Pteroplatytrygon violacea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pteroplatytrygon violacea
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaChondrichthyes
OrdenaMyliobatiformes
FamiliaDasyatidae
GeneroaPteroplatytrygon (en) Pteroplatytrygon
Espeziea Pteroplatytrygon violacea
Bonaparte, 1832
Banaketa mapa

Pteroplatytrygon violacea ur gaziko arrain kartilaginosoa da, Dasyatidae familiakoa.

Espezie pelagikoa eta migratzailea da, ur epelak jarraitzen dituena[1]. Gure artera Golkoko itsaslasterra baliatuz iristen da abendua eta apirila artean.

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Charles Lucien Bonaparte frantziar naturalistak deskribatu zuen 1832. urtean Iconografia della fauna italica per le quattro classi degli animali vertebrati liburuaren 3. atalean. Trygon violacea izena eman zion kolore morea duelako[1]. 1910. urtean Henry Weed Fowler zoologo estatubatuarrak Pteroplatytrygon azpigeneroa sortyu zuen, grezieraz pteron ("hegatsa"), platus ("zabala") eta trygon ("arraia") esan nahi du[2]. Ondorengo zientzilariek azpigenero hori genero bihurtu zuten.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pteroplatytrygon violacea arraiak 130 cm-ko tamaina hartu ohi du luzeran eta 59 cm zabaleran[3]. 1995 eta 2000 artean toki itxian egindako esperimentu batean lortu ziren inoiz ikusitako ale handienak. Ar batek 68 cm-ko zabalera eta 12 kilogramotako pisua hartu zuen eta eme batek 94 cm-ko zabalera eta 49 kilogramotako pisua[4].

Kolore more iluna edo urdin-berde iluna du gainaldean eta zerbait apalagoa sabelaldean. Harrapatu eta eskuekin manipulatzen denean muki beltz bat jariatzen du eta gorputza estaltzen dio[1].

Gorputza osatzen duen diskoa oso lodia da eta luzea baino heren bat zabalagoa. Ertzak oso kurbatuak dira aurrealdean eta angeluarrak eta zuzenak atzealdean. Muturra laburra da eta oso biribildua. Begiak oso oso txikiak dira eta ez dira gorputzeko profiletik ateratzen. Haien atzean espirakuluak daude, arnas aparatuaren irekidurak.

Ahoa oso txikia da eta leunki kurbaturik dago. Ildo sakonak ditu ertzetan eta goiko masailezurren erdian irtengune txiki bat, beheko barailaren koska batean sartzen dena[5]. Goiko barailan 25-34 hortz lerro daude eta azpikoan 25-31 lerro. Hortz bakoitzak punta bakarra du, arrek luzeagoa eta zorrotzagoa emeek baino[6].

Zartailu itxurako buztanak gorputzeko diskoaren luzera bikoitza du. Oinarrian lodia da eta ondoren fintzen doa. Lehenengo heren edo erdian zerra itxurako arantzak ditu.

Arraia gazteek gainazal oso leuna dute. Adinarekin arantza txikiak agertzen dira bizkarraren erdialdean eta ondoren arantza lerroak begien ingurutik buztaneraino, erdialdeko lerroan[7].

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeano guztietan ageri da, ur tropikal eta azpitropikaletan. Gure inguruan Britainiar uharteen hegoaldetik Mauritania eta Senegal alderako kostalde guztia hartzen du, Azoreak, Madeira eta Kanariak eta Cabo Verde uhartedia barne. Mediterraneo guztian ere hedaturik dago, Itsaso Beltzean barne[8].

Arrain itsastarra eta pelagikoa da 381 metro arteko sakoneran bizi daitekeena. Normalean 100 metro arteko sakoneran aurkitzen da[9].

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pteroplatytrygon violacea arraia.

Arraia pelagikoa da eta hegatsak gora eta bera mugitzen ditu, hegan arituko balitz bezala, tramanak egiten duen antzera. Itsaso hondoan dabiltzan arraiek hegatsetan uhinak sortuz mugitzen dira. Pteroplatytrygon violacea arraiak distantzia luzeak egin ditzake horrela eta maniobratzeko gaitasun handiagoa ere lortzen du. Atzerantz igeri egiteko gaitasuna ere badu[10]. Gainerako arraiekin konparatuta Lorenzini anpoila elektroerrezeptibo gutxiago ditu eta ikusmenean oinarritzen du elikagaiaren bilaketa.

Arren eta emeen taldeak osatzen ditu. Arrak ur sakonagoetan ibiltzen dira emeak baino. Gorputzean duen kolore ilunak kamuflatzeko balio dio eta bestelako babes mekanismorik ere badu, esate baterako buztanean duen arantzak pozoi indartsua sartzen dio erasotzaileari[11].

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harrapari aktiboa da. Hegatsekin harraparia inguratzen du eta ahora eramaten du. Ahoan dituen hortz zorrotzek harrapakin irristakorrak zulatzeko balio diete. Denetarik jaten du; krustazeoak (anfipodoak, krilla, karramarroen larbak...), moluskuak (txipiroiak, olagarroak...) eta hezurdun arrainak (sardinzarrak, berdelak, itsas zaldiak...), ktenoforoak, marmokak eta itsas zizareak[12]. Pteroplatytrygon violacea gazteek haien pisuaren %6-7a kontsumitzen dute eguneko, helduek %1a soilik[1].

Akuarioetan oso erasokorra da ataloarekiko. Horzkatu eta jazarri egiten ditu, bereziki gose denean.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pteroplatytrygon violacea arraiaren sabelaldea.

Plazenta gabeko animalia obobibiparoa da. 13 enbrioi arte izaten ditu emeak. Hasieran arrautzaren gorringoaz elikatzen dira baina ondoren histotrofobidez elikatzen dira, umetokiko esneaz hain zuzen ere. Esne horrek proteina, lipido eta muki asko du. Emeak obulutegi funtzional bakarra du, eta bi haurdunaldi izan ditzake urtean[13].

Emeek urtebetez izan dezakete gordeta arraren esperma, horrela baldintza egokiak direnean soilik ernaldu ditzake obuluak[1]. Haurdunaldiak 2-4 hilabete irauten du.

Harrapariak eta parasitoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Punta zuriko marrazo ozeanikoa (Carcharhinus longimanus), marrazo zuria (Carcharodon carcharias) eta hortzdun zetazeoak eta gainerako haragijale handiak dira harrapari nagusiak[1].

Platelminto ugarik parasitatzen dute; Acanthobothrium benedeni, A. crassicolle, A. filicolle, Rhinebothrium baeri, R. palombii, Tetragonocephalum uarnak eta Entobdella diadema[14].

Gizakiak ez du arrantzatzen, ez baitu haragi preziaturik. Jitoan dabiltzan sareetan ordea harrapatuta gelditu daiteke[15].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f Ebert, D.A.. (2003). Sharks, Rays, and Chimaeras of California. University of California Press, 19–221 or. ISBN 0-520-23484-7..
  2. Fowler, Henry W.. (1910). «Notes on Batoid Fishes» Proceedings of the Academy of Natural Sciences of Philadelphia 62 (2): 468–475. ISSN 0097-3157. (Noiz kontsultatua: 2024-01-30).
  3. Last, P.R. & L.J.V. Compagno. (1999). "Myliobatiformes: Dasyatidae". In Carpenter, K.E. & V.H. Niem (eds.). FAO identification guide for fishery purposes. The living marine resources of the Western Central Pacific. Food and Agricultural Organization of the United Nations ISBN 92-5-104302-7..
  4. (Ingelesez) Mollet, H. F.; Ezcurra, J. M.; O'Sullivan, J. B.. (2002). «Captive biology of the pelagic stingray, Dasyatis violacea (Bonaparte, 1832)» Marine and Freshwater Research 53 (2): 531–541.  doi:10.1071/mf01074. ISSN 1448-6059. (Noiz kontsultatua: 2024-01-30).
  5. Last, P.R. & J.D. Stevens. (2009). Sharks and Rays of Australia (2. edizioa). Harvard University Press, 457–458 or. ISBN 978-0-674-03411-2..
  6. Nishida, K. eta K. Nakaya. (1990). "Taxonomy of the genus Dasyatis (Elasmobranchii, Dasyatididae) from the North Pacific." in Pratt, H.L., S.H. Gruber and T. Taniuchi. Elasmobranchs as living resources: advances in the biology, ecology, systematics, and behaviour, and the status of fisheries. NOAA Technical Report, NMFS 90, 327–346 or..
  7. McEachran, J.D. & J.D. Fechhelm. (1998). Fishes of the Gulf of Mexico: Myxiniformes to Gasterosteiformes. University of Texas Press, 181 or. ISBN 0-292-75206-7..
  8. (Ingelesez) «Pteroplatytrygon violacea • Fish sheet» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2024-01-30).
  9. «Pteroplatytrygon violacea, Pelagic stingray» fishbase.mnhn.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-30).
  10. (Ingelesez) Jordan, Laura K.. (2008-11). «Comparative morphology of stingray lateral line canal and electrosensory systems» Journal of Morphology 269 (11): 1325–1339.  doi:10.1002/jmor.10660. ISSN 0362-2525. (Noiz kontsultatua: 2024-01-30).
  11. Bester, C., H.F. Mollett eta J. Bourdon. (2008). Biological Profiles: Pelagic Stingray. Florida Museum of Natural History Ichthyology Department.
  12. (Ingelesez) Véras, Dráusio Pinheiro; Vaske Júnior, Teodoro; Hazin, Fábio Hissa Vieira; Lessa, Rosangela Paula; Travassos, Paulo Eurico; Tolotti, Mariana Travassos; Barbosa, Taciana Martins. (2009-12). «Stomach contents of the pelagic stingray (Pteroplatytrygon violacea) (elasmobranchii: dasyatidae) from the tropical atlantic» Brazilian Journal of Oceanography 57: 339–343. ISSN 1679-8759. (Noiz kontsultatua: 2024-01-30).
  13. Wilson, Peter C.; Beckett, James S.. (1970). «Atlantic Ocean Distribution of the Pelagic Stingray, Dasyatis violacea» Copeia 1970 (4): 696–707.  doi:10.2307/1442312. ISSN 0045-8511. (Noiz kontsultatua: 2024-01-30).
  14. (Ingelesez) Llewellyn, J.; Euzet, L.. (1964-05). «Spermatophores in the Monogenean Entobdella diadema Monticelli from the skin of sting-rays, with a note on the taxonomy of the parasite» Parasitology 54 (2): 337–344.  doi:10.1017/S0031182000067962. ISSN 1469-8161. (Noiz kontsultatua: 2024-01-30).
  15. (Ingelesez) «Pteroplatytrygon violacea» Discover Fishes (Noiz kontsultatua: 2024-01-30).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]