Palestinako jantzi tradizionalak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ramallahko emakumea. 1929-1946

Palestinako jantzi tradizionalak Palestinako herritarrek historian erabili izan duten janzkera da. XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran lurralde horietan ibili ziren bidaiari atzerritarrek maiz aipatu zuten Palestinako biztanleen, bereziki felahinen (emakume laborariek) jantziak askotarikoak zirela.

Gai honetako aditu gehienen iritziz, ez dago lekuko arkeologikorik jakin ahal izateko nolakoak ziren Palestinako jantziak Antzinaroan, baina arte adierazpenetan eta deskribapen literarioetan oinarrituta ondorioztatu dute Palestinan agindu zuten inperioen eragina nabaria izan zela: Antzinako Egipto, Erroma eta Bizantziorena, besteak beste.

1940ko hamarkadara arte, Palestinako jantzi tradizionalek batez ere emakumearen egoera sozialaren berri ematen zuten, ezkondua edo ezkongabea zen, bai eta nongoa zen ere, oihal motaren, koloreen, ebakeraren eta jantzietan brodatutako edo brodatu gabeko motiboen bidez. Gizonen janzkera uniformeagoa zen, baina burukoek garrantzia zuten.​

Bethleemgo emakume baten argazkia.

Palestinako jantzien aldaerak desagertu ziren hein handi batean 1948tik aurrera, Israel sortu eta palestinarren exodoa hasi zenean, baina jantziak eta brodatuak egiten jarraitu zuten, beste modu batzuetara bada ere. Gaur egun palestinar gehienek mendebaldeko janzkera erabiltzen badute ere, edo jantzi islamiko generikoak, batzuek eusten diote janzkera tradizionalari, kultura herentzia atxikitzeko eta elkartasuna adierazteko.[1]

Beduinoen janzkeraren eta hiri edo herrietakoaren artean ere desberdintasunak daude. Palestinako hegoaldean, beduino gehiago bizi diren tokietan, jantziak beltzak edo urdin ilunak izan ohi ziren, brodatu geometriko edo loredunekin, edo brodatu gabekoak.

Herrietan, emakumeek janzten zituzten antzinako arropa tradizionalenak, herri bakoitzeko motibo oso espezifikoekin brodatuta, halako moduan non jantzia ikusita jakin zitekeen zehazki nongoa zen emakumea. Eta apainduenak eta dotoreenak jai eta ospakizunetarako gordetzen edo egiten ziren. Horrez gain, neskek urteak ematen zituzten ezteietarako jantziak eta arreoa prestatzeko lanetan.

Hirietako bizilagunen artean (beladin) kanpoko eragina zuten jantziak erabiltzen ziren, eta XX. mende hasierarako, batez ere aberatsen artean, guztiz zabalduta zegoen mendebaldeko janzkera.

2021ean, Palestinako jantzietan funtsezkoa den Palestinar Brodatua UNESCOren Gizateriaren Kultura Ondare Immaterialaren zerrendan sartu zen[2].

Materialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egunero erabiltzen ziren jantzien oihalak Majdalen, Betleemen, Ramallahn eta Jerusalemen ehuntzen zituzten artisauek. Ardien, ahuntzen eta gameluen artileaz egiten zen.

Jantzi brodatuetarako, berriz, lihoa eta kotoia baliatzen ziren, baina kotoia batez ere XIX. mendearen amaieran hasi zen zabaltzen, Europatik inportatua. Oihalak tindatu gabeak nahiz tindatuak ziren, gehien bat indigo kolorearekin, baina beltza, gorria eta berdea ere ageri dira. Indigoaren (nileh) kolorea adur onekoa omen zen, eta maiz erabiltzen zen Galilean berokiak eta Palestinako hegoaldean soinekoak egiteko. Indigoz tindatutako kotoi lodiaz eginak ziren, halaber, emakumeen eta gizonen galtzak (saruel). Brodatu astunenak edo konplexuenak dituzten soinekoak, "beltzak" direla esaten bada ere, urdin oro iluneko kotoi lodiz edo lihoz eginak ziren.

Soinekoen ebakera oso zabala zen, askotan gorputzaren zabalera halako bi adinakoak, eta soberakoa gerrialdean biltzen zen gerriko batekin, prestigio sozialagatik eta klimaren arabera. Hori ohikoagoa zen hegoaldean. Zeta ere erabiltzen zen, Siriatik eta Egiptotik eramana.[3]

Hirietako modak Siriako Damasko hirikoen araberakoak dira. Siriako hiri batzuetan, Palestinako merkaturako propio egiten dira estilo zehatz bateko produktuak, hala nola gerrikoak edo xalak.

Majdal hiriko oihala

Palestinako jantzi tradizionaletarako eta arabiar mundura esportatzeko oihalgintza funtsezko industria bat zen Majdal herri suntsituan (egun, Israelgo Ashkelon hiria da)[4]. Majdaleko oihala ehundegian egiten da kotoizko hari beltz eta indigoekin eta zetazko-hari fuksia eta turkesekin. Herria desagertu bada ere, Majdalawi oihalaren artisautza mantendu egin da Gazan, kultura babesteko proiektu baten barrenean.

1948ko exodoaren ondorioz, jantzi eta ohitura tradizionalak hankaz gora geratzen dira: emakumezko errefuxiatuek ez dute denborarik ez dirurik jantzi brodatu konplexuak egiteko. Nakbaren ondotik garatu ziren estilo berriei erreparatzen lehenetako bat izan zen Widad Kawar jantzi-bildumagilea[5].

Aurrerago, 1960koetan, estilo berriak agertu ziren: adibidez, "sei adarretako soinekoa", gerritik hasita beheraino doazen sei zerrenda brodatuengatik. Estilo horiek errefuxiatuen kanpalekuetan sortu ziren, batez ere 1967tik aurrera. Herrietako estilo askotarikoak bateratzen dira identifikatzeko modukoa den estilo "palestinar" bakar batean. Gainera, errefuxiatuen kanpalekuetan eta lurralde okupatuetan, brodatze lanarekin diru-sarrerak lortzeko proiektuak sortzen dira, GKEek eta UNRWAk berak bultzatuta, eta estilo desberdinak ere garatzen dira.[6][7]

Jantzi motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Dishdasha edo thobea: jantzi zabala, mahukaduna, ebakera desberdina duena eskualdearen arabera.
  • Qabbeh dishdasharen bularraldeko pieza karratu eta apaindua.
  • Diyal Betleemeko jantzian, atzeko tolesdurako brokatuzko pieza.
  • Shinyar soinekoaren beheko aldea, zenbait tokitan brodatua.
  • Libas galtzak.
  • Taqsireh jaka motza, Betleemeko emakumeetan jaiegunetan janzten dutena. Horrelako jakak, arruntagoak, eguneroko janzkeran ere eramaten dira.[8]
  • Jubeh (jipoia) gizonek nahiz emakumeek janzten dituzten jakak.
  • Jillayeh jubeh brodatua,askotan eztei-jantzi baten gainekoa.
  • Shambar belo zabal bat, ohikoa Hebronen eta Palestinako hegoaldean.

Burukoak desberdinak dira eskualdearen arabera.

  • Shaṭweh, kapela konikoa, emakume ezkonduek janzten dutena Betleemen eta Betleem inguruko herri batzuetan.
  • Smadeh, Ramallahn erabilia, txano brodatu bat da, goian barrubetetako ertz gogor bat duena, eta inguruan txanpon ilara bat.
  • Araqiyah, Hebronen erabiliz. Araqiyah eta taqiyah hitzak Erdi Arotik erabiltzen dira mundu arabiarrean txano txiki batzuk izendatzeko. Kotoizkoak izan ohi dira eta emakumeek nahiz gizonek erabiliak. Palestine osoan, taqiyah da buruaren gain-gainean eramaten den kapela txikia. Hebronen, aldiz araqiyyeh-a txano brodatu bat da, emakume ezkonduak bere taqiyah gainean eramanen lukeena. Kasu honetan ere, emakumeak brodatuko luke eta txanpon ilara batekin apainduko.[9]

Gizonen burukoetan bilakaera gertatu da: turbantetik tarbus edo fezera pasatu zen, eta tarbusetik kufijara 1930eko hamarkadan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «Iconic Palestinian robe fashions a new political symbol» AP News 2019-02-12 (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  2. (Frantsesez) «UNESCO - L’art de la broderie en Palestine, pratiques, compétences, connaissances et rituels» ich.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  3. «Saudi Aramco World : Woven Legacy, Woven Language» archive.aramcoworld.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  4. (Ingelesez) TC-Gaza – Palestinian Heritage Foundation. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  5. «The home of the world’s largest collection of Palestinian, Jordanian and Arab traditional dress. | Tiraz» www.tirazcentre.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  6. (Ingelesez) «Handmade Fairtrade Gifts from Palestine | Shop Sunbula Online» Handmade Fairtrade Gifts from Palestine | Shop Sunbula Online (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  7. (Ingelesez) «Hadeel - Fair Trade Palestinian Crafts» Hadeel - Fair Trade Palestinian Crafts (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  8. (Ingelesez) TC-Bethlehem – Palestinian Heritage Foundation. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  9. (Ingelesez) Main Gallery – Palestinian Heritage Foundation. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]