Grigori Txudnovski

Wikipedia, Entziklopedia askea
Grigori Txudnovski

1918ko Errusiako Batzar Konstituziogileko diputatu

Bizitza
JaiotzaDnipro1890eko urriaren 3a (juliotar egutegia)
Herrialdea Errusiar Inperioa
HeriotzaLiubotyn1918ko apirilaren 8a (27 urte)
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Errusiako Langile Alderdi Sozialdemokrata

Grigori Isaakovitx Txudnovski (errusieraz: Григорий Исаакович Чудновский, ukraineraz: Григорій Ісакович Чудновський Hrihori Isakovitx Txudnovski; Jekaterinoslav, Errusiako Inperioa, 1890eko urriaren 15agreg./urriaren 3ajul. - Liubotyn, Ukrainako Sobietar Errepublika Sozialista, 1918ko apirilaren 8a) Ukrainan jaiotako boltxebike judua izan zen[1].

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ameriketako Estatu Batuetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzenbidean ikasketak egin zituen San Petersburgon. 1905etik Errusiako Alderdi Sozialdemokrataren kide izan zen, lehenbizi mentxebikeen fakzioan kokatu zen. 1910ean atxilotu eta Jenisei probintziara deportatu zuten. 1913an Frantziara erbesteratu zen. Lehen Mundu Gerraren aurkakoa izan zen. Parisen Trotskik eta Martovek editatutako Naxe Slovo ("Gure Hitza") aldizkariaren taldeari lotu zitzaion (Trotskik 1922an esan zuen aldizkari horretako kolaboratzailerik onenetako bat izan zela Uritskirekin batera). 1915ean AEBra emigratu zuen, eta han Trotskirekin harremana estutu zuen: Trotskik AEBra egin zuenean, Txudnovskik topatu zion apartamentua. AEBtan Trotskirekin batera Novi Mir ("Mundu Berria") egunkarian lan egin zuen. Hori dela eta, Mezhraionka fakzioarekin bat egin zuen, hasieran boltxebikeen eta mentxebikeen arteko fakzio honek bi fakzio marxisten birbatzea defendatzen zuen. 1917an, Trotskirekin batera itzuli zen AEBtik Errusiara (eta Ingalaterratik pasatzean atxilotu egin zituzten eta aldi batean kontzentrazio eremu batean egon ziren. Petrogradeko Sobietaren eta Errusiar Gobernuaren negoziazio baten ostean askatu zituzten)[1].

Jarduera politikoa Errusian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1917ko maiatzean, Txudnovski Errusiara itzuli zenetik, Mezhraionka gero eta gehiago lekutzen zen Errusiako Behin-behineko Gobernuari babesa ematearen aldeko politikatik, eta geroz eta gehiago hurbiltzen boltxebikeen aldera. Alderdi Boltxebikearen VI. Biltzar Nagusian, Mezhraionkak alderdi horrekin bat egin zuen, beraz Grigori Txudnovski boltxebikeen kide bihurtu zen. Armadan ere izan eman zuen, han soldaduen artean agitatzeko eta soldadu boltxebike gisa, Erakunde Militar Boltxebikeko kide izan zen (gerran alemaniarrek zauritu zuten). 1917ko Urriko Iraultzan, “guda-oineko” paper handia jokatu zuen. Petrogradeko Milrevkomeko kide, zenbait daturen arabera (Viktor Sergeren eta James von Geldernen arabera, adibidez), Neguko Jauregia hartzeko tropen buru zen hirukotearen kide zen, iturri gehienak horretan ados ez badauden arren. Neguko Jauregia hartu ostean, Neguko Jauregiaren komisario izendatua. Urriko Sobieten II. Biltzar Nagusian, VTsIKko kide izendatu zuten. Kerenski-Krasnov matxinada kontrairaultzailea zapaldu zuten tropen burutzan izan zen eta Pulkovoko borrokan parte hartu zuen, destakamendu bat zuzenduz (borroka horretan zauritu egin zuten)[1].

Ukrainan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petrograd gorriek ziurtatu ostean, Ukrainara, Hego-mendebaldeko Frontera bidali zuten borrokara. Han alemaniarren zein Ukrainako Errepublika Nazionalaren tropen aurka borrokatu zuen, eta 1917ko abenduan, atxilotu eta heriotza-zigorera kondenatu zuten. 1918ko urtarril bukaeran, gorriek Kiev askatu zutenean, Grigori Txudnovski atxiloalditik askatu zuten. Urte horretan hil zen, Kharkov hiriaren inguruetan, borrokan, tropa gorriak Ukrainatik erretiratzen ari zirela[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Txudnovski, Grigori, K17 2017-12-26. CC0 Domeinu Publikoa