Pythonidae

Wikipedia, Entziklopedia askea


Pythonidae
Indiako pitoia (Python molurus)
Irudi gehiago
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaReptilia
OrdenaSquamata
Familia Pythonidae
Fitzinger, 1826

Pythonidae (pitonidoak), eskuarki pitoi deritzenak (πυθων hitz grekotik), Afrika, Asia eta Australiako suge ez-pozoitsuen familia bat da, Squamata ordenakoa. Haien artean daude munduko sugerik handienetako batzuk. Zortzi genero eta 26 espezie ditu familiak. Boa sugeen familiaren antz handia dute pitonidoek. Horregatik, sailkapen batzuetan Boidae familiaren subfamiliatzat (Pythoninae subfmilia) jotzen da.

Habitata eta banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oihaneko animalia da pitoia, landaredia sarridun basoetan ageri ohi da. Afrika erdialdean, Asia hego ekialdean eta Ozeanian topa daitezke pitoi espezie ezberdinak.

Ipar Amerikan ere bada, gizakiak sarturik, eta espezie inbaditzailetzat jotzen da bertan.

Portaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pitoiak, boak bezala, ez dira pozoitsuak. Zelatan ezkutatu eta ingurutik igarotzen diren animaliak ehizatzen dituzte. Harrapatzen dituzten animaliak haien inguruan biribilkatuz eta hertsatuz hiltzen dituzte, itoaraziz. Uste zabalduaren kontrara, pitoiek ez dute harrapakina birrintzen; suge horien indarra arnasa moztu edo zirkulazioa oztopatzeko nahikoa den arren, ez du behar beste indarrik animalia handi baten hezurrak hausteko.

Gehienbat odol beroko animaliak harrapatzen dituzte, hala nola hegaztiak eta ugaztun txiki eta ertainak, espezie handiek antilopeak ere jaten badituzte ere. Anfibioak, beste sugeak eta arrainak ere jaten dituzte. Harrapakinak osorik irensten dituzte, eta zenbait egun behar dituzte digestioa osorik egiteko; baita asteak ere, harrapakina oso handia bada. Normalean animalia ertainak ehizatzen dituzte (zakur baten tamainakoak, gehienez ere), baina badira animalia handiagoak ehizatzen dituztenak. Zenbait kasutan gizakia ere eraso dezakete, oso ezohikoa izanagatik ere.

Boak ez bezala, pitonidoak obiparoak dira, hau da, arrautzak erruten dituzte, eta haien inguruan biribilkatzen dira tenperatura kontrolatzeko. Odol hotzeko animaliak direnez (ektotermoak), haien gorputzeko tenperatura ez da aski arrautzak bero mantentzeko, beraz, gorputzaren espasmo edo dardara bidez sortu behar du beroa.

Sugeen artean bizi-itxaropen luzea dute, 35 urte arte ere biziraun baitezakete.

Gizakiarekin harremana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pitoiek, esan bezala, gutxitan erasotzen dute gizakia. Aldiz, gizakiak ehizatzen du pitoia, haren haragia jateko edo larrua saltzeko.

Gatibutasunean ere hazten du gizakiak pitoia, batez ere larrua dela eta. Pitoiaren larrua estimatua da zaku, gerriko eta zapatak egiteko. Edonola ere, pitoien hazkuntza mugatua da eta larruaren jatorri ohikoena ehiza da. Zenbait kasutan konpainia-abere bezala hartua izan da. Aldiz, beharrezkoa da arretaz ibiltzea, jabea eraso duten zenbait kasu gertatu baitira, gutxi izan arren.

Pitoiak gizakiarentzat zuzeneko arrisku handirik ez badakar ere, suge horien presentziak badu eraginik gizartean. Zenbait gaixotasun kutsa diezazkieke gizakiei. Bestalde, haien dieta dela eta animalia ertainak gutxitzen direnez, eltxoek eta haiek kutsaturiko gaixotasunek gehiago erasaten dituzte gizakiak eta gizakien inguruko animaliak (etxabereak eta arratoiak adibidez, gizakia kutsatzeko aukerak handituz).

Azkenik, gizakiak pitoi aleak munduan zehar hedatu dituenetik, zenbait tokitan espezie inbaditzaileen zerrendetan ageri da.

Generoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]