Tutsi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Tutsi Erdialdeko Afrikako etnia da, Ruanda eta Burundiko biztanleriaren gutxiengoa dena. Jatorri Nilotikoko artzainak izan dira historian zehar.

Tutsiek tribu Nilotikoen adar bat osatzen dute, eta Laku Handien lurraldera, nolabait esateko, orain gutxi iritsi dira. Artzain eta abeltzainak izanda, ganaduarentzat primerako mendi berdexkak aurkitu zituzten Ruandara iritsi zirenean. Zalantzarik ez dago tutsi arrotzei hutuek nahikoa erresistentzia jarri zietela. Tutsiak gutxiengo ziren, eta gaur egun ere gutxiengo dira, baina Ruandara iritsi zirenetik, agerian geratu da agintea eskuratzeko duten abilezia. Mendeetan izan duten nagusitasuna hiru arlotan nabarmendu da:

  • Arrazari dagokionez, askoz ere altuago eta argalagoak dira, eta horrek errespetua sortzen dio hutuari.
  • Ekonomiaz denaz bezainbatean, behi-talde handienen jabeak izan dira, eta antzinako herrietan ganaduen jabetza aberastasun eta jauntxoen ezaugarri izaten zen (baita Euskal Herrian ere, aberatsa hitzaren jatorriak erakusten duen bezala).
  • Politikan ere, botere-egituren jaun eta jabe egin ziren berehalaxe. Aberastasun eta nobletasun horrek berehala bihurtu zituen tutsiak jauntxo, eta horien inguruan gizarte eta estatu feudal bat sortu zen, Erdi Aroan bezalatsu, XX. mendearen erdi aldera arte iraun duen estatu eredua.

Egipto hegoaldean, Sudanen eta Etiopian 1,80 metro inguruko gizakiak bizi dira, argalak, besa luzeak, aurpegiera erregularrekoak, serioak eta harroak. Nubioak, galak eta danakilak dira, azal beltzekoak, batzuetan kobre edo oliba kolorea ere izaten dutenak, eta tutsiek tribu horien jatorri bera dute. Abeltzain haien historia eta bidea denboran galtzen da, baina Nilo goietan eta Laku Handien lurraldean izan duten presentzia esanguratsua izan da: hortik dator Nilotikoen deitura. Gaur egun, batzuk oraindik ere nomada moduan bizi dira, masaiak eta peulak esaterako; eta beste batzuk, tutsiak eta himak, zibilizazioan integratu dira, Ruandako eta Burundiko Estatu menderatzaileak sortuz.

Ruandako genozidioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Ruandako genozidioa»

Muturreko hutuek eragin zuten 1994an Ruandak pairatutako genozidioa, tutsi eta hutu moderatuen aurkako sarraskia, alegia: 800.000-1.000.000 bat pertsona hil ziren.