Blas Lezo
Blas Lezoren irudia |
||
| Datu pertsonalak | ||
|---|---|---|
| Izen osoa | Blas Lezo Olabarrieta | |
| Ezizena | "Almirante Patapalo" ("Zurzango Almirantea") "Mediohombre" ("Gizonerdi") |
|
| Jaio | 1689ko Otsailaren 3a | |
| Pasaia, Gipuzkoa (Euskal Herria) | ||
| Hil | 1741ko Irailaren 7a | |
| Indietako Kartagena (Kolonbia) | ||
Blas Lezo Olabarrieta (Pasaia, Euskal Herria, 1689ko otsailaren 3a – Indietako Cartagena, Kolonbia, 1741ko irailaren 3a) euskal itsasgizon eta militar bat izan zen, Espainiar Itsas Gudarostearen hiztoriako estratega eta buruzagi handi eta garrantzitsuenetakoa. Bizitza militarrean zehar jasandako zauriengatik Patapalo ("Zurzango") edo geroago Mediohombre ("Gizonerdi") ezizenez ezagun egin zen.
Biografia [aldatu]
Blas Lezo Olabarrieta 1689ko otsailaren 3an Pasaian jaio zen. Bere arbasoen artean itsasgizon bikainez osatutako sendi batean jaio zen, garai hartan bere bizimodua oso-osorik itsasori erabat lotuta zuen Pasaia herrian. Frantziako ikastetxe batean hezitu zen eta 1701ean 12 urte eskas zituelarik, ofizialgai gisa frantziar Itsas Gudarostearekin batera itsasoratu zen. Luis XIV.a Frantziakoak (Filipe V.a Espainiakoaren hiloba) ahalik eta frantziar eta espainiar eskoadra eta gudarosteetako ofizialen elkartruke handiena egon zedin agindua baitzuen.
Lezo gaztearen lehendabiziko guda Vélez-Málagan izan zen, bertan Tolousseko Almirantearen eskoadra eta eskoadra anglo-holandarren arteko borrokaldia burutu zelarik (1704). Ekintza honetan Lezori kanoi-bala batek bere ezker anka ebaki zion. Lezo gazteak uneoro erakutsi zuen odol hotzak Tolousseko kondearengan mirespena eragin zuen, bere kemen eta lasaitasunak apartekotzat joz, honela Tolousseko kondeak Lezori postu igoera bat proposatu zion.
Itsasontziko alferez gisa borrokaldietan ausardi eta dohai bikainak erakutsi zituen. Tolóneko Santa Katalina gazteluaren setioan, jada itsasontziko tenientea zelarik, zauritua izan zen. Bartzelona setiatzen ari zen Espainiako erregeari laguntzeko asmoz Frantziako erregeak bidalitako espedizioen buru bezala Blas Lezo ezarri zuten, setio hau Espainiako erregetzara sartu nahizik zebilen Austriako artxidukearen aldekoak jaso egin baitzuten. Lezok ekintza bikain batez hiri honen inguruan zeuden indar botoretsuagoen setio apurtu eta hainbat itsasontziei su eman zien. Jada 1713ko kataluniar hiriburuaren bigarren setioan borrokatzen ari zen itsasontziko kapitaina zen. Une honetan bere besoa ezgaitua gelditu zitzaion.
Hamar urte pasatxoz, 1730 urterarte Kariben piraten aurka borrokatu zen (1723rako Hegoaldeko itsasoaren jeneral maila eskuratua zuelarik). Bere itzulerako eskoadrako buruko kargu igoera izan zuen. Laister Genovan burutu beharreko eginbehar zail bat izendatu zioten, Espainiarenak ziren 2 milioi peso bereganatuak zituen hiri honetako San Jurgiren Banketxea setiatzea. Lezok bere ohiko erara jokatu zuen, bertakoek dirua itzultzeari ukatu ezkero hiria bonbardatzeko mehatsua jaurtikiz, horretaz gain hiritarrek Lezoren itsasontzian zegoen banderari agurtzera behartuz. Lezoren ospea ongi ezagutzen zuenez, agintari genovarrak onartu egin zuen.
1732an Oranen aurkako espedizioan Cornejo jeneralaren bigarren eskoadra buru bezala eskuhartu zuen, itsas-indar hau 54 gerraontzi, 500 garraio eta Montemar kondearen agintepeko 30.000 gizonez osatua zegoelarik. Hiri honek amore eman ondoren, Santa Cruz markesa gelditu zen bertako agintari beste 8.000 gizonen buru zelarik. 1732ko uztailaren 5a zen. Hassan erregeak ez zuen hiriaren galera onartu eta berehala sitioa jarri zion. Hiriari laguntzeko arduraduna Blas Lezo izan zen, 6 itsasontzi eta 5.000 gizonezkin. Setioa altxatu eta bertan Santa Cruz agintaria eta bere kapitainetako zenbait hil ziren. Lezo, itsasgizon jaioa, karibetar piraten aurkako borrokaldietan trebatua, 60 kanoidun Argeleko itsasontzi kapitainari atzetik jarraitu zion. Ontzi hau bi gaztelu eta milaka gizonez defendatutako Mostazango senaian babestu zen. Euskal itsasgizonaren ohiko kemena bere harrapakina aurrez-aurre ikusi hala handituz joan zen, gotorlekuetatik jaurtikitzen zizkioten tiroei muzin egiten zielarik. Argeldar hiriburuari su eman eta gazteluak bonbardatu zituen, hauei kalte handiak eraginez. Ondoren itsas zainketa estu bat ezarri zuen, argeldarrak turkiarren indarren laguntza lor ez zezaten. Lezok jasandako "sukarrek" Kadizera atzeratzea behartu zuten. 1734ean teniente jeneral mailara igotzen dute. Lurrean bi urtez egon ostean galeoietako komandante jenerala izendatuko dute.
Galeoia baxel edo itsasontzi mota handi eta barru garaikoa zen, belekin besterik maneiatzen zena: batzuk guda galeoiak ziren, besteak aldiz zama galeoiak. Indietako Gudarostea osatzen zuten baxeleei ere galeoi izendapena ematen zitzaien; herrialde haietako altxorrak Espainiara eramaten zituzten eta beren biltegiak xede horretarako zeramazkiten. Kadizetik Portobellora eta Indietako Kartagenara noizbehinkako bidaiak burutzen zituzten. Lezo itsasgizona berriz ere Fuerte eta Conquistador itsasontziekin batera Tierra Firmen dagoen Indietako Kartagenara itzuli zen, 1737ko martxoaren 11ean ailegatuz, han hiri honen eta bere inguruko itsasgunearen defentsaz arduratu zelarik. Hemen zegoela, Espainia eta Ingalaterraren arteko 1739ko Guda Aldarrikapenarekin bat, Jamaikan burutzen ari zen ingeles indarren bateratzearen albisteen berri izan zuen. Ingelesek dagoeneko aipatua zuten Kartagena hiria Tierra Firme indarrez hartzeko itsasportu nagusitzat bezala, bai eta helburu hau lortzeko denbora askoz prestatzen jardun. Lezok hau bazekien, bai eta bere hiriko defentsen egoera tamalgarriaz ere.
1741an Ingeles Eskuadra Kartagenaruntz zihoala, Lezok bere itsasontziak Boca Chican kokatu zituen. Honela ingelesak borrokatzera behartuak zeuden lurra hartu nahi bazuten. Portua ere kateekin itxi zuen. 1740eko Vernon almirante ingelesaren lehen erasoa atzeruntz eragotzia izan zen. Ingeles almiranteak ez zituen portuko defentsak gutxietsi. Lezo beraren gaitasuna asko baloratu zuen. Honek azalduko zuen 1741eko martxoaren 13ko Ingeles Ontziteri boteretsuaren buru zeuden Vernon almiranteordearen agintepeko Lestock eta Oglen bertaratzea. Ingeles Ontziteri honen osaketa honako hau zen: hiru zubidun 8 itsasontzi, lerroko 28 itsasontzi, 20 kanoitik 50erako 12 fragata, 2 lonbarda, hainbat brolote eta 10.000 gizon zeramazkiten 130 garraio, Jamaikako 2.100 beltz, iparramerikar errejimentu bat eta itsasgudarosteko 15.000 gizon. Lerroko itsasontziak bi bateridunak ziren; lonbardak, kalibre handiko kanoiak, eta broloteak suharberak ziren materialekin beteak zeuden ontziak ziren.
Martxoaren 20ean ingeles eskoadrak San Felipe, Santiago, San José eta San Luis gotorlekuen aurka su egiten hasi zen, Lezok bere gizonekin babesten zuen San Luiseko gotorlekua ezik beste guztiak eraitsiak izan ziren. Honekin batera ingelesek beren indar guztiak lurreratu zituzten, artilleria barne.
17 egun iraun zituen etengabeko borrokaldiaren ostean, Lezo eta bere gizonak San Luis gotorlekutik atera eta hirira aldendu ziren. Granada Berriko erregeordea eta Kartagenako agintaria zen Sebastián de Eslava, Lezo bera bezala, batzartuak zeuden bitartean zaurituak izan ziren. Kartagenak kanpoaldeko laguntza indar berriak jaso zituen, 6.000 gizon eta 8.000 kanoi bala. Inbasio erraldoi honen aurrean etsituak zeuden unean, Lezok 250 baionetadun gizonen kontraeraso suizida bat agindu eta gidatu zuen. Honek inbaditzaileak atzerarazi zituen, 800 hildako eta 200 gatibu geldituz. Ekintza honek, gehi disenteria eta eskorbutoaren eraginak egundoko sarraskia burutu zuen erasotzaileen artean, garaipena Lezoren alde jarriz. Vernon zuhurtziaz aldentzen joan zen.
Amaieran preso eta gatibuen elkartrukea burutu zen. Ingelesek harrapakin baliotsua laga zuten, 20 itsasontzi eta 9.000 gizon. Blas Lezo Olabarrieta urte hartako irailaren 7an zendu zen, hiriaren defentsan izandako nekeen ondorioz akituta. Gaur egun Indietako Kartagena hirian borrokaldi hauen ondoren eraiki ziren harresi eta defentsa bikainak ikuskatu genitzazke, horiekin bat Lezoren estatua, pasaitar maingu entzutetsua. Lezo-Vernon norgehiagokan zehar izandako pasarte bitxia ingeles almiranteorde harroaren aldetik dator. Borrokaldia gertatu aurretik Lezo belauniko irudikatzen zen domina batzuk grabatu zituen, euskaldun itsasgizonak ingelesari bere ezpata emanaz eta ondorengo idatziarekin:
| « | Espainiar harropuzkeria Vermot almiranteak apaldua | » |
Atzekaldean berriz honako hau irakurri zitekeen:
| « | Britainiar heroiek Kartagena 1741ko apirilean bereganatu zuten | » |
Garaiko kroniken arabera, Vernon almirante mailara goratua izan zen, ezin liteke jakin gertakizun hauek gertatu aurretik edo ondoren izan zen. Halere britainiar almirantaritzarekin izandako hikamiken ondorioz maila honetatik hat utzi zuten. Lezori berriz Ovieco Markesaren titulua eman zitzaion, baina izendapen hau ez zen bera bizirik zegoen unean iritsi, Indietako Kartagenako bere garaipenaren urte berdinean hil baitzen, hiri honek bere heroi gorenetzat duelarik.
1955ko azaroaren 12an Lezori omenaldi bikoitz bat egin zitzaion. Pasai San Pedroko Alkatetzan G. Hombrados Oñativiaren margolana aurkeztu zen, honetaz gain Lezotarren oinetxean Emilio Laiz Campos eskulturgilearen hilarri bat ezarri zen. Data berberean Espainiak kolonbiako herriari oparitu zion Lezoren estatuaren emate sinbolikoa inauguratu zen. Pasai San Pedroko elizan Blas Lezori eskainitako hilarria eta hilobia mantendu izan dira. Mende batzuk atzeruntz begira, gauza berdina gertatu zen Elkanorekin Getariako elizan. Bi hilobiak hutsik daude, Lezo Indietako Kartagenan hil baitzen eta Elkano berriz itsasoan. Lezoren oroimenezko plaka Donostiako San Telmo museoan dago. Pasaiako elizan dagoena berriz erreplika bat delarik.
Erreferentziak [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- Blas Lezoren oinetxea. Lezoko Udalaren Webgune Ofiziala
- Blas Lezo. Euskal Herriko itsasgizona. Berria egunkaria, 2008ko Irailaren 5a
- Blas de Lezoren biografia. Eusko Ikaskuntzako Euskomedia webgunea
- Blas Lezo Olabarrietaren biografia entzungai - 1go Zatia
- Blas Lezo Olabarrietaren biografia entzungai - 2go Zatia
- Blas Lezo Olabarrietaren biografia entzungai - 3go Zatia
- Blas Lezori buruzko artikulua ARGIA astekarian
