Tonkineko gertakaria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Tonkineko gertakaria (Gulf of Tonkin incident ingelesez) (Sự kiện Vịnh Bắc Bộ vietnamitaz) 1964ko abuztuaren 2tik 4ra Tonkineko golkoko itsasoan izandako lehia bat da. Ameriketako Estatu Batuetako Itsas Armadaren eta Ipar Vietnamen artean izan zen lehia. Gertakariaren ondorioz, Vietnamgo gerran (1964tik aurrera) estatubatuarren parte-hartzea areagotu zen. Eraso horien froga gisa bideo batzuk aurkeztu ziren, eta Lyndon B. Johnson presidenteak Kongresuari eskatu zion Vietnamen aholkulari militar ziren soldaduek egiten zituzten misio militarrak zabaltzea. Eskakizun honekin batera, soldadu estatubatuar gehiago batu ziren gerrara; hain zuzen ere, 60.000 soldadu inguruk (eta une gatazkatsuenetan 500.000 soldadu izatera ere iritsi zen) parte hartu zuten lehian.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indotxinako gerra (1946-1954)

Genevako Konferentziak (1954) Frantzia eta Viet Minhen arteko gerrari, Indotxinako Gerrari (1946-1954), amaiera emateko helburua zuen.[1] AEBk eta Vietnamgo Estatuak ez zuten sinatu akordioa. Akordioak behin behineko su-eten bat agindu zuen, Vietnamgo hegoaldea eta iparraldea bereizten zituena; Vietnamgo estatuak gobernatuko zuen hegoaldea eta Viet Minhek iparraldea. 1956ko uztailerako hauteskunde orokorrak deitu zituzten, Vietnamgo estatu bateratu bat sortzeko. Iparraldeko eta hegoaldeko biztanleen joan-etorri askea ahalbidetzen zuten akordioek, hirurehun egunez. Era berean, debekatu egin zuten inguruko herrialde batzuen parte hartze politikoa (adibidez, atzerriko militarrak izatea); horrez gain, ez zen onartzen gobernu berririk ezartzea, hauteskunderik egin gabe. 1956ko martxoan, Ipar Vietnamgo buruzagitzak behin-behineko neurriak onartu zituen, 1956ko abenduan hegoaldeko matxinada berpizteko. Komunistek bultzatutako altxamendu bat hasi zen Diemen gobernuaren aurka 1957ko apirilean. Ipar Vietnamgo Alderdi Komunistak "herriaren gerra" onartu zuen hegoaldean 1959ko urtarrilean egindako bilkuran, eta uztailaren 28an Ipar Vietnamgo indarrek Laos inbaditu zuten.

Tonkineko gertakaria Johnsonen administrazioaren lehen urtean gertatu zen. Johnsonen iritziak ere konplexuak ziren, baina eskalada militarraren alde egin zuen, Sobiet Batasunaren (bloke komunistaren) hedapenari aurre egiteko. 1964ko uztailaren 29an, MACV-SOGek epe luzerako agente talde[oh 1] bat bidali zuen Ipar Vietnamera, eta berehala harrapatu zuten. Abuztuaren 1ean eta 2an, CIAk babestutako hegazkin bonbaketariek eraso egin zieten mugako postuei Ipar Vietnamgo hego-mendebaldean.

Gertakaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

USS Maddox, gertakariko lehen protagonista

Daniel Ellsbergek, abuztuaren 4ko gauean Pentagonoan lanean ari zenak, USS Maddoxen (AEBetako armadako suntsitzaile bat) mezuak jasotzen ari zela, jakinarazi zuen DESOTO misio batean zegoela Vietnam iparraldeko lurralde-uretatik gertu. George Stephen Morrison kapitaina bertako indar amerikarren agindupean zegoen, USS Bon Homme Richard ontzitik. Maddox Ipar Vietnamgo kostaldetik zortzi miliara (13 km) eta Hon Nieu uhartetik lau miliara (6 km) ez hurbiltzeko agindupean zegoen. Hon Nieu-ren aurka Military Assistance Command, Vietnam – Studies and Observations Group (MACV-SOG) komandoak sartzen ari zirenean, ontzia erasotako eremutik 120 miliara zegoen (190 km).

Lehenengo erasoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

USS Ticonderoga

1964ko uztailean, Ipar Vietnamgo lurraldeen egoerak eztanda egin zuen; izan ere, Ipar Vietnamek bere subiranotasun gisa aldarrikatzen zituen bertako urak, baina Amerikako Estatu Batuek hauek babesten zituzten, Ho-Chi-Minh-en ejertzito komunistaren kontrolpean erori ez zitezen. Vietnamen gertatutako lehen erasoak 1964ko uztailekoak dira. 1964ko uztailaren 30eko gauean, hain zuzen ere, Hego Vietnamgo komandoek Ipar Vietnamgo radar estazio bat erasotu zuten Hòn Mê uhartean. Egoera horretan, uztailaren 31n, Maddox suntsitzailea Ipar Vietnamgo kostaldea patruilatzen hasi zen informazioa biltzeko, baina Hòn Mê-ko uhartetik kilometro gutxira baino ez zen iritsi. Herbert Ogier komandantea Maddoxeko kapitaina zen, baina bidaia honetarako John Herrick kapitaina zegoen misioaren ardurapean. Maddox suntsitzaileak itsasertzetik gehienez ere zortzi miliatara urruntzeko agindua jaso zuen, hau da, itsaso zabaleko uharteetatik lau miliatara. [2] Suntsitzailearekin batera, hegazkin-ontzi estatubatuar bat ere, USS Ticonderoga[oh 2] izenekoa, inguru horretan zebilen. Uztailaren 8an, Estatu Nagusi Bateratuko buruek CINCPAC-i[oh 3] agindu zioten ziurta zezala AEBko hegazkin-ontzi bat beti egongo zela Hego Vietnamgo kostaldearen aurrean, beharrezkoa izanez gero, erasoak egiteko prest egoteko. Hau da, besteak beste, Maddoxek arazoren bat izaten bazuen, hegazkin-ontzi honek laguntza eskainiko zion[3].

Abuztuaren 1erako, Vietnamgo iparraldeko patruilariak Maddox arakatzen ari ziren, eta atzemandako zenbait komunikaziok erasoa hasteko prestatzen ari zirela adierazi zuten. Maddox, orduan, erretiratu egin zen, baina hurrengo egunean, abuztuaren 2an, Maddoxek berriz ere bere ohiko patruilari ekin zion. Torpedoak hurbiltzen ari zirenean, Maddoxek hiru ohartarazpen-tiro egin zituen. Ipar Vietnamgo ontziek eraso egin zuten, eta Maddoxek irratiz jakinarazi zuen hiru ontzietatik erasotzen ari zitzaizkiola. Maddoxek, Vietnamgo ontzietako torpedo-eraso bat saihestu zuen, eta bere 5 hazbeteko kanoiekin su eman zuen, torpedoak urruntzera behartuz. Maddoxek, vietnamdarren armamentuek ez bezala, kalte txikiak jasan zituen bere gainegituran. Ondoren, Hego Vietnamgo uretara joan, eta Maddox USS Turner Joy izeneko beste suntsitzaile Estatu Batuar batekin elkartu zen. Bigarren suntsitzaile honek, Turner Joyk, Maddoxekin bat egiteko agindua jaso zuen. Turner Joy laguntza bat izan zen ordura arte Ticonderogarentzat, Tonkineko Golkoaren bokalean ainguratuta zegoena, ateratzen zen edozeren berri emateko[4].

Bigarren erasoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abuztuaren 4an, Maddoxek eta haien laguntzak, USS Turner Joyk, beste patruila bat sortu zuten. Oraingoan, haien agintariek Ipar Vietnamgo kostaldetik 11 milia (17km) baino gehiagotara ez patruilatzeko agindu zieten. Gau eta goizalde hartan eguraldi txarra eta itsaso bortitza zegoen eta suntsitzaileek Ipar Vietnamgo itsas armadaren beste eraso baten parte zirela uste zuten radar, soinu eta irrati seinaileak jaso zituzten. Bi orduz, ontziek radar-jomugen kontra egin zuten tiro. Nahiz eta itsas armadak esan bi ontzi torpedodun hondoratu zirela, ez zegoen ez gorpurik, ez Ipar Vietnamgo marinel hildakorik, ezta beste froga fisikorik ere.

Robert McNamara, Estatu Batuetako politikaria. Vietnamgo gerrako erasoaldiaren ardura izan zuen (1965-1967).

Goizaldean Washingtonen, Herrick kapitainak, Maddoxtarren komandante gisa zegoena[5], kablegrama[oh 4] bat bidali zuen, erasoa ez zela gertatu eta inguru horretan Vietnamgo ontzirik ez zegoela onartzeko. Handik ordubetera, beste kablegrama bat bidali zuen. Litekeena da McNamarak  U. S. Grant Sharp Jr. presidenteari eta almiranteari ez jakinaraztea Herricken mesfidantza edo Herricken gomendioa ikertzen jarraitzeko. Gainera, McNamarak zioen Maddox destruktoreak eragin gabeko eraso bat jasan zuela[6]. 18:00etan, Washingtonen (05:00etan, Tonkineko golkoan), Herrickek berriro bidali zuen kablegrama bat; kablegrama horretan zioen Maddoxi oztopoa jarri zion lehen ontziak ziurrenik torpedo bat jaurti zuela Maddoxen kontra, entzun bai baina ikusi ez zena. Maddox torpedoaren ondorengo txosten guztiak zalantzazkoak dira.

Egunean zehar, gero eta ziurgabetasun handiagoa zegoen erasoa gertatu ote zen jakiteko eta Johnsonen administrazioak, azkenean, ondorioztatu zuen Vietnamgo Iparraldea eraso bat egiteko prestatzen ari zela. Geroago egindako analisiek erakutsi zuten komunikazio horiek abuztuaren 2ko erasoan kaltetutako torpedo ontziak berreskuratzeari buruzkoak zirela, eta Ipar Vietnamgo oharretan AEBn abuztuaren 4ko ekintzei buruzkoak (baina ez parte hartzeari buruzkoak).

Casus belli[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lyndon B. Johnson presidenteak, eraso hauei erantzunez, abuztuaren 7an Kongresua deitu zuen, eskatuz gerran gobernuak modu zuzenagoan esku hartu zezan, Hanoiko gobernuaren erasoen mendeku gisa.

Kongresuak presidenteari laguntza eman zion eta iparraldeko bonbardaketak areagotzea baimentzeaz gain, gerran estatu batuarren indarrak handitzea ere onartu zuen; erabaki hauek Tonkingo Golkoko Ebazpena izena hartu zuten. Gaur egun jakina da, Maddoxen aurkako lehen erasoa CIAren tranpa bat izan zela; amarru honen bidez, gobernuak gerran parte har zezan lortu nahi zen, alegia, aitzakia bat zen. Horrez gain, geroago frogatu zen bigarren erasoa ez zela inoiz gertatu. 1971ko ekainaren 13an, New York Times-en argitaratu ziren Defentsa Sailak egindako Pentagonoko paperak izeneko txosten sekretua. Txosten horretan lehendakariaren eta Robert McNamara Defentsa idazkariaren arteko telefono elkarrizketak biltzen dira. Elkarrizketa horien bitartez, agerian geratu zen isilpeko operazioak egin zirela, gerraren areagotzea justifikatuko zuen Vietnamen eraso bat eragiteko helburuarekin.

Desklasifikatu diren dokumentu batzuek erakutsi dute, Johnsonen gobernuak Tonkingo Golkoko gertakaria faltsutu zuela, Vietnamgo gerra areagotzeko. Segurtasun Agentzia Nazionaleko (NSA ingelesez) txosten batek ondorioztatzen du, gau hartan ez zela erasorik gertatu.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Hegazkin bonbaketariakThailandiako mertzenarioek gidatzen zituzten.
  2. Estatu Batuar armadaren hegazkin-ontzi bat.
  3. Makalapa Driveko eraikin militar historiko bat da, Pearl Harbor-Hickam Base Bateratuan dagoena, Hawaii estatuko Oahu uhartean.
  4. Urpeko-ontzi baten bidez transmititzen den telegrama.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Martín de la Escalera, Carmen. (1968). «La conferencia de Ginebra o la paz que no ha empezado» Revista de Política Internacional 96: 39. ISSN 0034-8716..
  2. Moise, Edwin E.. (1996). Tonkin Gulf and the escalation of the Vietnam War. Chapel Hill : University of North Carolina Press, 51 or. ISBN 978-0-8078-2300-2. (Noiz kontsultatua: 2023-03-23).
  3. Moise, Edwin E.. (1996). Tonkin Gulf and the escalation of the Vietnam War. Chapel Hill : University of North Carolina Press, 62 or. ISBN 978-0-8078-2300-2. (Noiz kontsultatua: 2023-03-23).
  4. Moise, Edwin E.. (1996). Tonkin Gulf and the escalation of the Vietnam War. Chapel Hill : University of North Carolina Press, 94 or. ISBN 978-0-8078-2300-2. (Noiz kontsultatua: 2023-03-23).
  5. Hanyok, Robert J.. (2016-01-31). [https://web.archive.org/web/20160131235457/http://www.nsa.gov/public_info/_files/gulf_of_tonkin/articles/rel1_skunks_bogies.pdf «(U) Skunks, Bogies, Silent Hounds, and the Flying Fish: The Gulf of Tonkin Mystery, 2-4 August 1964»] Cryptologic Quarterly: 2. (Noiz kontsultatua: 2023-03-31).
  6. Cecchini, Pedro. Vietnam:Lecciones de una derrota. , 13 or..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]