Edukira joan

Ravenako kosmografia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ravenako kosmografia
Jatorria
Egilea(k)Ravennako anonimoa
Sorrera-urtea700
Argitaratze-data1688
Ezaugarriak
Genero artistikoaitinerariuma
Hizkuntzalatina
Egile-eskubideakjabari publiko eta jabari publiko
Deskribapena
OinarrituaAphroditianusen Geografia
Arsaciusen Geografia
Sardoniusen Geografia
Heldebalden Geografia
Libaniusen Geografia
Porfirioren Geografia
Athanariden Geografia
Marcomerren Geografia

Ravenako kosmografia (latinez: Ravennatis Anonymi Cosmographia), Ravennako Anonimoa edo Ravenate[1], VII mendean kosmografo kristau anonimo batek egindako testuen bilduma da. Bertan antzinako erromatarren bideak deskribatzen dira.

Konpilazioan aurreko mendeetako dokumentuak erabili zituen, eta 670. urtearen inguruan idatziko zuela uste da. Akats asko eta aldaera ugari sartu zitzaizkion Erdi Aroko fraideek segidan egindako kopietan.

Egilearen izena ez da gureganaino iritsi. Kosmografoa eta elizgizona zela baiezta daiteke. Ravennako Anonimoa (Anonymus Ravennas) izena eman izan zaio.[2] Beraz, esanm daigteke ez dakigula ezer autorearen identitateari buruz, non ez den Ravennan jaio eta kristaua[3], horrexegatik idazlanaren izena. Baina izen hori bera, haibat hizkuntzetan, idazlana eta idazlea bera aipatzeko erabitlzen da.

Liburu moderno moduan, lehen aldiz, Parisen argitaratu zuen dom Porcheronek Anonymi Ravennatis de geographia libri V izenburupean 1688an. Parisen A. Jacobsek berrargitaratu zuen 1858an, eta Berlinen Partheyk 1860an.[4] Edizio kritikorik berriena Joseph Schnetz-ek (de) ekoiztu zuen 1940an.

Garai hartan ezagutzen zen munduaren kosmografia guztia biltzea helburu zuen lana da. Horretarako III eta IV mendeetako testu ugari erabili ziren bilduma osatzeko. Erromatarren galtzadei jarraiki 5.300 toki izenetik gora aipatzen dira, bai eta 300 ibai inguru ere. Dena dela distantziak ez ditu aipatzen bosgarren liburuan ezik.

Hasieran bilduma bakarra zena ondoren bost liburukitan banatu zen:

Ravenako Anonimoa erromatarren galtzadak aztertzeko kontuan hartu beharreko iturri idatzi baliotsua da. Hala ere, ez ditu mansio (bideko ostatu-etxe handiak) baten eta bestearen arteko distantziak ematen, horien izena eta ibilbide lerroak besterik ez. 5.300 erreferentzia inguru ematen ditu, horien artean 300 ibai inguru, gainontzekoak hiriak izanik. V. liburuan bakarrik ematen ditu distantziei buruzko datu batzuk, eta hiri batzuk probintziaka zerrendatzen dira, nahiz eta nahiko modu desordenatu eta irregularrean. Antoninoren Ibilbidea idatzi ondoren sortu ziren hirien edo "mansione"-en izen berriak gehitzen ditu eta ziurrenik Pautingerren tabularen inspirazio iturri bera izan zuen, nahiz eta, batzuetan, Ravenako Anonimoak Tabulak baino datu osoagoak biltzen dituen.

Euskal Herriari buruzkoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriaren historiografiarei dagokioenaz, aipagarria da Spanoguasconia (edo baskoien lurralde zaharra "Hispanian") eta Guasconia (antzinakoek Akitania izenaz ezagutzen zutena) bereizten dituen lehen obra dela.[2]

Honela dio testuak euskaratua:

(...) Egunaren bederatzigarren orduan dago espainiarren aberri oso entzutetsua. Egunaren hamargarren orduan dago Galletiako aberria edo (vel) espainiar-baskoiena, eta Galletia horrek goian aipaturiko Espainiarekin mugatzen du. Egunaren hamaikagarren orduan dago baskoien aberria, aspaldian Akitania deitzen zena.²

Bestalde Britaniaren ondoan, ozeano-litoralaren lerroan, kokatzen da Guaskonia izeneko aberria, antzinako jendeek Akitania izendatzen zutena. Filosofo askok deskribatu zuten Guaskonia hau, nik irakurritakoen artean, aipatu Athanaridus hura... Gotuen filosofoak. Baina ez zuten guztiek berdin izendatu aipatu aberri hori...; baina nik aipatu Guaskonia horren hiriak eta ibaiak Athanaridus haren arabera izendatu ditut. Filosofoek Akitania hau oso emankorra bezala aipatu izan dute, era guztietako hornizio eta jatekotan. Guaskonia honetan hainbat hiri egon zirela irakurtzen dugu, horietatik batzuk izendatzea atsegin zaigularik, esate baterako, Buturicas (Bourges) / Arivernis (Auvergne) / Argentine / Limodicas (Limoges) / Pictavis (Poitiers) / Mediolano / Santinis (Saintes) / Gilissima (AngouWme) / Petiagroris (Perigord) / Aginnis (Agen) / Caturtium (Cahors) / Rodingis (Rodez) / Albigi (Albi) / Bordicalon (Bordele). Eskualde berean, badira hiriak beste aldean ere, esate baterako, Blavia / Tholosa / Luci / Cantilia / Langlo / Blivida / Bagaridon. lbai asko zeharkatzen dute Guaskonia hau, horien artean aipatzekoak direlarik Ligeris (Loira), Galia eta Akitania zatitzen dituena, eta Cares / Angulis / Alere / Icara / Crosa / Vicenna / Bicera / Dronona / Ulta / Garruna (Garona), horietatik batzuk ozeanoan isurtzen dituztelarik beren urak.

Era berean, Guaskoniaren ondoan (itsas-kostaldearen lerroan) aurkitzen da Spanoguaskonia, filosofo horiek berek Guaskonia izendatzen dutena aurrekoa bezala (?). Baina guk, Eldebaldusi jarraituz, esan bezala, Spanoguaskonia deitzen diogu. Eta Spanoguaskonia horregatik esan zuten filosofoek aberri oso ongi defenditua zela, hiri aldetatik mendi garai batzuen babesa baitauka eta laugarren aldean aipatu ozeanoa. Spanoguaskonia horretan hiriak bazirela irakurtzen dugu eta horietatik batzuk aipatzea atsegin dugu, esate baterako Lacura (Lectoure) / Autis (Auch) / Censeramus (Couserans) / Combinias (Comminges) / Bigorrias (Bigorre) / Elusa (Eauze) / Vasatis (Bazas) / Landinorum / Aguisla / Vestianum / Sacer / Sacerons. Spanoguaskonia hori, beste batzuen artean, ibaiok zeharkatzen dute, alegia, Medulla... ozeanoan isurtzen direnak.[5]

Baskoniaren eta bertako hirien deskribapena egiten du. Vacetae Insulae aipatzen ditu, eta Oléron Uharteak, non "Vacetae" baskoiak diren. Era berean, Loira ibai arteko lurraldeari Baskonia deitzen dio. Bertan, bereizketa egiten du Garonaz bi aldeen artean: Garonaz iparraldeari Guasconia deitzen dio, eta, Garonaz hegoaldekoari Pirinioetaraino, Spanoguasconia.

Caesaraugusta (Zaragoza) eta Pompaelo lotzen zituen eta ondoren Oiassoraino jarraitzen zuen bidea aipatzen du. Berez, Estrabonek aipatu zuen galtzada bera zen[3].

Hutsuenak eta akatsak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gordetako testua zaila da deszifratzen, ezagutzen diren hiru kopiak lehen adliz idatzi zeneko unetik hiru edo lau belaunaldik bereizten baitituzte. Ortografia akats, hitz mozte, omisio edo transkripzio akats ugari dituzte (testua nonbait diktatua izan dela dirudi). Aldaerak ez dira izen propioen ortografia soilera mugatzen, eta desberdintasun esanguratsuak ekar ditzakete testuaren gorputzean.[6]

Eskuizkribuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru eskuizkribu kontserbatzen dira:

  • Codex Vaticanus, Urbinas 961, XIII mendekoa
  • Codex Parisinus, bibliothecae imp. 4794, XIV mendekoa
  • Codex Basiliensis F.V. 6, XIV-XV mendeetakoa

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Sayas Abengochea, Juan José; Pérex Agorreta, María Jesús. (1987). «La red viaria de época romana en Navarra» Príncipe de Viana. Anejo (7): 581–609. ISSN 1137-7054. (kontsulta data: 2023-07-13).
  2. 1 2 «Rávena, anónimo de» Gran Enciclopedia de Navarra.
  3. 1 2 Gran Enciclopedia de Navarra | RÁVENA, ANÓNIMO DE. (kontsulta data: 2023-07-13).
  4. Bouillet,Marie-Nicolas eta Chassang, Alexis (1878) Dictionnaire universel d’histoire et de géographie, (Wikisource-n irakurgai), « Ravenne (l'Anonyme de) ».
  5. Gamboa Uriarte, Olatz; Ruiz Torrado, Maria. (2006). «Euskaldunen irudia Antzinaro eta Erdi Aroko testu historiko eta literarioetan: Egile klasikoen garaitik Errege-Erregina Katolikoen garaiko kroniketara arte» Kondaira: euskarazko historia aldizkaria sarean (5): 1–73. ISSN 1698-9287. (kontsulta data: 2026-01-28).
  6. Bouillet,Marie-Nicolas eta Chassang, Alexis (1878) Dictionnaire universel d’histoire et de géographie, (Wikisource-n irakurgai), « Ravenne (l'Anonyme de) ».

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]