Tristan Tzara

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Tristan Tzara
Tristan Tzara
Datu pertsonalak
Izen osoa Samuel Rosenstock
Ezizena Tristan Tzara, S. Samyro
Jaio 1896ko apirilaren 16a
Moineşti, Bacău ( Errumania)
Hil 1963ko abenduaren 25a (67 urte)
Paris ( Frantzia)

Tristan Tzara edo Izara (frantsesezko ahoskera: tʁistɑ̃ dzaˈʁa eta errumanierazko ahoskera trisˈtan ˈt͡sara; Moineşti, Errumania, 1896ko apirilaren 16a - Paris, 1963ko abenduaren 25a), Samuel Rosenstock olerkigilearen eta saiakera-idazlearen ezizena da. Jean Arp eta Hugo Ballekin batera, Dadaismoaren sortzaileetako bat da eta horren barnean kokatzen da bere lana.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tristan Tzararen Parisko etxea (Adolf Loos arkitektoak diseinatua)

Tristan Tzara, jaiotzez Samuel, Errumanian jaio zen, Moineştin, Bacăuen (Moldavia). Gurasoak juduak ziren eta yiddisha izan zen bere ama hizkuntza. Aita Filip eta aitona Ilie basogintzan aritu ziren enpresariak izan ziren eta ama, berriz, Emilia Zibalis izan zen.

11 urte zituenean, Bucarestera joan zen bizitzera eta Schemitz-Tierinen ikasi zuen.

1912ko urrian, Tzarak 16 urte zituenean, Vinea eta Marcel Jancorekin elkartu zen Simbolul aldizkarian. Oso gazte izan arren, autore sinbolista askoren elkarlana erakartzeko gai izan ziren eta lehen alean, Errumaniako sinbolismoaren autore garrantzitsuenetako bat zen Alexandru Macedonskiren poema bat argitaratu zuten. Aldizkariak Maniu, Millian eta Iosif Iser bezalako artisten ilustrazioak ere izan zituen.

Egia da 1912ko abenduan bukatu zela Simbolul aldizkariaren ibilbidea, baina aportazio garrantzitsua izan zen errumaniar literatura munduan. Maniu taldetik aldendu bazen ere, Tzara, Janco eta Vineak elkarrekin jarraitu zuten. 1913 eta 1915 artean, maiz egin zituzten oporraldiak Itsaso Beltzean, Rosenstock familiaren etxaldean eta abar.

1914an, Tzara Bucaresteko unibertsitatean matematika eta filosofian matrikulatu zen, baina ez zen sekula graduatu.

1915eko udazkenean, Chemarea aldizkarian ari ziren. Lehen Mundu Gerra garaia zen eta pil-pilean zuten antimilitarismoa. Errumaniatik alde egin zuen eta neutrala zen Suitzako Zürichen ezarri zuen egoitza. 1918an, Tzara Limmatquai hotelera joan zen bizitzera. Zenbaitentzat, Errumaniatik alde egitea pazifismo deklarazio garbia izan zen. Suitzan, errumaniera alboratu eta frantsesez idazten hasi zen. Aurreko poemak Vinearen esku geratu ziren eta gehienak gerra arteko epea argitaratu zituzten.

Zürichen elkartu zen errumaniar taldea Hugo Ball alemaniar poeta eta piano-jotzaile anarkistarekin eta bere emaztea zen Emmy Hennings musikariarekin. 1916an, Ballek Cabaret Voltaire alokatu zion Jan Ephraim jabeari, arte performance eta erakusketak antolatzeko xedean.

Mugimendu dadaista I. Mundu Gerrako Zurich hartan jaioko zen. 1916an, Tzarak lehen testu dadaistak idatzi zituen, La Première Aventure céleste de Monsieur Antipyrine, eta 1918an, Vingt-cinq poèmes etorriko zen. 1924an, mugimenduaren manifestua ere argitaratu zuen: Sept manifestes Dada. Parisen Tzara eta bere kideek kaleko ikuskizun ugari antolatu zuen, absurdua burgesia eskandalizatu nahian eta, haien bidez, bultzada ikaragarria eman zion dadaismoari.

1925ean, Tristan Tzara Estokolmora joan zen eta Greta Knutsonekin ezkondu zen, 1927an, seme bat izan zutelarik, Christophe. Knutson senditik jasotako jaraunspenarekin, Adolf Loos arkitekto austriarrari eskatu zion Parisen etxea egiteko. Tzararen agindu zorrotzak jarraitu behar izan zituen eta arte afrikarrez hornitu zuen.

1929 bukaeran, André Breton, Louis Aragon eta beste autore batzuk sortu berria zuten mugimendu surrealistarantz hurbildu zen eta filosofia nihilista eta sofistikatu hura bere afiliazio marxistarekin uztartzen saiatu zen. Aktiboki parte hartu zuen idazkera automatikoaren metodoen garapenean -collage, hilotz bikaina...- eta garai honetakoa da L'Homme approximatif liburua (1931).

Adolf Hitlerren igoerak beldurtuta, faxismoaren aurkako militantziaren beharraz ohartu zen. 1936an, Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, errepublikarren alde jarri zen eta Madril bisitatu zuen, Francoren aurka jarriz.

II. Mundu Gerra garaian, Frantziako erresistentziara batu zen. 1947an, lortu zuen hiritartasuna eta Frantziako Alderdi Komunistan sartu zen. 1956ra arte izan zen militante eta, SESBek herri altxamenduak zapaltzeko Hungaria inbaditu zuenean, alde egin zuen alderditik.

Garaiko lanak, gaztarokoa baino konbentzionalagoa bada ere, konplexutasun handia du. Parler seul (1950) eta La face intérieure (1953) nabarmentzen dira.

Tristan Tzararen hilobia

Parisen hil zen, 1963ko abenduaren 25ean, eta Montparnasseko hilerrian eman zioten lur.

Dada eta haren garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Chemarea aldizkaria
Placa en Cabaret Voltaire retouched.jpg
Guillaume Apollinaire Calligramme

Ez datoz denak bat, baina Ballen hitzak hartuko ditugu kontuan:

« ...Liburuak Cabaret Voltaire egindako ekintzak eta interesak erakutsi nahi ditu jendaurrean, gerra eta nazionalismoa alboratuz, beste ideal batzuekin bizi diren espiritu independente apur horien atentzioa erakarri nahi du. Hemen bilduta gauden artisten epe motzeko helburua nazioarteko aldizkaria argitaratzea da. Zurichen aterako da eta Dada izena eramango du. ...  »

Gerra bukatu baino lehen, Tzara Dadaismoaren bultzatzile nagusi zen eta beste herrialde batzuetan zabaltzen lagundu zion, baina lehenengo ikamikak hasi ziren eta Ballek taldea utzi zuen.

Tzarak Zürichen antolatu zuen muestra askotan izaten zen eskandaloa eta uneoro egon behar zuten adi suitzar legearen mugak ez haustearren.

1918ko udazkenean gertaera garrantzitsua izan zen Francis Picabia Zürichera hurbildu zitzaienean. Picabia, Man Ray eta Marcel Duchampek AEBetan dadaismoaren bertsio propioa eskainita zuten jada eta, New Yorken egoitza zuen talde honek Tzararekin kidetu nahi izan zuen.

1918ren ondoren, gerra amaieran, Dadaren garapena politikaren garapenarekin baldintzatzen joan zen eta, 1919ko urrian, bake garaiko mugak ireki ziren une hartan, Der Zeltweg aldizkaria argitaratzen hasi ziren.

1919 bukaeran, Tristan Tzara Parisera joan zen, Breton, Soupault eta Claude Rivière ingurura. Breton, Aragon, Soupault, Picabia edo Paul Éluardekin elkarlanean aritu zen eta Jean Cocteau, Pablo Dermée eta Raymond Radiguet ere gertu izan zituen. Atentzioa deitu nahian, publizitate engainagarria erabili zuten, Charlie Chaplin eszenategian izango zela agindu edo kide guztiak burusoil izango zirela. 1920an, Théâtre de l'Œuvre programa aberatsa eskaini zuten, Breton, Picabia eta Derméeren irakurketak eta Tzararen La Première Aventure Celeste de M. antipirina. Symphonic Vaselina ere gauzatu zuten, 10 edo 20 pertsona Krisia! oihukatuz.

1920rako Breton eta Tzara arteko liskarrak hasita zeuden. Maiatzean, krisia larriagotu egin zen. Maurice Barrèsen epaiaren simulakroa egin nahi zuten: Georges Ribemont-Dessaignes izango zen fiskala, Aragón eta Soupault defentsarako abokatuak eta, Tzara, Ungaretti, Benjamin Péret eta beste batzuk testigoen papera egingo zuten. Barrès bera maniki batek irudikatuko zuen. Ekainerako, Tzara eta Picabia elkarri enfrentatuta zeuden. Breton, Arp, Ernst, Kruschek Maja eta Tzara Imsten zeuden, Austrian zeuden eta hantxe egin zuten taldearen azken manifestua: Dadá au grand aire edo Sängerkrieg Der in Tirol.

1922ko otsailean, Bretonek Tzarari eraso egin zion Le Journal de Peuplen eta Dadaisten taldetik bota egin zuen. Urte hartako maiatzean, Dadak bere hiletak antolatu zituen. Picabia Bretonen aldean jarri zen eta Tzararen aurka. 1924an, Bretonek amaiera eman zion Dadari eta lehen Manifestu Surrealista argitaratu zuen. Tzara aldentzen joan zen, ez baitzegoen hauen metodoekin ados, ezta politikarekin ere.

1929an, Breton eta bien adiskidetasuna berreskuratu zuen eta, noizbehinka, Parisen izaten ziren bilera surrealistetara joan ohi zen.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • La Première Aventure céleste de Mr Antipyrine, première édition 1916, avec des bois gravés et coloriés par Marcel Janco, 2005
  • Vingt-cinq poèmes, 1918
  • Cinéma calendrier du cœur abstrait maisons, 1920
  • Le Cœur à barbe, 1922
  • Sept manifestes Dada, 1924
  • Mouchoir de nuages, 1924
  • Sonia Delaunay, 1925
  • De nos oiseaux: poèmes, 1923
  • L’Arbre des voyageurs, 1930
  • Essai sur la situation de la poésie, 1931
  • L’Homme approximatif, 1931
  • Où boivent les loups, 1932
  • L’Antitête, 1933
  • Grains et Issues, 1935
  • La main passe, 1935
  • Ramures, 1936
  • Sur le champ, 1937
  • La Deuxième Aventure céleste de M. Antipyrine, 1938
  • Midis gagnés, 1939
  • Ça va, 1944
  • Entre-temps, 1946
  • Le Cœur à gaz, 1946
  • Terre sur terre, 1946
  • La Fuite : poème dramatique en quatre actes et un épilogue, 1947
  • Le Surréalisme et l’Après-guerre, 1947
  • Le Poids du monde, 1951
  • La Face intérieure, 1953
  • L'Égypte face à face, 1954
  • À haute flamme, 1955
  • La Bonne Heure, 1955
  • Parler seul, 1955
  • Le Fruit permis: poèmes, 1956
  • La Rose et le Chien, 1958
  • Juste présent, 1961
  • Lampisteries, précédé de Sept manifestes Dada, 1963
  • 40 chansons et déchansons, 1972
  • Œuvres complètes, Flammarion, 1975-1982, 5 volumes
  • Cinéma calendrier du cœur abstrait maisons, 2005
  • Découverte des arts dits primitifs, suivi de Poèmes nègres, Hazan, 2006

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tristan Tzara Aldatu lotura Wikidatan