Triticum dicoccum
Triticum dicoccum | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Poales |
Familia | Poaceae |
Leinua | Triticeae |
Generoa | Triticum |
Espeziea | Triticum dicoccum Schübler, 1818 |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | gari |
Farroa edo emmerra (Triticum dicoccum) Poaceae familiako espeziea da. Antzinako gari-zereal bat da, galzuriarekin eta Triticum dicoccoidesarekin – horiekin nahastu ohi da – eta gari arruntarekin estu-estu lotutako graminea-mota bat.
T. dicoccum espezie tetraploide bat da, 28 kromosoma dituena, basa-gramineo bien- Triticum urartus eta Aegilops generoko eta Aegilops speltoides arekin lotutako espezie ezezagun bat- hibridazio emankorretik eratorritakoa.
Farroak glutena duenez, ez da egokia gaixotasun zeliako edo glutenarekin lotutako nahasmenduak dituzten pertsonen kontsumorako.[1][2]
Bilakaera historikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ohalo II.a aztarnategian (Israel) aurkitutako Triticum dicoccum espezieko basa-barietateak k.a. 8000 ingurukoak (hau da, zeramika aurreko Neolitokoak) dira. Etxekotutako espezieak k.a. 7200etik 6000era bitarteko Ilgora Emankorrean agertu ziren.
Neolito garaiko Ekialde Hurbilean farro eta garagarra labore nagusiak izan ziren. Garai hartan zereal hau Europara eta Indiako azpikontinentera zabaldu zen. Ekialde Hurbilean, Brontze Aro berantiarrean – K.a. 3000 inguruan –, laboreak behera egin zuten. Antzinako Egipton, aldiz, farroak laboreen artean leku garrantzitsua mantentzen zuen – ogia eta garagardoa prestatzeko asko erabiltzen zuten –, nahiz eta inguruko herrialdeetan gari arrunta eta gari gogorra (Triticum durum) hobesten zituzten.
Zereal honen lehen aipamenetako batzuk Biblian daude, adibidez Ezekielen Liburuan (Ez 4:9) ogiaren osagaietako bat bezala aipatzen dute. Halaber, Pessah garaian debekatutako bost elikagaietako bat bezala aipatzen da. Kontuan izan Bibliaren hainbat itzulpenetan galzuriarekin nahastu dute, eta hori ez da zuzena.
Antzinako grezieraz, farroak ολυρα (olüra ahoskatua) izena jaso zuen. Latinez, hasieran, ador izenarekin ezagutzen zuten, eta, gero, far (edo farris) izenarekin. Latinezko izen horretatik dator farīna (euskaraz: «irin») hitza. Farroaren irina populazio latindar herrien elikaduraren oinarria zen: farriekin ogia prestatzen zuten eta polentaren aurrekari bat, puls izenekoa.
Erromatarren artean, ezkonberriek elkarrekin kontsumitzen zuten farrisezko ogia confarreatio edo nuptiae farreatae izeneko erritoan, antzinako Erroman ezkontzeko modurik ospetsuena zena. Beste alde batetik, zenbait prestakin zeuden, hala nola chidra (greziar jatorrikoa) zereal honen galburu txigortuetan oinarritua, tragum (farris eta esne nahasketa bat) edo athera (Egiptotik zetorren jarabe antzekoa).
Hala ere, beste zereal batzuk landu ondoren – gari arrunta, adibidez –, ia desagertu egin zen farroaren laborantza, eta XX. mendearen amaieratik hasi da berreskuratzen zenbait eremutan, bere erresistentziari eta ezaugarri dietetiko egokiei esker.
Laborantza eta bilketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Farroa elikagai gutxiko lurretan ondo hazten da, eta hotzarekiko bereziki erresistentea da. Udazkenean ereiten dute, hazia bere oskolaz estalita dagoela, aurrez prestatutako lurrean. Ez da herbizidarik behar, landarea indartsua baita, eta horrek gehigarri kimiko eta agrotoxikoetatik salbuesten du. Hala ere, uzta gariarena baino beranduagokoa da, eta uda betean egiten da, gariarentzat behar diren makina berberekin.
Hazia hiru barietatetan agertzen da: txikia, ertaina eta handia (askotan oker esaten zaio «galzuri»); barietate ertain eta handiak dira laborantzarako gehien erabiltzen direnak.
Zereal honen berezitasun bat da, nahiz eta birrindu ondoren, uztatutako haziek oraindik kaskabiloa (edo herdoil-azala) mantentzen dutela eta, horregatik, beharrezkoa dela azala kentzea. Eragozpen hori – errendimendu baxu samarrarekin batera ( %60-70, hasierako ekoizpenarekin alderatuta – izan da gari arruntaren ordez jartzeko arrazoi nagusietako bat.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Bai JC1, Fried M, Corazza GR, Schuppan D, Farthing M, Catassi C, Greco L, Cohen H, Ciacci C, Eliakim R, Fasano A, González A, Krabshuis JH, LeMair A; World Gastroenterology Organization. (2013ko otsaila). «Guías Mundiales de la Organización Mundial de Gastroenterología - Enfermedad celíaca» J Clin Gastroenterol 47 (2): 121-6. doi: . PMID 23314668..
- ↑ San Mauro, Ismael; Garicano, E; Collado, L; Ciudad, MJ. (2014). «¿Es el gluten el gran agente etiopatogénico de enfermedad en el siglo XXI?» Nutr Hosp 30 (6): 1203-1210. doi: ..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu hau landareei buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |