Benito Juárez

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Benito Pablo Juárez García

Benito Pablo Juárez García (Guelatao, Oaxaca, 1806 - Mexiko Hiria, 1872) Mexikoko politikaria izan zen. Mexikoko presidentea izan zen 1861etik 1872ra bitartean, Maximiliano enperadorearen atzerriko armadaren aurka borrokatu zen 1864tik 1867ra bitartean, eta Mexikoko Errepublika Federalerako oinarriak finkatu zituen. Familia indiar batean sortu zen, eta umezurtz geratu zen hiru urte zituela. Apaiz-ikasketak hasi zituen, baina haiek utzi eta zuzenbide-ikasketak egin zituen ondoren. Oaxacako diputatu (1832-1833) eta gobernari (1847-1852) izan zen. New Orleansko hirian bizi izan zen 1853tik 1855era bitartean, Santa Annaren diktaduraren garaian; Justiziako ministroa izan zen ondoren, eta konstituzio liberal moderatu bat idatzi zuen 1857an. Urte bereko abenduan hasi zen Gerra Zibila kontserbadoreen eta liberal erradikalen artean, eta konstituzioaren aldeko gobernua antolatu zuen Juárezek Guadalajaran. 1858an, gudaroste frantsesak jabetu ziren Mexikoko lurralde gehienez, eta Panama aldera eta, geroago, Veracruzera jo zuen Juárezek. 1859an, Estatu Batuek Mexikoko gobernu liberala onartu zuten, eta erreforma-lege garrantzitsu batzuk egin zituen Juárezek (Elizaren ondasunen nazionalizazioa, erlijio-ordenak deuseztatzea, erregistro zibilaren sorrera eta Elizaren eta Estatuaren arteko banaketa). 1860an, herriaren eta Estatu Batuen laguntzaz, Juárez Mexikoko hiriburuan sartu zen. 1861ean, bertan behera utzi zuen kanpo-zorraren ordainketa eta, ordainetan, Mexikon zuzenean esku hartzea erabaki zuten Britainia Handiak, Espainiak eta Frantziak. Juárezekin hitzartu ondoren (Soledadeko Ituna, 1861), gudarosteak erretiratu zituzten Mexikotik Espainiak eta Britainia Handiak. Frantziak berean iraun zuen, eta Mexikoko hiria hartu zuten gudaroste frantsesek 1863an. Hurrengo urtean, Napoleon III.ak Mexikoko enperadore izendatu zuen Maximiliano Austriako artxidukea, eta El Paso del Norte hirira (egungo Juarez) jo behar izan zuen Juárezek. Estatu Batuen eta Europako estatu batzuen presioen ondorioz, bere tropak erretiratu zituen Frantziak 1867ko martxoan, eta berriro sartu zen Juárez Mexikoko hirian, Maximiliano fusilatu ondoren (1867ko uztaila). Berriro hautatu zuten presidente Juárez, eta baita 1871n ere. Hauteskundeetan iruzurra egin zuelako salaketa egin zioten urte hartan, ordea, eta matxinada-saio batzuk gertatu ziren ondoren (Treviño, Nanclares, Porfirio Díaz). Bihotzekoak jota hil zen Benito Juárez 1872an.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Benito Juárez Aldatu lotura Wikidatan