Gentile da Fabriano

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Adorazione dei Magi (1423, "Erregeen Gurtza")
Incoronazione della Vergine (1420 ingurukoa, "Ama Birjinaren koroatzea")

Gentile da Fabriano, jaiotza-izenez Gentile di Niccolo (Fabriano, Italia, 1370 - Erroma, 1427) italiar margolaria izan zen. Arte gotikoan maisu izan zen; Venezian bizi izan zen (1408), eta bertan Jacopo Bellini ikasle izan zuen. Ondoren Brescian (1414-1419), Florentzian (1422-1425) eta Erroman lan egin zuen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inork ez daki ofizioa non ikasi zuen eta gaztetan non ibili zen. Urte haietan, Siena, Orvieto eta Perugia arteko eskualdean, miniaturak, esmalteak eta tailak egiten zituzten lantegi asko zegoen, eta nazioarteko estiloa puri-purian zegoen Italiako alde hartan. 1390 inguruan margotu zuen Gentilek egun Berlinen dagoen "Ama Birjina eta santuak" izeneko aldareko ohol txikia. Berehala joan zen Fabrianotik eta, bere bizitza osoan, Italiako artegune garrantzizkoenetan ibili zen, batetik bestera (Venezia, Brescia, Florentzia, Siena, Orvieto, Erroma, etab.) non, handikien eskariz, koadro eta fresko asko margotu baitzituen. Azken hauek, zoritxarrez, gehienak galduta daude, baina funtsezko obrak izan ziren gotiko beranduko Lonbardia eta Veneziako margolarientzat.

Veneziako Dukearen Jauregiko Maggiore Consiglio aretoan margotu zuen freskoari esker -ireneziarren eta Oton III.aren arteko itsas gudua (1409, 1577ko sutean galdua)- egin zuten gotikoaren aldera Jacopo Bellinik, Giambonok eta Jacobello del Fiorek. Bresciako udaletxe zaharrean 1415etik 1419ra bitartean pintatu zuen kapera ere -galdua hori ere-, handik berrogeita hamar urtera eta kultura giro arras desberdinean, artean aztergai zuen Cosme Turak. Erroman, Latrango San Joan basilikan Gentile da Fabrianok 1427an hasitako freskoak Pisanellok osatu zituen, eta ezin ukatuzkoa da Gentileren eragina Pisanelloren margolaritzan. Ez dira asko izan gaur arte iraun duten Fabrianoren margolanak, haina nahikoa dira haren irudi-mintzaira ongi ezagutzeko. 1400 inguruan pintatu bide zuen gaur Milanen dagoen "Ama Birjinaren koroatzea eta santuak" izeneko poliptikoa: arabesko aberats eta hauskorrez josita dago.

Quaratesi poliptikoan, ordea (1425; Londresen, Florentziako Uffizin, Erroman eta Washingtonen artean banatuta dago), damasko loratuak baztertu gabe, argi eta garbi erakusten du oso ongi ezagutzen eta ulertzen zituela urte haietan Florentzian planteatzen ziren bolumen- eta perspektiba-arazoak. Tartean kokatzen dira Pisako Museo Nazionaleko eta Washingtongo National Galleryko "Ama Birjina" ederrak. Azken denboraldikoak dira, herriz, Orvietoko katedraleko Ama Birjina -gaur oso hondatua-, eta Florentziako Hirutasun Santuaren elizako Palla Strozzi kaperarako margotutako Erregeen gurtza ospetsua, 1423an datatuta eta sinatua, eta gaur Uffizin dagoena. Erretaulari erreparatzen bazaio, ikusten da pertsonaien jantziak koloretsuak eta ikusgarriak direla; mantu zabalak eta biribilduak dituzte, Iparraldean bezala. Familia Santua koadroaren ezkerraldean dago, eta badirudi mendian behera datorren jende aldra alai horrek azpian hartuko duela. Animaliak xehetasun harrigarriz daude antzeztuak, haina ez etxe-abereak soilik, baita lehoinabar, gamelu eta zikoinak ere (garai hartako handiki batzuek oso gustukoa zuten gisa honetako abereak edukitzea, eta parke zoologiko pribatuak izaten zituzten). Gizakien ekialdetar jatorria azpimarratzeko, segizioko kide batzuei mongoliar tankerako aurpegiak margotu zizkien italiar maisuak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gentile da Fabriano Aldatu lotura Wikidatan