Sorgorraldi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Neguko sorgorraldian, landareen metabolismoa eten ohi da

Sorgorraldia organismoen bizi zikloaren garai bat da, non hazkuntza, garapena eta (animalietan) aktibitate fisikoa aldi baterako eteten diren. Horrela aktibitate metabolikoa gutxitzen da eta energia aurrezten laguntzen du. Sorgorraldia inguruneko baldintzekin estuki lotura izan ohi du. Bizi-zikloko fase batzuetan bereziki gertatzen da fenomenoa, esaterako hazi-fasean edo arrautza-fasean.

Organismoek ingurunearekin sinkronizatu dezakete sorgor fase batera sartzea, iragarpenezko edo ondoriozko baliabideen bidez:

  • iragarpenezko sorgorraldia (edo primarioa) hasten da aurkako baldintzak izan baino lehen. Adibidez, fotoperiodoaren murrizteaz eta tenperaturen jeisteaz baliatzen dira landare batzuk neguaren etorrera iragarteko.
  • ondoriozko sorgorraldia (edo sekundarioa) hasten da aurkako baldintzak ezarri ondoren. Klima iragarrezineko lurraldeetan jazotzen da gehien bat.

Animaliak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marmotek (Marmota marmota) hibernatzen dute

Hibernazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hibernazioa animalia zenbaitek negua igaro ahal izateko euren metabolismoa geldotzen duten garaia da, energia aurreztuz eta janari kopurua murriztuz. Hibernazioan, animaliak gorputzeko tenperatura jeisten du eta elikagaien eskaria, bihotzaren erritmoa eta arnasketaren maiztasuna gutxiagotu egiten dira[1].

Diapausa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diapausa iragarpeneko estrategia bat da, animaliaren genotipoak predeterminatua. Ohikoa da intsektuengan, garapena etetea ahalbidetuz udazkenaren eta udaberriaren artean.

Estibazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estibazioa da ondoriozko sorgorraldiaren adibidea, baldintza oso bero edo lehorrei erantzunez. Ohikoa da ornogabeetan, adibidez barraskilo eta zizareetan, baina beste animalia mota batzuetan ere ager daiteke, hala nola dipnoi, arrabio, basamortuko dortoka eta krokodiloetan.

Brumazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brumazioa narrasti batzuek duten sorgorraldia da, hibernazioaren antza duena[2], baina prozesu metaboliko desberdinak dituena[3]. Narrastiek udazken amaieran hasi ohi dute brumazioa (garai zehatza espeziearen araberakoa da). Brumazioan zehar, ura edateko "esnatu" ohi dira eta gero berriz "lokartu".

Landareak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landareen fisiologian, sorgorraldia hazkuntza eteten den garaia da. Espezie ugarik garatu duten biziraute estrategia da, zeinak bizirautea ahalbidetzen duen hazteko egokiak ez diren urtaro batzuetan, hala nola neguan edo urtaro lehorrean.

Haziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inguruneko baldintzak muturrekoak direnean, angiospermoen hazien garapena eta ugalketa eten egiten da, une eta baldintza onenak etorri arte, indarrak ondo gordetzeko[4].

Bernalizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erabelar espezie askok bernalizazio beharra dute loratu ahal izateko.

Landare batzuk loratze prozesua hasteko hotzaldia jasan behar dute lehenago[5]. Mekanismo honi bernalizazioa deritzo. tenperatura txikiko garaiaren iraupen beharra espeziaren araberakoa da, baina landare banakoaren ezaugarrien arabera ere alda daiteke (adibidez landarearen adina edo ingurune hurbila). Prozesu horretan eragin handia du FLC (Flowering Locus C) loratze-errepresoreak. FLCaren proteinek loratzea blokeatzen dute, baina hotzaldia luzaroan izatean kontzentrazioak behera egiten du eta eguraldi epela datorrenerako posible da loratzea[5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Agirrebeña Berasategi, Rosa (1995) Hibernazioa Elhuyar aldizkaria.
  2. Reptilian Brumation.
  3. Hibernating Mammals and Brumating Reptiles: What’s the Difference?.
  4. Amaia Portugal (2015-12-23) Enbrioi txikiak, hobeto bizirauteko Zientzia kaiera.
  5. a b Lexartza Artza, Irantzu (2004-04-01) Udaberria, loreen iratzargailua Elhuyar aldizkaria.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]