Basagurbe

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Basagurbe
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Plantae
Kladoa: Angiospermae
Kladoa: Eudicotyledoneae
Kladoa: Rosidae
Ordena: Rosales
Familia: Rosaceae
Generoa: Sorbus
Espeziea: Sorbus torminalis
(L.) Crantz
Sinonimoak

Torminalis clusii (Roemer) K.R.Robertson & J.B.Phipps

Basagurbea edo mazpila (Sorbus torminalis) Sorbus generoko zuhaitza da. Bere fruituen ezaugarrietatik datorkio latinezko izena zuhaitz honi; "tormina"-k disenteria esan nahi du, eta, fruituak latzak eta astringenteak dituelako du izen hori. Mediterraneo inguruan eta Europa erdialdean zabalki hedatuta dago. Euskal Herrian ere, ugari izan gabe, lurralde guztian hedatuta dago eskualde mediterraneo lehorrenean izan ezik.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

20 m edo gehiagoko zuhaitza eta 1,3 m-tik gorako diametroa izan dezake bere zurtoinak. Zurtoinaren azala leuna eta grisaxka da, baina ezkatatsua; adinarekin xafla karratutan zuritzen da geruza marroi ilunagoak azalduz. Adaxkak lentizela zurixkaz pikartatuta ditu eta ilegabeak dira. Begiak ere ilegabeak eta apur bat likatsuak.

Hostoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hostoak dira bakunak, txortendunak, 5 - 9 gingil triangeluar akuminatuetan sakonki arrailduak eta ertzean finki zerratuak; berde ilunak eta pixka bat distiradunak gainaldean, argiagoak eta mateagoak azpialdean, gaztetan ilaundunak eta, gerora ia ilegabeak. Udazkenean kolore gorri bizi ikusgarria hartzen dute, erori aurretik.

Loreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Loreak

Muturreko korinbotan elkartuak, pedizeloa eta kaliza ilupadunak. 5 petalo zuriak edo apur bat arroxak; 20 estamine eta oinaldean soldatutako 2 estilo.

Fruituak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hostoak eta fruituak

Pomo oboidea, kaliza mantendu egiten du. Azala arrea edo gaztaina-kolorekoa, lentizela argiagoz pikortatua. Zapore latzekoa, mikatzak eta ondo heltzen direnean apur bat gozotzen dira.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie hau bertakoa da Europa erdialdean eta mediterraneoan; Ingalaterra eta Galestik, Danimarka eta Poloniara; Afrika hegoaldetik ipar-mendebaldera; eta, Asia hego-ekialdetik hego-mendebaldera, Asia Txikitik hasi eta, Kaukaso eta Elburz mendietara. Euskal Herrian, ugaria izan gabe, lurralde guztian hedatuta dago, 1.200 m-ko altituderaino, eta, eskualde mediterraneo lehorrenenean izan ezik.

Ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurzoru kalkareotan hobeto hazten da, baina azidoetan ere hazi daiteke. Basoen soilgunetako eta ertzetako espezie tipikoa da, argia behar baitu. Bereziki harizti eta pagadietan hazten da. Oso ongi egokitzen da negu hotzeko lekuetara.

Fenologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maaitz eta ekainean loratzen da; fruituak udaren azken aldera heltzen dira.

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fruituak latzak eta astringenteak direnez, beherakoa eta disenteria sendatzeko erabili izan dira.

Zura oso gogorra eta sendoa da eta, nahiz eta urria izan, lanabes-kirtenak egiteko oso estimatua izan da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Basagurbe Aldatu lotura Wikidatan
Wikispezieetan informazioa gehiago aurki dezakezu: Sorbus_torminalis