¿Por qué no te callas?
¿Por qué no te callas? | |
---|---|
Mota | esaldi meme |
Data | 2007ko azaroaren 10a |
Kokaleku | Santiago |
Herrialdea | Txile |
Parte-hartzaileak | |
Lanaren edo izenaren hizkuntza | gaztelania |
Kronologia | |
Q9096429 | |
¿Por qué no te callas? (euskarara itzuliz gero, Zergatik ez zara isiltzen? edota Zergatik ez duzu ahoa ixten?) Espainiako errege den Juan Carlos I.ak 2007ko azaroaren 10ean botatako esaldia da; Hugo Chávez Venezuelako presidenteari zuzendu zion Santiagon (Txileko hiriburuan) ospatu zen Estatuburuen eta Gobernuburuen XVII. Goi Bilera Iberoamerikarrean. Esaldia Hugo Chavezek José María Aznar presidenteari faxista deitutakoan bota zuen Espainiako Erregeak. Hain zuzen, Hugo Chávezek Aznarren gobernuak 2002ko Venezuelako estatu-kolpea sustatu eta aldeztu izana leporatzen zion.
Esaldiak sekulako oihartzuna eta eragina izan zituen gizartean eta Interneten, imitazio, iseka, parodia, telebista-programa edo telefono mugikorretako tonuen gai nagusi bihurtu zelarik eta Argentinako telebistako saio bati ere izena eman zion.[1]
Gertakaria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2007ko azaroaren 10an, Estatuburuen eta Gobernuburuen XVII. Goi Bilera Iberoamerikarreko azken osoko bilkuran, Hugo Chávez Venezuelako lehendakariak José María Aznar gobernuburu ohiari faxista deitu zion, 2002an Espainiako gobernuaren lehendakaritzan zegoen garaian, Venezuelan estatu kolpea sustatu zuela salatzearekin batera:[2]
« | Nik atzo Espainiako presidente ohi bati buruz jardun nuen; espero dut espainiar gobernuak, gaur nire laguna den Zapatero presidenteak zuzendutakoak, gaizki ez hartzea; jaun horren eraso bati aurre egiten ari naiz gainera, Latinoamerikarentzat arriskua naizela lau haizeetara zabaltzen ibiltzen dena. Egun batean Latinoamerikara etorri eta bisita egin zidan Caracasen. Zuek badakizue zein den José María Aznar, nik atzo esan nuen eta berretsi egiten dut: jaun hori faxista hutsa da. Caracasera heldu eta esan zidan "bisitatzera etorri baiz, geure klubera gonbidatu behar baitzaitut". [...] Gizon hark [Aznar] han faxismoaren, arrazismoaren eta beste guztiaren izaera izugarria agertu zuen; noski, guk, Venezuelan, geure bidea jarraitzen dugu, ez gara bilduko klub horretara, gizakiak garelako eta faxistak ez dira gizakiak, gizakiaren itxura daukate, baina ez dira gizakiak; nik uste dut suge bat bihozberagoa dela faxista eta arrazista baino; tigrea bihozberagoa da | » |
Hugo Chávez |
Handik gutxira, José Luis Rodríguez Zapatero gobernuburu espainiarra mintzatzen ari zenean, Aznarrekiko errespetua eskatu zion eta Chávezek berriro moztu zion hitza, Venezuelarentzako errespetua ere eskatuz. Bitartean, erregeak atzamarrez seinalatu ere egin zuen, "Eta zu!" esanez. Chávezek bere jarrera argudiatzen jarraitu zuen. Une horretan esan zuen Juan Carlos I.ak esaldi ezaguna, Chávez isiltzera estutuz:
« | ¿Por qué no te callas? (Zergatik ez duzu ahoa ixten?) | » |
Juan Carlos I.a, Espainiako Erregea. |
Jarraian ageri da protagonisten arteko elkarrizketaren transkripzio zehatza, hitzez hitz:[3]
Zapatero: Bachelet anderea, Venezuelako presidente den Hugo Chávezek esandako hitzen inguruko adierazpen bat egin nahi nuke, ez besterik, non Espainiako gobernuko presidente ohiaren, hots, Aznar jaunaren aipamena egin duen. Berorri ondorengoa adieraztea gustatuko litzaidake, Hugo Chávez jauna: gobernu demokratikoak dauden mahai batean gaude eserita, funtsezko printzipiotzat errespetua duen komunitate iberoamerikarrean euren herritarrak ordezkatzen dituzten gobernuak dauden mahai batean. Jarrera ideologiko baten antipodetan egon daiteke norbanakoa, ez naiz ni izango Aznarren ideiengandik gertu egongo dena, baina Aznar presidente ohia espainiarrek aukeratua izan zen, eta exijitzen diot berorri, exijitzen...
Chávez: Esaiozu berari gure herriaren duintasuna errespetatzeko.
Zapatero: Exijitzen diot...
Erregea: Eta zu!
Zapatero: Unetxo bat...
Chávez: Esaiozu horixe bera berari.
Zapatero: Errespetu hori exijitzen diot berorri, arrazoi bategatik, gainera...
Chávez: Esaiozu gauza bera berari ere, presidente jauna.
Zapatero: Jakina.
Chávez: Esaiozu gauza bera berari...
Zapatero: Jakina.
Chávez: ... bera leku orotan Venezuelarekiko errespetua galtzen ari baita; nik nire herria defendatzeko eskubidea daukat.
Zapatero: Ongi...
Erregea: Zergatik ez zara isiltzen?
Bachelet: Mesedez, ez dezagun elkarrizketarekin jarraitu, izan duzue zuen jarrera azaltzeko astia. Presidente jauna, amaitu.
Zapatero: Bai, unetxo bat.
Chávez: Nik ezin dut Zapatero lehendakariaren jarrera onartu.
Zapatero: Hugo Chávez jauna.
Chávez: Akaso Aznar presidentea espainiarra izango da, baina faxista da, eta horri errespetu falta handia deritzot.
Zapatero: Hugo Chávez jauna... Hugo Chávez jauna... dialogoaren esentzia eta printzipio bat egon badagoelakoan nago, eta errespetua erakusteko eta errespetatua izatekotan deskalifikatua ez izaten saiatzean datza. Ideiaren batekin inondik inora ere bat ez etortzea gerta daiteke, ideiak eta jokabideak sala nahiz aldarrika daitezke, baina deskalifikazioan erori barik. Adierazi nahi dudana zera da, gure herrien mesedetan elkar ulertzea lan egin ahal izateko modu hobezina da, ordezkari demokratikoek elkar errespetatzea, eta eskatzen dut —Bachelet anderea— hori herritarrak irudikatzen dituen eztabaida-leku batean jokabide-arau izatea, gure buruzagi guztiak errespetatzea, komunitate hau osatzen dugun herrialdeetako gobernari eta gobernari ohi guztiak bezala. Printzipio ona dela esango nuke, eta sutsuki desio dut hori portaera-araudi izatea, moduek ematen baitie izatea gauzei; eta erabateko desadostasun erradikala erakuts daiteke edozeri dagokionez, pertsonak errespetatuz, hori da norbanakoa errespetatua izan dadin bete behar den printzipioa. Ziur nago nola mahai honek guztiak hala latinoamerikar guztiek gobernari demokratiko guztiak [...] errespetatuak izatea nahi dutela, bai gaur eta bai bihar, nahiz iritzi ezberdinekoak ezan.
- [Txaloak].
Nikaraguako presidenteak, Daniel Ortegak, hitza eskatu zion Bachelet presidenteari. Honek hiru minutuko denbora eman zion. Hugo Chávezek unetxo bat eskatu zion Ortegari eta bere jarrera berretsi zuen José Gervasio Artigasen hitzak hartuz:
Ortega: Atzo gure senide espainiarrek mintzaldi bat eskatu zuten. Jarrera zehatz batzuekin bat datozen mintzaldiak izan ziren, eta mintzaldi hauek moztu egin ohi dira beste jarrera batzuen pareko ez direnean. Gaur Espainiak bigarren hitzaldi bat izan du, eta nik hitzaldi bakarra egiteko aukera baino ez dut izan, beraz, ezin nauzue mugatu hitzaldi bakarra ematera [...]. Ez badigute hitz egiteko aukerarik ematen..., goi bilkura honek ez du ez hanka ez buru, beraz, ni ez naute hiru minutu horiek moztuko.
Chávez: Emango al didazu minutu bat?
Ortega: Jakina emango dizudala.
Chávez: Beharbada zure minutua baino gutxiago beharko dut, Daniel, Zapatero presidenteari erantzuteko (lur hauetako gizon ikaragarri baten aipu baten bitartez), ene estimu osoarekin, berak jakin badaki eta estimu handia diodala. José Gervasio Artigas jaunaz ari naiz, hark horrela esan zuelarik: Egiarekin ez dut inor mintzen eta ez naiz inoren beldur. Horrela, Venezuelako gobernuak edozein erasori erantzuteko eskubidea gordeko du, edozein lekutan, edozein ingurunetan eta edozein tonutan.
Hugo Chávezek azkenik plazaratutako José Gervasio Artigasen esaldia, Con la verdad ni ofendo ni temo (Egiarekin ez dut inor mintzen eta ez naiz inoren beldur), izatez honela da: Con libertad ni ofendo ni temo (Askatasunarekin ez dut inor mintzen eta ez naiz inoren beldur).
Honen ostean ere izan zen gertakari bitxi bat. Nikaraguako presidentea zen Daniel Ortegak hitzaldia burutu zuen, hogei minutu ingurukoa, Unión Fenosa enpresa espainiarraren mesedetan aurreko gobernu nikaraguar ustelen Nikaraguako banaketa elektrikoaren pribatizazioa salatuz. Daniel Ortega aipatutako enpresak enpresa sortzaileei eginiko energia-erosketetan izandako jokaeraz kexatu zen, Espainia eta AEBtako enbaxadek Nikaraguako talde eskuindarrekin izandako esku-sartzeaz gain. Une horretan, hain zuzen ere, Juan Carlos I.a bere eserlekutik altxa eta esparrutik irten zen.
Izan zen, era berean, ezohiko hirugarren egoera bat, Txileko lehendakaria erregearen bila joan beharrean izan zenean, ekitaldiaren amaieran bertan egon zedin. Juan Carlos zeremoniara itzuli bazen ere, berriro egin zuen alde eta Txileko ereserki nazionalaren interpretazioa galdu zuen [4]
Gertakariaren osteko erreakzioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gertakaria jazo eta ondorengo egunetan, Espainiako gobernua tentsioa lausotu eta gorabeherari garrantzia kentzen saiatu zen, baina gertakariaren inguruko adierazpen ugariren bidez Chávezek tentsioa areagotzen jarraitu zuen.
Bilkuraren ostean, Zapaterok egoerarekiko nahigabea adierazi zuen:
« | Ez errepikatzea espero dut, elkarrizketa demokratiko bat eraikitzea errespetua eraikitzea baita. | » |
Erreakzio anitz izan ziren, hala ber, Espainiako Erregeak esaldia bota eta gero Chávez presidentea berehala isiltzeari buruz. Azaroaren 12an, Chávez presidenteak gezurtatu egin zuen itxurazko men egitea honako hau esanez:
« | Nik ez nuen erregeak esana entzun. | » |
Ondorengoa ere erantsi zuen:
« | Espero dut honek harremanak ez lausotzea, baina zakarkeria deritzot errege batek presidente bati isiltzeko agindu izanari. | » |
Azaroaren 14an, Chávez presidenteak ondorengoa mantendu zuen:
« | Enpresa espainiarrek kontu gehiago ematen hasi beharko dute, eta nik begiak adi izango ditut Venezuelan dauden enpresa espainiar guztientzat hemen zertan dabiltzan ikusteko. | » |
Hitz haiek Venezuelarekiko espainiar enpresa interesen aurkako mehatxu ireki moduan ikusi ziren. Kasualitatez, Nazioarteko Lan Erakundeak (NLE) Venezuelaren aurkako erabaki bat hartu zuen une hartan, 2003ko salaketa bat zela-eta, eta, hartan, enpresari eta hauen erakunde ezberdinen eskubideen bortxa leporatu zitzaion.
Chávezek ez zuen gertaera ahazteko asmorik eta, handik asteetara, Juan Carlosek eraso izanagatik barkamenik eskatzen ez bazion, erregearen aurka joko zuela iragarri zuen.[6]
Berrautaketa eta bere eskumenen zabalkuntza ahalbidetzeko xedean abiarazi nahi zuen erreforma konstituzionalerako erreferendumaren aldeko kanpainaren itxieran, Chávezek Espainiarekin izandako hika-mika erabiltzen jarraitu zuen, oraingoan Espainiako alderdi eskuindarra (argi eta garbi Alderdi Popularrari erreferentzia eginez, alderdi honetako buru Aznar izan baitzen 2004. urtera arte), 2008an, Espainiako gobernura itzuliko balitz Venezuelan zeuden banku espainiarrak nazionalizatuko egingo lituzkeela adieraziz.[7]
2007ko abenduaren 5ean, Chávezek gobernu espainiarrak Erregearen mezu pertsonal bat jaso zezan eskatu ziola adierazi zuen, hau Filipe Borboikoa printzearen eskutik izango zelarik, Cristina Kirchner Argentinako presidente berriak kargua hartuko zuen egunean, abenduaren 10ean, Buenos Airesen, biak bertan izango baitziren. Chávezek mezua jasoko zuela azaldu zuen, Printzeari estimu handia zion gizona zela argudiatuz.[8]
Venezuelarraren hitzetan, Espainiako erregeak zoriondu egin zuen 2007ko abenduaren 2ko erreferendum konstituzionala eta gero, eta hau Espainiako eta Venezuelako gobernuen arteko krisiaren baretzerako seinale moduan ikusi zuen berak. Hala ere, handik gutxira, Asturiasko Printzeak ezeztatu egin zuen Chávezi helarazteko Erregearen mezurik zuenik.
Bestelako erreakzioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Alderdi Popularrak Zapateroren portaera kritikatu zuen, gertakariaren aurrean, honen aurreikuspenik eza, axolagabekeria eta iniziatibarako gaitasun falta, bereziki, era berean Erregea goraipatuz espainiar guztiak defendatzeagatik.
- Ezker Batua alderdiak, berriz, Chávez defendatu zuen eta honek Aznarren aurka plazaraturiko salaketak berretsi zituen, moduen aukera eztabaida badaiteke ere azpimarratuz, baina zalantzan jar ezin daitekeena Chávezek 2002. urtean presidentea bere kargutik kentzeko saiakeran Aznarren gobernuak izaniko inplikazioaren eta babesaren inguruan esandakoa dela mantenduz.
- Espainiako erregearen eta Venezuelako presidentearen arteko hitzen elkartrukeari buruz galdetzean, Bakearen Nobel Sariduna den Adolfo Pérez Esquivel argentinarrak, ondorengoa adierazi zuen:
« | Errege bat baino gehiago behar da Chávez isilarazteko. | » |
Honako hau ere esan zuen:
« | Apika ez zen unerik aproposena izan, baina Chávezek arrazoi zuen, Jose María Aznar presidente ohia, politiko demokratikoa izanik, kolpisten babesean aritu bitzen. Estatu-kolpe bat laguntzen... | » |
- Rafael Correa lehendakari ekuadortarrak ondorengoa azaldu zuen:
« | Sekulako errespetu falta deritzot, horrenbesteko estimua diodan Juan Carlosek pazientzia galdu bazuen ere, eta eskerrak Chávezek entzun ez zuenik. | » |
Gizartean izandako eragina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esaldia zuzenean albiste-titulu bilakatu zen hurrengo egunean El Nacional egunkari venezuelarrean.[9]
Berehalakoan izan zuen gertakariak eragina gizartean. Esaldia espainiar hizkuntzan argitaratzen diren egunkari ezberdinetako azaletan agertu zen. Zapatero presidenteak berak, Espainiara itzuli bezain pronto eta sortutako oihartzunaz ezjakin, bere alaba batek gosaria hartzen ari zirela esaldia errepikatzean horren zabalkuntzaren berri izan zuela adierazi zuen.[10]
Joaquín Sabina bezalako mundu musikaleko pertsona ospetsuak ere kutsu umoristikoarekin erabili zuen esaldi xelebrea Joan Manuel Serrati zuzentzerako garaian. Hori gutxi balitz, Argentinan esaldia Telefe kateko telebista-programa baterako erabili zen, Mariano Peluffok zuzendurikoa hauxe. Uztailaren 1ean, Alan García Peruko presidenteak jarraian datozen hitzak erabili zituen bere kide boliviar Evo Moralesi erantzuteko:
« | Espainiako errege Joan Karlosek bezala esan behar genuke, sar zaitez zure herrialdean eta ez nirean, dagoeneko nahikoa tira egin diozu sokari. | » |
Tarteka hainbat testuingurutan agertzen da jada esaldia 21. mendeko gaztelanian, hedabideetan adibidez.[11]
Fenomenoa Interneten
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizarteari dagokionez, fenomenoa edo polemika Interneten agertu zen nagusiki. Gertakaria eta gero, YouTube bideo-atarian berehalakoan esaldia esana izan zen unea gorde zuten bideo franko igo ziren. Haatik, edizio propioak ere sortu zituzten, txotxongiloen moldapenak, fotomuntaiak edota reggaeton modukoak, esaterako.[12]
YouTubeko bisitek egiaztatzen dutenez, jendartean harrera zabala izan zuen. Blog eta Interneteko foro ezberdinek gaia ukitu izan dute [13] eta, hori gutxi balitz, Hi5 eta Facebook bezalako sare sozialetan izaniko presentzia ez zen atzera geratu.
http://www.porquenotecallas.com domeinua erregistratu zen, enkantean 10.000 dolar baino gehiago kostatu zelarik. Ebay guneak enkantea bertan behera utzi beharra izan zuen, jabego intelektualaren aurka aritzeagatik, Osborneren zezenaren kasuan. Gerora, domeinuaren jabeak bigarren enkante bat antolatuko zuen, bertan 852 eurotara iritsi zirelarik.
Egun berean erregistratu ziren domeinuen beste izendapen ezberdinak ere. Hurrengo astean SMS hizkuntza zerabilten domeinuak sortzeari ekin zitzaion, http://www.xknotecallas.com[Betiko hautsitako esteka], esaterako, honez gain aldaera xumeren bat zuten http://www.porquenoteries.com[Betiko hautsitako esteka], http://www.porqueteries.com[Betiko hautsitako esteka], http://www.porquenosecallavos.com[Betiko hautsitako esteka], https://web.archive.org/web/20110411061834/http://cierraelhocico.com/ ...
Normalizazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2008ko uztailean, Chávezek Espainiara eginiko bidaia ofizialean, monarka espainiarraren eta agintariaren arteko elkarketa eman zen berriro Marivent jauregian, Errege familiak Palma Mallorcakoan daukan udako egoitzan, hain zuzen ere. Topaketan bien ala biek izaniko jarrera adeitasun osokoa izan zen, agur berorik ahaztu gabe, aurreko topaketako gertakaria nabarmendu zuen esaldiaren inguruan elkarri adar joka ere ibili zirelarik Juan Carlos I.ak presidente venezuelarrari «¿Por qué no te callas?» esaldia inskribaturik zeukan kamiseta bat oparitu zionean. Horrela, bi herrialdeen arteko harremanen normalizaziorako bidea hartu zen, eztabaida entzutetsuaren gorabeherak amaitutzat emanez.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ FormulaTV.com.
- ↑ (Gaztelaniaz) HUGO CHAVEZ LLAMA FASCISTA A EX PRESIDENTE AZNAR, www.youtube.com, 2013-03-31n kontsultatua.
- ↑ (Gaztelaniaz) "Porque no te callas", www.youtube.com, 2012-03-31n kontsultatua.
- ↑ El Mundo, 2007ko azaroaren 10ean.
- ↑ Diario de Yucatán, 2007ko azaroaren 12an[Betiko hautsitako esteka].
- ↑ Diario Público, 2007ko azaroaren 14an.
- ↑ 20minutos
- ↑ Voz de Galicia
- ↑ (Ingelesez) «¿Por qué no te callas? increpó el Rey Juan Carlos a Hugo Chávez. Publicado el 11 de noviembre de 2007. | History, Venezuela, Do you remember» Pinterest (Noiz kontsultatua: 2023-08-02).
- ↑ (Gaztelaniaz) Zapatero: «Mi hija me dijo: ¿Por qué no te callas?», www.elcomercio.es, 2007-14-11.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Palo de la prensa catalana a Pedro: "¿Por qué no te callas?"» AS.com 2016-06-21 (Noiz kontsultatua: 2023-08-02).
- ↑ Los Clones
- ↑ ¿por qué no te callas? tonuaren arrakasta