Sorkunde Lekuona Sagarzazu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sorkunde Lekuona Sagarzazu

zinegotzi

1999 - 2003
Bizitza
JaiotzaOiartzun1963ko irailaren 1a (60 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakirakaslea, euskalgintza eta zuzendaria
Enplegatzailea(k)Haurtzaro Ikastola
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Herri Batasuna

Sorkunde Lekuona Sagarzazu (Oiartzun, Gipuzkoa 1963ko irailaren 1a) irakaslea da. Haurtzaro Ikastolako lehen promozioko ikasle izana, 1985etik bertako irakaslea da. Haurtzaroko zuzendaria izan zen 1993-1995 eta 2005-2017 bitartean. Oiartzungo zinegotzi izan zen 1999tik 2003ra.

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxetxiki baserrian jaioa, familia abertzale batean. Haren gurasoak, Martin eta Xixili, Haurtzaro Ikastolaren sortzaileak izan ziren beste guraso talde batekin batera. Zazpi senidetan zaharrena da. On Manuel Lekuonaren familiakoa da.[1][2]

Haurtzaro Ikastolako lehen promozioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1967an sortu zen Haurtzaro Ikastola eta Sorkunde lehen promozioko ikaslea izan zen beste hamabost ikaslerekin batera. Arantxa Madariaga Iragorri eta Ines Olaziregi izan ziren lehen andereñoak. Hasiera batean, lokalez lokal ibili ziren gaur egungo eraikuntza egin bitarte. Hamalau urte arte ikasi zuen Oiartzungo ikastolan eta izan zituen irakasleen artean, besteak beste, Pilartxo Etxeberria Murua izan zuen Frantsesekoa.

Artean gaztetxoa zela, txistulari ikasketak egin zituen, Yon Oñatibiarekin lehendabizi, 6 urtetan, Juanito Arozenarekin gero, 12-13 urte bitarte. Euskal dantzetan ere trebatu zen, Yon Oñatibiarekin lehendabizi, 5-6 urte zituela. Gero, Pello Mendizabal Barandiaran eta Maribi Alonso Kaperotxipi Kresala euskal dantza taldeko dantzariekin jarraitu zuen ikasten. Antzerkian ere aritu zen, Eugenio Arozena Egimendia antzerkilaria irakasle zuela. Urtero, ikastolaren egunerako antzezlan bat prestatzen zuten.

Haurtzaro Ikastola sortutako urtea eta lekua.
Haurtzaro Ikastolaren lehen lokala.

Bestalde, musikako ikasketak egin zituen, 7 urterekin hasita. Felipe Azpiroz izan zuen irakasle. 13 urterekin bukatu zuen solfeoko 5. maila eta armoniako 2. maila. Azkenik, abestea gustuko zuen eta Lartaun abesbatzan jardun zuen, 14 urtetan hasi eta 18-19 urte bitartean.

Haurtzaro Ikastolako ikasleak, Arantxa Madariaga irakaslearekin.

Formazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

BBB eta UBI Orereta Ikastolan ikasi ondoren, Irakasletza ikasketak egin zituen Donostiako Ategorrieta auzoan zegoen zentroan. Zientzietako lehen euskal promozioan ikasi zuen, beste 12 ikaslerekin batera. Jesus Altuna izan zen haren irakasle. Praktikak Haurtzaro Ikastolan egin zituen, Lupe Mendigutxia Etxebeste irakaslearekin, gaur egungo Lehen Hezkuntzako 6. mailan, 11 urteko ikasleekin.

Lanbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasketak amaituta, lehen ikasturtea Iruñeko Herri Ikastolan jardun zuen irakasle moduan gaur egungo Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleekin, 1984-85ean. Hurrengo ikasturtean, 1985/1986an, Haurtzaro Ikastolan hasi zen irakasle, eta geroztik hantxe dihardu. Hasieran, Lehen Hezkuntzako 5. mailan jardun zuen; gero, Haur Hezkuntzan aritu da, bai eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloan ere.

Euskal dantzak, Ikastolaren egunean.

Haurtzaro Ikastolako irakaslea izateaz gain, ardura pedagogikoak izan ditu hogei urtez. Lehendabizi ikasketaburu izan zen Joxin Azkue Gabilondorekin zuzendari zela urte batez ( 1990/1991) eta  Josune Saizar Sarasua zuzendari zela bi urtez (1991/1993). Gero, zuzendari izan zen 1993-1995 aldian.[3] Ikasketaburu lanetan jardun zuen 1995-2000 aldian, Jaione Ugaldebere Sarasua zuzendari zela. Azkenik, zuzendari kargua hartu zuen hamabi urtez, 2005etik 2017ra.[4]

Garatutako proiektuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasturte amaierako ibilaldian, Pilartxo Etxeberria eta Pello Mendizabal irakasleekin.
Txinpart 0 zenbakia.

Zuzendari lanetan aritu zen bitartean proiektu garrantzitsuak garatu zituen Haurtzaro Ikastolan, hala nola:

  • Ikastolen Elkarteak bideratutako Eleanitz proiektua: 1993 urtean abiatu zen Haurtzaro Ikastolan, euskal hiztun eleaniztunak hezteko helburuarekin. Horretarako, euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesaren irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak marko metodologiko eta curriculum komun baten baitan bildu ziren.
  • Haurtzaro Mendi taldea: 1994-95 ikasturtean egin zituen lehen urratsak, asteburuetan guraso eta ikasleei mendi bueltarako aukerak zabaltzeko asmoz. Urtero garaian garaiko ibilaldiak antolatzen dituzte guraso dinamiko eta mendizaleek, Ikastolako ikasle nahiz gurasoei paraje ederrak ezagutzeko aukera eskainiz.
  • Oiartzungo Udalak bideratuta, SIADECO enpresak bideratutako proiektuaren proposamena idazten: 1996an herriko hezkuntza proiektu guztiak elkartzea zuen helburu, 0-18 udal ikastetxe bakarra eraikitzeko.
  • Txinpart aldizkaria. 1994ko abenduan jarri zen martxan. Haurtzaro ikastolako guraso guztiei, ikastolako berri zabalago bat eskaintzea zen sorrerako helburu nagusia. Hasieran hiru zenbaki argitaratzen ziren ikasturtero, hiru hiletik behin. Gaur egun, bi zenbaki argitaratzen dira. Halaber, ikastolako familiez gain, Txinpart Oiartzungo elkarte eta erakunde guztietara ere ailegatzen da, Ikastolaren berri izan dezaten. Proiektu honetan, betiko moduan, ikastola osoko partaide guztiek parte hartzen dute: ikasle, irakasle eta baita gurasoek ere.[5]
  • Bretainiako Gwissény herriko diwan eskolako eta Haurtzaro Ikastolako ikasleen arteko trukaketa, 2007an.
  • Kilometroak 2006: urriaren 1ean ospatu zen, Ingo yeu! Ingo ñeu! lemapean. Ikastola aitzindaria izan zen zenbait proiektu garatzen eta Kilometroetan ere lehen pauso bat eman zen: edozein jaietan eta orokorrean gizartean dagoen drogen kontsumoaren inguruko kezkari helduz, proiektu bat garatu zuten; Primeran pasa, pasatu gabe. Goizeko bederatzi eta erdietan abiatuta, hainbat ekitaldi izan ziren ibilbideko zazpi kilometroetan, era askotakoak: musika, dantzak, bertsoak, umeentzako ekitaldiak. Agintarien eta politikarien ordezkaritza zabala izan zen: besteak beste, Miren Azkarate Jaurlaritzako Kultura sailburu eta bozeramailea, Juango Agirrezabala Hezkuntza Saileko berrikuntza arloko arduraduna, Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako diputatu nagusia, Leire Ereño Batzar Nagusietako lehendakaria, eta EAJ, Herri Batasuna, EA, Ezker Batua eta Aralarreko ordezkariak.[6]
  • Ikasys, eduki curricularrak ordenagailu txikien bidez barneratzeko proiektua, abian jarri zen 2008an.
  • Lehen Plan Estrategikoa 2009-2013 garatzea eta onartzea.
  • Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoaren eraikin berria egitea, 2011n.[7]
  • Oiartzungo Udalarekin lau urterako lankidetza hitzarmena bideratu zuen, 2014an.[8]
  • Elkarrekilan Euskal Herria egitasmoaren hitzarmena, 2015ean. Helburua zuen Haurtzaro Ikastola, Alozeko Basabürü Ikastola eta Sohütako Eperra Ikastoletako ikasle, irakasle eta gurasoen artean harremanak indartzea. Honela, Zuberoako eta Oiartzualdeko eremu euskalduna osatzen duten pertsonen arteko harremanak indartu nahi ziren.[9][10]
  • EKI, euskara eta euskal kultura ardatz dituzten gazteak hezten laguntzeko konpetentzietan oinarritutako proiektua sortu, 2015ean.
  • KEI ziurtagiria lortzeko arduradunen taldea.
    KEI (Kalitate Egitasmo Integratua) izendapena lortzea, 2017an: KEI zigilua, ikaslea pertsona bezala ardatz duen hezkuntza eredua da. Beronek irakasleen gaitasun eta balio profesionalaren onespen handiagoa du; Ikastolaren Idearioaren, Hezkuntza Proiektuaren eta eguneroko irakas-jardunaren arteko adostasun maila handiagoa du; irakas-jardueraren hobekuntza, eta funtsezko prozesuen zehaztapen zein plangintza bilatzen ditu, pertsonengan antzemandako premia eta itxaropenei erantzun profesionalagoa emanez.
  • KIVA proiektua: eskola jazarpenaren aurkako programa jarri zen martxan 2017an.
  • Agenda 21eko aintzatespena jaso zuen lehen aldiz, 2017an.
  • Haurtzaro Ikastolako 50. urteurrena, 2017an. Urte osoko egitaraua prestatu zen.[11][12]


Ardura politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1999-2002 Oiartzungo Gobernu Taldea.

1999-2003 bitartean zinegotzi izan zen HB taldetik, eta Kultura Batzordeko buru jardun zuen. Garai horretan, Udalak hainbat esku-hartze egin zituen Lekuonaren ardurapeko arloan, hala nola:

  • 2000ko azaroaren 11n, Xosé Estévez historialaren ekimenez, Concha Murgia Egaña oroitzeko plaka bat jarri zen, Concharen jaiotetxean, egun kultura etxea den lekuan. Honela dio euskaraz eta galegoz jasotako testuak:[13]
Sorkunde Lekuona xanistebanetako soka-dantzan.

Etxe honetan jaio zen Kontxa Murgia Egaña (1806-1854), Galiziako abertzaletasunaren aitzindaria izango zen Manuel Martinez Murgiaren ama / Nesta casa naceu Concha Murgia Egaña, nai de Manuel Martínez Murgia, berce do nazonalismo galego.

  • 2002ko martxoaren 1ean Ergoien auzoan dagoen Herri Musika Txokoa inauguratu zen. Herri Musikaren Txokoa herri musikaren inguruko topaleku eta dokumentazio zentroa da. Bere jarduerak musika eta soinu tresna herrikoiak ezagutzera, ikertzera, zabaltzera eta sustatzera zuzenduta daude.[14][15]
  • Luberri Oiartzungo Ikasgune geologikoa inauguratu zen 2003ko maiatzean. Museoak modu didaktikoan ematen du ezagutzera Oiartzungo, Oiartzualdea eskualdeko eta Aiako Harriaren natura parkeko aberastasun geologikoa.[16]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «2013 urtekaria by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2016-08-05 (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
  2. Lekuona, Manuel (1894-1987). (2009). Etxetxikiko On Manuel Lekuona / egileak, Manuel Lekuona eta Juan Mari Lekuona ; [marrazkiak, Andoni Odriozaola ; koordinazioa, Xabier Susperregi. ] : Udala ISBN 978-84-88917-27-0. (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
  3. «Zuzendariak: Gipuzkoa | Ikastolen Elkartea» ikastola.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
  4. «Seaska laguntzeko jaialdia egingo dute herrian hilaren 26an» Oarsoaldeko Hitza 2011-11-17 (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
  5. (Gaztelaniaz) GOIZARIN. (2016-03-31). «'Txinpart' aldizkariaren 64. alea kalean da» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
  6. «Kilometroak 2006: Primeran pasa... pasatu gabe» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
  7. lehenetsia, Gune. (2014-02-26). «Urmendi izena jarri dio Udal Ikastola Partzuergoak bere hezkuntza proiektuari» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
  8. lehenetsia, Gune. (2014-01-31). «Udalak eta Haurtzarok lankidetza hitzarmena sinatu dute» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
  9. «Elkartasun keinua» Oarsoaldeko Hitza 2012-01-18 (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
  10. (Gaztelaniaz) BASTEROBERRI. (2017-10-15). «Zuberoako Aloze Ikastolako ikasleak Haurtzaro Ikastolan» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
  11. (Gaztelaniaz) GOIZARIN. (2017-04-29). «'Oroitzapenen Jaialdia' izango da maiatzaren 6an, Haurtzaro Ikastolan» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
  12. Erik, Gartzia(e)ko. (2017-04-27). «Maiatzaren 6a, Haurtzaroren ospakizunen gailurra» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
  13. (Gaztelaniaz) Irastorza, Uxue Garro. (2022-02-13). «Concha Murguia, la oiartzuarra presente en el 'Rexurdimento Galego'» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
  14. Agirre, Joxean. «Beltranek kudeatu duen Herri Musikaren Txokoa zabalduko da bihar Oiartzunen» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
  15. (Gaztelaniaz) «HERRI MUSIKAREN TXOKOA OIARTZUNEN» www.soinuenea.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
  16. (Gaztelaniaz) EGARRIZ. (2007-11-10). «El prestigioso geólogo Ives Cyrille ha visitado Luberri, el centro de interpretación geológica de Oiartzun» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]