Edukira joan

Petanka

Wikipedia, Entziklopedia askea
Petanka jokalariak Cannesen(2003)

Petanka bolak jaurtiz bi edo pertsona gehiagoren artean jokatzen den jokoa da. Distantzia jakin batetik tamaina ertaineko bola batzuk aurrez bota den beste bola txikiago batetik ahalik eta gertuen botatzean datza.[1]

Egungo jokoa 1907an Proventzako La Ciotat herrian sortu zen. Izan ere, euskarazko izena okzitanierazko (proventzera aldaerazkoa hain zuzen ere) petanca (peˈtaŋkɔ) hitzetik dator.[2] Okzitaniatik mundu zabalera hedatu zen eta egun Frantzian 17 milioi jokalari inguru ditu.

Kirol mota hau edozein lekutan jolas daiteke, baina normalean leku lauetan jokatzen da bola metaliko batzuekin eta bolitxe batekin.

Petanka jokoaren hastapenak, k.a V.I mendean hasi ziren, greziarrak txanponak ahalik eta urrutien jaurtitzera jolasten hasi zirenean. Geroago, erromatarrak izan ziren jokoa garatu zutenak, itu batera hurbiltzeari dagokion araua ezarriz. Galiara eta Alemaniara heldu zen eta zentzu erlijioso bat hartu zuen, Ingalaterran debekura eraman zuena. Sortutako lehenengo bolak buztinezkoak eta harrizkoak ziren, gero egurrezkoak eta azkenik altzairuzkoak.[3]

Petanka jokalariak 1840an

XIX. mendean, "boules" modura ezagututa, Frantzia guztira hedatu zen. Frantziako hegoaldekoei izugarri gustatzen zitzaizkien arau sinpledun joko luzeetan aritzea eta eremua libreki aukeratzea. Bertan, tiratzaileek, hiru pauso ematen zituzten bultzada irabazteko eta horrela ohitu ziren aurrerantzean jokalariak.

1904an, Félix Rofritsch izeneko alsaziar batek, lehenengo burdinazko bola fabrikatzeari ekin zion, Marseillako "rue des Fabres" lantegian, "La Boule Bleue" etiketarekin.[4]

1907an, gaur eguneko jokoa sortu zen, bultzadarik gabekoa, La ciotat-eko joko historikoan. Bertan Jules Huguesek, "Lenoir" izeneko joko proventzaleko txapeldun batek, erreumatismoaren ondorioz, ezin zuen bere jokorik gogokoena jokatu, horregatik, zirkulu bat marraztu zuen itua 5-6 metrora bidaltzeko, oinak hondoratuta zituela. Jaurtiketa, Ernest eta Joseph Pitiot jabeen bolatokian gertatu zen, La boule étoile-an. Bi anaiek berehala ulertu zuten kirol honen interesa, bereziki Ernestek, jokoaren arauak amaitzeari ekin ziolarik.[5]

1910ean Ernest pitiotek lehen lehiaketa ofiziala antolatu zuen arau berri batzuekin:

  • Jokoa eremu laburrago batean jokatzea
  • Pilota bultzadarik gabe jaurtitzea
  • Oinak parean edukitzea

1958ko martxoaren 8an, munduko txapelketak antolatzeko asmoz, Petankaren Federazio Internazionala sortu zen Marseillan (F.I.P.J.P). Zazpi herrialdek parte hartu zuten: Espainia, Frantzia, Maroko, Monako, Suitza, Belgika, eta Tunisia. Lehenengoko txapelketa 1959an izan zen Spa hirian, Belgikan, eta harrezkero bi urtean behin antolatzen da[6]

2005ean kirol ofizial bihurtu zen, kultura eta kirol ministerioak goi mailako kirol izendatzean.

Materiala eta zelaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Materiala (bolak)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beharrezko materialaren kasuan, beharrezko material bakarra jaurtiketarako bolak eta bolitxea dira.[7]

Jaurtiketa bolen kasuan, bi mota daude:

Petankako bolak

Lehiaketetako bolak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txapelketa ofizialetan erabiltzen diren bola motak dira, F.I.P.J.P-ak onartutako ezaugarriekin:

  • Hutsak eta metalezkoak izatea
  • 7,05-8 cm arteko diametroa izatea
  • 600-800 g arteko pisua izatea
  • Fabrikatzailearen marka eta dagokion pisuaren zifrak boletan grabatuta egotea.

Aisialdiko bolak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aisialdian erabiltzen diren bolak dira eta ezaugarri hauek dituzte:

  • Pisu eta diametro bakarra dute, adin eta genero guztietako esku eta indarrei egokitzeko.
  • 600-800 g arteko pisua dute.
  • Lehiaketetarako bolak baino merkeagoak dira.
  • Lehiaketetan debekatuta daude
Leedseko Petanka zelaia(2018)

Bolitxea 30mm-ko diametroa duen egurrezko pilota txiki bat da eta jaurtiketa bolen jomuga. Antzina bolitxea ez zen margotzen, baina gaur egun kolore biziz margotzen da, urrutitik ondo ikusteko.

Partida bat jokatzeko, edozein leku lautan jolas daiteke, parke batean edo hondartzan adibidez. Hala ere, ez da berdina leku gogor eta leun batean jokatzea edo eremu zakar eta harritsu batean.

Nazioarteko lehiaketetan, 15 metroko luzera eta 4 metroko zabalera duten zelai laukizuzenak dira. Hala ere,16m x 5 m-ko neurriak izan ditzake beste lehiaketa batzuetarako.

Bestalde, Jaurtiketarako borobilak, 35-50 cm-ko diametroa du eta 6-10 m ingurura egon behar da bolitxetik.

Petanka jokoaren helburua, bolak bolitxe izeneko itu batetik ahalik eta hurbilen jaurtitzean datza. Bi pertsona edo gehiagoren artean jolas daiteke, arau batzuk errespetatuz: [9][10]

  • Jokatzen hasteko, zozketa egiten da, eta aukeratutako taldeak edo pertsonak, abiapuntua aukeratu eta lurrean zirkunferentzia bat marrazten du, 30 cm-tik 50 cm-rako diametrokoa.
  • Banakako eta binakako partidetan jokalari bakoitzak hiru bola metalikorekin jokatzen du. Hirukotetan berriz, bi bolarekin.
  • Jokalarien oinak ezin dira zirkunferentziatik atera bolak lurra jo arte.
  • Partidak 13 puntura jokatzen dira.
  • Puntua bolitxetik gertuen dagoen bolari dagokio, baina aurkariak bere bolak jokatzen jarraitzen du, puntua berreskuratu arte.
  • Taldean jokatzen bada, talde bakoitzak bola bat du, eta beste taldearen bola baino gertuago badago, puntua irabazten du. Azkenean txanda bakoitzeko puntuak gehitzen dira.
  • Bolek metalikoak izan behar dute, 70 mm eta 80 mm arteko diametroarekin eta 600-800 g arteko pisuarekin.
  • Bolitxea egurrezkoa izaten da eta 30 mm-ko diametroa du.
  • Bola jaurtiketa modu askotan egin daiteke, baina jarrera ohikoenak zutik, hankak erdi flexionatuta edo kokoriko dira.
  • Bolitxea behin bakarrik jaurti daiteke.

Txapelketa nazionalak eta internazionalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petanka jokoan, txapelketa nazionalak eta internazionalak aurki ditzakegu:

Frantziak, kirol hau gehien praktikatzen duen herrialdea izateaz gain, munduko nazioarteko txapelketa garrantzitsuenak ditu. Ezagunena, "Mondial la Marseillaise à Petanque" da, urtero Marsellan jokatzen dena, 10.000 parte-hartzaile baino gehiagorekin eta 150.000 ikusle baino gehiagorekin.[11]

Beste txapelketa nazional ospetsuen artean, "Team trophy" txapelketa dugu, 2017tik L'Équipe egunkari Frantsesak antolatutako talde txapelketa.[12]

1914ko Munduko txapelketa

Internazionalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petanka jolasaren kasuan, bi urtean behin, F.I.P.J.P World Championship txapelketa[13] ospatzen da, munduko lehia ofizial bezala. Bertan munduko 50 herrialde inguruk parte hartzen dute, Frantzia, Thailandia eta Espainia onenak izanik.

Europa mailan ere, "Petanque EuroCup" txapelketa jokatzen da. Txapelketa honen azken irabazleen artean Frantzia, Suedia eta Belgika aurki ditzakegu.[14]

Gaur egun, kirol bat izan arren, ez da Kirol olinpikotzat hartzen eta Komite Olinpikoak ez du Olinpiar Jokoetara eramaten.

Jokalari ospetsuenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Philippe Quintais

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Philippe Quintais

Philippe Quintais, Frantzian jaiotako petanka jokalari profesionala eta belaunaldi honetako jokalari onenetarikoa da.[15] Hamabi urte zituenean hasi zen jokatzen eta hainbat txapelketa irabazi ditu banaka eta taldeka.

Irabazitako txapelketen artean, hamalau Munduko txapelketa eta hamabi Frantziar txapelketa ditu.

Philippe Suchaud

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Philippe Suchaud, Frantzian jaiotako jokalari profesionala da, Munduko txapelketa hamalau bider irabazi duena.[16] Philippe Quintais jokalariarekin, kirol guztietako Munduko txapelketa gehien dituztenak dira, Antoine Albeu Frantziar windsurflariaren 25 txapelketak alde batera utzita.

Bestalde, hamaika Frantziar txapelketa eta zazpi Frantziar kopa irabazi ditu.

Henri Lacroix

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Henri Lacroix

Henri Lacroix, Frantzian jaiotako jokalari profesional bat da, hamahiru bider Munduko txapelketa irabazi duena. Philippe Quintais-ekin eta Philippe Suchard-ekin, Frantziako "dream team" famatua sortu zuen, lau urtez segidan, Frantziako hirukote txapelketa irabaziz (2006-2010).[17]

Yolanda Matarraz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yolanda Matarraz, Espainiar jokalari profesionala da, bost bider nesken Munduko txapelketa eta Europako txapelketa irabazi dituena. Hamaika urte zituenetik jokatzen du petankan, eta gaur egun Frantziar talde batean jokatzen du.[18]

Lizentziadun kopurua herrialdeka[19]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Postua Herrialdea Lizentziadun kopurua
1 Frantzia 313.985
2 Tailandia 40.000
3 Espainia 29.787
4 Herbehereak 18.254
5 Alemania 15.284
6 Belgika 14.122
7 Aljeria 13.272
8 Maroko 11.121
9 Japonia 10.000
10 Suedia 6.391

Petanka kulturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Petanque Statue, Bond Court, Leeds

Kultura gizarte baten adierazpen-multzoa da, eta beraz, petanka jokoa ez dago gizarte horretatik salbuetsita. Hala ere, kultur-arloan, honekin erlazionatuta, estatuak eta museoak aurki ditzakegu.

Estatuetako bat Leeds herrian kokatuta dago, petanka zelai baten alboan, txapelketa baten oroigarri. Brontzez egin zuen Roger Burnettek, 2.000 urtean.[20]

Bestalde, Tolosa herrian, Frantzian, petankaren museo bat dago, Maison de la Pétanque deitua. Bertan, kirol honi buruzko koadroak, grabatuak, liburuak, zinema-kartelak eta hainbat objektu ikus ditzakegu, besteak beste, petankako lehen altzairuzko bola, 1927an egina Saint-Bonnet-le-Château-n.[21]

Petanka Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Euskal Herrian bada petankan aritzeko ohitura eta hainbat elkarte badira, kostaldean batez ere.[22]

Hego Euskal Herriari dagokionez, petanka gutxien praktikatzen diren kirolen artean dago. Hala ere, hainbat petanka talde daude. Hego Euskal Herriko leku desberdinetan eta talde hoberenak Euskal Petanka Erakundean sartzen dira, Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera izanda.[23] Beste autonomia-erkidegoekin konparatuz, jolaseko lizentziadunen artean, gutxienetan dago, 166 lizentziadunekin. Aldiz Katalunian, Balear Uharteetan edo Andaluzian, 1.000 lizentziadun baino gehiago daude.[24]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Petanka. .
  2. Marco Foyot, Alain Dupuy, Louis Almas, Pétanque - Technique, Tactique, Etrainement. Robert Laffont, 1984
  3. (Gaztelaniaz) Profesor. «Petanca: historia, categorías, implementos, reglas, táctica, técnica...» La web de todos los deportes y ciencias de la actividad física (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  4. (Frantsesez) La Boule bleue. 2021-01-03 (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  5. (Gaztelaniaz) «Petanca | Qué es, en qué consiste, historia, reglas, cómo jugar, pista, competiciones» Euston96 2018-05-27 (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  6. (Ingelesez) Pétanque World Championships. 2022-05-09 (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  7. (Ingelesez) Pétanque. 2022-04-27 (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
  8. «PISTA DE PETANCA | Otros elementos deportivos» Mobipark (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  9. (Gaztelaniaz) dice, JUAN ANTONIO. (2018-05-22). «Varias modalidades de petanca: descubre las reglas» Stadium Casablanca (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  10. (Gaztelaniaz) «Reglas de la petanca: ¿Qué es, cómo se juega y dónde se practica este deporte?» MARCA 2021-03-13 (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  11. (Frantsesez) «ACCUEIL» mondial (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  12. (Frantsesez) Trophée L'équipe. 2021-12-02 (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  13. «F.I.P.J.P» fipjp.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  14. (Frantsesez) Pétanque EuroCup. 2021-12-31 (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  15. (Ingelesez) Philippe Quintais. 2022-01-24 (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
  16. (Frantsesez) Philippe Suchaud. 2022-04-27 (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
  17. (Frantsesez) Henri Lacroix. 2022-05-08 (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  18. (Gaztelaniaz) «Petanca: Yolanda Matarranz, la Messi de la petanca» Marca.com 2017-12-02 (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  19. (Frantsesez) Pétanque. 2022-04-22 (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
  20. «Talking Statues Leeds : THE PETANQUE PLAYER» www.talkingstatuesleeds.co.uk (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  21. «Maison de la Pétanque en Vallauris, ¡el lugar para estar!» Ocio Costa Azul 2020-07-06 (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  22. (Frantsesez) admin. «Clubs de pétanque affiliés FFPJP en France et par régions • Boulipédia» Boulipédia (Noiz kontsultatua: 2022-06-12).
  23. (Gaztelaniaz) PAIS VASCO – Federación Española de Petanca. (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
  24. (Gaztelaniaz) Licencias 2021 – Federación Española de Petanca. (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]