Plitvice Aintziretako Parke Nazionala
Plitvice Aintziretako Parke Nazionala1 UNESCOren gizateriaren ondarea | |
Plitvice Aintziretako Parke Nazionala | |
Mota | Naturala |
Irizpideak | vii, viii, ix |
Erreferentzia | 98 |
Kokalekua | Kroazia |
Eskualdea2 | Europa eta Ipar Amerika |
Koordenatuak | 44°52′50″N 15°36′58″E / 44.88056°N 15.61611°E |
Izen ematea | 1979 (III. bilkura) |
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua) 2 UNESCOren sailkapena |
Plitvice Aintziretako Parke Nazionala (kroazieraz Nacionalni park Plitvička jezera), Kroaziako natura parkerik garrantzitsuena da. 1949an izendatu zuten parke nazional, eta 1979an Unescok gizateriaren ondare izendatu zuen. Zagreb hiriburutik 137 kilometro hegoaldera dago, Bosniarekiko mugatik oso gertu.
Parkea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lika-Senj eskualdeko Mala Kapela mendietan dago, Kroazia erdialdean. 296 kilometro koadro ditu parkeak. Meseta karstiko batean altuera desberdineko 16 aintzira eta haiek konektatzen dituzten 92 ur-jauzi daude. Matica ibaiaren urak hartzen ditu eta 133 metro beherago Korana ibaia sortzen du.
Goiko hamabi aintzirak (Gornja jezera) dolomita harrietan eratu dira. Aintzirarik handienak lehenengoa den Prošćansko (68 hektarea), Galovac (12,5 hektarea) eta azkenengoa den Kozjak (81 hektarea) dira. Beheko lau aintzirak (Donja jezera) txikiak dira. Kareharritan sortutako aintzirak direnez kobazulo ugari ere aurkitzen dira. Ur-jauzien artean aipatzekoa da Veliki Splat, 78 metroko saltoa. Aintzirak mediterraneoar eta alpetar floraz inguraturik daude. Pagoak, izeiak, pinuak eta astigarrak dira nagusi, eta baso haietan hartz arreez eta otsoez gain 120 hegazti espezietik gora bizi dira.
Turismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1893an jadanik parkearen kontserbaziorako komisio bat eratu zen eta 1896rako lehenengo hotela eraiki zuten bertan. Garai hartan 1000 bisitari jaso ohi zituzten urtero. 1949an Jugoslaviako gobernuak parkea nazionalizatu zuen. Gaur egun ia milioi bat bisitari hartzen ditu parkeak. Turistentzako ibilbide polita prestatua dago; tren batek goiko aintzirara eramaten du jendea eta ondoren aintzira guztien ertzetik bidexka eta zubiak igaroz behean bukatzen da bisitaldia. Horietan handiena den Kozjak aintzira itsasontziz igarotzen da.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Plitvice Aintziretako Parke Nazionalaren web orri ofiziala
- Plitvice, aintziren parkea Zientzia.net
- Argazkiak