Safavi dinastia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Safavi» orritik birbideratua)
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Safavi dinastia
دودمان صفوی
Dudmān e Safavi
1501 – 1736
Monarkia
bandera

armarria

The maximum extent of the Safavid Empire under Shah Abbas I.png
Safavien Inperioaren hedadura handiena, 1512 aldean
Geografia
Hiriburuak Tabriz (15011555)
Qazvin (1555–1598)
Isfahan (1598–1736)
Ekonomia
Dirua Tuman
Kultura
Hizkuntza(k) persiera (ofiziala), azerbaijanera
Erlijioa xiismoa
Historia
Aurrekoak
Timurid.svg Timur Inperioa
Blank.jpg Ak Koyunlu
Ondorengoak
Hotaki dinastia Black flag.svg
Afxar dimastia Nader Shah Flag.svg
Errusiar Inperioa Flag of Russia.svg
Otomandar Inperioa Ottoman flag.svg

Safavi dinastia (persieraz: دودمان صفوی‎, Dudmān e Safavi, azerbaijaneraz: صفويلر سولاله‌سى, Səfəvilər sülaləsi) Irango leinu xiita izan zen, 1501-1736 bitartean herrialdean agindu zuena. Haren ekiteari esker gorpuztu zen Persia modernoa, egungo Iranen aitzindari izan zen estatua, eta sinesmen xiitari esker iraun zuten baturik inperio haren barnean zeuden herriek.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

VII. mendetik XIII. mende hasierara arabiarren eta turkiar seljuktarren esku egon zen Persiako lurraldea eta hango herritarrak islamera bihurtu ziren. Persia Inperio Islamiko Unibertsal baten parte izan zen, baina dinastia askoren eragina izan zuen beti.

Safaviak Safi-ad-din Ardabili (1253-1334) xeik kurduaren ondorengoak ziren[1]; haiek lortu zuten leinu turkomanoen eragina deuseztea. Ismail I.a izan zen dinastiaren sortzailea. 1501ean, Azerbaijango xah izendatu zuten, eta hiriburua Tabrizen kokatu zuen; 1510erako Iraketik Khorasanerako eta Bakutik Persiar golkorako lur eremuak beretu zituen inperio berriak.

Otomandarrek Persiari eraso zioten, haien erlijio heretikoaren aitzakia harturik. Eta, horrekin batera, emirrerri turkomanoen presioari ere aurre egin behar izan zion Persiak. Ismailen ondorengo Tahmasp I.ak, 1524-1576 bitartean agindu zuenak, turkiarren kontrako borrokan jarraitu zuen, habsburgotarrekin bat eginda; otomandarrek, berriz, hitzarmena sinatu zuten Frantziako errege Frantzisko I.arekin. Otomandarrek askoz ere indar gehiago zutela bistan da, eta horren ondorioz hainbat lurralde galdu zituen Persiak; Irango goi-ordokia baino ez zitzaion gelditu, Bagdad galdu eta 1555ean Amasiako hitzarmena sinatu ondoren.

Persiaren garai oparoena XVII. mendea izan zen, Abbas I.a Handiaren agintaldia (1587-1629); Abbasek, Konstantinoplako bake hitzarmena sinatu ondoren, ipar-ekialderantz zabaldu nahi izan zituen bere inperioaren lurrak. Ingelesen laguntzarekin gudarostea berrantolatu zuen eta erasoari ekin zion: Kandahar hartu zuen, portugaldarrak Ormuztik egotzi zituen eta Bagdad eta Irak kendu zizkien otomandarrei. Abbas I.ak Isfahanen jarri zuen erresumaren hiriburua eta gizartea eta ekonomia eraberritu zituen. Haren ondorengoak ordea, Safi I.a (1629-1642) eta Abbas II.a (1642-1667), oso ahulak izan ziren, eta gortean istilu ugari sortu izanaz baliatu ziren safavien etsaiak. Horrela, Mahmud Hotak afganiar emirraren esku gelditu zen Isfahan 1722an.

1722an Mahmud Hotak Persiako xahanxah izendatu bazuten ere, Safavi Inperioaren iparraldeko probintziak Bukharako turkomanoen esku zeuden, errusiarrek aginpidea zuten Kaspiar itsasoaren hegoaldean, eta otomandarren eragina agertu zen berriro Azerbaijan, Armenia eta Mesopotamian. Etsai haiek guztiek ekarritako hondamena zela-eta, Mahmud Hotaken ondorengo Axrafi ez zitzaion turkiarren sultana jaun bakar gisa onartu beste aukerarik gelditu, eta persiarrak sunismora bihurtuko zituela agindu behar izan zuen, orobat. Egoera horri erantzuten lehenak iparraldeko leinuak izan ziren; Nadir buruzagi nomadaren aginduetara, Tahmasp II.a izendatu zuten errege 1729an, afganiarren nagusitasunari uko egin, Azerbaijan, Armenia eta Georgia turkiarren mendekotasunetik askatu eta Errusiak kendu zizkien probintziak berreskuratu ondoren. 1736an Nadir-ek Abbas III.a eraitsi zuen eta bere burua errege izendatu zuen, Nadir Xah izenaz. Era horretan, Safavi dinastia amaitu eta Axfar dinastia hasi zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Ebn Bazzaz, Encyclopaedia Iranica, VIII/1, p. 8, iranicaonline.org, http://www.iranicaonline.org/articles/ebn-bazzaz. Noiz kontsultatua: 2017-3-23 .
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Safavi dinastia Aldatu lotura Wikidatan