Giza anatomia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Giza anatomia gizakien gorputzaren egitura da batetik, baina baita egitura hori (hau da, gorputza nola osatuta dagoen) aztertzen duen zientzia ere. Izan ere, giza gorputza atal ugariz osatuta dago, eta atal horietako bakoitzak funtzio edo eginkizun berezi bat dauka. Eginkizun horiek aztertzen dituen zientzia-adarra fisiologia deitzen da.

Giza gorputza osatzen duten atal horiek elkarrekin lan egiten dute, bizitzeko beharrezkoak diren funtzioak bete ahal izateko. Gorputza zelulaz osatuta dago; gure gorputzaren oinarrizko unitateak dira zelulak. Antzekoak diren zelulak ehunetan elkartzen dira; ehun desberdineko multzoek organoak osatzen dituzte, eta organo horiek sistema edo aparatu organikotan antolatuta daude. Zientzialari askok 11 sistema edo aparatu bereizten dituzte giza anatomian:

Sistema edo aparatu horietako bakoitzari buruzko informazio gehiago topatuko duzu bakoitzari dagokion artikuluan. Bestalde, gorputz-atal bakoitzari buruzko hainbat artikulu daude anatomia kategorian.

Dena dela, organo-multzo edo aparatu horiek ez dute bakarka funtzionatzen; sistema edo aparatu bakoitzak funtzio edo betekizun nagusi bat du, baina aparatu eta sistema horiek denek batera lan egiten dute gure gorputza osasuntsu edukitzeko eta bizirik egoteko.

Bestalde, sistema edo aparatu bat gaizki funtzionatzen hasten bada, horrek eragina izan dezake beste aparatu eta sistemetan; adibidez, zirkulazio-aparatuak oxigenoa eta mantenugaiak garraiatzen ditu ehunetara, eta karbono dioxidoa eta beste hondakin batzuk kanporatzen ditu. Giltzurrunek zirkulazio-aparatuarekin lan egiten dute, odoleko hondakinak iragazten edo garbitzen; gehiegizko ur kantitatea kanporatzen eta gatz mailak ere erregulatzen dituzte. Giltzurrunei esker, odola garbi itzultzen da bihotzera, eta hondakinak eta gehiegizko ura iraitz-aparatuaren bitartez kanporatzen dira. Baina giltzurrunak gaizki funtzionatzen hasten badira, hondakinak eta gehiegizko ura odolean pilatuko dira; horrek kalte egin ahal die bihotzari, zain eta arteriei. Horren ondorioz, arazoak izango dituzte mantenugaiak garraiatzeko eta hondakinak kanporatzeko; eta arazo horiek, gainera, kalte gehiago egingo diete giltzurrunei, eta beste organoak ere gaizki funtzionatzera irits daitezke.

Oinarrizko ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiok animaliak gara, animalia ugaztunak, zehazkiago esanda; eta oinarrizko ezaugarri asko partekatzen ditugu ugaztun guztiekin. Ugaztunek azal batez estalita dute gorputza, eta azal hori, berriz, ilez estalita; gizakiok, ordea, leku gutxitan gorde dugu ilea. Beste ugaztunak bezala, gizakiok ere endotermikoak gara, hau da, odol beroa izaten dugu; horrek esan nahi du gure gorputzaren tenperatura beti berdintsua izaten dela, edozein izanik ere kanpoko tenperatura. Ugaztun gehienek bezala, giza emeek erabat garatuta dauden umeak izaten dituzte erditzean; gainera, ugatz-guruinak (titi edo bularrak) dituzte, esnea jariaten dutenak umeak elikatzeko.

Ugaztun guztiak bezala, gizakiok ere ornodunak gara, hau da, bizkarrezurra dugu. Ornodu guztien antzera, aldebiko simetria daukagu: hots, gorputzaren ezker eta eskuineko aldeak simetrikoak ditugu, zati bat bestearen ispiluko irudia balitz bezala gainera, gorputzaren aurrealdea eta atzealdea desberdinak dira, bai eta gorputzaren goiko eta beheko zatiak ere. Ornodunen artean, izakion ezaugarri bat da tetrapodak garela, hau da, lau gorputz-adar ditugula, bi beso eta bi hanka. Gainera, gizakiok bipedo edo hankabikoak gara, eta horrek esan nahi du bi hanken gainean egon gaitezkeela zutik eta ibiltzen.