Felice Gimondi
Felice Gimondi italiar txirrindularia izan zen (Sedrina, 1942). Eddy Merckxen arerio nagusia izan zen 1960ko hamarraldian, eta, Italiako txirrindularirik onenetakoa izan den arren, Merckxen itzalean jardun zuen ibilbide profesional guztian. 1964an Etorkizuneko Itzulia irabazi ondoren egin zuen debuta txirrindulari profesionalen mailan, 1965ean, eta Frantziako Itzulia irabazi zuen urte hartan bertan. 1965etik 1978ra iraun zuen txirrindularitza profesionalean, eta 135 garaipen handi lortu zituen bitarte horretan. 1973an, garaipena lortu zuen Merckxen aurrean Munduko Errepideko Iraupen Txapelketan, eta garrantzi handiko garaipenak izan zituen Italiako Giroa (1967, 1969 eta 1976an) eta Espainiako Itzulia (1968an). Era berean, bi aldiz izan zen irabazle Lonbardiako Itzulian (1966 eta 1968 urteetan), behin Paris-Roubaix lasterketan (1966), bi Paris-Bruselan (1966 eta 1976 urteetan) eta behin Milan-San Remon (1974). Maldan gorako ibilbideetako txirrindulari bikaina izan zen, eta erlojuaren kontrako probetan ere nabarmendu zen, esprintez gainera. Bere garaiko lasterketa klasikoetako txirrindulari onenetakoa izan zen.
| Aurrekoa Jacques Anquetil |
Frantziako Tourraren irabazlea 1965 |
Ondorengoa Lucien Aimar |
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.