Erromatar mitologia Antzinako Erromako istorioen multzo bat da, munduaren hasiera eta jainko-jainkosa eta heroi erromatarren bizitza eta abenturak kontatzen dituztenak. Jainko edo jainkosa bakoitzak bere omenezko ospakizun, erritu eta tenpluak edo leku sakratuak izaten zituen.
Antzinako Erroma eta Greziako mito edo istorio mitologikoak antzekoak ziren jatorriz. Geroago, aldiz, erromatarrek istorio greziarrak egokitu zizkieten jainko-jainkosei, eta, ondorioz, bi mitologiek antz handiagoa hartu zuten. Baina Erromatar Inperioa Egiptotik, Asia Txikitik eta Ekialde Hurbiletik hedatu zen neurrian, hango sinesmenak bereganatu zituen.
Erromatarrak jainko greziarrez jabetu zirenean, izenak aldatu zizkieten. Hurrengo taulan izen baliokideak aurkitu ditzakezu:
Greziar jainkoa | Erromatar jainkoa |
Zeus | Jupiter |
Hera | Junon |
Poseidon | Neptuno |
Hestia | Vesta |
Ares | Marte |
Atena | Minerva |
Afrodita | Venus |
Hermes | Merkurio |
Artemisa | Diana |
Hefesto | Vulkano |
Kontakizun mitologikoetako jainko-jainkosek botere magiko asko dituzte: ikusezin bihurtu eta denbora gutxian leku batetik bestera joan daitezke; pertsonak animalia bihurtu ditzakete, edo animaliak pertsona. Ez dira gaixotzen eta oso gutxitan zauritzen dira. Gainera, hilezkorrak dira, hau da, ez dira inoiz hiltzen.