Safaviden Inperioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Safaviden Inperioa
ملک وسیع‌الفضای ایران
1501 – 1736
Monarkia
bandera

armarria

Safaviden Inperioaren hedadura handiena, 1512 aldean
Geografia
HiriburuakTabriz (15011555)
Qazvin (1555–1598)
Isfahan (1598–1736)
Ekonomia
DiruaTuman
Kultura
Hizkuntza(k)persiera (ofiziala), azerbaijanera
Erlijioaxiismoa
Historia
Aurrekoak
Timurtarren dinastia
Ak Koyunlu
Ondorengoak
Hotaki dinastia
Afxariden Inperioa
Errusiar Inperioa
Otomandar Inperioa

Safaviden Inperioa Persiaren konkista musulmanaren ondoren irandar inperiorik handiena eta luzeena izan zen, 1501 eta 1736 artean safaviden dinastia[1] xiitak gobernatu zuena.[2][3][4][5] Historialarien esanetan, Irango historia modernoaren oinarria izan zen.[6]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

VII. mendetik XIII. mende hasierara arabiarren eta turkiar seljuktarren esku egon zen Persiako lurraldea eta hango herritarrak islamera bihurtu ziren. Persia Inperio Islamiko Unibertsal baten parte izan zen, baina dinastia askoren eragina izan zuen beti.

Safavidak Safi-ad-din Ardabili (1253-1334) xeke kurduaren ondorengoak ziren[7]; haiek lortu zuten leinu turkomanoen eragina deuseztea. Ismail I.a izan zen dinastiaren sortzailea. 1501ean, Azerbaijango xah izendatu zuten, eta hiriburua Tabrizen kokatu zuen; 1510erako Iraketik Khorasanerako eta Bakutik Persiar golkorako lur eremuak beretu zituen inperio berriak.

Otomandarrek Persiari eraso zioten, haien erlijio heretikoaren aitzakia harturik. Eta, horrekin batera, emirerri turkomanoen presioari ere aurre egin behar izan zion Persiak. Ismailen ondorengo Tahmasp I.ak, 1524-1576 bitartean agindu zuenak, turkiarren kontrako borrokan jarraitu zuen, habsburgotarrekin bat eginda; otomandarrek, berriz, hitzarmena sinatu zuten Frantziako errege Frantzisko I.arekin. Otomandarrek askoz ere indar gehiago zutela bistan da, eta horren ondorioz hainbat lurralde galdu zituen Persiak; Irango goi-ordokia baino ez zitzaion gelditu, Bagdad galdu eta 1555ean Amasiako hitzarmena sinatu ondoren.

Persiaren garai oparoena XVII. mendea izan zen, Abbas I.a Handiaren agintaldia (1587-1629); Abbasek, Konstantinoplako bake hitzarmena sinatu ondoren, ipar-ekialderantz zabaldu nahi izan zituen bere inperioaren lurrak. Ingelesen laguntzarekin gudarostea berrantolatu zuen eta erasoari ekin zion: Kandahar hartu zuen, portugaldarrak Ormuztik egotzi zituen eta Bagdad eta Irak kendu zizkien otomandarrei. Abbas I.ak Isfahanen jarri zuen erresumaren hiriburua eta gizartea eta ekonomia eraberritu zituen. Haren ondorengoak ordea, Safi I.a (1629-1642) eta Abbas II.a (1642-1667), oso ahulak izan ziren, eta gortean istilu ugari sortu izanaz baliatu ziren safaviden etsaiak. Horrela, Mahmud Hotak afganiar emirraren esku gelditu zen Isfahan 1722an.

1722an Mahmud Hotak Persiako xahanxah izendatu bazuten ere, Safaviden Inperioaren iparraldeko probintziak Bukharako turkomanoen esku zeuden, errusiarrek aginpidea zuten Kaspiar itsasoaren hegoaldean, eta otomandarren eragina agertu zen berriro Azerbaijan, Armenia eta Mesopotamian. Etsai haiek guztiek ekarritako hondamena zela-eta, Mahmud Hotaken ondorengo Axrafi ez zitzaion turkiarren sultana jaun bakar gisa onartu beste aukerarik gelditu, eta persiarrak sunismora bihurtuko zituela agindu behar izan zuen, orobat. Egoera horri erantzuten lehenak iparraldeko leinuak izan ziren; Nadir buruzagi nomadaren aginduetara, Tahmasp II.a izendatu zuten errege 1729an, afganiarren nagusitasunari uko egin, Azerbaijan, Armenia eta Georgia turkiarren mendekotasunetik askatu eta Errusiak kendu zizkien probintziak berreskuratu ondoren. 1736an Nadir-ek Abbas III.a eraitsi zuen eta bere burua errege izendatu zuen, Nadir Xah izenaz. Era horretan, Safaviden dinastia amaitu eta Afxariden dinastia hasi zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia. (PDF) 182. arauaː Dinastien izenak. .
  2. Helen Chapin Metz, ed., Iran, a Country study. 1989. University of Michigan, p. 313.
  3. Emory C. Bogle. Islam: Origin and Belief. University of Texas Press. 1989, p. 145.
  4. Stanford Jay Shaw. History of the Ottoman Empire. Cambridge University Press. 1977, p. 77.
  5. Andrew J. Newman, Safavid Iran: Rebirth of a Persian Empire, IB Tauris (March 30, 2006).
  6. (Ingelesez) Matthee, Rudi. (2017-6-13). SAFAVID DYNASTY. in: Encyclopædia Iranica. New York: Columbia University ISSN 2330-4804..
  7. Ebn Bazzaz. Encyclopaedia Iranica, VIII/1, p. 8, iranicaonline.org (Noiz kontsultatua: 2017-3-23).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]