Henry Morton Stanley

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Sir Henry Morton Stanley
Sir Henry Morton Stanley
Stanley 1872an
Datu pertsonalak
Izen osoa John Rowlands
Jaio 1841eko urtarrilaren 28a
Denbigh (Gales, Britainia Handia)
Hil 1904ko maiatzaren 10a
Londres (Ingalaterra, Britainia Handia)

Sir Henry Morton Stanley (Denbigh, Gales, Britainia Handia 1841eko urtarrilaren 28a - Londres, Ingalaterra, Britainia Handia 1904ko maiatzaren 10a), jaiotza izenez John Rowlands, galestar kazetari eta esploratzailea izan zen. Afrikan zehar egindako esplorazio bidaiek eta David Livingstone aurkitu izanak ospe handia eman zioten. Topatu zuenean Livingstoneri esan omen zizkion hitzak askotan aipatzen dira: “Livingstone doktorea, ezta?”

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Stanleyren ibilbideak Afrikako esplorazio bidaietan. Gorriz 1871-1872ko ibilbidea, berdez 1874-1877ko ibilbidea eta urdinez 1888-1889ko ibilbidea.

Stanley Galesko Denbighen jaio zen, 1841eko urtarrilaren 28an. 1859an, Windermeer itsasontziko ontzimutil gisa, Liverpooletik New Orleansera joan zen. Hiri honetan Henry Hope Stanley izeneko merkatari batek semetzat hartu zuen. Geroago gazteak Stanley abizena hartu zuen. 1861ean Ameriketako Estatu Konfederatuen armadan sartu zen Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibilean borrokatzeko eta AEBetako herritartasuna hartu zuen. Gerra amaitu zelarik kazetari lanetan hasi zen. 1868an New York Heraldeko berriemailea izan zen britainiar armadak Abisiniara egindako espedizioan.

1869an James Gordon Bennett New York Heraldeko editoreak David Livingstone misiolari eta esploratzailearen bila joateko agindu zion. Livingstone urte batzuk lehenago Afrika esploratzera joana zen eta ez zen haren berririk. Espedizioa Zanzibarretik abiatu zen, 1871eko martxoan. Livingstone azaroan atzeman zuten, Ujiji herrixkan, oso gaixo. 1872an Tanganyika lakuaren iparraldea elkarrekin esploratu zuten. Gero Stanley Britainia Handira itzuli zen baino Livingstone Afrikan gelditu zen.

1874tik 1877ra Daily Telegraph eta New York Herald egunkariek ordaindutako beste espedizio bat egin zuen Afrikara. Victoria eta Tanganyika lakuen inguruan nabigatu zuen eta Lualaba Kongo ibaiaren ibaiburua zela frogatu zuen. Espedizioa hasi zuten 356 lagunetatik 114 baino ez ziren amaierara iritsi.

1879 eta 1884 artean Belgikako Leopoldo II.ak Association internationale africaine elkartearentzat lan egiteko hartu zuen. Elkarte honen helburu humanitarioen atzean, ordea, Belgikako erregearen handinahia eta espansionismoa zegoen. Kongora itzulirik bolia eta kautxua atera ahal izateko burdinbidearen eraikuntza hasi zuen eta tribuetako buruzagiekin iruzurrezko hitzarmenak sinatu zituen.

Afrikan zehar egin zuen azken espedizioa (1888-1889) Mehmet Emin Bajá erreskatatzeko xedearekin antolatu zen. Emin Bajá Albert lakuaren ondoan kausitu zuten baino ez zuen erreskatatua izateko ez beharrik ez nahirik. Itzuleran Ruwenzori mendilerroa eta Edward lakua aurkitu zituen.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Henry Morton Stanley