Zientzia Euskal Herrian

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Zamudion kokaturik dagoen Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea.

Zientzia Euskal Herrian, Europako gainontzeko herrialdetan bezala, estuki loturik egon da bere garapen historiko eta ekonomikoarekin.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea XVIII. mendean, Ilustrazio garaian sortu zen zientzia eta kultura erakundea izan zen, Xabier Munibe Peñafloridako kondeak eta Azkoitiko zalduntxoek eratu zutena. 1776. urtean Bergarako Errege Mintegia sortu zuten eta bertan ezarri ziren Euskal Herriko zientzia modernoaren oinarriak. Louis Proust kimikari frantsesa kontratatu zuten eta hark prestaturiko laborategi aurreratuan Elhuyar anaiek wolframioa aurkitu zuten 1783. urtean. XIX. mendean Anton Abadia esploratzaile, astronomo eta zientzilaria Frantziako Zientzia Akademiako lehendakaria izatera iritsi zen. Gaur egun ere badira zientzialari ezagunak Euskal Herrian, Pedro Miguel Etxenike, Jose Ramon Etxebarria edo Javier Armentia esate baterako.

Zientzia museoak ere ugari dira, Eureka! Zientzia Museoa, Abadia jauregia, Arabako Natura Zientzien museoa edota Iruñeko planetarioa adibidez. Zientzia ikerketak egiteko hainbat elkarte garrantzitsu ere badaude: Aranzadi Zientzia Elkartea, Elhuyar Fundazioa, DiPC, TECNALIA, Biodonostia eta NanoGUNE besteak beste.

Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako Teknologia Parkeak eta Garaia Berrikuntza Guneak osatzen dute Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]