Pakistango geografia
Pakistango geografia askotarikoa da oso, munduko mendi garaienetakoak, goi-ordoki idorrak eta zabaldi emankorrak baititu.
Geologia ikuspegitik, Pakistan Hego Asia eta Eurasiar plaka tektonikoen gainean jartzen da. Sindh eta Punjab probintziak Indiar plakaren hego-mendebaldeko ertzean kokatzen dira, Balutxistan eta Ipar-Mendebaldeko Muga Probintziaren gehiengoa Eurasiar plakan eta Irango goi-ordokia Ekialde Ertaina eta Erdialdeko Asian. Iparraldeko Eremuak eta Azad Kaxmir Erdialdeko Asian kokatzen dira, Indiar plakaren ertzean eta, horregatik, lurrikara handiak izateko joera dute Eurasiar eta Indiar plakek elkar jotzen dutenean
Pakistan 804.000 km² luze-zabal da eta honako mugak ditu: Iran (900 km) hego-mendebaldean, Afganistan (2400 km) ipar eta mendebaldean, Txina (520 km) ipar-ekialdean eta India (2900 km) ekialdean. Kosta 1050 km luze da eta Omango itsasoaren hegian dago.
Iparraldean mendi oso garaiak daude (haien artean K2 ezaguna, 8.611 metrokoa, munduko bigarren garaiena), mendebaldean mendi lehorrak, hego-mendebaldean goi-ordoki antzua, hego-ekialdean Txolistango basamortua. Lurraldearen herena inguru alubioi-zabaldiak dira, nekazaritzarako erabiliak. Bertan kokatzen da biztanleriaren gehiengoa. Indo ibaia, iturburua Tibeten duena, 2.900 km luze da eta estatua ipar-hego zeharkatzen du Omango itsasoan delta erraldoia sortzeko. Ibai nagusiak Indo (2900 km), Sutlej (1550 km), Chenab (1200 km), Ravi (900 km) eta Jhelum (800 km) dira.
Lurraldeak lurrikara arrisku handia du, 2005eko urriaren 8koa kasu. Uholdeak eta zikloiak ere pairatzen ditu.
Mendiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pakistanen 108 mendi daude 7.000 metro baino garaiagoak eta, ziur asko, beste hainbeste 6.000 baino garaiagoak. Munduko 14 mendi garaienen artean (zortzimilakoak), zortzi Pakistanen daude. Gailur gorenak Karakorum mendikatean daude (gehien bat Pakistango Iparraldeko Eremuetan kokatzen dena), baina 7000tik gorako gailur batzuk Himalaian eta Hindu Kush mendikatean daude.
Ohar moduan, esan beharra dago India eta Pakistanen arteko muga auzian dago eta militarrek kontrolpean dute. Iparraldeko Eremuetan dauden mendikateak Indiak beretzat eskatzen ditu, Pakistanen jabetza eztabaidatuz. Kontrol lerroko Indiako aldean dauden mendiak ez dira kontutan hartzen.
Munduko rankina |
Pakistango rankina |
Izena | Garaiera (m) |
Kokapena |
---|---|---|---|---|
2 | 1 | K2 | 8611 | Karakorum |
9 | 2 | Nanga Parbat | 8126 | Himalaia |
12 | 3 | Gasherbrum I (K5) | 8080 | Karakorum |
13 | 4 | Broad Peak (K3) | 8047 | |
14 | 5 | Gasherbrum II (K4) | 8035 |