Ab Asturica Burdigalam

Ab Asturica Burdigalam, Astorga-Bordele galtzada edo 34. galtzada (iter XXXIV) Astorga (Asturica Augusta) eta Bordele (Burdigala) batzen zituen erromatarren galtzada da[1]. Euskal lurretatik duen ibilbidearen ondorioz garrantzi berezia izan zuen baskoien antolaketa politikoan eta, jada Erdi Aroan Iruñeko Erresumaren sorreran[2].
Ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromatar funtzionarioek bidaiarientzat gida moduan egiten zituzten "itinerarium" edo ibilbideetan agertzen zen, tartean Antoninorenean, Ravenakoan edo Peutingeriar taulan.
Astorga eta Bordele batzeko egungo Espainiako León, Palentzia eta Burgosko probintzietatik, Euskal Herriko Araba, Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherea lurraldeetatik eta Frantziako Akitania eskualdetik pasa zen.
Antoninoren Ibilbidearen arabera kokaleku eta gune hauek zeharkatzen zituen[3]:
- Asturica Augusta (Astorga)
- Vallata (La Milla del Páramotik gertu)
- Palantia (Reliegosetik gertu)
- Viminacio (Calzadilla de la Cuezatik gertu)
- Lacobriga (Carrión de los Condesetik gertu)
- Dessobriga (Melgar de Fernamental)
- Segisamone (Sasamón)
- Deobrigula (Tardajos)
- Tritium Autrigonum (Monasterio de Rodilla)
- Virovesca (Briviesca)
- Vindeleia
- Deobriga (Miranda Ebro)
- Iruña-Veleia
- Suessatio (Arkaia?)
- Tullonio (Dulantzi?)
- Alba (Durruma (Donemiliaga))
- Aracaeli (Zamartze)
- Alantone (Atondo?)
- Pompaelo (Iruñea)
- Martínez Txoperenak eta Zubiría Mújikak proposatzen dute zati hau Iturrotzetik pasatzen egingo zela, gaur egungo Agoitzetik gertu, Tarraco-Oiasso galtzadarekin zati bat partekatuz Arre ingururaino[4].
- Summo Pyreneo[5] (Ibañeta)
- Immo Pyreneo[5] (Donibane Garazi edo Donezaharre)
- Carasa (Garrüze?)
- Aquis Terebellicis (Akize)
- Mosconnum
- Segosa
- Losa
- Boios
- Burdigala (Bordele)
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bidea Oktabio Augustok K.a. I. mendean, kantabriar gerretan kantabriar eta asturiarren aurka irabazi ondoren bultzatzen duen berrantolaketa administratiboaren ondorioa da[6]. Asturica Augustan Legio X Gemina luzaroan egon zen kantonatua, seguruenik, Hispania ipar-mendebaldeko urre mehatzen ustiaketa eta garraioa babesteko. Bidearen zaintza bi gorputzek egiten zuten: alde batetik limitaneiak zeuden, nominalki mugak zaintzeko ardura zutenak. Limitanei talde bat Iruña-Veleian zegoen[7], ez zegoen mugan, eta horregatik proposatu da izena hori izanda ere, bideko merkataritza zaintzearen ardura zutela[8]. Bidearen beste zatietan rustici izenekoak zeuden, bidezain lokalak. Pirinioen zaintzan baskoiak ziren rustici horiek[7].
Behin Mendebaldeko Erroma erori ostean, bideak funtzionamenduan jarraitu zuen, oraindik ere lotzen zituelako Mendebaldeko Europako lurraldeak. Bide horretan zeuden bi hiri nagusiak, Pompaelo eta Iruña Veleia oraindik ere garrantzitsuak izan ziren, eta baskoiek euren botere politikoa bidearen inguruan hedatu zuten, jada lehenago bidezain lanak egiten baitzituzten[7].
Mende batzuk geroago Karlomagnok ibilbide hau erabili zuen Iruñea erasotzeko. Erdi Aroan Done Jakue bideak ordezkatu zuen, nahiz eta tarte batzuetan bide ezberdinak izan.
1808 eta 1814 artean Napoleonek Iberiar penintsula inbaditu zuenean, euskal tarteak erabili zituen eta zenbait urtez Napoleonen ibilbidea izenaz ezagutu zen.
Aurkikuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Galtzaden etzeetan ohikoa zuen inperioak zenbait azpiegitura eraikitzea, hala, nola, mansioak, taberna-k eta caupona-k, bidaiariak eta abereak atseden hartzeko. Geraleku horien inguruan, batzuetan, eta eta zuten negoziorako aukerak aprobetxatzeko, herri berriak sortu ziren. Beste askotan, aurreko hiri eta herriak lotzen zituzten. Gainera, batzuetan zubiak berriekin ostatu behar zen ibilbidea, egurrezkoak edo harrizkoak. Bidearen distantziak markatzeko, miliarioak jartzen ziren. Horiek denak, neurri batean, aztarnak utzi ahal izan dituzte, eta Ab Asturica Burdigalan ibilbidean ere agertzen dira.
Araban
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabako Suessatio adibidez, hiri kategoria zuen eta bertan bideko mansio bat zegoela markatzen dute ibilbideek. Errekaleorren miliarri bat aurkitu zen eta termak induskatu ziren, eta horregatik, antzinako iturri aipatutako Suessatio izango zela uste dute ikerlariek. Arkaian aurkitutako material nabarmenenak Arabako Arkeologia Museoan ikus daitezke.
Nafarroan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2011tik , Ibañetatik Longuidara doan erromatar galtzadaren ibilbidean 6 miliario identifikatu dira hiru kokaleku desberdinetan: Mugarriluzen (Aurizberri/Espinal), Zandueta (Artzibar/Arce) eta Ibañetan (Orreaga/Roncesvalles). Mugarri horiek milia bakoitzero (millia passum) jartzen ziren, hau da, 1.481 metroro, bertatik igarotzen ziren bidaiariei informazioa emateko helburuz. Horietan askotariko informazioa adieraz zitekeen grabatu edo pinturen bidez, hala nola hurrengo mansio edo civitaserako distantzia edo galtzada eraiki edo konpondu arazi zuen enperadorearen izena.[9]
Nafar Pirinioetan aurkitutako miliarioak Aurizberriko udaletxean daude ikusgai[10]. Ingurune horretan ere, Zalduako aztarnategia induskatzen ari da, Iturissa izan daitekeena, eta Donezaharre, itinerarium-etan aipatzen den Immo Pyreneo izan daitekeena.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Otto Cuntz Itineraria Romana. I: Itineraria Antonini Augusti et Burdigalense (Leipzig: Teubner, 1929) 453,5 456,5.
- ↑ (Gaztelaniaz) Moteano Sorbet, Peio. Vasconia en los siglos oscuros. ISBN 978-84-96513-44-0. (kontsulta data: 2025-05-28).
- ↑ A. Blázquez, Nuevo estudio sobre el "Itinerario" de Antonino
- ↑ Martínez Txoperena, Juan Marí; Zubiría Mujika, Rafael. (2022). La vía romana Tarraco-Oiasso en Navarra y otros caminos mineros: propuesta de su trazado en el territorio norte de los Vascones. Aranzadi zientzia elkartea ISBN 978-84-17713-50-8. (kontsulta data: 2025-03-10).
- ↑ a b * Iturissa (Auritz/Auritzberri) De Miguel de Hermosa, Angel Ramón (1992), De "Pompaelo" a "Imus Pyrenaeus", Príncipe de Viana. Anejo, 1137-7054, Nº. 14, 259-265 or.
- ↑ (Gaztelaniaz) «DE HISPANIA IN AQUITANIA AB ASTÚRICA BURDIGALAM» Megalitos Pirenaicos 2022-04-02 (kontsulta data: 2023-12-05).
- ↑ a b c Pozo Flores, Mikel. (2016-11-08). Vasconia y los vascones de la crisis del Imperio romano a la llegada del Islam (siglos V-VIII). Evolución sociopolítica y génesis de la gens effera. (kontsulta data: 2025-04-08).
- ↑ Domínguez Monedero, Adolfo J.. (1983). «Los ejercitos regulares tardorromanos en la Península Ibérica y el problema del pretendido "limes hispanus"» Revista de Guimaraes (93): 101–132. ISSN 0871-0759. (kontsulta data: 2025-04-09).
- ↑ MILIARIOAK ETA EPIGRAFIA – Pirinioetako galtzada erromatarra. (kontsulta data: 2025-01-07).
- ↑ AURIZBERRIKO MILIARIOEN ERAKUSKETA – Pirinioetako galtzada erromatarra. (kontsulta data: 2024-06-03).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Markel Gorbea: "Vías de comunicación en territorio autrigón, caristio y várdulo"
- Erromatar garaiko galtzarak Aintzin Aroan. Jardunaldiak = Jornadas sobre las calzadas romanas en la Antigüedad Auritz-Burguete (Navarra) 2013. 2013- VIII-19/21 Auritz-Burguete (Nafarroa). ISBN: 978-84-945560-5-0.
- J. Etxegoien, R. Zubiria, J.M. M. Txoperena, E. Garcia Garcia, O. Mendizabal Sandonís, E. Alonso, J. Inziarte, M. Aiestaran, J. Agirre, Artzai. E. Martinez de Miguel. Pirinioetako galtzada erromatarra Nafarroako Gobernua, Aranzadi Zientzia elkartea, Cederna garalur, eta abar.