Juan Sebastian Elkano

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau marinelari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Elkano (argipena)».
Joan Sebastian Elkano
Joan Sebastian Elkano
Getarian dagoen Elkanoren irudia.
Datu pertsonalak
Izen osoa Juan Sebastian Elkano
Jaio 1476 inguruan
Euskal Herria Getaria, Gipuzkoa
(Euskal Herria)
Hil 1526ko abuztuaren 4a
(Ozeano Barea)

Juan Sebastian Elkano (Getaria, Gipuzkoa, Euskal Herria, 1476 inguruan - Ozeano Barea, 1526ko abuztuaren 4a) esploratzailea eta itsasgizona izan zen. Oso ospetsua da; izan ere, munduari bira osoa eman zion lehenbiziko espedizioan parte hartu zuen, eta azkenengo zatian bera izan zen espedizioko buruzagi. 1519an Sevillatik irtenda, 1522an heldu zen Sanlucar de Barrameda herrira Victoria ontzia. Elkano eta beste 17 marinel baizik ez ziren bizirik itzuli.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Getaria (Gipuzkoa), Elkanoren jaioterria.

Gaztetatik bere jaioterria zen Getariako itsasgizonen bizitzara ohitua izanik arrantzale izan zen, gerora Frantziako portuetan zehar merkatal eta estraperluko jardunetan ibili ondoren bere itsasgizon ibilbidea gehiago osatu zuen.

Bere izakera lehiatsu eta abenturazaleaz baliaturik, 1509an Cisneros apezpikuak Arjel erasotzeko antolatu zuen espedizioan parte hartu zuen, era berean Gonzalo Fernández de Córdoba kapitainak Italian zehar zuzenduriko kanpainetan ere egon zen, bertan Euskal Herriko beste gizaseme batzuk ere paper garrantzitsua jokatu zuten, adibidez Pedro Navarro, Olivetoko kondea zena.

Magallanesen espedizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzuli ondoren, Elkanok gerraontzi bat atzerritarrei errenditu zienez espainiar legearekin hainbat arazo eta liskar izan zituen, ondorio bezala Sevilla hirira ihes egin zuen, han 33 urterekin Fernão de Magalhães edo Magallanesen espedizioan zihoan eskifaian izen eman zuen. Espedizio honen lehenbiziko helburua Espainia eta garai hartako Sartaldeko Indiak eta Ekialde Urruna lotuko zituen ibilbidea irekitzea zen, honela portugaldarrek erabiltzen ez zuten ibilbide berri bat egitea ere helburu zutelarik.

Espedizio hura 5 ontziz eta 234 gizonez osaturik zegoen. Elkanori Concepción naoan maisu postua eman zioten.

Hasiera batean Magallanesen espedizioa osatzen zuten ontziak
Ontzia Tonak    Eskifaia
Trinidad 110   55  
San Antonio 120   60  
Concepción 90   45  
Victoria 85   42  
Santiago 75   32  
    Denera: 234 
Espedizioak Magallanes itsasartea igarotzeko egin zuen ibilbidea.
Elkano irudikatzen duen litografia, 1854koa.

Espedizioa 1519ko abuztuaren 10ean Sevillatik atera eta irailaren 20an Sanlúcar de Barramedan itsasoratu zen, ondoren Kanarietan geldiune bat burutu eta Brasilgo kostaldera zuzendu zen, hau Hegoaldeko norabidean zeharkatu eta 1520ko martxoaren 30ean San Julián deitu zuten ibaiaren bokalean gelditu (gaur egungo Patagonian) eta han neguan igaro zuten. Leku honetan Magallanesek Juan de Cartagena eta beste hainbat kapitain eta itsasgizon ugarik sorturiko batzordeari aurre egin behar izan zien, aurrera jarraitzeari uko egin eta matxinatu egin baitziren. Matxinatuek Elkanori San Antonio naoaren ardura militarra eman zioten.

Bi alderdien arteko liskarrak modu bortitzean konpondu ondoren, Elkano aurretik Concepción ontzian zuen kargura itzuli zen, postu honetan zegoelarik urte hartako azaroan gerora Magallanes itsasartea bezala ezagutuko zen itsasartetik igaro eta Ozeano Barearen handitasunean barneratu ziren. Gorabehera eta pasadizo ugariren ostean 1521eko udaberrian Filipinetara ailegatu ziren, ordurako espedizioari bi ontzi besterik ez zitzaizkion gelditzen eta jada berau osatzen zuten itsasgizonetako asko gaixotasunez hilak zeuden. Bertan zeudela, 1521eko apirilaren 27an Cebutik hurbil dagoen Mactan uhartean espedizio honetako buruzagi bikaina zen Magallanes bortizki hil zutelarik.


Magallanes esploratzaile portugaldarrak prestatutako espedizioan parte hartu zuen 33 urterekin, portugaldarrek erabiltzen ez zuten ibilbide berri bat egitea helburu zutelarik. 1519ko abuztuaren 10ean Sanlucar de Barramedatik (Sevilla) irten zen espedizioa. Concepción untziko kapitain zela, Atlantiar Ozeanotik Ozeano Barera heldu ziren, gaur egun Magallanes itsasartea deritzona aurkitu eta igaroz. Filipinetara iristerakoan bost ontzietatik bi besterik ez zitzaizkien geratzen eta espedizioko kide asko gaixotasunen ondorioz hil ziren. Mactan irlako erasoan Magallanes hilik suertatu zen eta Elkanok Victoria ontziko eta espedizio osoko agintea hartu zuen. Moluka uharteetara iritsi eta ontzi bat bertan deseginda geratu arren, bestea espeziez kargatu eta itzulera antolatu zuten.

Hiru urte behar izan zituzten Sanlucar de Barramedara itzultzeko baina azkenean, eta irten ziren 265 gizonetatik 18 bakarrik itzuliz, 1522ko ekainaren 6an bueltatu ziren. Karlos V.a erregeak Elkano Valladoliden hartu zuen eta bere armarrian munduaren irudi bat ezartzeko baimena eman zion honako esaldi hau ipiniz: "primus circumdedisti me" ("zuk inguratu ninduzun lehena"). Handik hiru urtera beste bidaia batean abiatu eta bertan hil zen. Gorpua kareletik behera itsasora bota zuten.

Magallanesen Victoria ontziaren itsasbidea (urdinez), Elkanok Filipinetatik aurrera agintea hartua (gorriz), munduari lehen bira eman ziona.

Bizirik iraun zutenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Magallanesen espediziotik bizirik iraun zutenen izenen zerrenda. 1956eko maiatzaren 7an datatutako idazkia, Sanlúcar de Barramedako udaletxean gordea.
Hamazortzi gizon hauek itzuli ziren Sanlucar de Barramedara Victorian 1522an
Izen-deiturak eta jaioterria Kargua
Juan Sebastian Elkano, Getaria (Euskal Herria) Kapitaina  
Francisco Albo, Axila Pilotua  
Mikel Rodaskoa (Grezia) Pilotua  
Juan Akurio, Bermeo (Euskal Herria) Pilotua  
Antonio Lombardo (Pigafetta), Vicenza (Italia) Ordezkoa  
Martin de Yudícibus, Genova (Italia) Merinoa  
Hernando de Bustamante, Alcantara (Espainia) Marinela eta bizargina  
Nicolás el Griego, Nauplia (Grezia) Marinela  
Miguel Sánchez, Rodas (Grezia) Marinela  
Antonio Hernández Colmenero, Huelva (Espainia) Marinela  
Francisco Rodrigues, Sevilla (Espainia) Marinela  
Juan Rodríguez, Huelva (Espainia) Marinela  
Diego Carmena (Espainia) Marinela  
Hans Akisgrangoa (Alemania) Kanoilaria  
Juan Arratia, Bilbo (Euskal Herria) Itsasmutila  
Vasco Gómez Gallego, Baiona (Espainia) Itsasmutila  
Juan de de Santandrés (edo Santander), Cueto (Kantabria) Itsasmutila  
Juan Zubileta, Barakaldo (Euskal Herria) Morroia  

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Juan Sebastian Elkano Aldatu lotura Wikidatan