Epikteto

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Epikteto

Epikteto, (c. 55-135) filosofo estoiko nabarmena izan zen. Frigiako Hierapolisen[1] esklabu jaioa, Erroman bizi izan zen. Bertan, estoikoen doktrina hartu eta askatasuna lortu ondoren, Greziako Nikopolis hirira herbesteratu behar izan zuen. Bertan, eskola estoiko bat sortu eta zuzendu zuen, hil zen arte. Filosofia bizimodu bat dela irizten zuen eta horrela, bere irakaspen gehienek bizitzan nola jokatu behar den erakusten dute. Historian zehar, eta baita gaur egun ere, garrantzi handiko pentsalaria izan da etika arloan.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epikteto grezierazko epiktetos (euskeraz, erosi berria) hitzetik datorrelarik, bere benetako izena ez da ezagutzen. Neronen liberto eta idazkaria zen Epafroditoren esklabu izan zen gaztetan eta horrela Musonio Rufo filosofo estoikoaren irakaspenak jaso zituen. Hanketan ezindua zela jakina da [2]. Askatasuna lortu eta filosofia irakasten hasi zen Erroman bertan. 93-94 urtetan kanporatua izan zen Domizianoren aginduz, aurrena Erromatik eta geroago Italiatik ere. Epiroko Nikopolis hirira herbesteratu eta bertan filosofia eskola bat sortu zuen. Arriano Nikomediakoa edo Flabio Arriano bere ikasle izan zen eta berari zor zaizkio Epiktetori buruz lehenengo iturri moduan ezagutzen diren idaki bakarrak: Hitzaldiak eta Enkhiridion edo Eskuliburua izeneko lanak. Bere eskolak pizgarriak ziren eta Hadriano enperadorea bera etorri omen zen Epikteto ezagutu eta bere irakaspenak jasotzera. Apaltasun handiz bizi izan zen, ondasun materialik gabe. Zaharretan, abandonaturiko haur bat hartu eta hezi zuen, emakume baten laguntzaz.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi dira Epiktetori zor zaizkio lanak: Hitzaldiak (grekeraz idatzia jatorrian: Διατριβαί edo Diatribai) eta Eskuliburua (grekeraz idatzia jatorrian, Εγχειρίδιον edo Enkhiridion). c. 108. urtean Epiktetoren ikasle izan zen Flavio Arriano da bi lan hauen idatzizko egilea, Epiktetok emandako lezioetan oinarritzen baitira biak. Lehenengo idatziriko Diatribai delakoak luze eta zabal azaltzen du Epiktetoren pentsaera, baina maisuaren eta ikasleen eztabaida moduan, Epiktetoren eta estoikoen pentsaera sistematikoki azaldu gabe. Enkhiridion, berriz, Diatribai edo Hitzaldiak liburu sortaren hautaketa bat da. Arrianoren beraren hitzetan, liburuetan Epiktetoren ikasbideak literalki azaltzen badira ere, batzuen iritzietan, Arrianoren beraren lana nabarmena da, literatura estilo landua ikusirik. Bi liburuek egitura berdina dute: irrikiaren diziplinaz aritzen dira lehendabizi, jokaeraren diziplinarekin jarraitu eta zentzutasunaren diziplinarekin bukatzen dute. [3]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Epikteto Aldatu lotura Wikidatan


Oharrak eta erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Egun, Hierapolis Turkiako Pamukkalen dago kokatua.
  2. Epafroditok hanka puskatu ziola aipatu bada ere, ziurrenik txikitatik zuen ezintasuna zen.
  3. Franco Volpi: Enciclopedia de obras de filosofía. "Epikteto" izeneko sarrera. 637-638. orrialdea.