Edukira joan

Viet Minh

Wikipedia, Entziklopedia askea
Việt Minh» orritik birbideratua)
Viet Minh
Datuak
MotaAskapen nazionala, gerrillari taldea eta popular front (en) Itzuli
HerrialdeaVietnam
Ideologiaabertzaletasun sozialista, Ho Chi Minh Thought (en) Itzuli eta antiinperialismoa
Kokapen politikoaezker politiko
Jarduera
Kide kopurua500.000 (1944)
Honen parteresistance during World War II (en) Itzuli
Agintea
LehendakariaHo Chi Minh, Le Duan (en) Itzuli eta Phạm Văn Đồng
Historia
Sorrera1941
OndorengoakHego Vietnamgo Askapenerako Nazio Frontea

Viet Minh, Vietnamgo Independentziarako Ligaren laburdura (vietnameraz: Việt Nam Ðộc Lập Ðồng Minh Hội), 1941ean Vietnamen sortutako askapen nazionalerako mugimendu abertzale komunista zen, Frantziarekiko independentzia eskuratzeko helburua zuena. Liga Ho Chi Minhek zuzendu zuen.

Ekintza militar ugari burutu zuen Frantziako armadaren aurka. 1944an lehenengo garnizio frantsesa garaitu zuen. Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan, Japoniako armada Vietnametik irteterakoan (1945), Viet Minhek herrialdearen kontrola hartu zuen. Hala ere, Frantziaren aurkako borrokek 1954ra arte iraun zuten, vitnamdarrek irabazitako Dien Bien Phuko batailara arte, hain zuzen.

1960an Viet Minheko kideak Askapenerako Nazio Frontean (FNL) sartu ziren.

Vietnamgo nazioaren askapenaren gidaritza bere gain hartu zuen erakundea. 1941ean eratu zuen Ho Txi Minhek alderdi abertzale batzuk bildurik, Indotxinako Alderdi Komunista haietan nagusi zela. Lehen helburua herrialdea japoniarren eta frantsesen mendetik askatzea zen eta bere programan kolonizatzaileen eskuetan zeuden lurrak beretu eta nekazari pobreen artean banatzeko neurriak aldarrikatzen ziren.

1942tik erresistentzia sarea zabaldu zuten herrialde osoan zehar, Vo Nguyen Giap buru zuen gerrilla gerra abiarazten zutela, batez ere Tonkin Garaia eskualdean. Aldi berean japoniarren aurkako sabotaje-kanpaina zabalari ekin zioten.

1945ean aliatuak Japoniari nagusiturik, Vietminhek iparreko eta erdialdeko mendiak eta nekazaritza eremuak bere mende hartu zituen. Abuztuaren 16an matxinada orokorra aldarrikatu zuen; 19an Hanoin sartu ziren eta egun batzuk geroago herrialde osoaz jabetu ziren. Bao-Dai enperadorearen abdikazioa lorturik, 1945eko irailaren 2an Vietnamgo Errepublika Demokratikoa aldarrikatu zuen.

1946an Vietminhek ahalik eta jende gehiena (katolikoak, budistak) batzeko Fronte Nazional Batua moldatu zuen eta honek hauteskunde orokorrak prestatu zituen (1946ko urtarrila). Frantziak errepublika demokratikoari autonomia ezagutu zion Frantziako Elkartearen barne (1946ko martxoa) eta herrialde osoaren batasuna lortzearren arbitro izateko aitzakiaz iparraldean eta erdialdean oste frantsesak lehorreratu ziren berriro. Alabaina, herrialdea batzeko aurreikusia zen erreferenduma Vietminhek irabazi zezakeelakoan, Frantziak presioa emendatu zuen eta Haiphongen izandako istiluen ondorioz, itsas armada frantsesak 1946ko azaroaren 23an portu hori bonbardatu zuten (6.000 hildako). Indotxinako Lehen Gerraren hasiera izan zen hura. Viet Minheko osteak, lehen aldian garaituak izanik, mendietara erretiratu ziren. Eskualde zabaletan nekazariak aldekoak izanik, Giap jenerala buru zutela, laster nagusitu ziren landa eremuetan. Gudaroste frantseseko buruak De Lattre, Salan, Navarre txandaka saiatu arren, ezin garaitu zitzaizkien.

1953an Estatu Batuek gerra gastuen % 70 finantzatzen zuten arren frantsesek ezin eutsi zieten etsaiei eta Dien Bien Phuko guduan (1954ko maiatza) guztiz menderaturik geratu ziren. Genevan Frantziak eta Vietnamgo Errepublika Demokratikoak 1954ko uztailean su-etena sinatu zuten: 17. paraleloan bi aldeen arteko banalerroa jarri zen; iparraldea Errepublika Demokratikoaren administraziopean eta hegoaldea Vietnamgo Estatuaren eta Frantziako Elkartearen mende geratzen zelarik. Halaber, 1956ko uztailaren aurretik herrialde osoan hauteskundeak egin behar ziren gobernu bakarra aukeratzeko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]