Pablo Beldarrain

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pablo Beldarrain
Bizitza
JaiotzaAbando1909ko apirilaren 19a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBilbo1997ko urtarrilaren 1a (87 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakofizierra
Zerbitzu militarra
Adar militarraEusko Gudarostea
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

Pablo Beldarrain Olalde (Abando-Bilbo, 1909ko apirilaren 19a - 1997ko urtarrilaren 1a) militar bizkaitarra, EAJren militantea, 1936ko estatu kolpearen ondoren, Errepublikaren alde gelditu zen, Eusko Gudarostean integraturik. Beldarrainen papera ezinbestekoa izan zen Bizkaiako defentsan. Martiartu Batailoiaren komandantea izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elgetako gudariak.

Pablo de Beldarrain Olalde Bilboko Abando auzoan jaio zen 1909an. Hamabost urte zituelarik Euskalduna ontziolan lanean hasi zen; aldi berean, gauez, Arteak eta Lanbideen Eskolan ikasten zuen. 1930ean, 21 urterekin, Espainiako Armadan Garellano Batailoian sartu zen eta ondoren militar-karrerari ekin zion, konplementoko ofiziala bezala. Ideologikoki, baino, ELA sindikatuko eta EAJko militantea izan zen. 1931an Abandoko batzokiaren sortzaileen artean zegoen.

Errepublikaren aurkako militarren estatu kolpe ondoren, 1936an, EAJ inguruko boluntarioak prestatzen hasi zen. Halaber, ordena-zerbitzuak koordinatzen hasi zen. Abando eta Matikoko boluntarioekin Bizkaigaina Konpainia sortu zen, Beldarrain tenientea izanik; 1936ko irailean borrokan konpainiaren burua hil zen eta berak hartu zuen agindua. Azaroan, kapitain laguntzailearen karguarekin, Ibaizabal Batalloia entrenatzeko ardura eman zioten. Abenduaren 31an Martiartu Batailoiaren komandantea izendatu zuten. Batailoiaren lehenengo lana Larratzabal Batailoia Ubidean ordezkatzea izan zen.

1937ko martxoan, batailoia Elgetako frontera joan behar izan zuen. Sektore horren defentsa izango zen haien ardura, Intxorta mendiak tartean. Defentsa eskema horretan lubakien sistema komunikatua antolatu zuen. Sistema berria eraginkorra suertatuko da zeren eta hegazkinen eta tankeen erasoen aurrean, begetazioaren eta lurrarekin oso kamuflatuak gelditu baitziren. Mendigailurrak indartu zituen eta beheko aldean, tankeen aurkako minak sakabanatu zituen.

Saibi mendia eta kostaldea artean frontea erori zenean, Laugarren Brigadaren agintea hartu zuen. Brigada berri hau beste hiru batailoien elkartzearen ondorioa izango da: Martiartu, Simón Bolívar, biak EAJkoak, Malatesta Batailoia, azken hau CNT eta UHP, PSOEkoa. Helburua Urdaibai ingurua babestea izan zen. 1937ko maiatzean Bosgarren Dibisioaren komandantea izendatu zuten, Bilboko defentsan parte hartzeko.

Behin Bilbo erorita, Nerbioia gurutzatzeko txalupen bi zubi antolatu zituen Retuerto aldera atzera egiteko. Ekainaren 30ean Liendora atzera egin zuen. Kantabrian, Barakaldoko lantegiak txikitzeko agindua ez betetzeagatik, kargutik kendu zuten. Uztailaren 3an, Euskal Gobernuaren aginduz, itsasontziz, Frantziara lehendabizi eta, ondoren, Lapurdira pasa zen.

Bigarren Mundu Gerraren hasierarekin, Bordelen babestu zen eta,handik, Daxen. 1945an Parisko Estatu Batuetako entrenamendu zelai batera joan zen. Han Estatu Batuen zerbitzura egongo zen Airedale euskal erakunde paramilitarra sortzeko prestakuntza jaso zuen. Urte berean Hego Euskal Herrira itzuli zen. 1955an frankistek Bilbon harrapatu eta Larrinagako espetxean sartu zuten, hogei egunetan libre gelditu zen. Emaztearekin eta hiru seme-alabeekin Frantzian bizi izan zen. Azkenik, familia Bilbora itzuli zen eta Pablo Beldarrain metalurgian aritu zen. 1997an hil zen.

Obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu askorekin batera, bere oroimenekin Beldarrainek bi liburu plazaratu zituen:

  • 1980: Intxorta mendiko burrukaldiak Los asaltos al monte Intxorta (1936-1937). Geu Argitaldaria. ISBN 10: 8485328078
  • 2012: Historia critica de la guerra en Euskadi (1936-37). Intxorta 1937 Kultur Elkartea. ISBN: 978-84-938850-4-5[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]