Rudy Hirigoien

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Rudy Hirigoien
Bizitza
Jaiotza Lekorne1919ko abuztuaren 29a
Herrialdea  Lapurdi, Euskal Herria
Heriotza Lyon2000ko urriaren 24a (81 urte)
Jarduerak
Jarduerak abeslaria

Rudy Hirigoien edo Hirigoyen[1] (Lekorne 1919ko abuztuaren 29a - Lyon 2000ko urriaren 24a) Lapurdin jaiotako abeslari lirikoa zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekornen 1919an jaio zen baina gurasoek Parisera emigratu zuten 1927an. Diotenez betidanik izan zituen gogoan herri lapurtarreko umetako pilota partidak eta dantzak. Ama, bestalde, bretoia zuen.

Aita sukaldaria zenez semea ostalaritza mundutik abiatzea nahi zuen eta bere lehen lanbidea Georges V hotelean topatu zuen. Lau urtez ile-apaintzaile ere aritu zen.

Musikan ikasketarik izan gabe baina txikitatik izugarrizko zaletasuna izanik, 1938an irratietan burututako bi kantu lehiaketa irabazi zituen eta 1939an lehen geratu zen Operaren eta Opéra-Comique Antzokiaren lehiaketan; Pucciniren La Bohèmeren doinu bat (Que cette main est froide) kantatuz ehun lehiakide atzean utzi zituen.

Beraz, asmorik izan gabe bere dohainengatik abeslari karrera profesionala egingo zuela aurreikusten hasi zen.

Ibilbide profesionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1939an Bigarren Mundu Gerrarako mobilizatuta, preso hartu eta 1941ean askatu zuten.

Châtelet antzokian korista, berehala bere bakarlari lanagatik ezagun egin zen. 1944an heldu zitzaikion lehen arrakastak (Ma belle au bois dormant, Au jardin de mon cœur, Pastourelle à Nina). Ordurako Luis Mariano delako hasiberri bat ospea hartzen zebilen. 1947an Hirigoienek Mariano bera ordezkatu zuen Francis Lopezen La Belle de Cadix operetan, lehen Parisko Casino-Montparnassen eta gero probintzietan eta horrek bultzatu zuen bere karrera. Urte berean egon zen seguru asko bere gailur pertsonalean Gaîté-Lyrique antzokian Franz Lehárren le Pays du sourire operetaren frantsesezko lehen bertsioa interpretatu zuenean.

Luis Marianok arrakastatsu bihurtutako obren kantaria, Andalousie, le Chanteur de Mexico edo le Secret de Marco-Polo lanekin protagonismo zabala izan zuen. Garai haietan "marianistak" eta "hirigoienzaleak" ika-mikan aritzen ziren.

Le Brigand d’amour eta Les Caprices de Vichnou (biak 1951n) obretan kantatu zuen Étoile antzokian eta beranduago Méditerranée (1964) Châteleten. Lehenagotik ezagunak ziren obra horietan kantatzeaz gain sorkuntza lana ere burutu zuen: Pour toi (Georges Dherainen musika), Maria-Flora (Henri Bettiren musika, 1957) Châtelet antzokian eta batez ere Viva Napoli (Francis Lopezen musika, 1970) Mogadoren, zeinetan Napoleonen papera egin zuen; Lopezek Hirigoienentzat propio egindako lehen obra izan zen.

1987 arte Europan zehar ibili zen Francis Lopezen obrak (La Toison d’Or, La Route fleurie, Le Prince de Madrid, Gipsy) interpretatzen. Bere azken sorkuntza ere Lopezen beste opereta bat izan zen, Fandango, 1987an Élysée-Montmartren aurkeztua.

1080ko hamarkadan, bestalde, Parisko 18. barrutian dagoen Ordener kaleko Cité des Artistes delakoan kantu irakasle aritu zen. Eskuzabal eta aholkulari ona bazen ere, behar den pedagogia prestakuntza falta zitzaion.

2000ko urriaren 24an hil zen bizitzaren azken urteak pasatu zituen Lyonen; hiri hau maite zuen eta bertako Théatre de l'Opérette izenekoaren ohorezko presidentea zen. Hiru aldiz ezkondua, alaba bat izan zuen: Valérie.

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rudy Hirigoieni Luis Mariano, Georges Guétary edo André Dassaryk lortu zuten ospea erdiesteko falta izan zitzaion bakarra benetako kanta oso arrakastatsu bat ez izana da. Abesti eder asko interpretatu zuen baina ez zuen bakar batean ere lehen mailako fama hori lortu.

57 urteko karrera luzea burutu zuen lekondarrak. Québecen ere aipatzeko moduko ospea lortu zuen eta kantari bisitatu zituen herrialdeen artean Belgika, Suitza eta Aljeria daude.

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berak interpretatutako obra ia guztiak grabatuta daude; disko ugari horien artean hauexek nabarmendu daitezke:

  • Andalousie (Lopez) Janine Ribotekin. Zuzend. Jacques Météhen.
  • La Belle de Cadix (Lopez) Janine Ribot, Odette Lost, Willy Clément eta Jack Claretekin. Zuzend. Georges Derveaux.
  • Le Chanteur de Mexico (osoa) Cathy Albert, Monique Bost, Line May eta Christian Borelekin. Zuzend. Jo Moutet.
  • Le Chanteur de Mexico (Lopez) Janine Ribot, Lisette Jambel eta Jack Claretekin. Zuzend. Paul Bonneau.
  • Fandango (Lopez) Chris Kellerrekin.
  • Maria-Flora (Betti) Liliane Lanson eta Jean Vallinekin. Zuzend. Paul Bonneau.
  • Méditerranée (Lopez) Janine Ribot eta Lisette Jambelekin. Zuzend. Jacques Météhen.
  • Le Pays du Sourire (Lehár) Janine Ribot, Christiane Harbell eta Pierre Germainekin. Zuzend. Jacques Météhen.
  • Rendez-vous à Paris (Liferman) Eliane Varon, Florence Raynal eta Luc Barneyrekin. Zuzend. Paul Bonneau.
  • La Route Fleurie (Lopez) Angelina Cristi eta Henri Genèsekin. Zuzend. Christian Lalune (Laserlight etxeak CDan berrargitaratua).
  • Viva Napoli! (Lopez) Nicole Broissin, Eliane Varon eta Luc Barneyrekin. Zuzend. Paul Bonneau.

Zineman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbait film musikaletan ere parte hartu zuen:

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Rudy Hirigoien: Ma vie d'opérette; Sylviane Hirigoyenek bildutako testu eta argazkiak; les Amis de Rudy Hirigoyen, 2003, Lyon; 105 or. ISBN 2-9520374-0-X.
  • Hirigoien Opérette aldizkariko 34, 63, 95, 101 (hau berari eskainia), 117 eta 118 zenbakietan ageri da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Hirigoien da forma arautua (Euskaltzaindia). Hala ere, batez ere Rudy Hirigoyen idatzi zen izen artistiko bezala, kontuan hartuta Frantziako hirietan zehar aritu izan zela.
  2. Film honen fitxa filmsdefrance.comen.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]