Areciboko irratiteleskopioa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Airetiko ikuspegia

Areciboko irratiteleskopioa Puerto Ricoko Arecibo hiri ondoan dagoen behatoki irrati-teleskopikoa da. Cornell Unibertsitateak administratzen du National Science Foundationekin elkarlan akordio batekin. Behatokiak National Astronomy and Ionospher Center (NAIC) izenpean funtzionatzen du, ofizialki bi izenak erabiltzen diren arren. Irratiteleskopioa sekula eraiki zen teleskopiorik handiena izan zen bere 305 metroko diametroarekin, Errusian dagoen RATAN-600 izenekoa eraiki zen arte, 576 metroko diametroa duen bere antena zirkularrarekin. Datu irratiastronomikoak, lurtar aeronomia eta radar planetarioak biltzen ditu munduko zientzialarientzat. Zenbait erabileratarako erabili den arren, nagusiki zeruko objektuak behatzeko erabiltzen da.

Informazio orokorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Areciboko teleskopioa bere tamaina handiagatik nabarmentzen da: antena nagusiaren diametroa 305 metrokoa da, beheragune batean eraikia dagoena. Antena hau, munduko antena konbergenterik handi eta kurbatuena da, uhin elektromagnetikoen harrera ahalmen handia ematen diona. Antenaren azalera aluminiozko 38.778 lamina zulatuz osatua dago. Horietako bakoitzak 1x2 metro neurtzen du, altzairuzko kable sare batez jasanak.

Antena esferiko bat da (antena parabolikoaren kontraposizioz). Forma hau teleskopioa orientatzeko erabilitako metodoagatik dator. Antena finkoa da, baina hartzailea bere puntu fokalean kokatzen da azal esferikoak islatutako norantza ezberdinetako seinaleak harrapatzeko. Hartzailea 900 tonako plataforma baten gainean dago, 150 metro airean hormigoi armatuzko hiru dorrek eutsitako 18 kableren bidez zintzilik dagoena. Dorre horietako batek 110 metroko altuera du, eta beste biek 80 metrokoa (hiru dorreen tontorrak maila berean daude). Plataformak 93 metroko luzerako bide birakari bat du, arku formakoa, honen gainean antena hartzailea, erreflektore sekundarioak eta tertziarioak muntatzen direlarik. Honek teleskopioari zenit lokalaren inguruan (-1 eta 38 gradu arteko deklinazioa) 40 graduko kono baten barruan dagoen zeruko edozein toki behatzea ahalbidetzen dio. Puerto Ricoren kokapenak ekuatoretik gertu Arecibori gure Eguzki-sistemako planeta guztiak behatzea ahalbidetzen dio.

Eraikuntza eta arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antenak

Areciboko teleskopioaren eraikuntza William E. Gordonek hasi zuen, Cornell Unibertsitatekoa, nork, hasiera batean, lurraren ionosfera aztertzeko asmoa zuen. Hasiera batean, hartzaile paraboliko finko bat aurreikusi zen, norantza finko batean seinalatzen zuena, 150 metroko altuerako dorre batekin ekipoa fokuan eusteko. Ideia honek oso interes mugatua izango zuen balizko beste ikerketa arlo batzuetarako, zientzia planetarioak eta irratiastronomia kasu, zeruan kokapen ezberdinak adieraztea eta posizio hauek denbora epe luze batean jarraitzea eskatzen dutenak, Lurrak bira egiten duen bitartean. Advanced Research Projects Agencyko (ARPA) Ward Lowk ahulgune hau adierazi zuen, eta Gordon Massachusetts estatuko hiriburua den Bostoneko Air Force Cambridge Research Laboratoryrekin (AFCRL) harremanetan jarri zuen, non Phil Blacksmithek zuzendutako talde bat erreflektore esferikoetan lanean ari zen eta beste talde batek irrati uhinen hedapena goiko atmosferan eta honetan zehar aztertzen ari zen. Cornell Unibertsitateak proiektua ARPAri 1958ko udan proposatu zion, eta AFCRL eta Unibertsitatearen arteko kontratua 1959ko azaroan sinatu zen. Eraikuntza 1960ko udan hasi zen, eta irekiera ofiziala 1963ko azaroak 1ean egin zen.

Teleskopioak zenbait aldaketa jasan ditu bere bizitza erabilgarrian zehar. Lehen aldaketa handia 1974an egin zen, egungo erreflektoreari zehaztasun handiko azal bat gehitu zitzaionean. 1997an pantaila bat jarri zen lurrean perimetroaren inguruan lurreko erradiaziotik babesteko, eta igortzaile indartsuago bat jarri zen.

Aurkikuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Areciboko teleskopioak zenbait aurkikuntza zientifiko esanguratsu egin ditu. 1964ko apirilak 7an, inauguratu eta gutxira, Gordon H. Pettengillek eta bere taldeak Merkurioren errotazio periodoa 88 egunekoa ez zela zehazteko erabili zuten, uste zen bezala, baizik eta soilik 59 egunekoa. 1989ko abuztuan, behatokiak asteroide baten argazki bat historian lehen aldiz atera zuen: 4769 Kastalia asteroidea zen. Hurrengo urtean, Aleksandr Wolszczan astronomo poloniarrak PSR B1257+12 pultsarra aurkitu zuen, beranduago, honen inguruan orbitatzen ari ziren bi planetak aurkitzera eraman zuena. Hauek izan ziren aurkitutako lehen exoplanetak.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Areciboko irratiteleskopioa

Koordenatuak: 18°20′39″N 66°45′10″W / 18.344149°N 66.752704°W / 18.344149; -66.752704