Belgikako Erresuma Europako ipar-mendebaldeko herrialde txiki bat da. Brusela da bertako hiriburua eta hiririk handiena.
Herbehereekin, Alemaniarekin, Luxenburgorekin eta Frantziarekin egiten du muga. Ipar Itsasoa ipar-mendebaldean du.
Belgikak 11,4 milioi biztanle zituen 2018an; eta biztanleria hori bi talde handitan bereizten da: populazioaren erdia baino gehiago flandestarra da eta batez ere iparraldean bizi da, Flandrian. Heren bat, gutxi gorabehera, valoniarra da, hau da, Valonian bizi da. Flandestarrek flandriera hitz egiten dute, nederlanderaren oso antzekoa. Valoiek, aldiz, frantsesez hitz egiten dute. Alemanez hitz egiten duen jendea ere badago. Belgikar gehienak katolikoak dira baina musulmanak ere asko dira.
Bankuak, industria eta nazioarteko merkataritza dira Belgikako ekonomiaren jarduera garrantzitsuenak. Bertan ekoizten diren produktu industrialak kimikoak, elikagaiak, automobilak eta makineria dira. Diamanteen merkataritza oso garrantzitsua da Anberes hirian. Nekazaritzak eta abeltzaintzak garrantzi gutxi dute herrialdeko ekonomian.
Historia apur bat
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Belgikak Belgae izeneko talde zeltarengatik du izen hori; eskualdean finkatu zen talde hori historiaurrean. V. mendean, franko germaniarrek hartu zuten lurralde horien kontrola eta jendea kristautasunera bihurtu zuten. Geroago, Belgika lurralde independente askotan banatu zen. Flandriako hiriak nazioarteko merkataritza-zentro garrantzitsuak bihurtu ziren.
XIV. mendean, Belgika Borgoinaren kontrolpean egon zen, Frantziako lurralde baten kontrolpean. Habsburgotarrek, Alemaniako familia boteretsu batek, Belgika gobernatu zuen ia XVI. mende osoan, XVIII. mendera arte.
1795ean, Frantzia Belgikaz jabetu zen. 1815ean, Frantziako Napoleon enperadorearen porrotaren ostean, Belgika Holandaren kontrolpean geratu zen; bertan gehienak protestanteak ziren. Belgikako katoliko askok irmo egin zioten aurka Holandaren nagusitasunari. 1830ean belgikarrak matxinatu egin ziren eta hurrengo urtean Belgikako Erresuma independentea aldarrikatu zuten.
XIX. mendearen amaieran, Leopoldo II.a Belgikakoak Afrikako Kongo aldean kolonia bat kontrolatu zuen (gaur egun Kongoko Errepublika Demokratikoa). Belgikarrek 1960ra arte gobernatu zuten kolonia hori, batzuetan ankerkeria handiz.
Lehen Mundu Gerran eta Bigarren Mundu Gerran, Alemaniak Belgika hartu zuen. Naziek Alemanian lan egitera behartu zituzten ehunka mila belgikar.
Gerren ondoren, Belgikak Mendebaldeko Europako herrialdeen arteko lankidetza baketsua babestu zuen. Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen (NATO) eta Europako Ekonomia Erkidegoaren (geroago, Europar Batasuna) kide fundatzaileetako bat izan zen.
60ko hamarkadan, flandestarren eta valoien arteko tentsioa areagotu zen. Gobernuak hizkuntzaren arabera banatu zuen Belgika: Flandria flandriarra, Valonia frantsesa eta Brusela elebiduna. 1990eko hamarkadan eskualdeek botere gehiago irabazi zuten gobernuan.
Argazki batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Belgikako hiri garrantzitsuenak