Donibane Garazitik Orreagara (Donejakue bidea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Donibane Garazitik Orreagara
Nafar bidea
Geografia
AbiapuntuaDonibane Garazi
HelmugaOrreaga
Luzera23,4 km
Punturik altuenaLepoeder (1.429 m)
Map

Frantses Bidea, Donibane Garazin zein Orreagan hasten dela esan daiteke, eta Donejakue bide guztietatik ezagunena eta jendetsuena da, beste bideekiko alde handiarekin. Europako barnealdetik datozen lau erromesbide historiko nagusietatik hiruk horra jotzen dute, eta Donibane Garazitik kilometro gutxira dagoen Ostabat herri txikian elkartzen dira.[1]

Konpostelako Erromesaren Bulegoaren estatistiken arabera, 2019an Bulegoan erromesaldiaren egiaztagiria aurkeztu eta “La Compostela” diploma jasotzera 347.578 erromes agertu ziren, % 51 emakumeak eta % 49 gizonak. Horietatik, 189.937 pertsona iritsi ziren Frantses Bidetik, hau da, % 54,6a. Donibane Garazin 33.198 erromes hasi ziren, guztizkoaren % 9,55, eta Orreagan berriz 4.920 erromes, %1,42.[2]

Etapen luzera eta aterpetxeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gida desberdinetako etapak antzerakoak izan arren, batzuetan bai irteera eta bai amaiera hiri zein herri ezberdinetan daude, ondorioz etapa bakoitzeko luzeran aldeak sortuz.[3]

Gidek diotenez gain, erromes asko daude etapei jaramon egin beharrean, norberaren egoera fisikoari edo aterpetxeen egokitasunei begiratzen dietenak, oinezkoek sarritan 30/40 km. eta bizikletan doazenek 80/100 km. betez egunero. Ondorioz, ibilbideko hiri, herri eta herrixka guztietan daude aterpetxeak erromesen eskura, publikoak zein pribatuak, prezioen eta pribatutasun-mailen arabera. Horrek adierazten du lurraldearen garapen ekonomikoarentzat, aterpetxeak beste eragile batzuk direla.[4]

Donejakue bidearen aterpetxe berezienak ezaugarri hauek dituzte: borondatezko ospitaleroek kudeatuak izanik udalenak edo erlijiosoenak dira; dohainik direnak borondatea ematea eskertzen dute afaria, ohea eta gosariagatik; sarritan ekitaldiren bat edo errezu erlijiosoren bat antolatzen dute; eta erromes denak konpartitzen duten afari komunitarioa egiten da. Adibide ugarien artean honakoak aipa ditzakegu: Zabaldika, Monjardin, Logroño, Tosantos edo Bercianos. Hainbat erromesentzat aterpetxeetako afari komunitarioek esanahi berezia dute, etapen luzera horren arabera antolatuz.[5]

Donejakueren Frantses Bideko lehen etapa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luzaide

Donejakueren Frantses Bidearen lehen etapak bi aukera ditu, Napoleonen Ibilbidea edo Luzaideko Ibilbidea.

Lehena gogorra eta ikusgarria da, eta Pirinioak gurutzatuko ditugu Cizeko portuetatik barrena, Donibane Garaziko 172 metroko altitudetik Lepoeder muinoko 1.430 metrora igoz. Ondoren, pagadi-baso zoragarri batetik jaitsiko gara 945 metroko altitudea duen Orreagara. Beraz, 1.258 metroko desnibel positiboa eta 485 metroko desnibel negatiboa egingo dira.

Neguan, Luzaidekoa nahitaez egin beharreko saihesbidea da, betiere errepide nazionalaren ondotik eta Napoleonen Ibilbidea baino altuera txikiagoan. Elurra edo eguraldi txarra izanez gero, edo norberaren egoera fisikoari buruzko zalantzak izanez gero, horixe da aukerarik zentzuzkoena, nahiz eta paisaiaren erakargarritasuna txikiagoa izan. Desnibel positiboa 885 metrokoa da.[1]

Donibane Garazi – Orreaga, Luzaidetik: 23,4 km.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donibane erdian, Zitadelako karrikan erromesen bulegoa dago, borondatezko ospitaleroak kudeatuta, eta bertan lortu daiteke Donejakueko egiaztagiria, lehen zigiluarekin. Ondoren hasiko dugu ibilbidea.

Errobi ibaia gurutzatu ondoren, Espainiako kalera aterako gara eta bertako atea gurutzatuta 100 metro aurrera egingo dugu, eskuinera joz Luzaideko saihesbidea Maiorgaren bidetik zeharkatuz, D933 errepide nazionalera ailegatu arte. 700 metro jarraitu, eskuineko kalea hartu, eta Errobi ibaia igaroko dugu Arnegiko zubitik. Errepidearen eta ibaiaren eskuinetik egingo dugu aurrera.

Orreagako kolegiata.

6,8. Arnegiko Bentak. Nafarroa Beheretik Nafarroa Garaiara igaroko gara. Denda, taberna eta jatetxeak daude bertan. Peioren Bentaren aurrean, eskuinetik doan lurrezko pista bat hartuko dugu.

8,2. Arnegi. Ibaia eta muga gurutzatuko ditugu berriro, Nafarroa Beherean sartu, eta asfaltatutako pista txiki bati jarraituko diogu. Luzaidera iritsi baino lehen, oinezkoentzako zubi batetik ibaia zeharkatu eta Nafarroa Garaian sartuko gara berriro.

10,6. Luzaide. N-135 errepidetik irtengo ara. Aurrerago, Gainekoleta auzora tokiko errepide batetik jaitsiko gara. Bertatik berriro N-135 errepide nazionalera eramango gaituen bidea hartu, eta aurrera jarraituko dugu, gorako joeran betiere.

22. Ibañetako mendatea (1.061 m). San Salbador ermita igaro ondoren, Orreagaraino jaitsiko gara errepidearen ezkerraldetik doan bidetik.[6]

23,4. Orreaga.

Orreagako guduaren oroitarria.

Orreaga[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri txiki hau Done Jakueren lehen mailako mugarria da, Bideagatik eta Bidearentzako jaioa. 2020an 18 biztanle zituen: 10 gizon eta 8 emakume.[7] Ondarearen aldetik, sei erlijio-monumentu ditu: Erromesen Ospitalea, Izpiritu Santuaren kapera, Done Jakueren eliza edo erromesena, Andre Mariaren Kolegiataren eliza, San Agustinen kapera, eta Ibañetako San Salbador ermita. Baditu baita hiru monumentu zibil Itzandegia erromesen aterpetxea, Museoa eta Liburutegia. Egunero ematen da erromesaren bedeinkapen meza, hainbat hizkuntzatan.

Aterpetxeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ostatu hartzeko bost aukera daude, prezioen eta pribatutasun-mailen arabera. Orreagako Erromesen Aterpetxea da ezagunena. Kolegiatan dago, eta 183 lagun sartzen dira hiru logela partekatutan. 2011. urtean erreformatuta, zerbitzu moderno eta osoak ditu, eta borondatezko ospitaleroak kudeatzen dituzte. Bertan lortu daiteke Donejakueko egiaztagiria, lehen zigiluarekin. Beste ostatuak honakoak dira: Onuradunen Etxeko apartamentuak, Orreagako Ostatua, Roncesvalles hotela eta Casa Sabina ostatua.[8]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) Contreras Gil, Francisco. (2021). Guía mágica del Camino de Santiago. Luciérnaga, 46-- or. ISBN 9788418015571..
  2. (Gaztelaniaz) Informe estadístico año 2019. Oficina de acogida al peregrino. Catedral de Santiago.
  3. (Gaztelaniaz) Pombo Rodriguez, Anton. (2019). El Camino de Santiago en tu mochilla. Camino francés. Anaya Touring ISBN 9788491580997..
  4. (Frantsesez) Rucquoi, Adeline; Michaud-Fréjaville, Françoise; Picone, Philippe. (2018). Le voyage à Compostelle du Xe au Xxe siècle. Groupe Robert Laffont ISBN 222123927X..
  5. (Gaztelaniaz) Edurne Baz Uriarte. (2018). Camino de Santiago de cerca. Planeta, Barcelona ISBN 9788408194538..
  6. Done Jakue bidea. Bi ibilbide Euskadin zehar. Eusko Jaurlaritza ISBN 978-84-457-2423-1..
  7. (Gaztelaniaz) «Alteraciones de los municipios en los Censos de Población desde 1842». Instituto Nacional de Estadística.
  8. (Gaztelaniaz) Mencos Arraiza, Carlos. (2018). Cien cosas que hay que saber del Camino de Santiago. Lectio, 112-115 or. ISBN 9788416918393..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]