Oratoria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zizeron Katilina salatzen; Cesare Maccarik margotutako freskoa.

Jatorrian, oratoria hitzaldi, sermoi, panegiriko eta publikoaren aurreko beste hitzezko adierazpenei dagokien literatura-generoa da. Jatorrian, hitzaldiak emateko artea da, etorri handiko hizlari batek entzuleak atsegindu, erakarri, hunkitzeko egiten duena. Hain zuzen, oratoria hitza latinetik dator, "hitz ederrei dagokion artea".[1] Antzinako Grezian eta Antzinako Erroman garrantzi handia izan zuen, eta garai hartako hezkuntza hizlari trebeak lortzera bideratua egon zen. Orduko hizlarien artean aipatzekoak dira, beste batzuen artean, Perikles, Platon (Gorgias, Fedro), Demostenes, Eskines, Zizeron (De oratore) eta Kintiliano (Institutio oratoria). Kintiliano izan zen erretorika klasikoa sistematizatu eta oratoria hitza bera erabilgarri bihurtu zuena.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erretorika Greziako heziketaren irakasgai nagusietako bat bihurtu zen. Platon ez zegoen ados horrekin. Haren ustez heziketak Filosofia izan behar zuen bere oinarria; behintzat sofistek erretorika ulertzen zuten moduan. Aristoteles Platon eta sofisten arteko sintesia saiatu zen; erretorikari buruzko tratatu sistematizatua prestatu zuen eta bertan oratoriaren ikaskuntzaren oinarriak definitzen zituen, formazio filosofikoa eta poetikoa uztartuz.[1]

Laster oratoria botere politikoa eta prestigioa lortzeko bidea bihurtu zen. Arrakasta horrekin lotuta auzitegi aurrean erabiltzeko hitzaldiak idazteko profesionalak agertu ziren, logografoak. Haien artean ezagunena Lisias izan zen. Sokratesek, bestetik, Atenaseko Oratoria Eskola sortu zuen. Haren ustez oratoriaren oinarriak ez ziren hain interesatuak izan behar. Pertsona jakintsuak ondo erabili behar zuen oratoria baina aberriaren alde lan egiteko, ez bere interes propioen alde. Ikuspuntu horretatik Demostenes izan zen oratoria mota honetan izen nagusia.

Erroma garaian irakaspen hauek perfekzionatu egin ziren, bereziki, Errepublika garaian, Marko Tulio Zizeroni esker. Haren lan nagusiak ia osoak heldu dira gure egunetara eta horri esker ondo asko ezagutu dezakegu idazle honen trebezia hizlari bezala. Erromako Inperioarekin batera oratoriak garrantzia galdu zuen: enperadorearen guztiahaltasunaren aurrean gutxi ahal zuen oratoriak. Dena dela, garai horretan oratoriako goi mailako espezialista aurki dezakegu: Marko Fabio Kintiliano. Kintilianok generoa teoria mailan bere gailurrera eraman zuen; harenak dira oratoriari buruzko hamabi liburukiak.

Oratoria generoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anaximenes Lampsakoak hiru arlotan sailkatzea proposatu zuen eta Aristotelesek ideia bera jaso zuen bere Erretorikan:

  • Epaiketa solasa, gertatutakoaren azalpena eta balorazioa da. "Iraganeko edozeri buruz epailearen aurrean egin daitekeena, zerbait salatzen edo zerbait defenditzen, edo epaileak berak egin dezakeena bestela".
  • Deliberazio solasak etorkizunari buruzko hausnarketa, iritziak eta aurreikuspenak biltzen ditu, gai politikoen gainean.
  • Solas epidiktikoan abilidade erakustaldi bat dago, besterik gabe. Gaiak desberdinak izanda, garrantzitsuena ez zen gaia, azken finean ezaguna baitzen, hiztuna baizik. "Haren mintzairaren dotorea eta adierazgarritasuna zen estimatu beharrekoa". [2] Solas hau lehenaldian kokatu egiten da eta publikoak ez du aldatzeko ahalmenik; bakarrik alde edo aurka agertu, kritikatu, baloratu, besterik ez. Sarrionaindiaren ustez gure bertsolaritza eta gure literatura solas epidiptikoaren adibide garbiak dira.

Hiru genero edo solas horietako bakoitzari hiztunaren jarrera, argumentatzeko modua, helburua eta entzuleria berezia zegokion. [3]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Juan Mari Lekuona, 612.or.
  2. Joseba Sarrionandia, 529.or.
  3. Joseba Sarrionandia: Moroak gara behelaino artean?. Iruña: Pamiela, 2010. 528.or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]