Asteroide
Asteroideak espazioan zehar dauden gorputz solido eta forma irregularrekoak dira, planetak baino txikiagoak. Lurretik ikusita, izarrak dirudite. Horregatik,John Herschelek izen hori eman zien. Ezagutzen diren asteroide gehienak Marte eta Jupiter artean biraka ari dira asteroide-gerrikoa deitzen den gunean.
Piazzi italiar astronomoak 1801ean lehena aurkitu zuenetik (Zeres asteroidea), beste hiru bat mila asteroide aurkitu dira, eta urtero aurkitzen dira gehiago. Asteroide horietako handiena Zeres bera da, 930 kilometroko diametroarekin. Hurrena Pallas asteroidea da, 552 kilometrorekin, eta Vesta asteroidea, 521 kilometrorekin. Dena den, Zeres asteroidea, gaur egun, planeta nanotzat jotzen da.
Asteroideak, planetak bezala, Eguzkiaren inguruan biraka ibiltzen dira. Asteroide gehienen orbitak Marte eta Jupiter artean mugitzen dira, baina bakar batzuk Eguzkitik gertuago daude. Lurraren orbita ebakitzen duten asteroideei Apolo asteroide deritze. Lurraren orbita ebakitzen dutenez, Lurrarekin talka egin dezakete. 1937an Hermes asteroidea Lurretik 748.300 kilometrora igaro zen. Zientzialari batzuen ustez asteroide batzuk gertuago ere igaro dira. Izan ere, bada teoria bat, dinosauroen bat-bateko iraungitzea azaltzeko, asteroide edo kometa batek Lurra jo zuela dioena: talkaren ondorioz sortu zen hauts-hodeiak eguzki-argia Lurrera iristea eragotzi zuela urteetan, eta horren ondorioz dinosauroen heriotza eragin zuen hotz- eta iluntasun-aldi luzea izan zela. Asteroide bati argazkia egin zion lehen espazio-ontzia Galileo zunda izan zen, 1991n Gaspra asteroidetik oso hurbil igaro zenean. Ordu arte zientzialariek Lurreko teleskopioen bidez baizik ezin izan zituzten aztertu asteroideak.
[aldatu] Ikus, gainera
| Artikulu hau astronomiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.