Coccoidea, inurria, Krustazeoa, moluskua, haratustela, arrautza, juvenile (en) Itzuli, fruitu oskolduna, Ezkurra, begia, zuhaitz azala eta baia
Masa5,7 g
89 g
Zabalera36 cm
Kumaldiaren tamaina5,9
Eguneko zikloaeguneko
Errute denbora15 egun

Okil handia[1] (Dendrocopos major) pizidoen familiako hegaztia da, Europako eta iparraldeko Asiako basoetan bizi dena[2]. Euskal Herrian ere bizi da, eta bertan txori arrunta da.

Bizkarra, garondoa, ipurtxuntxurra eta isatsa beltzak ditu, baina isats-ertzak zuriak dira. Hegaletan orban zuri bat du, eta erremigeetan zuri-beltzezko marrak. Buruaren aurrealdean zerrenda zuri-horixka bat du; emeak gainerako burualdea beltza du, baina arrak zerrenda gorri deigarri bat du kokotean. Azpialdea zuria du, eta sabela gorriz tindatzen joaten da, uzki eremuan tindu gorri bizia hartu arte. Gazteak ongi bereizten dira haien txano gorri zabalagatik, aurreko zerrenda horixkatik garondoraino hedatzen dena. Neurriz, 23 cm luze da.[3]

Biologia eta ohiturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste okilen modura, moko luze eta sendoa du eta zuhaitzeko enborretik gora ibili ohi da zulotxoak egiten. Zulo horietan egiten du habia. Haziak edo enborretako intsektu-larbak jaten ditu. Okil guztiek jotzen dute danbolina, baina okil handiak dira maizen jotzen dutenak. Lurraldea markatzeko darabilen tak-tak soinua oso goiz hasten du, neguan, eta kumeak hazten ari dela ere jarraitu egiten du, uda hasiera arte. Urteko beste sasoietan, noizbehinka bakarrik entzuten da errepika.

Alarma bezala "kik" ozen bat jaurtitzen du inguruan sarkinen bat ikusten badu. Bere "kik" horiei esker, erraz entzun daiteke, baina, okil txikia bezain iheskorra ez den arren, ez da erraza ikusten.

Habiak zuhaitzean gora zulatzen dituen barrunbeetan egiten ditu, Normalean, lurretik 4 metro baino gehiagora, enbor lodi samarretan. Errunaldia apiriletik aurrera izaten da, urtean behin bakarrik, 4tik 6 arrautzara jartzen ditu, distiratsuak eta erabat zuriak. Eklosioa 10-13 eguneko inkubazioaren ondoren gertatzen da, eta zeregin horretan arrak ematen du denbora gehien, jaio berritan kumeak zaintzen ere bai.

Jaio eta 25 egun igaro baino lehen, okil handiaren kumeak habiaren babeslekutik irteten dira, gurasoekin batera ibiltzen dira egun batzuetan, eta laster sakabanatzen dira, 15 bat egun geroago. Zaintzea amaitu ondoren, gazteek zein helduek bizitza bakartia egiten duten.

Elikadura mistoa da. Intsektuak jaten ditu gehien, batez ere kumaldian, baina koniferoen haziak, ezkurrak, pagaziak edo urrak ere dezente jaten dite. Pinaziak ateratzeko edo urrak edo ezkurrak apurtzeko, azal zimurtsuko enbor baten arrakalaren batean sartzen ditu, horrela mokokadaka errazago apurtzeko. Datu bitxi gisa aipatu ohi da okil batzuek joera dutela zuhaitz batzuen izerdia zurrupatzeko: koniferoak, ezkiak, pagoak, etab. Horretarako, azala zulatzen dute mokoka, eta tantatxoak miazkatzen dituzte.

Okil handia sedentarioa da gure latitudean. Koniferoen fruitu gutxi izaten den urteetan, Eskandinaviatik populazio batzuk hegoalderantz mugitzen dira masiboki.

Banaketa, habitata eta estatusa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paleartikoko eta Ekialdeko eskualdeetako zuhaitz-eremu gehienetan zabalduta dago. Europa osoan zehar agertzen da, Mediterraneoko hegoaldeko ertzetik iparraldeko zuhaitz-landarediaren mugaraino. Ez da ugaria, baina Iberiar penintsulako eskualde guztietan agertzen da.

Euskal Herrian ere ez da ugaria; hala ere, ia baso zabal guztietan agertzen da. Artadietan ez da ageri. Badirudi pagadiak baino nahiago dituela harizti zaharrak, ameztiak eta erkameztiak. Pinudi zaharretan ere ikusten da, nahiz eta kasu gehienetan ziurrenik han habiarik ez egin. Habiak egiteko, inguruko zuhaitz hostoerorkorrak zulatuko ditu ziurrenez.[4]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskal Batzorde Ornitologikoa. (2025). «Okil handi» Munduko hegaztien izen arruntak euskaraz (Txoriak.eus).
  2. Gorman, Gerard (2004): Woodpeckers of Europe: A Study of the European Picidae. Bruce Coleman. ISBN 1-872842-05-4
  3. Jon., Larrañaga,. ([1996]). Euskal herriko fauna : (ornodun lehortarrak) : anfibioak, narrastiak, hegaztiak, ugaztunak. Elhuyar Kultur Elkartea ISBN 8487114091..
  4. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 213 or. ISBN 84-7542-639-5..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araozko kontuak

Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.