Pafoseko arkeologia parkea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pafos1
World Heritage Logo global.svg UNESCOren gizateriaren ondarea
Archaeological Park Paphos Cyprus 13.jpg

Pafoseko eremu arkeologikoa

Mota Kulturala
Irizpideak iii, vi
Erreferentzia 79
Kokalekua Zipre
Eskualdea2 Europa eta Ipar Amerika
Izen ematea 1980 (IV. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Pafoseko arkeologia parkea Zipre mendebaldean dagoen Pafos hiriko arkeologia eremu garrantzitsua da. Antzinako Nea-Pafos hiria hartzen du eta heleniar-erromatar garaiko eraikin ugari biltzen ditu bere baitan, hala nola, odeona, agora, basilika eta hainbat erromatar villa ere bai. Villa hauetan munduko mosaiko ederrenetakoak kontserbatu dira. 1980. urtean UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu zuen Pafos[1].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pafos inguruko aurreneko hiria Palae-Pafos (Pafos zaharra) izan zen, Zipreko mendebaldeko itsasertzetik gertu zegoen muino batean eraiki zena. Bertan Afroditaren omenezko tenplua eraiki zen eta antzinateko Afroditaren kulto gune handiena izan zen. Homerok berak ere aipatu zuen Odisea liburuan[2]. Palae-Pafoseko azken erregeak, Nicoclesek, 12 kilometro ipar-mendebaldera hiri berria eraiki zuen itsasertzean, Nea-Pafos izenekoa (Pafos berria). K.a. IV. mendean izan zen.

Lurrikara handi batek Pafos suntsitu zuen eta Augusto enperadoreak berriro eraiki zuen. Augusta izena eman bazion ere Pafos izena erabiltzen jarraitu zuten bertakoek[3]. K.o. mendean Zipreko hiriburua bihurtu zen baina IV. mendean Trifillios apezpikuak Nikosian ezarri zuen hiriburu berria[4].

Indusketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1965. urtean Kazimierz Michałowski irakasleak gidaturiko indusketa lanak egin zituen Varsoviako Unibertsitateko Mediterraneoko arkeologia mintegiak. Asklepio eta Artemisa jainkoen eskulturak eta zilarrezko txanpon mazedoniarrak aurkitu zituzten, Alexandro Handia eta Filipe III.aren garaikoak. Hurrengo urteetan espedizio gehiago egin zituzten poloniarrek, Wiktor Andrzej Daszewski (1971–2007) eta Henryk Meyza (2008–2019) doktoreen gidaritzapean[5].

Erromatar villa handi bat aurkitu zuten, 120 metro luze eta 80 metro zabal zena. "Teseoren etxea" izena eman zioten Teseo eta minotauroaren arteko borroka agertzen duen mosaikoa aurkitu baitzuten bertan. Beste villa batean Aion jainkoaren mosaikoa aurkitu zuten 1938. urtean eta "Aionen etxea" izendatu zuten.

2011. urtean Polonia hegoaldeko Jagiellonian Unibertsitateak Paphos Agora Project izeneko proiektua abiatu zuen. Erromatar agoraren azpian egon daitekeen agora heleniarra aurkitzea du xede.

Monumentuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dionisoren etxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dionisoren jaiotza.

Erromatar villa guztien artean ikusgarriena da. 2.000 m2-ko azalera dauka eta zoruaren 556 m2 mosaikoz estalita dago. Irudi mitologikoak eta ehiza eszenak agertzen dira eta mosaikoetako askotan Dioniso jainkoa ikusten da. Hortik datorkio izena etxeari.

Erdian atriuma (patioa) dauka, etxearen muina zena, eta inguruan gela ugari kokatzen dira. K.o. II. mendean eraiki zen eta lurrikarek kaltetu ondoren IV. mendean bertan behera gelditu zen etxea. Dionisorean etxeko zoruaren azpian K.a. III. mendeko mosaiko helenistikoa aurkitu da eta bertan Eszila munstroaren irudia agertzen da.

Aionen etxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Villaren hiru gela baino ez dira induskatu baina hauetako batean dagoen Aion jainkoaren mosaikoa antzinako erromatar artean ikusgarrienetako bat da[6]. Aion denboraren eta betierekotasunaren jainkoa zen. K.o. IV. mendekoa da. Induskatu diren hiru geletan handiena harrera gela (Triclinium) izango zela pentsatzen da eta ondoko bi gela txikietan aurkitu dira mosaiko ederrenak.

Teseoren etxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teseo eta minotauroa.

Villa oso handia da eta erromatar prokontsularen (gobernadorearen) bizitokia zela ondorioztatu da. Heleniar hiriaren planoko hainbat insulae hartzen zituen. Teseo eta minotauroaren arteko borroka agertzen duen mosaikoarengatik ezarri zaio izena. K.o. II. mendearen bigarren zatian eraiki zen aurrez existitzen ziren etxeen gainean eta VII. menderarte okupatuta egon zen. Villa guztitik hegoaldeko zatia soilik azaleratu da oraindik.

Orfeoren etxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teseoren etxearen mendebaldean kokaturik dago. III. mendeko mosaikoak ditu eta hiru irudi mitologiko agertzen dira; "Orfeo eta bere lira", "Herkules eta Nemeako lehoia" eta "Amazonak".

Antzokia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriaren ipar-ekialdean kokaturik dago eta K.a. IV. mendean eraiki zen. Sydneyko unibertsitateak indusketa arkeologikoak abiatu zituen 1995. urtean[7].

Agora eta inguruak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agora greziarren eta erromatarren enparantza zen. Lau arkupez inguratutako patio honen oinarriak soilik gordetzen dira gaur egun. Agoraren mendebaldean Odeona eta Asklepiona aurkitzen dira, II. mendeko eraikinak. Zipreko Antigoaleko Departamentuak odeona zaharberritu du eta gaur egun kontzertuak eta beste hainbat ekitaldi egiten dira bertan.

Odeonaren alboan dagoen lurmuturrean itsasargi bat dago gaur egun, baina akropoli batenak izan daitezkeen hormen zantzuak aurkitu dira bertan.

Saránda Kolónes gotorlekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saránda Kolónes.

Erdi Aroan eraikitako gotorleku bat da, Pafoseko arkeologia parkearen barnean kokaturik dagoena, Pafoseko kaiaren iparraldean hain zuzen ere. VII. mendean eraiki zuten bizantziarrek eta 1222 urtean lurrikara batek suntsitu zuen[8].

Panagia Limeniotissa basilika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.o. V. mendean eraiki zen eta Portuko Andre Mariaren omenez sagaratu zen, izan ere Pafoseko kaiaren ondoan eraiki baitzen. 653. urtean pirata arabiarren erasoetan suntsitua izan zen eta gaur egun hondarrak baino ez daude, baina mosaiko koloretsu bat eta berreraikitako hainbat zutabe ikusten dira.

Teseoren etxea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Centre, UNESCO World Heritage. «Paphos» UNESCO World Heritage Centre (Noiz kontsultatua: 2020-10-28).
  2. Smith, William. (1854–1857). "Paphus". Dictionary of Greek and Roman Geography.. London: John Murray..
  3. Smith, William. (1854–1857). "Paphus". Dictionary of Greek and Roman Geography.. London: John Murray..
  4. «Saint Triphyllius, Bishop of Leucosia (Nicosia), Cyprus» www.oca.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-28).
  5. (Ingelesez) «Nea Paphos» pcma.uw.edu.pl (Noiz kontsultatua: 2020-10-29).
  6. (Ingelesez) Olszewski), Marek Titien Olszewski (Marek Tycjan. «The iconographic programme of the Cyprus mosaic from the House of Aion reinterpreted as an anti-Christian polemic» Et in Arcadia Ego. Studia memoriae professoris Thomae Mikocki dicata, W. Dobrowolski, T. Płóciennik (ed. by), Warsaw: Institute of Archaeology, University of Warsaw, Warsaw 2013, pp. 207-239, Pls 74-86. (Noiz kontsultatua: 2020-10-29).
  7. (Ingelesez) «Paphos theatre» The University of Sydney (Noiz kontsultatua: 2020-10-29).
  8. Gwynneth der Parthog. (1995). Byzantine and Medieval Cyprus. Interworld Publications, 39-40 or..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]