Trajanoren zutabea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Trajanoren Zutabea

Trajanoren Zutabea, Erroman, Trajano enperadorearen aginduz eraikitako ospakizun monumentu bat da. Trajanoren Foroan dago, Kirinaletik gertu, Erromatar forotik iparraldera. 114an amaitua, 30 metroko zutabe bat da (38, zutabea eusten duen idulkia kontutan hartuz gero), Trajanok, daziarren aurka (gaur egungo Errumaniako antzinako herri bat) lortutako garaipenak ospatzen dituen espiralean doan baxuerliebe batek zeharkatzen duena.

Zutabea, Carrarako haitzurdinezko 18 bloke erraldoiz osatua dago, horietako bakoitzak, 40 tona pisatu eta 4 metroko diametroa duelarik. Eskulturako friso osoak 200 metro inguru neurtzen du eta 23 aldez ematen dio itzulia zutabeari. Zutabearen barnean, 185 maila dituen marraskilo eskailera batek, zutabea beraren goialdean dagoen behatoki batetara iristea ahalbidetzen du.

Jatorrian, zutabearen tontorrean, arrano baten estatua zegoen, eta beranduago, horren ordez, Trajano beraren estatua bat jarri zen. 1588an, hau San Petriren estatua bategatik aldatu zen, Sixto V.a aita santuaren aginduz, oraindik mantentzen dena.

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erliebea

Erliebeak, Trajanoren daziarren aurkako garaipenez jositako bi kanpaina kontatzen ditu. Zutabearen behealdeko erdian dago lehena (101-102) eta goialdekoan bigarrena (105-106). Bi sekzio hauek, Garaipenaren pertsonifikazioak bananduta daude.

Erliebea, erabat polikromatua egon zen. Haitzurdinean zizelkaturiko irudiek, kronika baten izaera dute, eta, beraz, ez du axola eskultura teknikak, baizik eta igorri nahi duen mezuak. Eskultoreak (edo eskultoreek), ez diote arreta handirik jartzen perspektibari, zenbait perspektiba ezberdin erabiltzen direlarik eszena bakar batean.

Erabilitako lengoaiak, kutsu metaforikoak ditu, ez bakarrik jainkoen irudikapenean, baizik eta Danubio ibaia ere agertzen dela, agure batek irudikatua. Arazo honegatik ikusten dira horrenbeste sinplifikazio, buruberdintasuna, adibidez. Kronika, helize eran eta kronologikoki garatzen da, daziar kanpainetako eskena oso ezberdinak kontatuz, horien artean, kanpamenduko bizitza, akueduktu baten eraikuntza eta hiri baten setioa aurki daitezkeelarik. Orotara, 2500 giza irudi daude: enperadorea, 59 aldiz agertzen da, beti era errealistan ikusia, sekula ez gizakiz haraindiko eran. Erliebea, erromatar armadari buruzko informazio iturri baliotsua da.

Idazkuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honako idazkun hau agertzen da idulkian:

SENATVS·POPVLVS·QVE·ROMANVS
IMP·CAESARI·DIVI·NERVAE·F·NERVAE
TRAIANO·AVG·GERM·DACICO·PONTIF
MAXIMO·TRIB·POT·XVII·IMP·VI·COS·VI·P·P·
AD·DECLARANDVM·QVANTAE·ALTITVDINIS
MONS·ET·LOCVS·TANT<...>IBVS·SIT·EGESTVS

Itzulia:

Erromako senatu eta herriak, Zesar Nerva Trajano Augusto Germaniko Daziko enperadoreari, Nerva jainkotiarraren semea, pontifex maximusa, tribunoa hamazazpigarren aldiz, enperadorea seigarren aldiz, kontsula seigarren aldiz, aberriaren aita hau bezalako <lanentzat> orain suntsitutako mendi eta tokiak hartzen zuten altuera erakusteko.

Beste hitz batzuetan esanda, idazkunaren arabera, zutabea, bere aurretik bertan zegoen muinoa bezain garaia da.

Ziur aski, quadrata idazkeraren adibiderik ezagunena da (erromatar hizki larri karratuak), sarri, epigrafian erabilitako idazkera mota bat, baina ez hain sarri eskuizkribuetan. Behetik irakurtzeko pentsatua dagoenez, beheko hizkiak, goikoak baino pixka bat txikiagoak dira, perspektiba efektu egokia eragiteko. Hitz banaketa batzuk, ez guztiak, puntuekin adieraziak daude; hitz asko, batez ere titulu inperialak, laburduretan agertzen dira. Idazkunean, zenbakiak, titulus batekin adierazten dira, hizkien gainetik dagoen lerro batekin. Zati txiki bat falta da idazkunaren behealdean.

Hizki hauek, forma geometrikoetatik abiatuta eratuta daude, zirkulua, karratua edo hirukia kasu, eta gure gaur egungo alfabetoko hizki larrientzako moldea izan ziren.

Ordenagailuentzako gaur egungo Trajan hizki mota, Carol Twomblyk 1989an diseinatua, (nork Adobe Systems eta Bigelow & Holmesentzako lan egin zuen), idazkun honetan erabilitakoan inspiratuta dago.

Asmoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zutabearen oinarria 1860 inguruan.

Trajanoren zutabean asmoa, hirukoitza zen: foroak mugitutako mendia noraino iristen zen adierazi, enperadorearen errautsak hartu eta Daziaren konkista ospatu Trajanoren garaipen bezala.

Uste denez, zutabea, propaganda monumentu bat zen, enperadorea loriatzeko erabilia. Baina, litekeena da egitura ikusterik ez izatea, Trajanoren Foroan beste eraikin batzuez inguratua egongo baitzen. Gainera, erliebea hasieratik amaierara jarraitzeko zailtasuna dela eta ez dirudi oso eraginkorra izan zenik propaganda tresna bezala. Idazkunaren arabera, Foroaren eraikuntzarako neurri adierazle bat izango zen.

Trajano 117an hil ondoren, Erromatar Senatuak, enperadorearen errautsak, urrezko kutxa batean lurperatuak izatea bozkatu zuen, zutabearen oinean (gaur egun, Trajanoren errautsak jada ez daude bertan).

XIX. mendean eginiko igeltsuzko molde batek presiditzen du Victoria and Albert Museumeko Cast Courta, Londresen. Bi sekziotan banatua, erliebeak gertutik aztertzea ahalbidetzen du. Ironikoki, Erroman mende bateko kutsaduraren ondoren, moldea, gaur egun, xehetasun askotan errazago irakur daiteke jatorrizkoa baino. XX. mendean, errumaniar teknikoek Errumaniako Historiako Museo Nazionalean, Bucaresten, erakusten den beste molde bat egin zuten.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Trajanoren zutabea Aldatu lotura Wikidatan