Edukira joan

Fruitu oskoldun

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Fruitu oskoldun
indehiscent fruit (en) Itzuli
AntzekoakNuks

Fruitu oskoldunak, eskuarki, hazi oleaginoso jangarri bakarra duten fruituak dira, eta heldu ahala gogortuz doan azal janezin baten barruan daude. Hazi gehienak, oskoletik berez askatzen diren fruituetatik datozen arren, ez da gauza bera gertatzen hur, gaztaina eta ezkurrekin, adibidez .[1][2]

Ikusten denez, fruitu oskoldun ez da kontzeptu teorikoa, hedaduraz definitutako terminoa baizik, elikaduran, nutrizioan eta alergologian bereziki erabiltzen dena. Horrelako fruituen haziek, nutrizioaren ikuspegitik, antzeko konposizioa dute (energia eta nutriente ugari) eta osasunerako mesedegarriak dira, alergia-iturri izan daitezkeen arren.[3]

Gaztainak fruitu oskoldunak dira, bai adiera botanikoan bai orokorrean.

Fruitu oskoldun batzuk fruitu lehorrak dira, ez denak, baina bigarren sailkapen hori hezetasun graduari dagokio. Horretan ere, ez da gauza bera

Terminoaren erabilera orokorra ez da oso murriztailea: fruitu oskoldun asko (fruitu lehordun, alegia), ez dira fruitu oskoldun adiera botanikoan. Terminoa, horma gogorra eta mami jangarria duten fruituak izendatzeko erabiltzen da, sensu stricto.[4]

Definizioak: fruituak, haziak, atalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lorea ernaldu ondoren (angiospermetan), obulutegia heltzearen eraginez gorpuzten den landare-organoa da fruitua, botanikaren ikuspuntutik. Obulutegiaren hormak perikarpoa osatzen du (oskola), eta obulutegiaren barruko obuluek haziak ematen dituzte. Kanpoaldetik barrurantz, perikarpoak parte hauek ditu:

Intxaurrak eta bestelako fruitu botanikoak dituzten landareen sailkapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Benetako intxaurrak edo botanika-intxaurrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hurritz amerikarraren fruitua.

Corylus americana, hurritz amerikarra Corylus generoko espezie bat da, jatorriz Ipar Amerika ekialdekoa.

Corylus cornuta jatorriz Ipar Amerikakoa den zuhaixka hostoerorkor moduko bat da, Kanadako hegoaldetik Georgia eta Kaliforniako hegoaldera.

Corylus avellana Hurritz arrunta Europa eta Asiako zuhaitz edo zuhaixka hostoerorkorra da.

Lambert hurritzaren fruitua.

Corylus maxima, Lambert hurritza Europako hego-ekialdeko eta Asiako hego-mendebaldeko hurritza da, Balkanetatik hasi eta Turkiako Orduraino[5].

Corylus heterophylla jatorriz iparralde eta erdialdeko Asia, Txina, Korea, Japonia eta Siberia hego-ekialdeko hurritz mota bat da[6].

Ezkurra (Quercus)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezkurra Quercus generoko espezieen berezko fruitua da (familia Fagaceae).

Genero honen barruan, ezkurrak ematen dituzten zuhaitz espezie ugari daude, hala nola haritza, artea, artelatza, erkametza eta ametza. Katagorriek fruitu horiek dituzte gogokoen.

Castanea sativaren gaztaina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztaina gaztainondoaren fruitua da, Castanea sativa. Gaztainondoak 25-30 m altu har dezaketen zuhaitzak dira, enbor zuzen, motz eta lodidunak (2 m diametrorainokoak) eta azal leun, errauts-antzeko edo arrexkadunak 15-20 urte arte; ondoren, gaztaina-iluna eta luzetara adaxka ilerik gabe eta gaztaina-gorri koloredunak.

Guyanako gaztainondoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Guyanako gaztainondoaren fruitua.

Guyanako gaztainondoa[7] Bombaceae familiako zuhaitza da, eta Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako iparraldean jaiotakoa da.

Pagoen fruituak (Fagus)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pago amerikarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amerikako pagoa Ipar Amerikako ekialdeko pago espezie bat da. Hedatzen da: Eskozia Berriko ipar-ekialdetik Ontarioko hegoalderaino eta Wisconsineraino mendebaldetik, hegoaldetik, berriz, Texasko ekialderaino eta Floridako iparralderaino.

Pago europarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Frutos del haya europea.

Pago europarra, pago arrunta, fagazeoen familiako zuhaitz hostoerorkorra da. Oso zuhaitz urtetsua da, eta ia Europa osoan dago, hasi iparraldetik, Finlandian Europako pagoaren fruituak edo Suedian, eta Siziliaraino, eremu txikietan, aurki daiteke.

Johnstone River almond (Elaeocarpus bancroftii)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elaeocarpus bancroftiia, eskuarki Kuranda quandong, Johnstone River almond, ebony heart, grey nut edo nut tree​ deitua[8], gehitzen ari den Queenslandeko (Australia) landare endemiko bat da. Fruitua handi samarra da[9][10][11].​​

Kurrajong (Brachychiton)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brachychiton genero horrek 31 espezie ditu, Australia bertako zuhaitz eta zuhaixka monoiko handien esterculiazeoen familiarekin (kakaoa bera, Theobromagenerokoa) lotuta dagoena. Espezie bat Ginea Berrikoa da. Espezie batzuk zuntz-iturri gisa erabiltzen dira, eta beste batzuk, berriz, landare apaingarri gisa.

Indiako intxaurra (Aleurites moluccanus)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indiako intxaur-zuhaitza (Aleurites moluccanus) Asia hegoaldeko zuhaitz bat da. Olio hori berniz gisa erabiltzen da.

Intxaur bopple gorria (Hicksbeachia pinnatifolia)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hicksbeachia pinnatifolia proteaceae familiako zuhaitz txiki bat da. Espezieak Hegoaldeko Gales Berriko eta Australiako Queensland-eko baso azpitropikaletan du jatorria. Izen arruntak barne hartzen dute: intxaur bopple gorria (Red Bopple Nut), tximino-intxaurra (Monkey Nut), intxaur gorria (Red Nut), abere intxaurra (Beef Nut), intxaur arrosa (Rose Nut) eta boli zetazko haritza (Ivory Silky Oak)[12][13].

Kola intxaurra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kola-intxaurra deitzen zaio kafeina duten Afrikako zenbait zuhaitz-espezieren fruituari, eta, beraz, edari zaporetsuetan erabiltzen da. Izan daitezke:

  • Cola acuminata espeziearen fruitua.
  • Cola nitida espeziearen fruitua.

Cola generoko gainerako 163 espezieetako beste baten fruitua, helburu berarekin erabil daitekeena.

Afrikako olio-palma edo olio-palmondoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elaeis guineensis, normalean Afrikako olio-palma eta olio-palmondoa deitua, Afrikako mendebalde eta hego-mendebaldean jatorria duen espeziea da, eta, gaur egun, munduko leku askotan landatuta dago palma-olioa ekoizpenean erabiltzeko.

Ramon, ojotxe edo maien intxaurra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brosimum alicastrum, ramon, ojotxe edo maien intxaurra moraceae familiako zuhaitz bat da, angiospermoen dibisioa, generoan Fikus eta masustondoak sartzen dituena. Mesoamerikako endemikoa da Mexikotik Peruraino, Guatemala, El Salvador, Honduras, Nikaragua, Costa Rica, Panama, Guyana, Venezuela, Brasil, Bolivia, Kolonbia, Ekuador. Karibeko uharteetan ere badago: Kuban, Jamaikan eta Trinidad eta Tobagon.

Yellow walnut (Beilschmiedia bancroftii)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beilschmiedia bancroftii lauraceae familiako zuhaitz bat da, jatorriz Queenslandekoa, Australian.​ Yellow walnut, yellow nut eta canary ash izenez ezagutzen da.

Drupak dituzten landareak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondoren agertzen diren landareek drupa moduan sortzen dituzte beren fruituak, eta ez dira intxaurrak zentzu botanikoan, nahiz eta beren fruituak intxaurren antza izan dezaketen, eta, kasu batzuetan, horrela deitzen zaie hizkera arruntean eta horregatik zerrendatzen dira hemen ere.

Botanikari dagokionez, drupa bat den fruitu lehor baten adibidea, eta ez intxaurra: arbendola bat, oraindik erabat heldu gabea, bere arbendolondoan.

Arbendola arbendolondoaren (Prunus dulcis) fruitua da. Kanela koloreko mintz bat du, eta, gainera, kanpoaldean, jangarria ez den azal bat arbendolaren pisu handia hartzen duena eta lehortzen doan azal berde bat.

Prunus dulcis —sin. Prunus amygdalus—, arbendolondoa[14], rosaceae familiakoa da. Bi barietate daude: Prunus dulcis, dulcis bar., milaka urte da landatzen dela bere haziak, arbendolak, elikagai gisa eta bere olioa lortzeko lehengai gisa aprobetxatzeko[15];​ eta Prunus dulcis, amara bar., arbendolondo mikatza amigdalina (substantzia toxikoa) edukitzeagatik kontsumitu ezin diren haziak sortzen ditu.

Fruituak eta kaju-gaztaina.
Kaju fruitu lehorrak.

Anacardium occidentale anakardo, kaio, Indiako intxaur, merey, cajú, cajú gaztaina, marañón, cajuil, caguil, pepa edo merey izenez ere ezagutzen da, jatorriz Erdialdeko Amerikakoa da, Brasil ipar-ekialdekoa, Kolonbia itsasertzaldekoa eta [[Venezuela] hegoaldekoa.

Txileko hurra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gevuina avellanaren fruitua eta intxaurra.

Gevuina avellana Proteaceae familiako Gevuina generoko espezie bakarra da. Espezieari, Txileko hurritz edo hurritz izen arruntak ematen zaizkio, eta hostoiraunkor monoikoa den zuhaitza da. Txileko baso epeletan hazten da, 35º eta 44º bitarteko S latitudean.

Ogiaren zuhaitza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artocarpus altilis, normalean, ogi-zuhaitz edo frutipan deitua[16],​ artocarpus generoko espezie bat da, Moraceae familiakoa, Indo-Pazifikoko eskualdekoa (ziurrenik Malaysiako uhartedia)[17] eta antzinatetik Ozeania osoan banatua. Asia hego-ekialdetik (Filipinak, Indonesia), Polinesiaraino banatutako ehunka barietate landatzen dira[18].

Yaka-zuhaitza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Yaka-zuhaitzaren fruitua.

Yaka, nanka[19], nanjea[20] edo panapeneko zuhaitza (Artocarpus heterophyllus Lam.) moraceae familiako landare-espeziea da. Indonesiakoa da jatorriz, baina Indiakoa ere izan zitekeela uste da.

Anakardo australiarra (Semecarpus australiensis)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Semecarpus australiensis, anakardo australiarra (Australian cashew nut) baso montzonikoetan aurkitzen den Australiako zuhaitz bat da.

Karia (Carya)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karya, Karia edo pacana Juglandaceae familiako zuhaitz-landareen genero bat da, bakanetan zuhaixkak.

Carya tomentosa, (mockernut hickory, mockernut, white hickory, whiteheart hickory, hognut, bullnut) juglandaceae familiako zuhaitz bat da. Karietan ugariena da, eta, Estatu Batuetako ekialdeko erdialdean, arrunta. Karia zuria deritzo bere egurraren kolore zuriagatik. Fruitua, mockernut (intxaur isekaria) deitua, handia da, barruan oso ale txikiak dituen oskol lodi batekin[21].

Pekan intxaurra, Carya illinoinensis-en fruitua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Carya illinoinensis, juglandaceae familiako espezie bat da. Bere jatorria Estatu Batuetako hego-mendebaldean egon daiteke.

Fruitu oskoldunen zerrenda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira gure artean ezagunenak: anakardoa (Anacardium occidentale), arbendola (Prunus dulcis), Brasilgo intxaurra (Bertholletia excelsa), ezkurrak: haritz (Quercus robur), arte (Quercus ilex), ametz (Quercus pyrenaica), erkametz (Quercus faginea) eta antzekoenak, gaztaina (Castanea sativa), hurra (Corylus avellana), intxaurra: intxaurrondoarena (Juglans regia), macadamiarena (Macadamia integrifolia), pagazi edo pagatza (Fagus sylvatica), pekan intxaurra (Carya illinoinensis), pinazia (Pinus pinea), pistatxoa (Pistacea vera) eta beste hainbat.

Sailkapen horretan ere kakahuetea sartu izan den arren, ez da fruitu, lekale baizik.

Ekoizpena, estatuka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fruitu oskoldunen ekoizle behinenak Txina eta AEB dira. Kontinenteka adierazteko,

Ekoizpen handiena, anakardoena da: Asian (Vietnam eta India), guztiaren % 56 ekoitzi da, batez beste, 1980-2017 epean; ondotik, Afrikan (ekoizpen osoaren % 37,6 Boli Kostan eta Benin, bereziki).

Intxaurra dator ondotik: Txina eta AEB, nagusi. Txinaren aurrerapen azkarrari esker, intxaur-ekoizpenen gorakada nabarmena izan da: 2000tik 2016ra bere ekoizpena sei aldiz biderkatu zuen.

Bigarren hazkunde nagusia pistatxoarena da: 2007-2016 hamarkadan, fruitu honen produkzioa % 55 hazi zen. Eta1980-2017 tartean, munduko ekoizpena 15ez biderkatu da, egun Iran delarik munduan lehena.

Oraindik ere basoko arbolatik biltzen den Brasilgo intxaurrak urtaroen gorabehera latzak nozitzen dituen arren, fenomeno nagusia izan zen Brasilgo intxaur ekoizpenaren amiltzea Amazonian, 1970 eta 2003 urteen artean eskualde hartako oihana arras soiltzearen ondorioz. Boliviako eta Peruko Amazonas aldeko eskualdeak babestu ziren fruitu lehorren uzta arautuz, auzoko Brasil handiaren ekoizpena gainditu zelarik.

Elikadura analisia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondoko tauletan, Europan maiz kontsumitzen diren fruitu oskoldunen eta pinazien oinarrizko datuak bildu ditugu. Datu horiek guztiak eskuragarri eta komentatuta daude elikagai hauek jorratzen dituzten Wikipediako artikuluetan.

Makronutrienteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fruitu oskoldunak lipido iturri oparo dira, hara: 100 gramoko pistatxoaren 47,4 g; pekan intxaurraren 72,6 g, eta macadamia intxaurraren 72,9 g. Gantz-azidoen osaera, berriz, aldatu egiten da, fruituen genotipoaren (kultibarraren), hazkuntza-baldintzen eta lehortze- eta erretze (xigortze) tratamenduen arabera.

Fruitu lehor guztiek gantz-azido aseen tasa nahiko apala dute, Brasilgo intxaurrak izan ezik (16,2 g/100 g). Kate luzeko gantz-azido aseek larregi kontsumituta, kolesterol tasa altxa dezakete, eta efektu tronbogeniko aterogenoak (tronbosia eragiten dutenak) eragin; beraz, gaixotasun kardiobaskularra nozitzeko arriskua areagotzen dute. Bestetik, ordea, gantz-azido horiexek garuneko nerbio-sistemako mielinazko zorroaren osagai nagusiak dira. Hortaz, ez dira deabrutzat jo behar, nutrizioan oreka-erregulatzaileak baitira. Begiratu behar den bakarra da gantz-azido aseen irensketa eguneroko energia-irensketa osoaren % 12 ez gainditzea.

Hona hemen fruitu oskoldunen osaerak, jarduera antioxidatzaileen arabera:

Fruitu oskoldunen makronutrienteak (g/100g)

AL: azido linoleikoa, AAL: azido alfa-linolenikoa

GAA: gantz azido asea, GAMA: gantz azido monoasegabea,

GAPA: gantz azido poliasegabea

Lipidoak GAA GAMA Oleiko

ω-9

AL

ω-6

AAL

ω-3

GAPA Prot. Gluk. Zuntza
Intxaurra 67,3 6,45 14,1 13,4 36,1 7,5 43,6 13,3 6,88 6,7
Pekan intx. 72,6 6,62 40,6 40,6 22,1 1,01 23,1 9,57 5,27 8,33
Pistatxoa 47,4 5,52 23,8 23,1 13,3 0,26 13,5 18,4 18,6 10,1
Anakardoa 49,5 10,5 26,7 26,7 8,71 0,1 9,05 15,2 26,7 3,85
Arbendola 53,4 4,19 31,8 31,5 11,6 0,052 13,5 21,1 7,85 10,2
Brasilgo intx. 66,7 16,2 21,8 19,5 25,2 0,059 25,6 14,8 5,28 6,4
Pinazia 65 5,53 19,9 18,3 30,4 0,15 33 13,7 6,31 10
Macadamia 72,9 11,6 57,2 1,65 7,14 8,35 8,6
Hurra 63 4,46 45,7 45,7 5,25 0,057 7,92 13,9 6,99 9,7

Fruitu oskoldunek gantz azido asegabeetan (GAA) eduki handia dutelarik, bi eratakoak bereizten dira:

  • Gantz azido monoasegabeak (GAMA): Macadamia intxaur lehorrak dira gehien dauzkatenak (57,7 g/100g), hurren (45,7 g/100g) eta pecanen aurretik. Fruitu oskoldunetan (macadamiez gain), GAMA azido oleikoa dago, ia bakarrik. Horren ezaugarria, gaitz kardiobaskularrak prebenitzea da.
  • Gantz azido poliasegabeak (GAPA) bi multzotan sailkatzen dira:
    • Omega-6 (ω6 edo n-6 adierazita): Azido linoleikoa, ezinbestekoa dugun omega-6 (gorputzak ez baitaki sintetizatzen), intxaurrak (36,1 g/100g) eta pinaziak asko daukate. Omega-6 azidoak odoleko kolesterola murrizten du, baina hantura-eragile da, eta plaketa-agregazioan lagungarri.
    • Omega-3 (ω3 edo n-3 adierazita): Azido alfa-linolenikoa ezinbesteko omega-3 bat da, ohikoagoa landare-jatorriko elikagaietan animalia-jatorrikoetan baino. Intxaur-alea da azido alfa-linoleniko gehien daukan elikagaietako bat (7,5 g/100g). Pecan intxaurrak, berriz, 7 aldiz gutxiago dauka. Omega-3 asko daukaten arrain koipetsuek DHA (azido dokosaenoikoa) eta EPA (azido eikosapentanoikoa) dituzte, batez ere. Omega-3ak hanturaren aurkakoak dira, eta plaketen agregazioa (koagulazioa) eragozten dute; beraz, odolaren jariakortasuna errazten; HDL kolesterola (kolesterol ona) areagotzen; gaixotasun neuroendekapenezkoen prebentzioa laguntzen (Alzheimer, Parkinson), eta tumoreen hazkuntza moteltzen dute (bereziki ondeste kolonekoa eta prostatakoa).

GAPA (poliasegabeak) gehien duten fruitu oskoldunak intxaurrak dira (43,6 g/100g); ondoren, pinaziak (33 g/100g) eta Brasilgo intxaurrak datoz. Poliasegabeen onurak aprobetxatzeari dagokionez, fruituen eduki erlatiboa kontuan hartu behar da. Izan ere, azido linoleikoa (ω6) eta azido alfa-linolenikoa (ω3) gure gorputzak EPA edo azido eikosapentaenoikoa (C20:5 ω-3) sintetizatzeko erabiltzen ditu. Gantz-azidoak lehian dihardute lasterketa metaboliko horretan, eta ω3/ω6 ratioa erabakigarria da lehiaketan: 4  5 ingurukoa izan behar du. Omega-6k ez du 4 - 5 aldiz omega-3 baino handiago izan behar, kontuan har dezagun gure dietan, oro har, omega6 askotxo dagoela.

Intxaur mamiak gantz-azido poliasegabe gehien daukana ez ezik, ω6/ω3 ratioa < 5 duen oskoldun bakarra da. Egungo dietak omega-6aren alde egin ohi du, larregi, agian. Nekazaritza intentsiboaren garapenaren ondoren, animaliak sojaz, ekilorez eta artoz elikatzen dira, hirurek ere omega-6 asko daukatenak. Gaur egun ω6tik gehiegi kontsumitzen dugu, eta ω3tik, aldiz, eskas.

Hitz gutxitan: ω3 familiako eikosanoideak antiinflamatorioak direla, plaketen agregazioa eta basokonstrikzioa mugatzen dutela; ω6 familiako eikosanoideak, aitzitik, proinflamatorioak direla eta koagulazio eta basokonstrikzioaren mesedetan dihardutela.

Fruitu oskoldunek B multzoko bitaminetako batzuk (E bitamina, batik bat) ugari dauzkate.

Fruitu oskoldunen bitaminak (µg/100g)
proA B1 B2 B3 B6 B9 C D E K
GKE 800 1 100 1 400 16 000 1 400 200 80 000 5 12 000 75
GKEren %20 160 220 280 3 200 280 40 16 000 1 2 400 15
Intxaurra 20,7 300 50 400 190 120 770 <0,25 1 670 2,4
Pekan intx. 29 590 120 1170 200 19,8 970 0 1 400 3,5
Pistatxoa 156 670 170 1 200 1 410 94,2 <500 0 1090 13,2
Anakardoa 0 360 150 1 140 380 51,4 <500 0 750 34,7
Arbendola 1 180 910 3 400 110 93,1 <500 0 14 600 0
Brasilgo intx. 0 870 35 250 100 13 700 0 5 330 0
Pinazia 17 570 110 3 290 140 80,2 <500 0 8 470 53,9
Hurra 11 380 110 1 100 340 121 <500 0 5 650 14,2

GKE: gomendatutako kopurua eguneko


«Gomendatutako kopurua eguneko» (GKE) izenekoak, elikagai-produktuak etiketatzeko erreferentzia gisa bakarrik erabiltzen diren balioak dira. Beharrezkoak diren eguneko kopuruen oso gutxi gorabeherako adierazpidea baino ez dute ematen, ez baitute adina edo sexua aintzat hartzen, adibidez. Ciqual-etik hartutako taulan, GKEren % 20tik gorako balioak letra lodian jarri ditugu.

Gogoan izan, emandako batez besteko balioak gutxieneko eta gehienezko baliotzat jo behar direla tamaina horiek batzuetan landarearen eta uztaren ondoren prestatzeko metodoen (lehortzea, erretzea, gazitzea) arabera asko alda daitezkeelako.

Bitamina lipodisolbagarrietan (A, D, E, K1 bitaminak), A bitamina gutxi dute fruitu oskoldunek, pistatxoak izan ezik. E bitamina, aitzitik, ugari dute arbendolek, pinaziek, hurrek eta Brasilgo intxaurrek fruitu-oliotan.

Bitamina hidrodisolbagarrietatik (B eta C), B1 (tiamina) eta B9 (folatoa) bitaminak eduki handia dute fruitu oskoldun gehienek. Hala ere, fruitu oskoldunek C bitaminatik oso gutxi dute. Uretan disolbagarriak diren bitamina horiek ez daude fruitu oskoldunetatik erauzitako olioetan.

Fruitu oskoldunen oligoelementuak (mg/100g)
Ca Cl Fe Mg Mn P K Zn
GKE 800 800 14 375 2 700 2 000 10
GKEren %20 160 160 2,8 75 0,4 140 400 2
Intxaurra 75 35,1 2,2 140 2,9 360 430 2,7
Pekan intx. 69,8 2,57 123 4,27 277 409 4,61
Pistatxoa 98,5 728 2,4 105 0,65 437 655 2,3
Anakardoa 40,3 364 3,9 223 1,1 452 546 5,4
Arbendola 248 <61 3 232 1,39 416 668 2,85
Brasilgo intx. 150 2,47 367 2 658 591 4,13
Hurra 116 2,8 138 3,9 263 551 2,25

GKE: gomendatutako kopurua eguneko


Fruitu oskoldunek magnesio (Mg), manganeso (Mn), fosforo (P), potasio (K) eta zink (Zn) asko daukate: GKEren % 20 gainditzen dute denek. Brasilgo intxaurra eta arbendola dira magnesio gehien daukatenak. Pekan intxaurra manganeso asko du, eta Brasilgo intxaurrak selenio ugari dauka (0,103 mg/100g).

Aldeko eta kontrako eraginak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaitz kardiobaskularren aurkako babesa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Datu epidemiologikoek frogatzen dutenez, fruitu oskoldunak aldizka kontsumitzeak efektu kardio-babeslea dauka kolesterol guztia eta LDL kolesterola, bereziki, jaisten laguntzen duelako. Gaitz kardiobaskularren arrisku-faktore horien hobekuntza, fruitu oskoldunek duten gantz-azido asegabeen eta zuntz dietetikoen eduki handiak eragiten du.

Populazio handietan eginiko behaketek ondorioztatu dute fruitu lehorrak eskuarki kontsumitzeak bihotza babesten duela eta, hortaz, gaitz koronario eta kardiobaskular, diabetes edo gehiegizko pisua izateko arriskua arintzen dutela eta asetasun indize handikoak direla. Efektu hori onuragarria da, jakina, non eta gehiegizko kontsumoa egiten ez den; bestela, kaltegarria izan daiteke.

Gogoan izan dezagun, nolanahi ere, horrelako fruituei oskola kendu behar izateak, normalean, ale asko kontsumitzea galarazten duela; egun, ordea, jatekoak oskol gabeturik (azal barik) merkaturatzen direnez, arriskua horietatik gehiegi hartzea da.

Hamalau urtez, 86.016 erizainen populazioan eginiko ikerketa prospektibo batean (Nurses’ Health Study, Erizainen Osasun Azterketa) ikusi zen astean gutxienez bostetan fruitu oskoldunak kontsumitzen zituztenek gaixotasun koronario hilgarria nozitzeko arriskua % 39 murrizten zela eta miokardioko infartu hilgarria nozitzeko arriskua % 32.

Antzeko lau ikerketa prospektibo konbinatuz, Kelly eta Sabaté zientzialariek (2006) ikusi zuten astean lau aldiz gutxienez fruitu oskoldunak kontsumitzen zituzten subjektuek, gutxitan edo inoiz jaten ez zutenen aldean, gaixotasun koronarioa izateko arriskua % 37 murriztua zela.

Aune eta bestek (2016) 20 ikerketa prospektiboz osaturiko metaanalisi batean, egunean 28 g fruitu oskoldun kontsumitzen zutenen arrisku erlatiboa arintzen zela frogatu zen: gaixotasun koronarioen kasuan, % 29; gaixotasun kardiobaskularretan, % 21; era guztietako minbiziak nozitzeko arriskuan % 15 urritu zen, eta, heriotza-kausa guztietan, % 22. Horrez gain, arnas gaixotasunak pairatzeko arrisku erlatiboa % 52 murriztu zen, diabetes kasuetan % 39; eta gaixotasun infekziosoengatiko hilkortasun tasa, % 75 jaitsi zen.

Gorputz-masaren kontrola

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inongo azterketa epidemiologikok ez du frogatu fruitu oskoldunak kontsumitzea pisua hartzeko motiboa denik. Aitzitik, talde handietan eginiko ikerketek frogatu zutenez, fruitu oskoldunak maiz kontsumitzearen esker, arrisku kardiobaskularrak arindu egiten ziren, eta ez zuten gorputz-masaren indizea altxatzearekin loturarik.

Goian aipatutako zientzialariek (2005) ikertu zuten ea sei hilabetez egunero intxaurrak (energiaren % 12 eguneko) kontsumitzeak gorputzaren pisua aldaraziko ote zuen. 90 lagunekin eginiko ausazko saiakuntza kontrolatu horretan, subjektuei bi dieta betearazi zitzaien: Intxaurra izeneko dieta egin zutenek, fruitu oskoldunen kopuru zehatz bat jan behar izan zuten (28 - 56 g bitarte, norberaren energia-kontsumoaren arabera), intxaur osagarriren bat barne. Kontrol izeneko dieta egiten zutenei, aldiz, intxaurrrarik ez jateko agindu zitzaien. Parte-hartzaileek ez zekiten azterketa pisu-kontrolari buruzkoa zenik. Era berean, subjektuei eskatu zitzaien ikerketan zehar jarduera fisikoa ez aldatzeko eta pisua galtzen ez saiatzeko.

Intxaurra dietan, subjektuek Kontrol dietan baino energia-irensketa handiagoa egin zuten (1.952 kcal vs 1.819 kcal, hau da, 133 kcal gehiago). Osagarri energetikoa (133 kcal) intxaurren ekarpen energetikoa (231 kcal) baino txikiagoa zen, eta horrek iradokitzen du beste elikagai batzuekin ordezka zitekeela. Nolanahi ere, beste 133 kcal-eko energia-irensketak 3,1 kg-ko pisua igotzea ekarriko zien sei hilabetetan Intxaurra dietan ari zirenei. Parte-hartzaile guztiei, intxaurrak hartzeak 0,4 kg-ko pisua (eta gorputz-masaren indizea) handitzea ondorioztatu zien. Baina, Kontrol eta Intxaurra dieten arteko energia-desberdintasunei egokitu ondoren, ez zen desberdintasunik ikusi gorputz-pisuan. Espero baino txikiagoa izan zen pisu-igoera hura azaltzeko orduan, hainbat mekanismo aipa daitezke, hala nola asetasun-mailaren igoera; energia-gastua atsedenaldian (dietak eragindako termogenesia); melatonina eta fenolen obesitatearen aurkako efektuak, eta hesteetako mikrobiomaren aldaketak.

Fruitu oskoldunek eraginiko alergiak larri-larriak izan daitezke erreakzio anafilaktiko latzen eragileak; Europan, alergia gehien eragin dezakeen fruitu lehorra hurra da. Fruitu oskoldunen alergiaren sintoma batzuk hauek izan daitezke: azalean azkura, arnasteko zailtasuna, buruko mina, sabeleko karranpak, azaleko erupzioak eta hantura.

Aldizkari sistematiko batzuetan ageri denez, fruitu lehorren alergiaren diagnostiko-probak % 95eko aurreikuspen-balio positiboa izan arren, eremu grisean eroriko diren pertsonen proportzioa handia da; finean, elikagaien test bat egin behar zaie banan-banan, alergia-egoera zehazteko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Tree nuts : composition, phytochemicals, and health effects. 2009 ISBN 9780849337352. PMC 234213740. (kontsulta data: 2019-06-27).
  2. Agirre, Edorta. «Elikadura Hiztegi Entziklopedikoa 141003» calameo.com: 176-180. (kontsulta data: 2023-04-15).
  3. (Ingelesez) «Nuts» Linus Pauling Institute 2014-04-28 (kontsulta data: 2019-06-27).
  4. The encyclopedia of seeds : science, technology and uses. CABI 2006, 228 or. ISBN 9780851997230. PMC 61478115. (kontsulta data: 2019-06-27).
  5. Rushforth, K. (1999). Trees of Britain and Europe. Collins ISBN 0-00-220013-9.
  6. (Ingelesez) «Corylus heterophylla» Flora of China (eFloras.org) (kontsulta data: 21/05/2021).
  7. «Pachira aquatica» Árboles ornamentales (kontsulta data: 2020-02-17).
  8. F.A. Zich; B.P.M Hyland; T. Whiffen; R.A. Kerrigan. (2020). «Elaeocarpus bancroftii» Australian Tropical Rainforest Plants, Edition 8 (Commonwealth Scientific and Industrial Research Organisation (CSIRO)) (kontsulta data: 2021-03-04).
  9. Useful Tropical Plants. (kontsulta data: 2020-09-13).
  10. Leaf Whispering in the Tropics. (kontsulta data: 2020-09-13).
  11. David L., Jones. (1986). Rainforest Plants of Australia. Reed Books, 141 or. ISBN 0730103811..
  12. «Hicksbeachia pinnatifolia F.Muell.» PlantNET - New South Wales Flora Online (Royal Botanic Gardens & Domain Trust, Sydney Australia) (kontsulta data: 2009-07-10).
  13. «Hicksbeachia pinnatifolia» Species Profile and Threats database (Department of the Environment, Water, Heritage and the Arts) (kontsulta data: 2009-07-10).
  14. Nombre vulgar preferido en castellano, en Árboles: guía de campo; Johnson, Owen y More, David; traductor: Pijoan Rotger, Manuel, ed. Omega, 2006. ISBN 978-84-282-1400-1. Versión en español de la Collins Tree Guide.
  15. (Ingelesez) Sánchez-Pérez, R.; Pavan, S.; Mazzeo, R.; Moldovan, C.; Cigliano, R. Aiese; Cueto, J. Del; Ricciardi, F.; Lotti, C. et al.. (2019-06-14). «Mutation of a bHLH transcription factor allowed almond domestication» Science 364 (6445): 1095–1098.  doi:10.1126/science.aav8197. ISSN 0036-8075. PMID 31197015. (kontsulta data: 2020-10-09).
  16. http://www.jardinactual.com/menu-plantas-busqueda/897-%C3%81rbol_del_pan_Frutipan
  17. (Ingelesez) «Breadfruit» Britannica (kontsulta data: 2020-12-29).
  18. (Ingelesez) «Breadfruit species» National Tropical Botanical Garden jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2022-05-22) (kontsulta data: 2020-12-29).
  19. Fernando, Juan: «Historia de los pp. Dominicos en las islas Filipinas y en sus misiones del Japón, China, Tung-kin y Formosa: que comprende los sucesos principales de la historia general de este archipiélago, desde el descubrimiento y conquista de estas islas por las flotas españolas, hasta el año de 1840.», Tomo I, pág. 21. Madrid, 1870.
  20. Colmeiro, Miguel: «Diccionario de los diversos nombres vulgares de muchas plantas usuales ó notables del antiguo y nuevo mundo», Madrid, 1871.
  21. Miller, J.H.; Miller, K.V.. (1999). Forest plants of the southeast and their wildlife uses. Champaign, Illinois, Estados Unidos: Kings Time Printing.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]