Edukira joan

Urtaro

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Lau urtaro klasikoek zuhaitz bati eragiten dizkioten aldaketak. Lehen errenkadakoak negua eta udaberria dira eta bigarrenekoak, uda eta udazkena.

Urtaroak eguraldia, ekologia eta eguneko argiaren iraupenak markatzen duten urtearen zatiketak dira. Lurraren orbitaren eta makurdura axialak ekliptikarekiko duten erlazioak sortzen ditu[1][2]. Lurreko ingurune epeletan eta polarretan urtaroak Eguzkiaren argiaren intentsitatearen ondorio dira, animaliek hibernatu edo migratu eta landareen bizitza zikloak eragiten dituena. Kulturaek urtaroak euren eskualdetako aldaketen arabera neurtzen dituzte.

Maiatz, ekain eta uztailean Ipar Hemisferioak Eguzkiaren argi zuzen gehiago jasotzen du, hemisferio hori Eguzkiarekiko zuzenago dagoelako (baina ez gertuago[oh 1]. Gauza bera gertatzen da Hego Hemisferioan azaro, abendu eta urtarrilean. Lurraren makurdura axialaren ondorioz, Eguzkia gorago agertzen da zeruan udako hilabeteetan, Eguzkitik jasotzen den energia handtiuz. Hala ere, urtaroen atzerapenaren ondorioz, ekain, uztail eta abuztua Ipar Hemisferioko hilik beroenak dira, eta abendu, urtarril eta otsaila, Hego Hemisferioko beroenak.

Inguru epel eta polarretan urtaroek hiruna hileko iraupena dute eta negu, udaberri, uda eta udazken izenak ematen zaizkie. Haien hasiera eta bukaera definitzean, ekinozio eta solstizioak erabiltzen dira; hala ere, definizio kulturala da: adibidez, Indian, antzinatik, sei urtaro edo Ritu bereizten dira egun ere nekazaritza eta merkataritzarako, antzinako Hegoaldeko Asiako erlijio eta kulturan oinarrituak[3][4]. Ekologian ere sei urtaroko zatiketa erabiltzea ohikoa da inguru epeletan, inongo egutegira zuzenean lotu gabe: prebernala, bernala, estibala, sertinala, autunala eta hibernala. Ekuatoretik gertu dauden lekuetan bi urtaro baino ez daude: hezea eta lehorra. Leku batzuetan hirugarren urtaro bat bereizten da, hotzagoa eta leunagoa, harmattan izenekoa Mendebaldeko Afrikan[5]. Urtaroak garrantzitsuak dira nekazal-gizarteentzat, euren bizitza ereitze eta uzta garaien artean mugitzen baita, eta urtaroen aldaketak erritual ezberdinak dituelako.

Munduko hainbat lekutan beste "urtaro" ez formal batzuk ere badaude, adibidez urakan, sute edo ibaien mailari lotuak. Antzinako Egipton Nilo ibaiaren hazkuntza zikloak markatzen zituen urtaroak.

Arrazoiak eta efektuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Makurdura axiala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Makurdura axial»
Lur planetako urtaroak. Lehen zutabeko bi irudietan ekinozio-egunak ageri dira. Bigarren zutabeko lehen irudia udako solstizioa da, ipar hemisferioan udako aldi gorena eta hego hemisferioan negukoa. Beste irudia ordea, neguko solstizioa da, hego hemisferioan udako egun gorena eta alderantziz ipar hemisferioan.

Urtaroak egotearen arrazoietako bat Lurrak bere orbita-planoarekiko duen makurdura axiala da, zeina 23,4 gradukoa den.[6] Makurdura hau sarritan "ekliptikaren zeihartasuna" bezala ezagutzen da.

Urteko edozein garaitan ipar eta hego hemisferioek aurkako urtaroak dituzte. Izan ere, udan edo neguan planetaren zati batek besteak baino Eguzkiaren energia-igorpen handiagoa jasotzen du; zati hori trukatu egingo da Lurrak bere orbitan biratu ahala. Gutxi gorabehera urte erdi batez ipar hemisferioak Eguzkiaren igorpen gehiago jasotzen ditu (Martxoaren 20 inguruan hasi eta irailaren 22 ingurura arte) eta igorpenen aldi gorena ekainaren 21ean jazotzen da. Urtearen beste erdian ordea, hego hemisferioak igorpen gehiago jasotzen ditu besteak baino, igorpenen aldi gorena abenduaren 21 inguruan edukitzen duelarik. Eguzkia zuzenean ekuatorearen gainean egoten den urteko bi aldiak ekinozioak dira. Egun zehatz horietan ipar eta hego poloak banalerroan (ilunabar eremuan) daude eta hortaz, egunak eta gauak iraupen bera du bi hemisferiotan. Martxoko ekinoziotik aurrera, ipar hemisferioa udaberrian sartzen hasten da eta poliki-poliki haren egunen iraupenak gora egiten du, hego hemisferioa udazkenean sartu eta egunen iraupenak behera egiten duen bitartean.

Makurdura axialaren eragina urtean zehar egunen luzera erreparatuz edo eguerdian Eguzkiak zeruan duen altuera behatuz nabaritu daiteke. Neguan Eguzkiak angelu baxua izaten du ortzi-mugarekiko eta hortaz, bere igorpenak Lurraren gainazaleko eremu zabalago batean hedatzen dira, horregatik argia zeharkakotasunez eta intentsitate txikiagoz jasotzen da. Efektu hori eta egunen luzeraren aldaketak eragiten dituenez, Lurraren makurdura axiala da urtaroen artean izaten diren klima desberdinen eragile nagusia bi hemisferiotan.

Lurraren orbita eliptikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Makurdura axialarekin alderatuta, beste faktoreek ez dute hainbesteko ekarpena egiten urtaroen klima-aldaketetan. Urtaroak ez dira Lurrak Eguzkiarekiko izaten dituen distantzia aldaketen ondorio, zeinak planetaren orbita eliptikoak eragiten dituen. Izan ere, Lurrak perihelioa (Eguzkitik hurbilen dagoen puntua) urtarrilean du eta afelioa (Eguzkitik urrunen dagoen puntua) uztailean. Horrenbestez, eszentrikotasun orbitalaren maximo eta minimo garaiak ipar hemisferioko tenperaturen garaien aurkakoak dira.[7] Zehaztasunez esanda, Lurraren eszentrikotasunak eguzki-igorpenetan eragiten duen aldakortasuna %7 ingurukoa da.

Eszentrikotasun orbitalak tenperaturetan eragin dezake, baina Lurrean, bere eragina oso txikia da eta beste faktoreek estali ohi dute, izan ere, hainbat ikerketek erakutsi dute Lurra orotara beroagoa dela Eguzkitik urrunen kokatzen den uneetan. Ipar hemisferioak hego hemisferioak baino lur gehiago edukitzeak eragiten du hori, lurra ura baino azkarrago berotzen baita.[7] Lurraren orbita eliptikoak eragindako hego hemisferioko urtaroen intentsifikatze oro hego hemisferioko ur kopuru handiak ezeztatzen du.[8]

Itsasokoa eta hemisferikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtaroetako tenperatura aldaketak beste faktore batzuen menpe ere badaude, adibidez, lurralde jakin bat ozeanotik edo beste urezko gorputz handi batetik dagoen distantzia, El Niño-Hegoaldeko Oszilazioa eta beste ziklo ozeanikoak eta haize gailenduak.

Lurralde epel eta polarretan urtaroen ondoriozko eguzki-argiaren aldaketak eragin nabarmena du izaki bizidunetan, adibidez, zenbait animalia eta landare hibernazioan sartzen dira neguan. Urtaroaren gogortasunaren araberakoak dira izaki bizidunek hartzen dituzten neurriak, adibidez, ozeanotik hurbil dagoen Gipuzkoako kostaldean negua ez da Tuterakoa (Nafarroa) bezain latza izaten, zeina ozeanotik ehunka kilometrora dagoen. Beste adibide bat Antartikako hegoburua da, zeina ozeanotik oso urruti eta kontinentearen barnealdean dagoen, Ipar Poloko iparburua Ozeano Artikoan dagoen bitartean. Azken adibide horretan, horrenbestez, hegoburuko negua iparburukoa baino nabarmen gogorragoa da. Hau da, itsasoak muturreko klimak malgutzen ditu, bai neguan (klima hotzak epelduz) eta baita udan ere (klima beroak epelduz).

Tropikoetan urtaro batetik bestera eguzki-argiaren igorpena ez da hainbeste aldatzen. Alabaina, tropikoak ez dira urtaro bakarreko lurraldeak eta euren urtaroak eraztun euritsu eta presio baxuko baten menpe daude, zeinak Tropiko Arteko Konbergentzia Eremua izena jasotzen duen. Tropikoetan, urtaroak bereizten dituen faktorea prezipitazioak dira batez besteko tenperaturaren gainetik. Eremua ekuatorearen iparraldean dagoenean, iparraldeko tropikoei urtaro euritsua heltzen zaie, hegoaldeko tropikoetan urtaro lehorra hasten den bitartean. Alderantzizkoa gertatzen da Eremua ekuatoretik hegoaldera igarotzean.

Tropikoetako urtaroak
Tropikoetako urtaro lehorra, Maharashtra, India.
Toki bera, Maharashtra, baina urtaro euritsuan.

Latitude ertainetako atzerapen termikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakina da solstizioak (eguzkitze maximo eta minimoak, hau da, Lurra makurtuen dagoen uneak) ez direla uda edo neguaren erdian gertatzen. Urtaro horien aldi gorena solstizioa igaro eta handik zazpi aste ingurura gertatzen da, urtaro-atzerapena deritzon fenomenoa dela eta. Urtaroak, gainera, ez dira beti termino meteorologikoak bakarrik erabiliz definitzen.

Atzerapen termikoa ozeanoek eragiten dute hein handi batean. Ozeanoek xurgapen termikoa egiten dute eta gero xurgatutako energia hori askatu, baina xurgapen eta askatzen hori ez da bat-batean gertatzen. Xurgapen eta askatze horiek dira urtaroetako klima-aldaketaren iturriak, eta euren eragina nabarmena izateko zazpi aste inguru behar dituzte, horregatik urtaroen klima-aldaketa ez da gertatzen aipatutako solstizio eta ekinozioen egun berean, beranduago baizik, hala, ozeanoek atzeratzaile gisa jarduten dute. Ipar Hemisferioan nagusi diren klima kontinentaleko lurraldeetan, esandakoagatik, solstizio eta ekinozioak ez dituzte urtaroen erdigunetzat hartzen, horien hasieratzat baizik. Aipatzekoa da urtaroen luzera ez dela uniformea.[9]

Lau urtaroko egutegia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egutegietan oinarritutako metodo gehienek lau urtaroko eredua erabiltzen dute urteko aldiak ezberdintzeko, zeinetan urtarorik hotzena eta beroena beste bi tarteko urtarok banatzen dituzten. Aipatzekoa da egutegian oinarritutako urtaro banaketa hauek erlatiboak direla eta ez direla kalkulu absolutuen emaitza. Horren adibide da zenbait lurraldetan negua izanda ere loratze prozesuak behatu daitezkeela, nahiz eta horiek udaberriarekin lotuak izan tradizionalki. Gainera, egutegietan oinarritutako urtaro banaketetan, egutegi bera erabiltzen duten lurralde guztietan urtaroak une berean hasten dira, eta sarritan gertatzen da lurralde horiek klima desberdinekoak izatea, adibidez, Danimarkan eta Euskal Herrian egutegi bera erabiltzen dugu, nahiz eta milaka kilometrotako distantziak banatzen gaituen.

Urtaro ofizialak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtaro ofizialak estatuek legez zehazten dituzten horiek dira. Esan bezala, herrialde gehienek ordu jakin batean aldatzen dute urtaroz beraien lurralde osoan, klimari jaramonik egin gabe. Herrialde bakoitzak urtaro aldaketa gertatzen den momentua zehaztu eta momentu hori "ofizialtzat" hartzen du bere komunikabideek zabal dezaten. Sarritan gertatu izan da negutik udaberrira igarotzerakoan, adibidez, oraindik apirilean elurteak gertatzea zenbait lurraldetan edo kontrara, negua zenean oraindik lurralde batzuetan jada zuhaitzak hostoak berritzen hastea. Alabaina, gobernuek ezartzen dituzten urtaro-muga horiek ez dira balio politiko edo zibil handikoak izaten normalean. Europarren kolonizazioak eraginda, Europan betidanik erabili izan den lau urtaroko eredua mundu osora zabaldu zen eta gaur egun herrialde gehienek erabiltzen dute, baita hego hemisferiokoek ere, nahiz eta bertan alderantzizkoa izan urtaroen ordena.

Euskal Herriaren kasuan ondokoak dira urtaro ofizialak:

Euskal Herriko urtaro ofizialak[10]
Urtaroa Hasiera data Amaiera data
Negua Abenduaren 21 Martxoaren 20
Udaberria Martxoaren 21 Ekainaren 20
Uda Ekainaren 21 Irailaren 20
Udazkena Irailaren 21 Abenduaren 20

Urtaro meteorologikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lau urtaro klasikoak eta eurek zuhaitz batean eragiten dituzten aldaketak. Negua eta udaberria dira lehen errenkadakoak, uda eta udazkena bigarrenekoak.

Urtaro meteorologikoak tenperaturaren arabera kalkulatzen dira. Tenperatura altueneko urtearen laurdena uda da eta tenperatura baxueneko laurdena negua. 1780an, Societas Meteorologica Palatina (zeina 1795ean desagertu zen) lehenengo nazioarteko meteorologia erakundeak urtaroak definitu zituen eta esan zuen gregoriar egutegiko hiru hilabete osoko denbora-tarteak zirela. Ordutik aurrera, munduko meteorologo profesional ugarik definizio hori erabili dute urtaroak definitzeko. Definizio horri kasu eginda, ipar hemisferioko lurralde epeletan udaberria martxoaren 1ean hasten da, uda ekainaren 1ean, udazkena irailaren 1ean eta negua abenduaren 1ean. Hego hemisferioko lurralde epeletan aldiz, udaberria irailaren 1ean hasten da, uda abenduaren 1ean, udazkena martxoaren 1ean eta negua ekainaren 1ean, alderantziz alegia.

Australasiaren kasuan, urtaro meteorologikoak balizkoak dira lurralde epel guztietan, hau da, Zeelanda Berrian, Hego Gales Berrian, Victorian, Tasmanian, Hego Australiako hego-ekialdeko eremuetan, Mendebaldeko Australiako hego-mendebaldean eta Queenslandeko hego-ekialdeko lurretan (Brisbane hegoaldean). Euskal Herriaren kasuan aldiz, urtaro meteorologikoak balizkoak dira lurralde osoan.

Lurralde epeletako urtaro meteorologikoak
Ipar hemisferioa Hego hemisferioa Hasiera data Amaiera data
Negua Uda Abenduaren 1 Otsailaren 28[oh 2]
Udaberria Udazkena Martxoaren 1 Maiatzaren 31
Uda Negua Ekainaren 1 Abuztuaren 31
Udazkena Udaberria Irailaren 1 Azaroaren 30

Suedia eta Finlandiako urtaro banaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suedia eta Finlandian meteorologoek ez dute egutegietan oinarritutako definizioa erabiltzen urtaroak zehazteko, tenperaturan oinarritzen dira. Udaberria eguneko batez besteko tenperatura 0 °C-tik gora egun batzuetan zehar mantentzen denean hasten da, uda tenperaturak +10 °C-tan irautean hasten da, udazkena aldiz 10 °C-ko gutxieneko tenperatura iraunkor hori galtzen denean hasten da eta negua 0 °C-ko gutxieneko tenperatura iraunkorra galtzean. "Iraunkortasuna" definitu beharreko parametro bihurtzen da orduan, eta bi herrialde horietan tenperatura iraunkortzat hartzen da astebetez mugatik gora edo behera mantentzen bada. Eredu honek bi ondorio dakartza: lehenik, ezin da jakin urtaro bat noiz hasiko den aurretiaz eta bigarrenik, herrialde bereko lurralde desberdinetan garai desberdinetan hasten dira urtaroak.

Indiako urtaro banaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indiako Meteorologia Sailak lau urtaro klimatologiko definitzen ditu:

  • Negua, abenduan hasi eta otsailean bukatzen dena. Urteko hilabeterik hotzenak abendua eta urtarrila dira, batez besteko tenperatura 10 eta 15 °C artean dagoenean ipar-mendebaldean; alabaina, Indian hegoaldera jo ahala, ekuatorerantz, tenperaturek gora egiten dute eta Indiako hego-ekialdean garai horietan ere 20 eta 25 °C arteko tenperatura egon ohi da.
  • Uda edo aurremontzoi urtaroa, martxoan hasi eta maiatzean amaitzen dena. Mendebaldeko eta hegoaldeko lurraldeetan apirila da hilabeterik beroena; India iparraldeko lurraldeetan aldiz, maiatza da hilabete beroena. India barnealdean garai honetan 32 eta 40 °C arteko tenperaturak atzeman ohi dira.
  • Montzoi urtaroa edo urtaro euritsua, ekainean hasi eta irailean bukatzen dena. Urtaro honetako bereizgarria hego-mendebaldeko udako montzoia da, zeina poliki-poliki herrialde guztira zabaltzen den maiatza bukaera edo ekainaren hasieratik aurrera. Horrenbestez, urtaro honetan klima heze eta euritsua da nagusi. Montzoi-euriak urria hasieran hasten dira bukatzen India iparraldean; Hegoaldeko Indiak eurite gehiago jasaten ditu.
  • Udazkena edo montzoi-osteko urtaroa, urrian hasi eta azarora artekoa. India ipar-mendebaldean urtaro honetan zehar zerua oskarbi egoten da.

Urtaro astronomikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lurraren solstizio eta ekinokzioen data eta ordua (UTC)[11]
Gertaera Martxoaren
ekinokzioa
Ekainaren
solstizioa
Irailaren
ekinokzioa
Abenduaren
solstizioa
Hilabetea Martxoa[12] Ekaina[13] Iraila[14] Abendua[15]
Urtea
Eguna Ordua Eguna Ordua Eguna Ordua Eguna Ordua
2010 20 17:32:13 21 11:28:25 23 03:09:02 21 23:38:28
2011 20 23:21:44 21 17:16:30 23 09:04:38 22 05:30:03
2012 20 05:14:25 20 23:09:49 22 14:49:59 21 11:12:37
2013 20 11:02:55 21 05:04:57 22 20:44:08 21 17:11:00
2014 20 16:57:05 21 10:51:14 23 02:29:05 21 23:03:01
2015 20 22:45:09 21 16:38:55 23 08:20:33 22 04:48:57
2016 20 04:30:11 20 22:34:11 22 14:21:07 21 10:44:10
2017 20 10:28:38 21 04:24:09 22 20:02:48 21 16:28:57
2018 20 16:15:27 21 10:07:18 23 01:54:05 21 22:23:44
2019 20 21:58:25 21 15:54:14 23 07:50:10 22 04:19:25
2020 20 03:50:36 20 21:44:40 22 13:31:38 21 10:02:19
2021 20 09:37:27 21 03:32:08 22 19:21:03 21 15:59:16
2022 20 15:33:23 21 09:13:49 23 01:03:40 21 21:48:10
2023 20 21:24:24 21 14:57:47 23 06:49:56 22 03:27:19
2024 20 03:06:21 20 20:50:56 22 12:43:36 21 09:20:30
2025 20 09:01:25 21 02:42:11 22 18:19:16 21 15:03:01
2026 20 14:45:53 21 08:24:26 23 00:05:08 21 20:50:09
2027 20 20:24:36 21 14:10:45 23 06:01:38 22 02:42:04
2028 20 02:17:02 20 20:01:54 22 11:45:12 21 08:19:33
2029 20 08:01:52 21 01:48:11 22 17:38:23 21 14:13:59
2030 20 13:51:58 21 07:31:11 22 23:26:46 21 20:09:30
2031 20 19:40:51 21 13:17:00 23 05:15:10 22 01:55:25
2032 20 01:21:45 20 19:08:38 22 11:10:44 21 07:55:48
2033 20 07:22:35 21 01:00:59 22 16:51:31 21 13:45:51
2034 20 13:17:20 21 06:44:02 22 22:39:25 21 19:33:50
2035 20 19:02:34 21 12:32:58 23 04:38:46 22 01:30:42
2036 20 01:02:40 20 18:32:03 22 10:23:09 21 07:12:42
2037 20 06:50:05 21 00:22:16 22 16:12:54 21 13:07:33
2038 20 12:40:27 21 06:09:12 22 22:02:05 21 19:02:08
2039 20 18:31:50 21 11:57:14 23 03:49:25 22 00:40:23
2040 20 00:11:29 20 17:46:11 22 09:44:43 21 06:32:38
2041 20 06:06:36 20 23:35:39 22 15:26:21 21 12:18:07
2042 20 11:53:06 21 05:15:38 22 21:11:20 21 18:03:51
2043 20 17:27:34 21 10:58:09 23 03:06:43 22 00:01:01
2044 19 23:20:20 20 16:50:55 22 08:47:39 21 05:43:22
2045 20 05:07:24 20 22:33:41 22 14:32:42 21 11:34:54
2046 20 10:57:38 21 04:14:26 22 20:21:31 21 17:28:16
2047 20 16:52:26 21 10:03:16 23 02:07:52 21 23:07:01
2048 19 22:33:37 20 15:53:43 22 08:00:26 21 05:02:03
2049 20 04:28:24 20 21:47:06 22 13:42:24 21 10:51:57
2050 20 10:19:22 21 03:32:48 22 19:28:18 21 16:38:29

Lurralde epeletako urtaroak zehazteko astronomia erabiltzea ez da kontu berria, gutxienez erromatar garaitik erabili izan da, zeintzuek juliotar egutegia osatzeko erabili zuten. Gaur egun ere astronomia bidezko gregoriar egutegiak dira nagusi mundu osoan, nahiz eta badiren meteorologia neurketak lehenesten dituzten herrialdeak, astronomiaren gainetik: Australia, Zeelanda Berria, Pakistan eta Errusia. Eguzkia Kantzer eta Kaprikornio tropikoetatik igarotzeak (solstizio garaiak) eta ekuatoretik igarotzeak (ekinozio garaiak) zehazten ditu urtaroen hasiera eta amaiera datak. Edo bestela, hasiera edo amaiera data horiek gertakari horietatik hurbil gertatzen diren data tradizional jakin batzuek zehaztu ditzakete.

Azpiko diagramak solstizio lerroaren eta Lurraren orbita eliptikoaren apside-lerroaren arteko erlazio erakusten du. Orbita eliptiko (eszentrikotasun exageratua du) horren baitan Lurraren sei irudi daude, zeintzuek hurrenez hurren perihelioa (periapsia edo Eguzkitik hurbilen dagoen puntua, urtarrilaren 2 eta 5aren artean jazotzen dena), martxoko ekinozioa (martxoaren 19, 20 edo 21ean gerta daitekeena), ekaineko solstizioa (ekainaren 20 edo 21ean gertatzen dena), afelioa (apoapsia edo Eguzkitik urrunen dagoen puntua, uztailaren 4 eta 7 artean jazotzen dena), iraileko ekinozioa (irailaren 22 edo 23koa) eta abenduko solstizioa (abenduaren 21 edo 22koa) irudikatzen duten.

Urtaro astronomiko horiek ez dira luzera berekoak, Johannes Keplerren lehenengo legearen arabera, Lurraren orbita eliptikoa delako. Martxoko ekinoziotik ekaineko solstiziora 92,75 egun daude, solstizio horretatik iraileko ekinoziora 93,65 egun, hortik abenduko solstiziora 89,85 egun eta azkenik, hortik martxoko ekinoziora 88,99 egun.

  1. Orbitaren eszentrikotasuna dela eta, Eguzkitik gertuago dago Lurra Urtarrilean Ekainean baino
  2. Bisurteetan hilaren 29a arte.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Khavrus, Vyacheslav; Shelevytsky, Ihor. (2010-11). «Introduction to solar motion geometry on the basis of a simple model» Physics Education 45 (6): 641–653.  doi:10.1088/0031-9120/45/6/010. ISSN 0031-9120. (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  2. Khavrus, Vyacheslav; Shelevytsky, Ihor. (2012-10-22). «Geometry and the physics of seasons» Physics Education 47 (6): 680–692.  doi:10.1088/0031-9120/47/6/680. ISSN 0031-9120. (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  3. «Ritus, Seasons and Vedic Calendar» www.mypanchang.com (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  4. (Ingelesez) LLP, Adarsh Mobile Applications. «Indian Seasons, Indian Ritus Start Date and Timings for Ujjain, Madhya Pradesh, India» www.drikpanchang.com (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  5. (Ingelesez) Ayo, Joseph O.; Minka, Ndazo S.. (2014-03-10). «Influence of cold–dry (harmattan) season on colonic temperature and the development of pulmonary hypertension in broiler chickens, and the modulating effect of ascorbic acid» Open Access Animal Physiology  doi:10.2147/oaap.s51741. (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  6. (Ingelesez) «What is Earth's Axial Tilt?» Universe Today 2016-07-27 (Noiz kontsultatua: 2020-07-15).
  7. a b «Science News | Science Mission Directorate» science.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2020-07-15).
  8. «Earth at Perihelion | Science Mission Directorate» science.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2020-07-15).
  9. (Nederlanderaz) «Departement Natuurkunde - Universiteit Utrecht» www.uu.nl (Noiz kontsultatua: 2020-07-16).
  10. «Estaciones» www.calendario-365.es (Noiz kontsultatua: 2020-07-16).
  11. United States Naval Observatory. (2010-06-10). Earth's Seasons: Equinoxes, Solstices, Perihelion, and Aphelion, 2000-2020. .
  12. Équinoxe de printemps entre 1583 et 2999
  13. Solstice d’été de 1583 à 2999
  14. Équinoxe d’automne de 1583 à 2999
  15. Solstice d’hiver

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]